Martha Ubieta psikologo eta sexu-terapeuta elkarrizketatu dugu, hezteko bi moduren arteko desadostasunak daudenean gako batzuk eman diezazkigun.
Benetan garrantzitsuena zer den lehenetsita; irizpideak eta irizpide-desberdintasuna, gure ustez, seme-alaben hezkuntzan eta laguntzan funtsezkoak diren gaiei buruzkoak badira, beharrezkoa den denbora eman beharko dugu eta negoziazio-guneetara iritsi, baina garbi izan behar dugu ados gaudela aztertzen ari garen gaiak benetan merezi duela akordioak eta negoziazioak lortzen saiatzea. Horretarako, denbora asko eman behar da hasieran esaten nuen horretan, asko hitz edo berba egiten. Hau da, zergatik ikusten duzun zuk ikusten duzun bezala eta zergatik ikusten dudan nik ikusten dudan bezala, betiere oinarri honetatik abiatuta: bi jarrerak legitimatu behar ditugula, bietako bat inposatzen saiatu barik.
Eta adostasuna aurkitzen ez badugu?
Negoziazioa zail edo gaitza denean, agian ez dugulako lortzen beharrezkoa litzatekeen akordio horretara iristea, orduan aztertu beharko genuke bion ustez umearentzat zer den onena; hau da, geure baitatik pixka bat atera, ahaztu guk gauzak zelan ikusten ditugun … eta planteatu, aztertzen ari garen aukera horietatik, gure ustez, zein den haurrarentzat aukerarik onena; eta agian hor, gaiaren arabera, posible izango da edo komenigarria ere bai adituren batekin kontrastatzea. Geure baitatik apur bat atera eta esan “gure umetxoarentzat, zer izan daiteke onena?” Orduan, funtsezkoa da, lehenik eta behin, gaiaren lehentasuna aztertzea, ea benetan merezi duen zenbait gauzarengatik eztabaidatzea.
Hala ere, batzuetan, ez dakigu zein den erantzun zuzena, eta beldur gara ez ote dugun asmatuko…
Batzuetan, izan ere, jokoan dagoena zera da, eseri egin behar dugula eta erabakiak hartu behar ditugula, baina askotan gertatzen dena da ez batak ez besteak ez dakigula zein den erantzun zuzena. Gaiaren arabera, hanka-puntetan bezala ibiltzen gara, ‘Nik zer dakit, ba!, abantailak badaude hemen, eragozpenak ere bai hor, …’. Eta batzuetan gertatzen da, gaiaren arabera, oso izututa egoten garela aztergaiarekin; orduan, seme-alabak beti erdigunean jarrita, galdetu behar dugu ea zer den gure ustez egokiena beraientzat, eta galduta gaudenean, galdetu behar dugu zelan egiten dugun beste edozein gauzarekin, edo nola jakingo genukeen edo egin beharko genukeen beste edozein gauzarekin; zerbait ez dakidanean, zer egiten dut? Ba, galdetu egiten dut. Batzuetan, familia gisa bizi duguna oso desafiatzailea izan daiteke, ‘Ai ene, zer egingo dugu honekin?’ Bada, galdegin dezagun, bila ditzagun konponbideak. Tartean nahasita edo inplikatuta dagoenaren adinaren arabera, berari ere galdegin dakioke. Baina oraindik hori ez bada kasua, pertsona horrengan pentsatu eta, ez badakigu, aholku eman diezagutela. Eta batzuetan begiak itxi eta esan behar dugu: “Tira, goazen honekin aurrera”. Uste dut hori dela egin dezakedan gauzarik onena. Eta gero kontuan izan behar dugu beti sartuko dugula hanka, eta hori ere onartu egin behar dugu. Zerbaitetan huts egingo dugu, izan dadila ahalik eta gutxien, baina zerbaitetan huts egingo dugu.
Baina arazoa ez da hanka sartzea, baizik eta hanka sartu dugula konturatu eta hala ere horretan irautea. Orduan, huts egin badugu eta huts egin dugula konturatzen bagara, atzera egin behar dugu. “Hortik ez zen, hemendik da, eta kito”. Baina horregatik ez da beharrezkoa geure burua zigortzea ere. Gurasoak gara, seme-alabak jaiotzen diren une berean ematen digute txartel edo agiria, eta ez dira argibide-liburuarekin etortzen. Niri asko gustatzen zait metafora gisa GPSa ‘birbideratzen’: ez zen hemendik, ba, kito.
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.