Zelan borrokatu nerabezaroarekin eta lehen droga-kontsumoekin

Nerabezaroaren etorrera beldur handiko etapa izaten da gurasoentzat hazkuntzan zehar.  Helduarorako trantsizioaren hasiera markatzen duen fasea da, baina, batez ere, helduak modu erabateko, erronkari eta etengabean kritikatzeko etapa ere bai.

12 urte ingurutik 19 urte ingurura arte, nerabezaroan bere izaera definitzen duten aldaketa fisiologiko eta psikologiko batzuk izaten dira. Familia, eskola eta inguruko errealitatea gaztetxoaren identitatea eta funtsa definituz joaten dira, eta bere helduarora eroango duen nortasuna eratuz joango da.

Lehen gustatzen zitzaionak nazka ematen dio orain: janariari kiratsa dario, bere gela ez da behar bezain erosoa, mugikorra ez da merkatuan dagoen onena, etab. Hasten da esaten ez diotela normal ateratzen uzten, bere lagunen gurasoak modernoagoak direla eta bere gurasoek bera izorratzeko egiten dutela guztia.

Batzuetan, nerabezaroa kritikoegia edo patologikoegia denean, bizikidetza jasanezina bihurtzen da, eta familiek arazo psikologiko eta emozional mingarriak pairatzen dituzte fase zail edo gaitz hau gainditzeko. Jokabideak mugakoegiak baldin badira, portaera-nahasmenduak edo jokabide erronkariak muturrekoegiak badira, laguntza eskatzeko garaia da.

Dena den, nerabezaro normal batek ere beldurtu eta nahastu ditzake gurasoak, ikusten dutenean beren seme edo alaba drogekin, lehen sexu-esperientziekin, … hasita dagoela, edo familiaren kontroletik ihes egiten duten arrisku-jokabideak agertzen dituela.

Beharrezkoa da:

  • Mugak jartzea:Arauek eta mugek argiak eta eraginkorrak izan behar dute. Ez da komeni arau larregi jartzea eta gero ez betetzea. Hobe da arauak gutxi baina garrantzitsuak izatea asko eta argitasun gutxikoak baino: etxeko zereginak, gastuak, aisialdia, gaueko irteerak, ordutegiak, etab. Arau-kode malgua ezarri behar da, baina bete beharrekoa. Zigorrek laburrak, biziak eta berehalakoak izan behar dute, eta, batez ere, ahaleginak goraipatu behar ditugu eta jokabide positiboak saritu, jokabide horiek indartzeko.
  • Frustrazioak jasaten, aspertzen eta dena berehala iristen ez dela irakastea funtsezkoa da. Gaur egungo gazteak mugikorrari, sare sozialei eta Interneti lotuta bizi dira, eta ohituta daude “like”en komunikazioaren berehalakotasunera, gailu teknologikoen bidez estimulazio azkar eta etengabea jasotzera. Frustrazioarekiko tolerantzia da asperdura onartzen ez duen eta, oro har, gelditzeko eta etengabe estimulatuta ez egoteko zailtasunak dituen gazteriak gainditzeke duen irakasgai nagusia.
  • Sendo eta kontsekuenteak izaten saiatu behar dugu. Arau garrantzitsu bat ezartzen badugu, bete egin behar da, eta betetzen ez bada, ondorioak izan behar ditu. Funtsezkoa da jarraibidearekin predikatzea. Adibidez, egun osoa mugikorrarekin ez egoteko eskatzea inguruan dituzten pertsona helduak ere horrela egoten direnean, edo egun osoa pantailekin ez egoteko edo gauza bat edo bestea ez egiteko eskatzea eta, gero, gainbegiratu barik uztea funsgabea da eta emaitza txarrak ekartzen ditu.

Garrantzitsua da:

  • Presaka ez epaitzea informazio guztia batu edo haien bertsioa entzun aurretik.
  • Ahalegina goraipatzea, ez arrakasta bakarrik.
  • Egiten eta gustatzen zaienarekiko interesa adieraztea eta horren inguruan esaldi positiboak erabiltzea.
  • Ez ibiltzea sermoirik botatzen.Ez erori sermoi tipiko eta errepikakorretan. Ez gaitezen dena dakigulakoan egon, edo ez eman aholku larregi.
  • Ez barre egin, iseka egin edo barregarri utzi haien pentsaera, janzkera, jatea, irtetea, etab.
  • Ez hartzea arinki haien arazoak: haientzat beraien arazoak dena dira. Hausnartzen eta zailtasunei aurre egiten lagundu behar diegu, erabakitzen eta beren ekintzen ondorioak beren gain hartzen utziz.
  • Gune propio eta pertsonalizatua, baina familia-eremura irekia, izan dezaten laguntzea.
  • Ez pentsatzea gure seme-alabek ezin dutela arazorik izan droga, elikadura, gastu, sexualitate, oldarkortasun, harreman sozial, joko patologiko eta abarrekin. Beste aldera begiratzeak ez digu lagunduko.
  • Saihestu ume bihurtzea eta “umemokoak” balira bezala heztea etxetik irteteko adina duten arte. Autonomia sustatu behar da, eta ekonomikoki eta emozionalki kudeatzen irakatsi behar zaie lehenbailehen. Helburua gizabanako independente eta autonomoak sortzea da, ez ume-jarreradun eta mendeko helduak.

Funtsezkoa da:

  • Gauzarik garrantzitsuena, zalantza barik, baldintzarik gabe maitatzea da, afektuekin xantaiarik ez egitea, inoiz ez dezatela pentsa gure maitasuna jokoan dagoela, baizik eta hori baldintza bakoa izatea. Horrek zoriontsu izaten eta pertsona osasuntsu bihurtzen lagunduko die.

Eta drogak agertzen direnean, zer?

Bestalde, nerabezaroan gertatzen dira drogekiko lehen esperientziak, eta hori izaten da familietan kezka gehien pizten duen gauzetako bat.

Gazte gehienek, heldu ahala, erantzukizunak hartu eta etorkizuneko planak egiten dituztenean, arrisku-portaeretatik aldentzen dira eta arazo esanguratsu barik eboluzionatzen dute; batzuek, ordea, sakonago murgiltzen dira arazo horietan, eta horrek ondorioak izan ditzake bizitzan eta eragin negatiboa izan dezake garapen pertsonalean.

Drogekiko lehen esperientziak koadrilako erritualen eskutik etorri ohi dira. Nerabeentzat taldea da garrantzitsuena, eta itzelezko beharrizana dute taldeko kide izateko babesa sentitzeko. Testuinguru horretan, neurri handiagoan edo txikiagoan dibertitzeko, sozializatzeko eta arauak urratzeko balio dieten substantziak probatzen hasten dira.

Tabakoa eta alkohola dira gazteen artean gehien kontsumitzen diren drogak, eta ondoren kalamu edo marihuana, gero eta gehiago zabaltzen ari dena. Neurri txikiagoan, substantzia estimulatzaileen kontsumoak eta askotariko droga-kontsumoak ere agertzen dira, hain ezagunak ez diren arren, zenbait ingurunetan behintzat hor daudenak.

Arriskuei aurre egiteko gako batzuk:

  • Drogekiko jarrera irekia eta komunikatiboa izatea. Ongi prestaturiko iritzia izatea interesgarriagoa da dena dakigula pentsatzea eta ‘drogak txarrak dira eta kito’ errepikatzea baino. Drogei buruzko diskurtso erretoriko eta zurrunek urrundu egiten gaituzte haiengandik, eta horrek babes barik uzten ditu.
  • Seme-alabek ez dute espero senitartekoak beren lagunak izatea, arauak, mugak eta autoritate-figurak behar dituzte orientatzeko. Beraz, ez dio inori mesederik egiten “jatorrarena” egiteak eta nerabe batekin drogak hartzen hasteak arrisku-egoerak normalizatzeko.
  • Gertatzen ari dena ebaluatzea. Ez minimizatzea gaia, ez hastea dramatizatzen, ezta jonki bat balitz bezala jokatzea ere. Lehenik eta behin, berba egiten utzi behar zaio, eta ikusi zer ezaupide duen egiten duenaz, zer espero duen kontsumoei buruz, zelan egiten dituen, norekin, zenbateko maiztasunez, zer informazio erabiltzen duen … komeni da berarekin komunikatzen saiatzea polizia edo detektibe gisa jardun barik, baina hartzen ari den arriskuez ideia egokia izateko eta eragin ahal izateko behar den informazioa lortuz. Horretarako, aldez aurretik, komunikazio ireki eta maitekorraren gainean oinarri sendoak ezarri behar ditugu. Garrantzitsua da berarengandik hurbil egotea, jakin dezala bere familia baduela berba egin ahal izateko, nahiz eta ez egin.
  • Era berean, arauak ezartzea eta arrisku-jokabideak mugatzea, arazo bihur ez daitezen: ordutegiek, diruak eta gizarte-bizitzak mugak dituzte. Inork gainbegiratzen ez dituen eta mugarik aurkitzen ez duten nerabeak, oro har, ez dira hain maitatuak sentitzen.
  • Eskola-absentismoa, eskola-porrota, arlo akademikoarekiko motibaziorik eza edo interesik eza arrisku-faktore garrantzitsuenetako bat da. Oso garrantzitsua da baliagarriak direla sentitzea eta beren proiektuetan aurrera egiten dutela ikustea. Ona da beren erabakietan laguntzea, eta aldi berean egiten duten ahalegina baloratzea, eta ez emaitzak bakarrik.
  • Eskola-girotik kanpo ere kirolak egitea edo grinak izatea babes-faktore garrantzitsuenetako bat da drogen kontsumoari dagokionez. Bizi-ohitura osasungarri bihur daitezkeen eskolaz kanpoko jarduerak sustatzea funtsezkoa da.
  • Drogak kontsumitzen goiz hastea diagnostikoa larriagotzen duen faktorea da. Zenbat eta lehenago hasi, orduan eta larriagoak ditu ondorioak; beraz, atzeratzea komeni da: presarik ez dagoela eta edozertarako denbora dagoela transmititu behar zaie.

Familia-giroa afektiboa bada, komunikazioa positiboa bada eta, gainera, aitorpena eta onarpena eskaintzen bazaizkio adingabeari, drogak ez dira etorriko geratzeko. Edo, behintzat, ez dute arazo larririk sortuko.

Zalantza barik, nerabe batentzat babes-faktorerik garrantzitsuena gaitasuna duten pertsona helduez inguratuta egotea da.

Iragartze Garai Landaluze. Etorkintza Fundazioko psikologo klinikoa

BBK Family Learning

×