Zelan egingo dut semeari pixohiala kentzeko?

Noiz kendu pixohiala

18 hilabete eta 3 urte artean, neska-mutikoak biologikoki prestaturik egongo lirateke mikzio edo gernua egiteko erreflexua, ordura arte gura bako edo oharkabekoa, kontrolatzeko. Biologiak esaten duen garaia baino lehen pixoihala kentzeko ahalegin handiak egin arren, ez dugu arrakasta handirik izango. Faktore fisiko hau gorabehera, kontuan izan behar da erritmoak errespetatuko dituen eta prozesu horretan goxotasunez animatuko dituen ingurunea behar dutela.

Honela, haur bakoitzak bere erritmoa du honetan ere.  Honako alderdi hauetan halako heldutasun bat dagoenean hastea gomendatzen da:  

  • Orekaren eta koordinazio motorraren kontrola du. Zutik tente egoten da eta ez da zabuka ibiltzen edo hainbeste erortzen. 
  • Bere kakak bigunak dira eta ongi eratuak (ez saiatu idorreria daukanean ere).  
  • Gutxi gorabehera ordu bertsuetan egiten du pixa oihalean.
  • Oihaletik kanpo pixa kontrolatzeko ahalegina egitean, bi ordu irauten du berriro egin barik.
  • Badaki bereizten noiz dagoen lehor edo busti, garbi edo zikin. Agian gai da “pisa” edo “kaka” esateko ere oihalean egin duenean. 
  • Esaten du jada ez duela oihala erabili gura edo kentzen ahalegintzen da.
  • Agindu erraz samarrak betetzeko gai da, adibidez, prakak jaitsi edo igotzea.

Dena den, ez da pixoihala kentzeko ahaleginik egin behar aurrerapen horietakoren bat lortu ez badu edo bizipen estresagarriren bat igarotzen ari bada, adibidez, beste senideren baten jaiotza, etxe-aldaketa, gurasoen banaketa, …

Zelan lagundu pisa eta kaka kontrolatzen

Erantzuna topatzen lagun dezaketen ideia batzuk:

  1. MAITASUNEZ EGITEA

Maitasunez egin, presa barik, errespetuz, umorez, barregarri laga barik edo kontrolatu bako “ihesak” zigortu barik. Honek funtsezko segurtasuna emango dio umetxoari adi egon dadin eta erronka hau lortzeko.  Oro har, maitasun edo estimua musu eta laztan bidez adieraztea komeni da, “Maite zaitut” esatea, arau eta errutinekin diziplina positiboko esparru bat sortzea, … hori guztia lagungarri da hazkundean edozein erronkatarako.  

  1. MEMENTOA AUKERATZEA

 

Lehen egunetarako asteburu bat edo opor-egun batzuk aukeratzea komeni da, etxean egon ahal izateko asko irten barik. Egun estresagarriak saihestu behar dira, egitekotsuak edo neke handikoak helduon aldetik. Elikadurari, loari eta higieneari buruz aurretik eguneroko errutina batzuk izateak ere laguntzen du prozesua hobeto eramaten.

  1. BIDEA PRESTATZEA

Barne-arropa dibertigarria eros daiteke eta zertarako izango den azaldu. Arropa erosoa prestatu proba-egunetarako eta aldatzeko arropa ere prestatu. Pixontzia edo komuneko egokigailua erosi eta haurrari erakutsi ezagutu eta ohitu dadin. Ipuin baten bidez edo etsenplua emanez azaldu prozesua: gorputzean non irteten zaigun pisa eta kaka, gorputzak ematen dituen “seinaleak” gogoa dagoenean, zelan garbitu behar dugun, zer erabili horretarako, …  Hona hemen ipuin interesgarri batzuk:

  • Edu ya no quiere llevar pañales. Linne Bie. Juventud argitaletxea. ISBN 9788426137999
  • Txomin Komunean. Liesbet Slegers. Ibaizabal argitaletxea. ISBN 9788483257128
  • Adiós pañal. Zenbait egile. Vox argitaletxea. ISBN 9788471535900

Haurrei jolaserako gaiak ere eman diezazkiekegu: buztina, plastilina, ontziak likidoz eta hondarrez bete eta husteko, … lagungarri baitira betetzea-hustea, barrukoa-kanpokoa… bezalako kontzeptuak barneratzeko prozesuan.

  1. HORRETARA JARTZEA

Honako hau pediatriako zerbitzu batzuek egiten duten proposamena da.

Egunez pixa kontrolatzea

  1. Lehenengo hamabost egunetan, bi orduan behin, umea pixontzian edo komunean ipini. Garrantzitsua da berarekin hitz egitea eta pixa egin behar duela gogoraraztea eta berak ere esan dezala. Errutina. (Telebistaren aurrean jarri barik umea)
  2. Pixa egiten duen bakoitzean, txerazko berbekin lausengatu eta adore eman, esan adibidez handia egiten ari dela.
  3. Hamabosten bat egun igarota haurrak kontrolatzen badu, bi ordu eta erdika hasiko gara pixontzian edo komunean jartzen.
  4. Beste hamabosten bat egun igarota, ondo kontrolatzen badu, hasi hiru orduka jartzen.
  5. Une honetatik aurrera, pixontzian pixa egiten duen bi aldian behin emango diogu adore.
  6. Kontrolatu eta komunera joan gura duenean eskatzen duela hamabost egun igaro ostean, egunaren amaieran bakarrik adore eman.

Gauez pixa kontrolatzea

  1. Egunez kontrola lortu ostean eta egunen bat lehor igaro badu ere, gaueko pixoihala kenduko diogu… behin betiko!
  2. Gogoratu beti pixa egiteko ohitura hartu behar dutela lotara aurretik.
  3. Gerta liteke lehen egunetan ez ematea gau osoa lehor; kasu horietan saiatu behar dugu gauerdian iratzartzen, pixa ohartuki edo kontzienteki egin dezan komunean. Bustirik dagoela ikusten badugu, hurrengo gauean apurtxo bat lehenago iratzarriko dugu.
  4. Pixa denbora luzeagoan kontrolatzen laguntzeko, komeni da egunean zehar, komunera joaten den bakoitzean, pixari eusten eta jaregiten jolas egitea hainbat aldiz.

Noiz kezkatu

Gauez pixa kontrolatzeaNeska-mutiko batzuek beranduago kontrolatzen dute eguneko, eta batez ere gaueko, pixa. Baina azkenean, lortu egiten dute. Normalki, hori izaten da giharren borondatezko kontrolaren heldutasuna berantiarragoa delako beraiengan. Baita ere hausnartu beharko dugu prozesuren bat edo beste behartu izanaren ondorio ote den, edo ondoez emozionalen baten adierazpena. Kasu honetan, pediatria-zerbitzuarekin berba egin beharko genuke. 

LABURPENA

BAI:

  • Prozesu osoa maitasunez, pazientziaz eta umorez egiteari.
  • Bete-hustu, sartu-atera lako jolasen, ipuin eta modelatuen bidez laguntzeari.

EZ:

  • Prozesua garaiz lehen behartzeari.
  • Zigortu, barregarri laga edo presio egiteari, kontrolak “huts egindakoan”.

KONTUZ

  • Garaiz lehen prozesua behartzearekin edo larregi kezkatzearekin, oraindik ez duelako lortu beste adinkide batzuek lortu dutenean.  

TOPATU ZEURE ERANTZUN PERTSONALIZATUAK ESPERIENTZIA ARRAKASTATSUETATIK  

Hazierari buruzko galdera edo itaunei zeure erantzunak ematera gonbidatzen zaitugu. Proposatzen ditugun orientabideak orokorrak dira eta gehiago edo gutxiago lagun dezakete, neska-mutiko eta familia bakoitzaren errealitatearen arabera. Itaun hauei erantzunez, motibazio emozionala gehitu ahal izango duzu, eta hurbileko testuinguru erreala ere bai egin ahal izateko.  Adibidez, eskuartean dugun gai honetan:

  • Zelakoa da zure semea? Zer egitea gustatzen zaio?
  • Zein dira zure semearen ezaugarri positiboak?
  • Zer esperientzia bizi izan duzu, duela aste batzuk edo, zure semeak arrakastaz gainditu zuenean erronka bat bere hazkundean?
  • Noiz izan zen, zelan izan zen, zer jazo zen?
  • Zelan lortu zenuen laguntzea une hartan? Zer jarri zenuen zeure aldetik?
  • Zure zein ezaugarrik lagundu zizun berari laguntzen?
  •  Kasu honetan, zer jarri dezakezu zeure aldetik pixoihala kentzen laguntzeko zeure semeari?
  • Zer proba egin dezakezu egun hauetan edo prozesu honetan laguntzeko unea iristen denean?

Begoña Ruiz. psikologoa, hezitzaile soziala eta psikomotrizista

Artikulua interesatu zaizu? Seme-alaben hazkuntzari buruzko zalantzak edo kezkak badituzu, BBK Family taldeak zu aholkatzeaz poz-pozik egongo da. On line aholkularitza eskaintzen dizugu. Zerbitzua pribatua eta pertsonalizatua da. Kontsultak ezta erantzunak ere ez dira argitaratuko. Eta helarazi irakurri gura dituzun gaiak.

 

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×