Artikulu hau irakurtzen hasi bazara, banantze-prozesu batean agertzen diren jarrera batzuk zelan aldatu jakin gura duzulako da. BBK Familyn Egokitzen programa gauzatu dugu: hamar saio izan dira gurasoekin eta seme-alabekin, gatazken tratamenduari eta egoera berrian hazkuntzari zelan aurre egin aztertzeko.

“Nire alabari dibortzio-prozesuan lagundu gura niolako hasi nintzen programan, eta biok indartuta atera gara, banako eta familia gisa”.

“Nahiz eta jorratzen diren gai batzuk ‘deserosoak’ izan daitezkeen, zure ezkontide ohiarekin edo seme-alabekin alegiazko gatazka-egoeretan jarri behar izateagatik, gero konturatzen zara eta gai zara horrelako egoerak aztertzeko eta modu ez hain oldarkorrean jokatzeko, jabetuta egoera hori aurrera eramateko aukerarik onena zelan eta zein izango litzatekeen. Eta zerbaitetan lagundu badit, eta horregatik gomendatuko nuke programa hau, hazkuntzari buruz lantzen diren gaiengatik da, ama gisa ondo egiten dituzun jarduerak sendotuz eta beste alderdi asko hobetzera bultzatuz”.

“Asko gustatu zait gure seme-alabekin bizi ditugun egoerei buruz une askotan barre egitea eta hazkuntzaren kontu hau zelan daramagun partekatzea. Oso aberasgarria izan da”.

“Gauza askoren kontzientzia hartu dut, batez ere beste emakume eta gizon batzuk entzuteari esker, eta nire egoera beste pertsona batzuekin partekatzeari esker. Horrek hobeto ulertarazi dit nire bikotekide ohia. Gustatu zait nire semeak beste neska-mutiko batzuk egoera berean ikustea”.

“Agian ikastaroaren ostean ez naiz aita hobea izango, baina kontzienteagoa naiz ondo egiten dudanaz eta hobeto egin dezakedanaz, eta orain, gainera, baditut horretarako tresnak.”

Horiek dira urritik urtarrilera bitartean egin den Egokitzen programan parte hartu dutenek egindako komentarioetako batzuk. Guraso bananduek eta haien seme edo alabetako batek parte hartu dute talde bereizietan, eta, bertan, dibortzioak eta prozesu horrek dakarrenaren ondorioz seme-alabek izaten duten estresa minimizatzeko ezaupide eta trebetasun egokiak garatzen lagundu gura izan zaie gurasoei.

Zer aldatzen da seme-alabak dituen bikote bat banantzen denean?

Bikotean eta familian bizi daitekeen aldaketa-prozesu mingarrienetako bat da banantze edo dibortzioa. Bizi-proiektu bat aldatu eta beste batera pasatzeko erronkak ez du inor zauri barik uzten. Une horietan familiaren eraikuntzako oinarriak edo zutabeak mugitzen dira emozionalki, eta emozio asko sortzen dira:  mina, amorrua, frustrazioa, ezintasuna, beldurra, errua, etab. Eta horrek guztiak eragina du familien dinamiketan. Bizi-proiektu berri bat eta hazkuntza-estilo propio bat berreraiki ahal izatea konplexua da batzuetan, emozionalki kaltetuta gaudenean.

Haur eta helduengan sortzen den estresa murrizteko tresnak ematea izan da Egokitzen programaren helburua. Baina antzeko egoeran dauden beste pertsona batzuen artean entzuteko, laguntzeko, trukatzeko eta elkarri laguntzeko gunea ere izan da. Bertan egon dira bai umeak, bi familia, bi etxe, bi motatako arauak… izatea zer den partekatu dutenak, eta bai pertsona helduak, bikotekide ohia egoera konplexuetan ulertzen saiatu gura zutenak. Bidaia ederra izan da ziurgabetasun-garaietan, non ez duzun beti argi zein bidelagun dituzun ondoan, ezta zein maleta behar dituzun ere. Ez da falta izan ez umorerik, ez malkorik…

Hamar saio hauetan, banantzerakoan sortzen diren emozioetan zehar bidaia bat egin dugu, agertzen diren gatazketan gelditu gara eta ikusi dugu horiei zelan aurre egin seme-alabak ahalik eta gutxien inplikatzen saiatuz, oraintxe berton aurrera eraman dezakegun hazkuntza-eredua bilatzera hurbildu gara eta seme-alabekin aita edo ama gisa erabili nahi dudan estiloa zein den ikertu dugu.

Ausartuko naiz esatera atsegingarria izan dela gelditu barik igarotzen ez direnei, gertatzen zaienaren aurrean beste aldera begiratzen ez dutenei laguntzea; pertsona ausartak izan dira, beren bizitzan argitasun gehiago jarri gura dutenak, eta hori oinarri berriak eta zutabe berriak eraikitzeko, seme-alabek lasaitasun gehixeagorekin bizi ahal izan ditzaten ezinbesteko aldaketak.

Gurasoei bakarrik zuzendutako Egokitzen ekimenaren bigarren edizioa abian jarri dugu

Irakurri ahal izan duzun legez, programa honek esperientziak eta bizipenak partekatzeko eta beste era batera begiratzen ikasteko aukera ematen du. Horregatik, BBK Familyk Egokitzen programaren bigarren edizioa jarri du abian.

Programa hori psikologia- eta hezkuntza-talde bat da, trebetasunak eta estrategia zehatzak ikasteko esku-hartze laburrarekin; hausnartzeko aukera emateaz gain, jarduteko jarraibide zehatzak eskaintzen ditu, guztientzat gogobetegarriagoa izango den familia-funtzionamendu berrirako trantsizioa errazteko. Edizio berri hau banandutako gurasoei bakarrik zuzenduta dago.

Edizio honetan parte hartu gura baduzu, idatzi mezu elektroniko bat bbkfamily@bbk.eus helbidera eta xehetasun gehiago emango dizkizugu. Programa doakoa da. Zabaldu informazioa, mesedez. 

Anna Pallarés, BBK Family

Menu

BBK Family Learning

×