“Zure seme edo alaba ispilu bat da, non ez diozun zeure buruari begiratu nahi”

Sara Tarrés psikologoak Mi hijo me cae mal (Nire semea ez dut gogoko) izeneko liburua argitaratu du. Bertan, gure seme edo alabarekin nola birkonektatu dezakegun azaltzen du, lotura larregi higatu denean eta berriro lotuko gaituzten zubiak zelan eraiki ez dakigunean.

Ausarta da liburu bati “Mi hijo me cae mal” izenburua jartzea, eta are gehiago erostea, zeren eta etxera eroatea…

Ez da batere erraza izan idaztea; izan ere, atzean ez dago lan profesionala bakarrik, zeure buruarengan ere inspiratzen zara, eta zuk ere ama gisa zer hobetu dezakezun pentsatzen duzu. Beraz, une batzuetan txarto pasatu dut, baina ahaleginak merezi izan du.

Etxera eroateari dagokionez, asko saltzen da ebook formatuan, eta hori beti da diskretuagoa. Hain zuzen, niri ere galdetu didate zelan moldatzen diren nire seme-alabak gaiarekin, edo zein den gogoko ez dudana. Baina pasadizoak alde batera utzita, ez nuen zalantza izpirik izan, amatasunaren ikuspegi oso idealizatua daukagulako eta gure errealitatea oso bestelakoa izaten delako.

Izan ere, liburua idazten ari nintzela, aurkezpen bat egin behar izan nuen, zelan lagundu emozionalki gure seme-alabei, eta pentsatzen nuen esaten nuen guztia oso ondo zegoela paperean, baina praktikan jartzea beste gauza bat da. Izan ere, aldez aurretik beste alderdi batzuk landuta izan behar ditugu gugan, adibidez, gure emozioak: zergatik ditugun, zergatik sentitzen dugun amorrua… Zelan lagunduko diegu gure seme-alabei emozionalki, kasketaldi baten aurrean defentsiban jartzen bagara? Une horretan biziraute-moduan gaude, eta horrek zera pentsatzera eroaten gaitu: «Isil dadila lehenbailehen», eta horrela ezin diogu lagundu.

Nerabezaroan, gure alaba edo semea gogoko ez dugula errazago esaten dugu. Badirudi oso ospe txarreko etapa dela.

Bai, baina, hala ere, uste dut azaldu behar diegula zerk egiten digun min, zerk mintzen gaituen beraien jarreratik edo esaten digutenetik. Eta guk ere barkamena eskatu behar diegu oker jokatu dugun aldiengatik. Guk ere geure idulkitik jaitsiz lagundu behar diegu. Esan diezaiekegu ez dakigula zelan bideratu arazo bat, edo denbora behar dugula gelditzeko eta sentitzen duguna kontatzeko, horrela agian elkar ulertuko dugulako. Nik ere ulertu behar dut zergatik egin duzun egin duzuna, niri hain txarto iruditu zaidana, edo zergatik espero nuen zuk beste zerbait egingo zenuela, eta horrela elkar ulertzera iritsi, askotan hor galtzen baikara, oso zaila gertatzen baitzaigu haiekin enpatizatzea.

Batzuetan, gure seme-alabak jarrera honetan jartzen dira: “Beraiek erabaki zuten ni edukitzea, beraz, orain har dezatela fardela beren gain”. Jakina, gurasoek erantzukizun bat dute, baina familia bat gara, gizakiak gara eta elkarreraginean dihardugu. Eta, logikoa denez, gatazka-egoerak sortzen dira, eta horiek kudeatzen eta akordioak lortzen ikasi behar dugu, baldin eta akordiorik lor badaiteke; izan ere, arauen kasuan, negozia daiteke, baina mugak jarri behar direnean, ez, marra gorri batzuk ezin dira gainditu.

Liburuan galdetzen duzu nola erakusten diegun enpatia gure seme-alabei. Eta galdetzen diguzu zelan jokatzen dugun haserre, triste, dezepzionatuta… gaudenean.

 Bai, askotan psikologian edo hezkuntzan dihardugun profesionaloi jarraibide asko eskatzen zaizkigu. Denontzat kafea bezalako zerbait da, eta hori ez doakigu ondo.

Horregatik, gogoeta egiten, barrura begiratzen eta zuri zer gertatzen zaizun ikusten laguntzen digute horrelako galdera pertsonalek. Zure seme edo alabaren jokabidean zuzenean zer eragiten ari den jakiteko modua da. Zer egiten du nire seme edo alabak eta zergatik ari da hori egiten? Eta, noski, nire seme edo alaba egiten ari dena nire jokabide, nire pentsamendu eta nire emozioetan eragiten ari da. Ez gara bakardadean bizi, egiten dugun guztiak zuzeneko eragina du beste pertsonarengan. Beraz, ona da pentsatzea: “Eta nola jokatzen dut nik? Nola erakusten dut nire haserrea? Zelan eskatzen diot nire seme edo alabari bere haserrea erakusteko? Ba al dago kontraesanik?”. Nik pixka bat pentsatzera gonbidatzen dut hor, zeren eta askotan esaten baitiegu gure seme-alabei errespeta gaitzatela, gu geu haiek errespetatzeko gai izan ez garenean. Hor sartzen ditut oihuak, irainak edo beste gauza batzuk, batzuetan oso inbaditzaileak garelako, egun osoa ematen dugulako kritikatzen, txarto orraztuta doazela esaten, ez zaigula gustatzen zelan dabiltzan jantzita… Hori ere ez da beraien indibidualizazio-prozesua errespetatzea.

Zure liburuan agertzen diren tauletako batean autonomiaren aldea azpimarratzen duzu, eta horrelako itaun edo galderak egiten dituzu: “Asteburuan nora joan pentsatzen uzten diezu? Erabakiak hartzen uzten diezu?”

Bai, baina kontua ez da beraiek erabakitzea zer egingo dugun, baizik eta haiek ere kontuan hartzea. Batzuetan badirudi helduok familiaren gidaritza hartzen dugula eta umeak beste barik guri jarraitzera behartzen ditugula. Baina une batean, haurrak ere lagunekin planak egiten hasten dira. Beraz, ahal bada, denak moldatu edo egokitu behar dira pixka bat, eta, bestela, zergatikoa azaldu behar zaie edo zer egingo dugun; zeren eta, bestela, gure seme-alabek sentitzen dute ez ditugula kontuan hartzen, zuk hartzen duzula erabakia eta zuk esandakoa egiten dela. Garrantzitsua da haiek ere erabaki txikiak hartzen hastea, adinaren eta heldutasun-mailaren arabera. Adibidez, postrerako meloiaren eta bananaren artean aukera dezaketela esaten diezunean. Zuk apur bat mugatu egiten diezu aukera, baina ez dute sentitzen zuk beti inposatzen diezunik.

Eta amorrualdi edo kasketak saihesteko, ona da egingo dugunaren berri ematea. Horrek segurtasuna ematen die. Larunbatean aitona-amonen etxera joan behar baduzu, esaiezu aurrez.

Beraiek kontuan hartzea pentsatzen dut badela urrats bat ematea zure seme edo alabarekin berriz konektatzeko, zeren eta liburuan zehar gako txiki batzuk ematen baitituzu, gogoko ez dugun seme edo alabarekin urratsez urrats berriro konektatzeko.

 Bai, birkonektatzeko, lotura zein puntutan higatu den bilatu behar dugu, eta ikusi behar dugu zelan eraikiko ditugun berriro zubiak edo eraitsi harresiak, eta topaketarako gune fisikoak eta emozionalak aurkitu. Hori da helburua. Izan ere, gogoko ez duzuna benetan ez da zure seme edo alaba. Kasu batzuetan, zure seme edo alabak islatzen dizkizun zure alde ilunak dira gogoko ez dituzunak. Horregatik da hain garrantzitsua liburuan planteatzen ditudan itaun edo galdera horiek guztiak egitea.

Azken finean, zure seme edo alaba ispilua da, non ez duzun zeure burua begiratu nahi, hori ari baitzaizu proiektatzen zure seme edo alaba. “Oso perfekzionista edo lar babeslea zara?”. Baditugu gauza batzuk, azkenean, gogoko ez ditugunak, baina zure seme edo alabak irudikatzen dizkizunak.

Eta noiz kontsultatu beharko genuke profesional bat?

Liburua zuri itaun edo galderak eginez saiatzen da laguntzen, baina motorrak funtzionatu barik jarraitzen badu, argi dago autoa tailerrera eraman behar dela. Beraz, baliteke “Mi hijo me cae mal” irakurtzeak zuri atea irekitzea, laguntza eskatu ahal izan dezazun. Eta hor sartzen da profesionala, hondatuta geratu den mekanismo hori non dagoen aurkituko duena agian.

Pentsatu behar dugu azkenean gure seme-alabak guraso izango direla agian, eta hori gelditzen ez den elur-bola handi bat bezalakoa da, baina norbaitek geldiarazi behar du. Horregatik, oso garrantzitsua da lotura konpontzea, eta badakit asko kostatzen dela, egoera larriak daudelako eta beste batzuk hain larriak ez direnak, baina guztiak dira aski garrantzitsuak. Esaten duzunean: “Arraioa!, ezin dut semea jasan, ez dut berarekin egoteko gogorik, egiten duen edozerk ondoeza sortzen dit”. Orduan alarma piztu behar zaigu.

Gainera, irudipena dugu gure lagunaren alaba hobea dela, ez duela arazorik sortzen eta gurearekin alderatzen dugu eta ama gisa geure burua zigortzen dugu…

 Horregatik ez nuen zalantzarik izan meloi hori irekitzeko, ahoa betetzen baitzaigu dena zein polita den eta zein zoragarriak garen pentsatuz… Baina agian hori ez da errealitatea. Hasi behar duzu ikusten zure bizilagunaren semeari zureari gertatzen zaion gauza bera edo antzekoa gertatzen zaiola. Baina, noski, hobe da gure seme edo alabak zein ondo egiten duen azaltzen jardutea, horrek guraso gisa gaituta sentiarazten gaituelako, ongizatea sentiarazten digulako. Miguelek hain ondo egiten ez duen guztia azaldu beharrak ondoez handia sortzen digu, horrek amorruarekin, tristurarekin, etsipenarekin, frustrazioarekin… topo egitea eragiten baitigu, eta hori sentitzea ez dugu atsegin izaten. Orduan erabat saihesten dugu. Baina meloia irekitzen dugunean eta hori guri bakarrik ez zaigula gertatzen esaten dugunean, alde batetik min hori murrizten ari gara, berba egite hutsagatik bakarrik, eta bestetik, laguntza aurkitzeko aukera ematen digu, zer egin dezakedan ikusteko. Eta ez ama zoragarriaren 10 aginduen idulki garai-garai horretatik.

Edozelan ere, ama inperfektuez hitz egiten ari gara, eta uste dut erruduntasuna gutxitzearekin zerikusia duela, baina ez da hitz egiten aita inperfektuez, nire ustez, ez baitute erruduntasun hori sentitzen.

Bitxia da, askotan esaten baitigute ez ditugula gurasoak kontuan hartzen, baina egiten ari garen azterketa guztietan erantzuten diguten aitak % 5 dira, gainerakoak amak dira, eta, beraz, nik ezin dut hitz egin ezagutzen ez dudan errealitate bati buruz.

Beharbada, amatasunaren, hazkuntzaren eta hezkuntzaren pisua amen gain dago oraindik. Ni irrikaz nago aiten munduan sartzeko, zer presio sentitzen duten jakiteko, beren burua zelan ikusten duten jakiteko… Hausnarketa sakona egin behar dugu. Agian ez diegu lekurik ere uzten, ez dakit, askoz gehiago sakondu beharko litzateke gai horretan.

Asko aurreratu dugu; izan ere, egungo gizonak gure aitak edo aitonak zeuden baino askoz ere inplikatuago daude hazkuntzan eta hezkuntzan, hori ezin dugu ukatu. Baina susmoa dut, eta ‘susmoa’ diot, ez baitut frogatzen duen azterketarik, iritsi garela puntu batera eta atzera egiten ari garela, inboluzionatzen ari garela. Eta buruan darabilkidan beste ideia bat da matxismoa berrasmatu egiten dela eta patriarkatuak ere beste forma batzuk topatzen dituela sartzeko. Beldur naiz guk, emakume gisa, lortu dugun ahalduntze horren guztiaren ostean, mutilak izutu eta ezagunari heltzen ari ote diren, berriro ere, nire irudiko, bide onetik ez doazen eredu batzuetara itzuliz.

Mi hijo me cae mal

Gogoratu otsailean antolatu dugun hitzaldia Roberto Aguadorekin. Plazak mugatuak. Erreserbatu zure plaza doan:

Bideak gurutzatzen guraso eta nerabeekin Roberto Aguadoren eskutik

 

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×