Zure seme edo alaba sufritzen ikustean zuk ere sufritzen baduzu… Kontuan hartu beharreko bost gauza

Sentitu al duzu inoiz halako ziztada bat bularrean, korapilo bat eztarrian, itomen bat zure seme edo alabaren sufrimendua ikusi edo sumatzean? Gaixorik dagoenean, erori eta min hartu duenean, bere hautu profesionalerako behar zuen notara iritsi ez denean, ezkongaiak bertan behera utzi duenean, lagunartean ez dela moldatzen esaten dizunean, lagunekin borroka bat duenean, maskota edo maite duen pertsona bat hiltzen denean, erronka bati baietz esan eta berehala ezetz esaten duenean eta zalantza artean murgilduta ikusten duzunean…

Zure erantzuna baiezkoa bada, haren sufrimenduaren aurrean txarto sentitu zarela, orduan albiste on bat eta txar bat daude. Albiste txarra da aldi batez edo halako intentsitate batez “kutsatu” egin zarela ondoez horretaz. Albiste ona da zure alabarekin emozionalki sintonizatzeko gaitasuna garatu duzula, eta hori oso garrantzitsua da. Kontua da: zer egingo dugu sentitzen dugun ondoez horrekin, guk gainezka ez egiteko edo blokeatzeko eta min horretan berari lagundu ahal izateko?

Bost puntu har ditzakegu kontuan:

  1. Gure seme edo alabek noizbait (bai ala bai) sufrituko dutela jabetzea

Eredu sozial hedonista baten barruan (plazeraren bilaketan eta mina berehala ezabatzean oinarritua), uneren batean sufritzea tokatuko zaigula pentsatzea urrun gerta dakiguke. Eta gure seme-alabek ere sufrituko dutela pentsatzeak are gehiago nahas gaitzake. Baina horrela da. Une batean edo bestean gertatuko zaie. Jakina, saiatuko gara sufrimendu hori kontrolagarria izaten, ez “suntsigarriegia”, ez dadila abusu, tratu txar edo toxikotasunen ondorioz sortu, eta nolabaiteko konponbidea edo moteltzea izan dezala. Batzuetan, hori gehiago kontrolatu ahal izango dugu, eta beste batzuetan ez.

Edozelan ere, adur txarreko txoriak izan gabe eta munduaren irudi krudelik eman barik, beharrezkoa da gure seme-alabei adieraztea uneren batean pertsonok sufritu egin dezakegula. Txarto pasako dugu eta hortik igaro behar dugu, lagunduko diguten zenbait baliabide eta pertsona izan ditzakegularik. Batzuetan, asmo onekin, esaten diegu ez dugula triste egon behar, ez dela horrengatik sufritu behar, edo are bortitzagoak ere izan gaitezke eta honelako zerbait esan: “Benetako zerbaitengatik negar egin nahi duzu?”. Horrek ez dio lagunduko ez haren adimen emozionalari, ezta haren ongizateari ere.

Esan diezaiekegu guri ere gertatu zaigula noizbait sufritzea. Agian beste garai batean izan zela, ez zela beraiei gertatzen zaien gauza bera izan, agian pixka bat zaharragoak garela eta ez ditugula erabat ulertuko… baina sufrimendua ere ezagutzen dugula eta horretan laguntzeko prest egon gura dugula.

Zortea badugu, haurtzaroan gertatzen diren sufrimenduak gutxi-asko “eramangarriak” dira haientzat eta  guretzat (ez da beti horrela izaten). Eta nerabezaroan edo gaztaro goiztiarrean agertzen dira zailtasun handienak egoera ezezagun, estresagarri edo kezkagarriagoei aurre egiteko, ziurgabetasun-maila bat dagoelako.Gure aldetik “hegan” egin behar dutenean, hain zuzen.Batzuetan hain jasangarriak ez diren sufrimenduak izaten dituzte, toxikoagoak edo gehiegikeria eta istripu tragikoekin eta abarrekin lotutakoak.

Egia esan, sufrimenduan laguntzea ez da oso ondo eramaten dugun zerbait, eta, batzuetan, makilatxo magikoa ateratzea gustatuko litzaiguke sufrimendua konpontzeko: maskota “berpiztea”, sukarra bi segundotan kentzea, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio (USE) azterketa beraien ordez egitea, edo lagunei adiskidetzeko esatea. Gure babesa, kasu batzuetan, laguntza zuzen eta azkarragoa izango da, baina, beste batzuetan, denbora beharko da, emozioekin laguntzeko, beraien autonomia suspertzeko edo laguntza espezializatuagoa eskatzeko. Edonola ere, enpatizatzea izango da beti lehenengo urratsa.

  1. Bere emozio-funtsarekin enpatizatzea

Guraso garen aldetik, seme edo alabekiko lotura emozionala garatu behar dugu. Oinarrizko gurasotasun-gaitasuna da, jaiotzen direnetik… beti artekoa. Eta konexio horretan sartzen da beraien emozioekin enpatizatzea, baita ondoezari buruzkoekin ere. Eta egoki egiteko, galdera batzuk egin behar dizkiogu geure buruari:

  • Zer emozio ari ote da izaten?Gorputz-seinaleek, jarrerak, portaerak… arrastoak eman ahal dizkigute.Hori, batzuetan, erraz hautematen da, eta beste batzuetan ez hainbeste (aurrerago gehiago hitz egingo dugu horretaz).Eta, batzuetan, sufrimendua imajina dezakegu ez dagoen lekuan, edo hain bizia ez izatea gerta daiteke, edo alderantziz.Hor hainbat elementuren eragina izan dezakegu, besteak beste, geure historiarena.Hau da, nik nota bat lortu ez nuelako oso gaizki pasatu banuen, eta nire alaba nota horretara iritsi ez bada, imajina dezaket oso txarto pasatzen ariko dela, baina agian berarentzat ez da hainbesterako.Edo, nire heldu-ikuspuntutik, pentsa dezaket berari ‘potolo’ deitu izana txorakeria bat dela, baina berarentzat oso mingarria da agian.
  • Bat nator emozio horrekin? Emozio hori (beldurra, tristura, amorrua edo nazka) aldi batez edo apur bat sentitu egin behar da (baita gorputzean ere).
  • Zer nabarmentzen zait niri sinpatitzatzean? Laguntza? Nire alabaren emozio horren aurrean niri zer-nolako zirrara nabarmentzen zaidan jakin beharko da. Nola eragiten dit horrek, ezin badut jasan, “horretan harrapatuta” geratzen banaiz.
  • Emozio egokian jartzen naiz berari laguntzeko? Sinpatizatzeaz gain, une jakin batean lasaitasun, segurtasun, jakin-min, baretasun… emozioan kokatzeko gai izan beharko dut, bere emozioa igarotzen lagun diezaiodan, zelanbaiteko lasaitasuna kutsatzeko, konponbideak edo arintasunak bilatu ahal izateko, …
  1. Emozioak baliozkotzea

Beraien emozioekin enpatizatu dugula ikusarazi behar diegu, zelanbait ere ulertzen ditugula. Eta atea zabalik utziko dugu, nahi baldin badute (orain edo beste une batean) gehiago konta diezaguten, barrua hustu, negar egin, kexatu edo madarikatzeko aukera izan dezaten. Hor baztertu egin behar dira “ausartek edo mutikoek ez dute negarrik egiten” bezalako esaldiak.

Batzuetan ez dute gertatzen zaienaz hitz egin gura. Eta itxaron egin dezakegu edo/eta gure seme-alabekin zintzoak izan gaitezke eta kezkatzen gaituen zerbait dagoela esan. Ez haien pertsonari dagokiona. Hauteman ditugun portaera edo seinaleekin lotutako ondoezen bat bizitzen ari ote diren dugun irudipen edo susmoa da.

Batzuetan, ez dakite zer gertatzen zaien, nola deitzen den sentitzen duten hori edo zelan kontatu (baliteke neskatoek edo nerabeek ez jakitea nola egin edo gaiak kutsu traumatikoa izan ote dezakeen).

Adi egongo gara, oro har, adierazi gura dutena entzuteko. Batzuetan, prestatu diegun jaki gogokoena jaten duten bitartean edo ohera sartzear gaudenean. Entzuteko eta laguntzeko prest egon behar dugu une horretan. Galdeketarik egin barik, balio-judiziorik gabe, epaiak bota gabe edo gure irtenbideak azkar eman barik.

Fase hau garrantzitsua da, batzuetan, gauzei garrantzia kentzen saiatzen garelako, ezer gertatzen ez dela esanez, ez dela hainbesterako, … edo gainetik salto egiten dugu konponbideak azkar bilatzeko. Eta, horren ondorioz, ez dira emozionalki ulertuak sentitzen.

Hori oso nekagarria da, batez ere, etapa edo egoera batzuetan.Haur edo nerabe bakoitzari denbora gehiago edo gutxiago eraman diezaioke, intentsitate handiagoa edo txikiagoa… Adinaren arabera, hori ere alda daiteke. Lehen haurtzaroan, garun emozionala oso bizia dago, eta oraindik ezin dute bizitasun edo intentsitate hori ondo kudeatu eta hitzez adierazi. Eta nerabezaroan intentsitatea larregizkoa izan daiteke.Gainera, izaera irekiagokoak badira, amorru handiagoz erreakzionatu ahal izango dute, joera barnerakoiagokoak badira gehiago blokea daitezke, sentikorrak badira alde emozional batetik bestera joango dira, perfekzionistak edo obsesiboak badira begizta edo buklean sartuko dira…

Gainera, ume eta gaztetxo batzuek gaitasun handiagoa izan dezakete beren emozioez hitz egiteko, baina beste batzuek ez dute hain erraz lortuko, eta gehiago somatizatuko dute beren sufrimendua (loarekin, mugimenduarekin, digestio-kontuekin, eskeletoarekin eta muskulazioarekin, elikadurarekin, harreman-esparruarekin…). Batzuek “barrurantz” egiten dute, eta beste batzuek “kanporantz”. Horri adi egotea ere garrantzitsua izango da. Batez ere, gero ikusiko dugun bezala, batzuetan, sufrimendu- eta somatizazio-intentsitate jakin batzuen aurrean, laguntza espezializatuagoa eskatzea behar izaten delako.

Gure seme-alabak nolakoak diren jakiteak, zentzu horretan, zelan kokatu behar dugun jakiten lagunduko digu. Eta beren burua ezagutzeko eurekin lan egiteak ere lagundu egingo die ondoezak identifikatzen, agian hain kontziente ez direnak edo laguntza eskatu beharrekoak. Adibidez, estresatuta edo ondoezik zaudenean buruko mina duzula, betazalean tik-ak dituzula edo itolarria sentitzen duzula jakiteak… adierazten dizu zure egoera emozionalari begiratu bat eman behar diozula.

Nolanahi ere, garrantzitsua da egoteko, ispilu-lana egiteko, laguntzeko eta lagun egiteko prest gaudela senti dezaten. Batzuetan, hitzez ere esan daiteke: “Ez dakit zehazki zer gertatzen zaizun, zerbait gertatzen zaizun, txarto sentitzen zaren… Ez dakit nola lagundu edo zer esan… Eta, horrela izanda ere, jakin ezazu prest nagoela zuri entzuteko eta hobeto sentitzen laguntzeko. Agian, uneren batean, berba egitea nahi duzu”. Eta, agian, esango digute afaltzeko gogokoena dutena presta diezaiegun gura dutela, eta guk egin ahal izango diegu.

  1. Konponbideak aurkitzen laguntzea?

Gure seme-alaben sufrimenduari irtenbidea aurkitzea da plantea dezakegun erronketako bat. Horrek konponbide osoa, partziala edo sufrimendua “jasangarri egitea” suposa dezake. Kanpoko edo barruko zerbaitetan aldaketak egitea ekar dezake, sufrimenduaren iturri den arazoari buruzko pertzepzioa aldatzea, laguntza eskatzea… Gure aldetik zuzenean esku hartzea eska dezake horrek, edo prozesu bat erraztea eurek jardun dezaten, edo esku-hartzea eta autonomia uztartzea. Egoera, esperientzia, adin, gaitasun eta abarren arabera izango da.

Nolanahi ere, ideia batzuk kontuan har ditzakegu:

  • Beraien autonomia estimulatzen saiatzea beti. Pentsamendu gogoetatsuaren bidez, informazioa bildu, aztertu, hausnartu, aurretik izandako esperientzia arrakastatsuak kontuan hartu, beste pertsona batzuen adibideak bilatu edo eskatu (hor gure ikuspegia eman genezake), sormenez hainbat aukera bilatu, erabakiak hartu… Prozesu hori adinaren arabera egokituko dugu, noski. Saihestu dezagun, nolanahi ere, gure konponbidea azkar ematea edo beste barik esatea: “Hori zure arazoa da, bilatu zeuk konponbidea”. Autonomian egiten dugun ikaskuntzaren zati batek esan nahi du, baita ere, laguntza eskatzen jakitea eta sare bat eraikitzen joatea gu hortik elikatzeko eta guk hori elikatzeko.
  • Edozein erabakik “bi aurpegi” dituela argitzea. Erabakitzean, beti irabazten da zerbait eta galtzen da zerbait. Saiatzen gara “irabazia” handiagoa izan dadin “galera” baino, baina batzuetan gerta daiteke erratzea edo huts egitea.
  • Akatsak bizitzaren parte dira. Baliteke egindako akats batengatik sufritzen egotea, edo baliteke irtenbide posible bat gero hain ona ez izatea, baina “ikasteko, hasieran galdu egin behar da”. Neska-mutil batzuek maila pertsonalean, familiarrean, eskolan… bizi duten presioaren zati handi bat itxaropen zorrotzegiekin lotuta dago, ez baitute akatsik onartzen. Itxaropen horiek betetzen ez dituztenez edo beteko ez direla uste dutenez, sufrimendurantz joaten da edo aukera berriak ikusteko “eragozpena” sortzen da.
  • Eragin-zirkuluaren kontzeptua izatea kontuan eta ez kezka-zirkulua. Gauza askok kezka sorraraz diezagukete, baina, zenbat diren, beraien gain zer kontrol erreal izan dezakegun edo zelan planteatzen ditugun kontuan izanda, ezinezkoa da horiei aurre egitea eta sufrimenduak sortzen dizkigute edo horiekin amaitzea eragozten digute. Hobe da arreta gure eragin-zirkuluan jartzea. Horretatik guztitik, zertan eragin dezakegu benetan, nola edo zelan, zein aldetan, zeren edo noren laguntzarekin… Kezka-zirkuluan bakarrik geratzen bagara, etsiak hartuko gaitu edo beti kexati ibiliko gara.
  • Konponbidea ‘tratu onean’ eta errespetuan ardaztea bizikidetzarako baliorik handiena baita. Eta hor lortu behar dugu besteekiko errespetuaren eta norberaren buruaren zaintzaren (autozaintzaren) arteko oreka.
  • Beti itxaropena piztea. Batzuetan, sufrimendua lotuta dago kontrolatzeko, aldatzeko, lantzeko eta igarotzeko hain errazak ez diren gauzekin. Kasu horietan, bereziki, beharrezkoa da laguntza emozionala ematea eta sufrimendua baretzen joango den edo sentsazio atseginagoak iritsiko diren itxaropena proiektatzea.

 

  1. Konponbideetan inplikatzea

Egoeraren eta hainbat faktoreren arabera gutxiago edo gehiago inplika gaitezke.Adibidez, indarkeria edo botere-abusu batek eragindako sufrimendu bizi-bizi baten aurrean, inplikatu egin beharko dugu, zalantza barik.Eta zer gertatzen den ikusteko, ikastetxearekin edo beste baliabide batzuekin kontsultatu eta laguntza espezializatua eskatu, psikologia, psikiatria, esku-hartze sozial eta abarretako zerbitzuei.

Adibidez, terapia bat proposatzea pentsatzen badugu, patxadaz, “delikadezaz”, hausnarketaz eta zintzotasunez heldu behar diogu gaiari gure seme edo alabarekin. Ezin dugu gure seme edo alaba terapia egitera behartu. Baina aukera gisa ikusten lagunduko dioten hausnarketa-prozesu batzuk izan ditzakegu. Batzuetan, interesgarria da espezialista bati galdetzea, guk nola planteatu behar dugun jakiteko. Dena dela, badirudi zentzuzkoa dela

  • Trebetasunak hobetzen edo hobeto sentitzen laguntzen duen zerbait bezala planteatzea terapia, eta ez “gaixotasun edo arazo bat sendatzeko” zerbait bezala.
  • Terapia-prozesuaren zati gisa familia “sartzea”, eta prozesu horretan, denok eskuratuko ditugu tresnak.
  • Zertan gustatuko litzaiokeen terapiak berari laguntzea, baldin eta joatea onartzen badu (agian a priori ez da guk buruan dugun gauza bera, ez da ezer gertatzen).
  • Neska edo mutila txarto pasatzen ari dela edo zerbaitetarako mugatuta sentitzen dela gehien jabetzen den uneetan azpimarratzea terapiaren aukera.
  • Eurentzat terapia egitea zein ona izan den esaten duten influencer edo erreferenteak diren pertsonak gogora ekartzea.
  • Neskari eta haren estiloari egokitu eta nolabaiteko “feeling-a” sortu dezakeen terapeuta bat bilatzea.Nola edo hala, zein pertsona edo terapia-eredu aukeratu erabakitzeko prozesuan parte hartzen utz diezaiokegu.
  • (Terapeutak egingo duen arren) harremana konfidentziala dela gogoraraztea  (terapeutak zerbaiten berri eman behar dela edo familian partekatu behar dela uste badu, aurrez neska edo mutilarekin landuko du hori).

“Sufrimenduak eta zoritxarrak” gizatiarrago egiten gaituzte, zioen Rafaela Santosek. Gure seme-alabentzat larregizkoa ez izateaz eta horri aurre egiteko laguntza-sarea dutela senti dezaten arduratuko gara gu.

Begoña Ruiz, psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×