“Nik ez dut seme-alabekin egingo gurasoek nirekin egin zutena”

Pepa Horno elkarrizketatu dugu, egiten ditugun hezkuntza-ereduez, hazkuntzan nork bere burua zaintzearen garrantziaz eta aldi horrek dakartzan beharrizanez berba egiteko.

Gure seme-alaben hezkuntzan gure gurasoen eredura jotzen dugu / gurasotasuna (amatasuna eta aitatasuna) maitasuna eta logistika da

Guraso gisa egin dezakegun inbertsiorik onena geure barrurantz begiratzea da. Jendeak beti esaten du: “Nik ez dut seme-alabekin egingo gurasoek nirekin egin zutena”, baina hazteko eta hezteko unea iristen denean, jaioberria besoetan izateko unea iristen denean, bakoitzak dauzkan ereduetara jotzen du, ikasita daukan horretara jotzen du, aurrez ez badu, behintzat, bere buruarekin hazkunde pertsonaleko lan bat egin.

Behin baino gehiagotan, berariaz errepikatu gura dut, beste egoera hau ere bizi izan dugu denok: “Nik ez dut horrelakorik esango!” bota eta, halako batean, amak esaten zizun eta zuri amorru handia ematen zizun esaldi horixe bera esaten duzu, eta pentsatzen duzu: “Baina, nola liteke?”. Bada, hori da logikoa.

Horrela izatea gura ez baduzu, lan pertsonala egin beharko duzu. Beraz, benetan oso garrantzitsua da gurasook, eta oro har familiek, ulertzea gure seme-alabentzako inbertsiorik onena ez dela beraiengan egiten duguna, geuregan egiten duguna baizik. Eta horrek zerikusia du garrantzi handiko elementu batekin, autozaintzarekin alegia, nik ezingo dut inor ongi hazi eta hezi ni neu ez banago ondo.

Zer garrantzi du autozaintzak, nork bere burua zaintzeak?

Bada gauza bat nik asko bizi izaten dudana, asko bidaiatzen dut-eta; hegazkinean noanean, segurtasun-arau edo jarraibideak ematen dituztenean, honela esaten dute: “Haurrekin zaudeten bidaiariok lehenengo zeuek jarri maskara eta gero beraiei jarri”. Horixe da kontua, ni ongi nagoen neurrian eta neure burua zaintzen dudan neurrian, besteak zaindu ahal izango ditut; maitatua sentitzen naizen neurrian, besteak maitatu ahal izango ditut; neu babestua eta lagundua sentitzen naizen neurrian, besteak artatu ahal izango ditut.

Beraz, oinarrizko hiru elementu daude: Norberaren hazkunde pertsonaleko prozesua, hots, barrurantz begiratzea, geure haurtzaroari, geure historiari begiratzea… ikusi eta aztertzea zer zati errepikatu gura dugun, zer zati ez, batzuetan laguntzaz, beste batzuetan bakarrik, batzuetan bikotearen barruan… hori era askotara egin daiteke, baina egin beharrekoa da.

Bigarrena autozainketa da, hau da, lagunekin garagardo bat hartzera joatea guraso ona izatea da, asteburu batean lagunekin norabait joatea eta seme-alabak aitaita eta amamarekin uztea ama ona eta aita ona izatea da.

Ama ona eta aita ona izatea ez da egunean 24 orduz egotea urtean 365 egunez, baizik eta ondo egotea, eta ondo egoteko batzuetan denbora pertsonalak hartu behar izaten dira. Ezta bikotearentzako tarteak ere, baizik eta denbora pertsonalak, nork bereak. Familian banakoarentzako tarteak behar dira, bikotearentzako tarteak eta familia osoarentzako tarteak. Eta hori ez da aise lortzen, mundua den lakoa baita, eta eginbehar asko ditugu eta dugun astia dugu, baina ahaztu behar ez dugun elementua da.

Egin daiteke hazkuntza sarerik gabe?

Geuretzako denbora dugun neurrian, besteak hobeto zainduko ditugu. Eta bada hirugarren elementu bat sarearekin zerikusia duena: ezinezkoa da ongi hazi eta heztea sare barik; beraz, jendeak seme edo alaba bat izatea erabakitzen duenean, lehenik bere ingurura begiratu behar du, ea lagun diezaiokeen jenderik daukan beldur denean, izuturik dagoenean, gaixotzen denean eta umeak norekin laga ez daukanean, bidaian joan behar duenean… Logistika izan behar du kontuan. Nik beti esaten dut amatasuna maitasuna eta logistika dela. Amatasuna eta aitatasuna, gurasotasuna maitasuna eta logistika da.

Logistikaren zati bat konponduta izan behar da; baita beldurra edo izua sentitzen duzunean ere, edo gauzak zelan egin ez dakizunean… zeure amari edo lagun bati deitzeko aukera izan behar duzu, sare baten laguntza izan, adibidez, umeak dituzten gurasoen arteko sarearen laguntza izan behar duzu (umea ikastetxetik beste batek jasotzea, zuk besteari laguntzea…), sare hori funtsezkoa da.

Umeak ongi hazi eta hezteko, garrantzitsuena ez da bikotekidea izatea, baizik eta sare bat izatea. Badira bakarrik bizi diren pertsonak sarea dutenak, bakarrik bizi direnak sarerik ez dutenak, bikoteak sarea dutenak, bikoteak sare bakoak…

Beraz, azkenean hiru elementu dira: Bat, historia pertsonala, landua duzun neurrian; alegia, garrantzitsua ez da horrenbeste bere garaian haurtzaro ona izatea, baizik eta, izan zena izan zela, haurtzaro hura landuta izatea. Bi, autozaintza sistematikoa, zeure denborak, zeure tarte eta guneak izatea, eta, guraso legez, hori inbertsio bat dela ulertzea. Eta hiru, laguntza-sarea izatea, zeren eta, sare barik, bakardadean, ezin baita ongi hazi eta hezi. Talde edo tribuan hazi eta hezteko eginak gaude, erkidegoan hazi eta hezteko eginak gaude, eta komunitatea da gure gizartean gehien galdu den elementuetako bat; beraz, premiazkoa da hori berreskuratzea. Antzina familia zabalak betetzen zuen funtzio hori, gaur egun hori ez da horrela; beraz, berreskuratu egin behar da alderdi hori, hiru elementu horiek barik, ezin baititugu gure seme-alabak ongi hazi eta egoki hezi.

Haur-masaje tailerra

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×