Haur eta gazteen osasun mentala zenbakitan
Haur eta gazteen artean buru-nahasmenduak hirukoiztu egin dira pandemiarekin. 4 eta 14 urte bitarteko haurren eta nerabeen % 4ri eragiten diete; 2017an, berriz, % 1,1-i baino ez.
Nerabeei buruz bakarrik hitz egiten badugu, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) uste du, mundu mailan, adin-tarte horretako pertsonen % 10-20k buru-nahasmenduak dituztela, baina horiek ez dira diagnostikatzen eta ez dira behar bezala tratatzen2.
Gure egungo osasun-sistema gainezka dago, eta ez dio erantzun egokirik ematen arazo horri, baliabiderik ez dagoelako. Iaz, urrian, osasun mentalari buruzko ekintza-plan bat iragarri zuen Gobernuko presidenteak. Plan horretan haur- eta nerabe-psikiatriako espezialitatea3 sartu gura da, eta horrek erakusten du une honetan ez dagoela baliabiderik.
Une honetan, Espainiako Pediatria Elkartearen arabera, larrialdi psikiatrikoak % 50 igo dira 2020ko udazkenetik haur eta gazteen artean (eta gorakada hori nabarmenagoa da nerabeen artean).
Azucena Díez psikiatrak SER kateari joan den udan eman zion elkarrizketaren arabera, arazo psikiatrikoak dituzten adingabeen ospitaleratzeak Nafarroako Unibertsitatea klinikan laukoiztu egin dira. Xehetasun handiagoz aztertuta, elikadura-portaeraren nahasmenduak bi aldiz biderkatu dira, eta arazo horrek neskei eragiten die bereziki, 10-1 erlazioan mutilekin alderatuta.
NERABEZAROA
Pertsona baten garapenean funtsezko hainbat etapa daude, eta nerabezaroa da horietako bat. Nerabezaroan aldaketa hormonalak gertatzen dira, besteak beste lo-ereduei, jokabideari eta gogo-aldarteari eragiten dietenak. Asaldura horiek guztiak gertatzen diren bitartean, nerabea bidegurutze batean egoten da, eta bere nortasuna ezagutzen hasia izaten da.
Erreferenterik ez badago, ereduzko jokabideekin imitatu beharreko eredurik ez badago, norabidea markatuko duen iparrik ez badago, bilaketa horrek talde edo kolektibo jakin batera egokitu gura izatea ekar dezake, eta horrek ez du zertan beti onuragarria izan. Eta hor sortzen da sare sozialak izaten ari diren eragin handiaren arazoa.
Sare sozialek nartzisismoan eta fisikoan oinarritutako eredu bat erakusten dute: irudia da kontuan hartzen dena. Ez da harritzekoa elikadura-portaeraren nahasmenduak gehitu izana, eta emakumeari modu desberdinean egiten zaion gizarte-presioaren ondorioz, arazo horrek emakumeengan eragin handiagoa izatea. Egia esan, sare sozialak oso ingurune toxikoa dira heltzen ari diren garunentzat, nahita diseinatuta daudelako konpultsiboki erabiltzeko eta zirkuitu dopaminergikoa indartuz adikzio edo mendetasuna sortzeko. Hori era askotara lortzen dute, eta hori oso ondo azaltzen da 2020. urteko “The Social Dilemma” dokumentalean.
Hori gutxi balitz, errealitatearen zati bat bakarrik sustatzen eta azaltzen dute batez ere. Zoriontasunaren tiraniak menderatzen ditu, zoriona benetan une jakin batzuetan bakarrik esperimentatzen denean.
Nerabe bat une nahasiak bizitzen ari denean, barruan gertatzen ari den iraultza hormonal horren ondorioz eta pandemiaren egoeragatik, joera handiagoa du tristura, apatia edo ondoeza sentitzeko. Bere egoera sare sozialetan agertzen den itxurazko zoriontasunarekin alderatzen badu, ondoezaren sentsazioa larriagotu, okertu egin daiteke, eta depresioa eragin diezaioke, eta garaiz tratatzen ez bada, ondorio larriak izan ditzake.
Artikuluaren hasieran esan bezala, nerabeen artean ospitaleratze psikiatrikoen ugaritzea ari gara ikusten. Fenomeno horren zergatikoak askotarikoak dira, baina ezin dugu ahaztu pandemia garaian Interneten erabilera % 180 hazi zela haur eta gazteen artean, helduen artean % 60 hazi zen bitartean. Interneten kontsumo horren zati handi bat, hezkuntza-helburuetarako ez ezik, sare sozialak erabiltzeko, bideoak online ikusteko eta bideojokoetan jolasteko izan zen.
Kausalitate-erlazio bati buruz hitz egin gura izan barik, datu horri bai, erreparatu egin behar diogu.
Interneten munduan beste mehatxu batzuk ere badaude; ziberjazarpena da arriskutsuenetako bat. “Save The Children”en arabera, adingabeen artean hiru ziberjazarpen mota daude azken urteotan:
- Groominga: pertsona heldu batek adingabea den planta egiten duenean.
- Happy slappinga: adingabeei egindako eraso fisiko, berbazko edo sexualak grabatu eta Internet bidez zabaltzen direnean gertatzen da.
- Baimen bako Sextinga: eduki erotikoa duten argazkiak edo elkarrizketak hirugarren batzuei bidaltzen zaizkienean sortzen da, adingabearen baimen barik.
Eta jakin behar dugu hori existitzen dela, ematen den proportzioan kezkagarria baita. Save The Children-ek 2019an 400 pertsonari egindako inkesta baten arabera, % 47k online indarkeria jasan zuten haurtzaroan6.
ARINTZEA EDO PREBENITZEA
Eta nahasmendu mentaletara itzuliko gara. Arestian aipatutako guztiak eragin negatiboa du adingabearen osasun mentalean.
Bizkaiak haur eta gazteentzako eguneko ospitale psikiatriko berri bat ireki zuen joan den urrian, 15 plazarekin7. Baliabideak beharrezkoak dira arazoa mahai gainean dagoenean, eta ospitale horren inaugurazioa oso berri ona da, baina lan edo behar egin behar dugu, ez bakarrik arazoa arintzeko, baita arazoari aurrea hartzeko ere, eta horrek gaur egungo eta etorkizuneko sufrimendu asko saihestuko die familiei.
Nerabezaroan buruko nahasmenduei heltzen ez zaienean, edo utzi eta larriagotzen direnean, ondorioak helduarora arte luzatzen dira, eta osasun fisikoari zein mentalari eragiten diete, eta mugatu egiten dituzte helduaroan bizimodu egoki edo behar bezalakoa izateko aukerak.
Edozein gurasok gura du bere alaba edo semea etorkizunean burujabe edo independentea izatea, eta bizitza bete-betea izateko aukerarik handienak izatea.
Helburu horrekin, curriculum akademikoan larregi ardazteko tentazioan eror gaitezke, gure kimuen etorkizunari aukerak eman diezazkiokeen gauza bakarra hori dela pentsatuz. Bidean, ordea, helburu horretara iristeko funtsezko alderdi askoz gehiago daude. Gure seme-alaben osasun mentalean arreta jartzea erabakigarria da. Esaera zaharrak dioen legez:
‘zauria osatzea baino ez egitea hobe’.
Familiei alerta- eta alarma-sintomak detektatzeko prestakuntza ematea eta, horrela, seme-alabei garaiz lagundu ahal izatea da prebentzio ona lortzeko bideetako bat.
Beste bidea nerabeei parte hartzeko tailer dinamikoak eskaintzea da, bizi diren gizartean dituzten arriskuak uler ditzaten.
Prebentzioa elkarrekin landuz, familiei eta adingabeei prestakuntza emanez, kopuru horiek murriztea lortuko dugu.
Eva González. Escuela de Salud Osatoki
Harpidetu BBK Family newsletter.
BBK Family Telegram Kanalean egon zaitezke. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.