Zure bikotekide ohiak egiten duenaren kontrakoa eginez hezteak zuk nahi duzun heziketa-modutik urrundu egingo zaitu

Badakizu zer egiten duten alderdi politikoek oposizioan daudenean? Momentuko gobernua egiten ari denaz kexatu, bere alderdiak hobeto egingo lukeela esan, zeren eta, jakina, bera baita onena nahiz eta hautatua izan ez, eta bera ordezkatzen duen politika, egin nahiko lukeena, egiteari uzten dio, gobernatzen ari denaren aurka joateko soil-soilik.

Eta horrek zer zerikusi du gure haurren heziketarekin? Bada, horixe dela familia askok banantzen direnean egiten dutena, beren bikotekide ohiaren kontrakoa eginez hezten dute, zeren eta alde bat autoritarioago edo larderiatsuagoa bada, niri permisiboarena egitea, edo alderantzizkoa, egokituko zaidalako.

Beraz, azkenean ez du bere haurra nahi duen legez heziko, baizik eta beste norbaitek egiten duenaren kontrakoa eginez.

Hori gura duzu? Ez zenuke erabaki nahi zelan hezi nahi duzun eta hori zure balioekin eta sinesten duzunarekin lotuta egotea?

Zelan hezi nahiko zenuke?

Berez, arauzko familia batean, desadostasunak eta iritzi ezberdinak sortzen badira bikotearen artean hezteko modu “onena” aurkitzeagatik, familia berrosatua denean edo, beste barik, banandu zarenean, gatazkak askoz handiagoak izaten dira, hautsi den bikotearekin lotutako beste gai batzuk sartzen direlako jokoan: mesfidantza, herra, egoen borroka… eta, horrela, akordioak lortzea ezinezkoa dela ematen du.

Eta egoera honetan aurkitzen zara: “Ez diot nire etxean tableta utziko, beste etxean teknologiarekin ematen du-eta egun osoa”, baina agian zuri ondo irudituko litzaizuke etxeko lanak egin ostean alditxo batez behintzat tableta uztea.

Une horretan, zuk nahi bezala edo gura legez hezteari uko egiten ari zara.

Garrantzitsua da azpimarratzea ez dagoela seme-alabak hezteko eta hazteko modu perfekturik, pertsona bakoitzak jasotzen duen hezkuntzaren, bere bizipenen eta lortzen joan den trebetasunen arabera egiten baitu. Izan ere, zure bikotekide ohiari gauzak zure etxean zelan egiten dituzun eta zuri zuzena zer iruditzen zaizun azaltzen saiatzen bazara, informazioa partekatzeko eta akordio bat lortzen saiatzeko ideian oinarrituta adierazi behar diozu, eta ez hainbeste “nik ondo egiten dut eta zuk txarto” bezalako lezioak emateko tonuarekin, orduan zure bikotekide ohiak eraso egiten diozula sentituko baitu, eta elkarrizketak ez du atarramendu onik izango.

Oso jakitun naiz beti ez dela posible zure ezkontide ohiarekin harreman ona izatea eta oinarri batzuk ezarri ahal izatea. Orduan, jo ezazu egin dezakezun gauza bakarrera, hau da, erabaki zer eta nola egingo diren gauzak zure etxean.

Aitak uzten dit

Gero, egoera hauek etor daitezke: “Amak/aitak bere etxean, bai, uzten dit”. Horrelako iruzkinak oso kontuz hartzera eta zalantzaren onura ematera animatzen zaitut. Inoiz ez dugu jakingo ziur, salbu eta zure ezkontide ohiarekiko komunikazioa ona denean, zer gertatzen den edo ez den beste etxean, eta, beraz, ez utzi horrelako iruzkinek zalantzan jartzen zure hezteko modua.

Familia berrosatuen kasuan ere, eta bikotekide berriaren etxean haur gehiago baldin badaude, arazoak sor daitezke, pertsona bat gehiago sartzen baita etxeko haurren heziketari buruz erabakitzera. Argi dago familia bakoitzak erabakiko duela zein den amaordearen edo aitaordearen egitekoa bere umearekiko.

Hemen, betiko legez, bikote barruko komunikazioa behar da txarto edo gaizki ulertuak saihesteko, eta gauzak argi uzteko.

Egia da, ordea, familia berrosatu baten barruan, gomendagarria litzatekeela haur bakoitzak arau desberdinak izan ditzan saihestea, horrek nahasmena sortu eta bere nortasunaren sorreran ere eragina izan dezake-eta. Gogoan izan lehenengo haurtzaroan taxutzen dela gure logika pribatua, eta nire inguruan hautematen dudan guztiaz erabakiak hartzen eta sinesmenak zertzen joaten naizela neure buruari, inguruari eta bizitzari buruz.

Zuk nahi duzun moduan hezteko gomendioak:

Aurkakotasunean heztea saihesteko, honako hau proposatzen dizut:

  • ERABAKIAK: saia zaitez zure ezkontide ohiarekin akordio batera iristen kasu jakin batzuetan jokatzeko moduaz, ez da posible izango kasu guztietan hori egitea, baina gutxienez zuretzat garrantzitsuenak direnetan: ordutegi, errutina, elikadura, pantailen denbora eta abarretan.
  • ARRETA-GUNEA: hitz egiten edo akordio batera iristen ari zaretenean, gogoratu arreta konponbidean jarri behar duzula, zure umearentzako onena den horretan, eta ez hainbeste zure bikotekide ohiarekiko botere-borrokan.
  • EZ DA PERTSONALA: baliteke zure umeak esatea: “Baina amak/aitak bere etxean uzten dit”, eta ez da zu izorratzeko esaten ari, baizik eta nahi duen eta zuk lagatzen ez diozun hori lortzen saiatzeko. Pentsatu zer irakats diezaiokezun zure haurrari egoera horretan.
  • ADEITASUNA ETA IRMOTASUNA: erabil ezazu beti edozein motatako muga jartzeko. Aurreko adibidean honako hau esan genezake: “Ulertzen dut aitaren/amaren etxean ahal duzula, baina hemen erabakia genuen araua beste bat izango zela”.
  • METRO KOADROA: zure eragin-eremua metro koadro batekoa baino ez da, hau da, zuk egingo duzuna bakarrik erabaki dezakezu, zure bikotekide ohiari edo haurrari dagokionez, ezin duzu aldatu beste pertsona batzuek erabakitzen dutena; beraz, zentratu zuk egin edo erabaki dezakezun horretan.

Bikotea banatzen denean, ohikoez gai beste gatazka-egoera batzuk ere gertatzen dira, eta ikasteko aukera gisa hartzen saiatu behar duzu.

Sandra Martín. Familia-hezitzailea positiboan

Egokitzen Programa

Egokitzen programaren laugarren edizioa prestatzen ari gara. Prebentziozko doako programa da, eta Deustuko Unibertsitateak bermatzen du. Banandutako gurasoei seme-alaben estresa, dibortzioaren ondoriozkoa eta prozesu horrek dakarrena, minimizatzeko ezagutza eta trebetasun egokiak garatzen laguntzen die. Talde psikohezitzaile gisa eratzen da, trebetasunak eta estrategia zehatzak ikasteko talde gisa, eta esku-hartze labur bat da, hausnartzeko aukera emateaz gain, jarduteko jarraibide zehatzak eskaintzen dituena, guztiontzat egokiagoa izango den familia-funtzionamendu berri baterako trantsizioa errazteko. Hala ere, Egokitzen ez da talde terapeutiko bat non pertsonaren zailtasun emozional espezifikoak, zaintza-arazo zehatzak edo ezkontide ohiarekiko gatazkak lantzen diren.

Parte hartu nahi baduzu edo informazio gehiago nahi baduzu, idatzi mezu bat bbkfamily@bbk.eus helbidera.

Bikotea banantzerakoan saihestu beharreko esaldiak eta jarrerak. Zelan egingo dut?

Deustuko Unibertsitateko Psikologiako katedradun Ana Martínez Lópiegak Egokitzen gaiari buruz hitz egin digu:

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×