BBK Familyren “Bizkaiko familien beharrizanei buruzko azterketa. Hazkuntzarako gurasoen gaitasunak” delakoan, galdetutako pertsonen ia % 90ek onartzen zuten gauzak beren kabuz egitera animatzen zituztela seme-alabak, eta, hala ere, % 11,3k bakarrik ziurtatzen zuten seme-alabei ez zietela etxeko eskola-lanak egiten laguntzen.
Orduan, zergatik laguntzen diegu etxean eskola-lanak egiten? Galdera horri erantzuten saiatu aurretik, pentsa dezagun zelakoak izaten diren etxeko lan horien dinamikak. Eskolan, egunero, ordu bat edo bi ematen dituzte hainbat irakasgaitan. Irakasleek aurreikusita dute egun horretan emango duten irakasgai-zerrendaren zatia, eta denborarik eman ez badie, batez ere gai hori praktikatzeko zatian, egin ez dena etxerako bidaltzen dute. Matematika edo fisika bezalako irakasgaien kasuan, etxerako bidaltzen diren lanak klasean azaldutakoa praktikatzearekin lotuta egon ohi dira.
Beraz, arratsaldean etxeko gelan sartzen direnean, hurrengo egunerako egin behar dituzten lan horiek guztiak egiten hasten dira. Haur edo nerabe bat ikasketetan ondo doanean, ez du arazorik izaten bakarrik lanak egiteko. Ondo antolatzen da, orokorrean ez du zalantza handirik izaten eta bere baliabideak izaten ditu lanak egiteko.
Baina zer gertatzen da gaia kostatzen bazaio edo ulertzen ez badu? Hasiera batean, berak bakarrik egin dezan utzi beharko genioke, eta esan, zalantzarik izanez gero, klasean galdetzeko eta ulertzen ez duena ez egiteko. Hori bada zuen kasua zuen seme edo alabarekin, jar zaitezte egoera horretan, benetan lortu duzue hori egitea? Erantzuna ezezkoa izan bada, zergatia aztertuko dugu.
Etxeko lanak egiteko zailtasunak dituenean
Guztira 23 edo 25 ikasle inguru baldin badira ikasgelan, ziur aski hamarren bat egongo dira zuen semea edo alaba bezala. Beraz, hurrengo egunean irakasleari beren zalantza guztiak galdetzen badizkiote, irakasleari eskola-ordua joango zaio gaia berriro azaltzen. Horri gehitu behar zaio irakasleek irakasgai-zerrenda amaitzeko izaten duten presioa; beraz, zaila izaten da irakasgaia nahi lukeen bezain sakon eta arduratsu azaldu ahal izatea zalantza guztiak argituz.
Bestalde, zuen seme edo alabaren ardura-mailaren arabera, litekeena da etxeko lanak egin barik eroateak sorturiko larritasuna gehiegizkoa izatea berarentzat. Izan ere, agian beldur izango da irakasleak errieta egingo ote dion, eta gerta liteke zuk lagundu diezaiozun saiatzea. Baita ere gerta liteke, zuk pazientzia galtzea berak ulertzen ez duelako, eta oihuka hastea horregatik. Izan ere, gurasoak ez gara beti irakaskuntzan aritzen. Hala ere, denbora ematen diozu eta, azkenean, zure seme edo alabak ulertzen du ariketa.
Larregizko babesa? Bai, noski. Zaila da ikustea zure seme edo alaba atzera geratzen dela, ez duelako ikasgelan emandakoa ulertzen, eta, berriro azaltzen badiote ere, ez duela ulertzen, eta ez duela ezjakin gisa ere geratu gura. Beraz, zure seme edo alabak eta segur aski zuk zeuk ere lan handia egin ostean, azkenean nahiko ondo gainditzen du maila.
Egungo hezkuntza-sistemak autonomia errazten du?
Gure seme-alabei beren kabuz moldatzen utziko bagenie, frustrazioa kudeatzen ikasiko lukete, porrot egiten, porrotetik ikasgai baliotsuak ateratzen. Hala ere, hezkuntza-sistema hau ez dago horretarako ere ondo diseinatuta. Begi-bistan daude eskola-porrotaren, ikasketak uztearen edo errepikatu egin behar eta motibazioa galtzen dutenen zifrak; izan ere, frogatu da errepikatzea ez dela ikasteko modurik eraginkorrena.
Zoritxarrez, horri gehitu behar zaio gurasoek nahikoa prestakuntza izatea ikasgai bat azaltzeko, edo dirua, gurasoen ezina irakasle partikularrekin ordezten baita. Eta hor arrakala handia dago ikasleen artean.
Gainera, askotan, blokeo akademikoa gure seme edo alabak dituen oztopo psikologikoengatik ere etortzen da, eta badakigu, oro har, horrelako espezialisten kontsultak pribatuak izaten direla, kasu premiazkoa, larria… ez baldin bada, behintzat. Eta beraz honetan ere diruak axola du.
Beraz, BBK Family-ren azterketara itzulita, zergatik bultzatzen dute gurasoen ia % 90ek seme-alaben autonomia eta, hala ere, % 11 bakarrik dira etxean eskola-lanekin laguntzen ez dietenak? Izan ere, ohea egitera, zapatak lotzera edo ontzi-garbigailua hustera animatzen ditugu, nahiz eta gustuko ez izan eta aurpegi txarra jarri, badakigulako horrek mesede egingo diela, arduratsuago bihurtuko dituela, ardura txikiak hartzeak heldutasunean lagunduko diela eta pertsona autonomoagoak egingo dituela. Baina etxean eskola-lanak egiten ez dakitela ikusten badugu eta horretan lagundu ez eta zelan larritzen diren ikusten badugu, hor beste faktore batzuk sartzen dira, hain erraz maneiatzen ez direnak.
Beharbada, irakasleekin harreman hurbilagoa izatea, ikasleak hain ezjakinak sentitu barik zalantzak argitzen lagunduko dieten mekanismo batzuk ezartzea eta eskolatik bertatik errefortzu bat ematea izan daitezke giltzarri batzuk etxean eskola-lanetan lagundu beharrik ez izateko.
Zer onura atera ditzakete etxean eskola-lanak egitetik?
- Etxeko eskola-lanek badute beren alde positiboa. Trebetasunak indartzeko, ezagutza praktikara eramateko eta ikaskuntza esanguratsua izan dadin lortzeko osagarriak dira. Printzipioz, haurrek modu autonomoan beren ikaskuntzan modu doitu eta egokituan aurrera egin ahal izan dezaten planteatzen dira (edo hala izan beharko luke). Eta hori interesgarria da.
- Guraso garen aldetik, gure zereginetako bat da oro har bizitzako ikaskuntza-prozesuak eta bereziki “eskola”-ikaskuntzak sustatzea. Baita etxeko eskola-lanen kasuan ere. Eta, hori horrela izanik, lan horietan laguntzeak ez luke ekarri behar zuzenean edo zeharka irakasle bihurtzea. Izan beharko luke haientzat espazioa eta denbora ahalbidetzea, motibatzea, ahaleginak baloratzea, jarraipena egitea, planifikatzen laguntzea, ikaskuntza-kanalera egokitutako bitartekoak ahalbidetzea… Eta unean-uneko laguntza ematea ulertzen ez dutenean, trabatzen edo blokeatzen direnean…
- Ikaskuntzaren barruan, oinarrizko zerbait izan beharko luke zalantzak planteatzea, azalpenak errepikatzeko eskatzea, ataza edo zereginak egokitzea, akatsetatik hausnartzea… Autonomia da landu beharreko xedea, eta horrek erronka posibleei aurre egitea dakar, erronka berriak planteatzea, porrotetatik horiei aurre egiteko modu berriak sortzea eta, beharrezkoa bada, laguntza eskatzea. Oro har, berehalakotasuna, baliabide gutxirekin eraginkortasun handiena, banakotasuna, arrakasta akademiko-soziala, … bilatzen duen gure gizartea ez dago horretarako prest. Eta familiok ere filosofia horri “lotzen gatzaizkio”, eta, gainera, larregizko babesaren mekanismoak abiarazten ditugu (ez dezala sufritu, ez dadila atzean geratu, ez diezaiotela errietarik egin, arrakasta-irudia eman dezala, itxaropenak bete ditzala…). Eta horrek asko eskatzera edo beraiengatik egitera, edo gauza guztietan laguntzera, edo batzuetan “amore eman dezaten” uztera eroaten gaitu.
- Batzuetan, irakasleekin berba egiten ere ez gara ausartzen sentitzen ditugun kezkez, ikusten ditugun zailtasunez, etxean eskola-lanetan ematen ditugun “orduez”, motibaziorik ezaz edo gure seme-alaben blokeo emozionalaz. Eta interesgarria litzateke komunikazio-bide horiek sortzea, ez hainbeste eskolan zerbait txarto egiten ari direla “aurpegiratzeko”, edo pentsatzeko gure semeari ez doakiola ondo eskolakoa, … baizik eta elkarrekin konponbideak bilatzeko.
- Ikaskuntzan ekitatea (eskola barruan eta kanpoan) haur eta nerabeen eskubidea da, (a priori) hezkuntza-ikuspegian jasota dagoena. Halaber, haur eta nerabeen eskubidea da jolaserako, aisialdirako eta atsedenerako denbora izatea. Etxeko lan gehiegi planteatzea, haur bakoitzaren ulermenetik urrun, horretarako aparteko baliabide pedagogiko asko (familiakoak edo pribatuak) behar izatea, edo bizitza-gaitasunetan praktikotasunik eza, une jakin batean eskubide hori “urratzen” duten gauzak izan litezke.
- Badakigu autoexijentzia balio positiboa dela gure seme-alabentzat, muturretan erortzen ez bagara. Eta ahalegin positiboak, baita etxean eskola-lanak egiteko ere, hainbat emozio eskatzen ditu, hala nola jakingura, segurtasuna, lasaitasuna, alaitasun apur bat… Eta estres eta erronka pittin bat ere bai aurkeztu behar dudan problema edo idazlan bat aurrera atera behar dudalako… Baina, batzuetan, zer bihurtzen ditugu etxeko eskola-lanak, haiek direla-eta, etxean “liskarrak” izaten baditugu? Ikasteko modu bat edo gehiegizko estres modu bat? Zer bihurtzen ditugu espazio horiek familia seguru baten barnean? Nork jarraitu nahi du horrela ikasten eta harremanetan? Nori gustatzen zaio, adibidez, bere lanpostuan horrela lan egitea?
Etxeko lanak eta eskola planteatzeko moduaz beharrezkoak izan litezkeen aldaketez haratago, hiru gai garrantzitsu daude: guraso garen aldetik, etxeko eskola-lanen aurrean dugun segurtasun-jarrera, eskolarekiko komunikazio/lankidetza eraginkorra, eta, betiere, lotura elikatzea gatazkak edo zailtasunak “gutxi-asko baretasunetik” konponduz.
Andrea Alfaro y Begoña Ruiz, BBK Family
BBK Family mediateka dagoen ipuiin bat laguntza emateko:
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.