Zertan laguntzen die psikomotrizitateak haurrei?

Lan egindako urteetan zehar, zenbat aldiz esan ote didate gurasoek: “jolasten ari dira bakarrik… horrek nire seme-alabari laguntzen dio?”

Euren umea etorkizunerako ahalik eta hobekien prestatuta egoteko ardura eta nahia dela eta, gurasoek askotan, psikomotrizitate hezigarriaren edo terapeutikoaren saioak eskolaz kanpoko jardueren mende jartzen dituzte. Eta batzuetan, norbaitek psikomotrizitate-gela kanpotik begiratzen badu, hori ikusten du, jolasten ari diren umeak… “hori parkean ere egin dezakete, edo eskolako jolastokian…” Orduan, zergatik egon behar da psikomotrizitate-gela bat? Zer dago jokoan psikomotrizitate-gela batean?

Oso nabaria dirudien arren, begien bistakoa ez den zerbait galdetzen has gaitezke: nola kokatzen den gizakia bizitzan.

Umea, bere bizitzako lehenengo etapetan, giharrez osatutako sistema neurobegetatibo bat da eta bestearen beharra dauka biziraun ahal izateko, ama edo aita adibidez.

Izaki txiki honek bere eskura duen guztia erabiltzen du guri zer gertatzen zaion jakinarazteko, gorputz osoa erabiliz egiten du.  Besoak eta hankak astintzen ditu, sabelaldea mugitzen du, lepoa eta aurpegiko muskulatura mugitzen ditu, eta aurpegiera aldatzen du ondo sentitzen denean. Besoak eta hankak astintzen ditu, zuzen jartzen ditu, enborreko eta aurpegiko muskulatura krispatzen du eta negar egiten du zerbaitek ondoeza eragiten dionean.

Honetan guztian tonuak esku hartzen du, mugimendua egin ahal izateko beharrezkoa den muskuluen tonuak. Uzkurtze eta erlaxatze segida hori beharrezkoa da mugimendu bat egin ahal izateko eta, gero jestu bilakatzeko. Umea gorputzaren bidez agertzen da munduan. 

Zaintzen duen helduak hori guztia ikusten eta entzuten du, eta bere ondoeza arintzeko edo ongizatean laguntzeko, hitz egiten dio, bere ustez gertatzen zaiona kontatzen dio… Haurrak eusten, inguratzen eta kulunkatzen duten besoen eta ahotsaren tonu- eta erritmo-aldaketak igartzen ditu, eta erreakzionatu egiten du.

Umea 6-7 urtera arte globalki garatzen joaten den izaki bat da. Urte horietan zehar, haurrak jarduera asko egiten ditu eta, horri esker, bere funtzio guztiak aldi berean garatzen dira, zentzumenezkoak, motorrak, emozionalak, kognitiboak, lengoaia… Mugimendua eta ekintza haurrek eboluzionatzeko duten ezinbesteko mekanismoak dira.

Funtzio horiek guztiek, gorputzekoek eta psikikoek, hainbat gradutan elkarreragiten dute garai horretan zehar, eta horri umearen adierazkortasunaren dimentsio psikomotorra esaten diogu. Psikomotrizitatea mugimenduaren bitartez motorra eta psikikoa dena bateratzen dituen diziplina integratzaile bat da. Praktika Psikomotorra gizakiaren ikuskera integraletik abiatzen da, gorputza, mugimendua, emozioa eta ezagutzarako sarbidea aintzat hartzen ditu esplorazioaren eta esperimentazioaren bitartez; beraz, pertsonaren garapenerako funtsezkoa den praktika bat da.

Haurraren baitan, dimentsio hau adierazteko esparru pribilegiatua jolas espontaneoa da, garapen psikologikorako funtsezkoa dena; umeak bere inguruko mundua esploratzen duen lekua da eta bere gaitasunen eta garapen-unearen arabera, leku hori menderatzen joaten da.

Jolasaren bitartez, haurrak ekintzaren plazera bizitzen du, zeinak irudikapen mentalak sortzea ahalbidetzen dion. Irudikapen horietan, bere barruko mundua eta kanpoko munduarekin ezartzen dituen harremanak proiektatzen ditu, baita harreman afektibo atseginak edo desatseginak ere, bere historiaren arabera.

Beraz, ikusten dugunez, mugimendu horrek, ongizatearen edo ondoezaren adierazkortasun horrek, erabateko komunikazio-sistema bat osatzen du oso goizdanik; helduak erantzun egiten du eta horrela, afektibitate-lotura baten oinarriak sortzen dira, orokorrean segurtasunezkoak. Muskuluen tonuaren eta egoera emozionalaren artean lotura bat dago eta “elkarrizketa toniko-emozionala” osatzen du, zeinak bi pertsonaren arteko egoera emozionala adierazten duen; kasu honetan, umea eta zaintzailea. Umea eta harremana duen bere inguruko guztiak.

Bizitzaren lehenengo urtean, norbere izatearen oinarriak bestearekiko elkarrekintzarekin eraikitzen dira.

Gizakiaren garapenaren alderdi hauetan askoz gehiago sakondu daiteke eta eztabaida aberasgarria izango da beti, baina hau ez da horretarako bidea eta hitz idatzietara mugatu beharko gara, irismen handiko eduki bat helarazteko asmoarekin.

Praktika Psikomotorrak kanpoko munduarekin ezartzen joan den harremanak proiektatzea ahalbidetzen dio haurrari, horiek bizitzea, kudeatzea eta eraldatzea; jolas espontaneoaren dimentsio ludiko horren bitartez eta bere gaitasun eta beharren arabera. Segurtasun afektiboaren maila on bat eraikitzea edo berreraikitzea, zeinak komunikazioa eta gizarteratzea garapen osasuntsu batekin eskuratzea ahalbidetuko dion. Pertsonaren eta ingurunearen arteko egokitzapen harmonikoa erraztean datza, bere nortasunetik abiatuta, zeina gorputzaren bitartez oinarritzen eta adierazten den. Ingurunearekin ezartzen dituen harremanen bitartez adierazten duen gorputz bat.

Jakina, jolas espontaneoa haurraren adinaren arabera aldatzen da. Urte bat eta hiru urte arteko haur bat ez da bost, sei edo zazpi urteko bat bezala jolasten.

Bi alderdi hartuko ditugu kontuan haurren esparru psikomotorrari dagokionez. Alde batetik, Praktika Psikomotor Hezigarria (PPH) –taldean egiten dena– eta, bestetik, Praktika Psikomotor Terapeutikoa (PPT) –banaka edo 2-3 umeko talde txikietan egiten dena–.

Praktika Psikomotor Hezigarriaren helburua haurrari bere garapen-prozesuan laguntzea dela esan dezakegu, jolas-jardueretatik abiatuz, bere gaitasun emozionalak eta sozialak indartzea, alegia. PPHren ohiko testuingurua eskola izan ohi da, baina ez bakarra.

Haurra, adierazkortasun espontaneotik eta beste haur batzuen laguntzaz esploratzeko gaitasunetik abiatuz, gai izango da kanpoko mundua esploratzeko eta deszifratzeko, bere barruko mundua aurkitzeko eta emozioak argitzeko eta bere garapen kognitiboa bizitzeko eta konkistatzeko. PPHk haurrari bere emozioak bizitzea ahalbidetuko dio –edozein direla ere– jolas-jardueren bitartez, zeina sinbolizatzeko gaitasunaren prozesuan funtsezko faktorea den.

PPHk berea dena eta kanpoko munduarena dena bereizten laguntzen dio, “ni” eta “ez-ni” dena (bestea) bereizten. Hori guztia marko zehatz baten barruan gertatzen da, espazioari, materialei, denborari eta maiztasunari dagokionez, eta horiek beste haurrekiko eta psikomotrizitateko profesionalarekiko egonkortasunaren eta segurtasunaren erreferente izango dira. Aipatu adituaren funtzioa sortzen diren emozioei eta bulkadei eustea da, eta haurraren hazkuntza psikologikoaren arabera, bere ekoizpenei lagunduko die, jolas askearen dinamikaren bitartez, horien eraldaketa bat sustatuz. Ekintza horretan, profesionalak ez du esku hartuko eta ondorioz, prozesu horretan, haurra jarduteko plazeretik pentsatzeko plazerera igaro ahal izango da.

Psikomotrizitate-gelan, jolas askearen bidezko plazeraren dinamika bere aurkikuntza- eta esperimentazio-prozesuaren oinarria izango da, bere izateko eta munduan egoteko nahiaren oinarria, hain zuzen ere.

Hala ere, haurraren garapenean zehar, batzuetan, gauzak ez dira nahi edo espero bezala gertatzen: haur batzuen garapenean alderdi defizitarioak ikus daitezke eta horretarako hainbat kausa egon daitezke. Gehiegikeria edo gutxiegitasunak eragindako asaldurak sortzen dira eta haurrari zailtasunak eragiten dizkiote bere bulkaden eta emozioen kudeaketari, komunikatzeko gaitasunari eta besteekiko harremanak nolabaiteko garrantziarekin ezartzeari dagokionez.  Praktika Psikomotor Terapeutikoa ume horiei zuzenduta dago.

PPTren helburua haurrari berraseguraketa-mekanismoak aurkitzeko aukera ematea da, bere zailtasunak direla eta sor daitekeen larritasunaren aurrean. Aipatu larritasuna bere izateko eta munduan egoteko erarekin adierazten du, gehiegikeriaren edo gutxiegitasunaren bitartez.  Haur horiek emozioen euste indartsu batean bizi badira, kanpoko munduarekiko harremanak mugatuak izango dira, eta emozioen gehiegizko deskarga bat baldin badago ere, harremanak ezartzea zaila izango da.

Psikomotrizitateko terapeuta lagundu, entzun eta zentzua emango duen hori izango da eta haurraren adierazkortasuna eraldatzen lagunduko du, eusten duen jatorritik. Haurrak bere gehiegizko egintzarekin (gehiegizko jarduera motorea, inpultsibitatea, geldi egon ezina, hipertoniak, estereotipiak, errepikapen zurrunak, agresibitatea…) edo egintza ezarekin (mugimenduaren inhibizioa, hipotonia, mututasuna, beldurrak, gehiegizko mendekotasuna, bermeen eta orekaren zailtasunak…) adierazten diguna.  Ume bakoitzak duen adierazkortasun horrek presente dagoen edo ez dagoen lengoaiak baino gehiago esaten digu, kalteak dituzten haurrei dagokienez, beharrezkoa baita ekintzetan pentsatzea.

Psikomotrizitateko terapeutaren lanaren helburua lagundu beharreko haurrarekin topo egitea izango da, bere zailtasunaz gain, duen ahalmena aintzat hartuko du eta berarekin batera, garapena eraldatzea eta maila hobeago bat lortzea ahalbidetuko dion prozesu terapeutiko bat eraikiko du.

Psikomotrizitateko terapeutaren lanaren helburua lagundu beharreko haurrarekin topo egitea izango da, bere zailtasunaz gain, duen ahalmena aintzat hartuko du eta berarekin batera, garapena eraldatzea eta maila hobeago bat lortzea ahalbidetuko dion prozesu terapeutiko bat eraikiko du.

Marian Pascual, psikologoa, psikoterapeuta, terapeuta psikomotorra

Gogoratu BBK Familyn badugu online aholkularitza zerbitzu bat zure kezkak edo galderak helarazteko.

BBK Family Learning

×