Ezagutzen dituzu Gizarte Eskola Laguntzarako Tailerrak?

Gizarte eta Eskola Laguntzako Udal Tailerren Programa PROIEKTU INTEGRAL, LUDIKO ETA HEZIGARRIA da, Lehen Hezkuntzako azken zikloko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua, Bilbon erroldatuta badaude eta Otxarkoaga, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan bizi badira.

Programaren helburua da aukera-berdintasuna sustatzea eta ikaskuntza hobetzea gizarte- eta kultura-desabantailak markaturiko testuinguruetan, erresilientzia areagotzea bultzatuz, ikasleek, ezbeharrak gorabehera, arrakastaz garatzeko duten ahalmena onartuz eta hezkuntza-inklusioa sustatuz.

Garapen pertsonala eta ESKOLA-ARRAKASTA indartzera bideratuta dago programa, Adimen Emozionalaren lanaren bidez, ikaskuntza esanguratsuak garatuz eskola-zailtasunak birbideratzeko, absentismo psikologikoa prebenitzen eta desagerrarazten lagunduz eta hezkuntza-sisteman irautea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditzea indartuz.

Hezkuntza-eskaintza prebentiboa da, non ikasleek edukiak ikasten dituzten, baina, batez ere, IKASTEN IKASTEN DUTEN. Horregatik, ikaskuntza-estrategiak eskuratzeak eta, batez ere, autoerregulatutako ikaskuntza-estiloa garatzeak erraztu egingo dio ikasleari bere gaitasunak hedatzea.  Bere ikuspegia da ikasleekin zuzenean esku hartzeko jarraipen pedagogikoa eta familiei banakako topaketen bidez prestakuntza, informazioa eta orientazioa ematea eta GURASO-ESKOLA bat egitea.

Programak SAREKO LANA sustatzen du: ikuspegi komunitarioa, ikasleen inguruko baliabide guztiekin (familia, eskola, baliabide psikosozial eta hezitzaileekin) egituratutako koordinazioaren bidez.  Proiektu bat boluntarismotik versus nahitaezkotasunetik sustatzearen alde egiten dugu, tailer horietan ikasleak gustura sentituko diren gune sozioafektibo bat sortuz, ikasteko MOTIBAZIOAK emanez eta GIZARTE-TREBETASUNAK garatuz.

Horretarako, esku-hartze jarraitua proposatzen da, ikasleentzat eta haien familientzat tutoretza-prozesu bat eskainiko duena, bai errendimendu akademiko pertsonalaren eremuan, eta bai familia- eta gizarte-lotura sozial eta afektibo orekatuei eustearenean. Horrelako esku-hartze baten garapena oinarri pedagogiko sendoan oinarrituta dago, eta oso maila ezberdinetan egokitzea eskatzen du; ezin da aurrerapen handirik egin berehala, aldaketek denbora behar baitute, geldoak dira. Bi azpiproiektutan egituratzen da:

  • NEGUKO ESKOLA (ikasturtean zehar, azarotik maiatzera): agenda, irakurketa eraginkorra, ikasteko teknikak, gizarte-trebetasunak eta eskola-laguntza lantzen dira.
  • UDAKO ESKOLA (udako oporretan, uztailean eta abuztuan): interesguneetan oinarritutako ikaskuntza esanguratsuak lantzen dira; adimena aktibatzea, eskola indartzea, tailerrak, irteerak eta gizarte-trebetasunak.

Ezagutu Gugaz Aurrerako amaren, ikasle baten iritzia:

Irantzu, ama:

“Familientzat, laguntza-tailerrek ez dute gure seme-alabek etxeko eskola-lanak egiteko gune bat bakarrik esan nahi. Gizarte- eta hezkuntza-proiektu honek, gure gazteei sortzen zaizkien beharrizan akademikoak konpontzeaz gain, haien zailtasun sozialei heltzen die, eta badaki haiekin konektatzen eta haien arazo pertsonalei erantzuten.  Hamabostero, gainera, guraso-eskoletan esperientziak trukatzen ditugu eta gure seme-alabekin sortzen diren bizikidetza-arazoak konpontzen laguntzen diguten estrategiak ikasten ditugu”.

Vane, irakaslea:

“Niretzat ikastea beti izan da aspergarria, kosta egiten zitzaidan, ez nuen neure burua gai ikusten, hainbestetan esan zidaten ez nuela balio, ez nintzela inor izango, … ezen sinetsita bainengoen hori. Baina, Udalaren tailer-programari esker, Gugaz nire bizitzara iritsi zen. Amak Udako Eskola batera apuntatu ninduen, ikasturteko nota txarrengatik zigortuta; arrastaka sartu nintzen bertara, negarrez. Hirugarren egunean negar egiteari utzi nion. Han irakurketaz, ikasteko teknikez, matematikaz, … gozatzen ikasi nuen, baina, gainera, neure burua eta besteak baloratzen ikasi nuen, nitaz, eta ez nire notez bakarrik, arduratzen ziren helduengan konfiantza izaten. Beraz, nire bizitzako zigorrik onena izan zen. Uda hartatik aurrera ez dut behin ere hutsik egin, eta nik neuk hala erabakita”.

Izas; koordinatzailea:

“Denbora joan doa … hogeita hiru urte, gizarte- eta hezkuntza-elkarte gisa, ilusioz beterik gizartean eta eskolan esku hartzeko programa bat aurrera eramateko erronkari ekin genionetik. Gaur egun, aurrera eta atzera begira dezakegu, ilusio harekin berarekin. Merezi du zahartzeak elkarrizketa bakoitzean, partekatutako historia bakoitzean, hezkuntza-proiektu bakoitzean, beste baliabide eta erakunde batzuekiko koordinazio bakoitzean, lantaldeko irakasle bakoitzean, zeinekin eguneroko zeregina parteka daitekeen, … lagun egiteko zortea izan dudan ikasle eta familia guztietan eta bakoitzean. Bakoitza ezagutzea, ikaslea zeharkatzea pertsona ikusteko, ez begiratzea bakarrik bere etxeko eskola-lanei, baizik eta haren begietara so egitea, eta laguntzea, bultzatzea, motibatzea, arrastatzea, apartatzea, …bidea elkarrekin egitea…batzuetan aurrera eta beste batzuetan atzera …Kontziente izatea pedagogia eta gizarte arloan txinparta bakar batek piztu dezakeela motorra, … baina jakin behar da motor bakoitza bakarra eta esklusiboa dela. Gure lana pazientzia izatea da, tresnarik onenak ematea eta erabiltzen irakastea, … malguak baina iraunkorrak izatea aldi berean, gertu egotea eta … txinparta ematen jarraitzea!”

BBK Family Learning

×