Udan Elikadura Portaeraren Nahasmendua duten pertsonei laguntzeko gakoak

Uda bereziki konplexua izan daiteke elikadura-portaeraren nahasmenduren bat duten pertsonentzat, bai eta haien familientzat ere. Hilabete hauek kritikoak izateko hainbat arrazoi daude. Alde batetik, gorputzen esposizio handiagoa dago, baita muturreko dietei eta arauzko gorputzei buruzko mezu eta irudiak ere etengabe.

Bestalde, garai honetan gehiago sozializatzeko joera egoten da, denbora eta leku gehiago daudelako modu lasaian eta aire zabalean egin ahal izateko. Horrek aparteko presioa eragin diezaieke kaltetuei, sozializazio-espazioak saihesteko joera izaten baitute, batez ere jakiz inguratuta baldin badaude.

Gainera, urtearen gainerakoan garatzen diren errutina asko desagertu egiten dira eta denbora berrantolatu egin behar izaten da. Horrek estres gehigarria ekar dezake, batez ere anorexia kasuetan, zurruntasun handiagoko ezaugarriak izateko joera egoten baita.

Horregatik guztiagatik, eta udako beste arrazoi bereizgarri batzuengatik, handitu egin daiteke familien kezka sasoi edo garai honetan. Baina badira zenbait gako kontuan har daitezkeenak egun hauetan laguntza eraginkorra ematen jarraitzeko.

Uda hobea igarotzeko gakoak

Hasteko, garrantzitsua da emozioak onartzea. Bai erasandako pertsonenak, bai senideenak.  Edozein unetan kontuan izan beharreko gakoa da, baina garai edo aldi honetan bereziki, beldurrak eta segurtasunik ezak berpiztu egin daitezke eta. Erasandako pertsonek egonkortasun-aldi bat izan badute, atzerapausoa gertatzeko beldurra sor daiteke. Egoera oraindik egonkorra ez den kasuetan, beherakada handia izateko eta egoera kritikoagoan sartzeko beldurra sor daiteke.

Batzuetan, segurtasunik eza edo beldurra sentitzearen erruduntasunak ondoez gehigarria sor dezake, eta horrek ez dio mesederik egiten ongizate emozionalaren garapenari. Baliagarria izan daiteke sentsazioak, emozioak eta pentsamenduak konfiantzazko pertsonekin partekatzea, ondoeza askatzeko. Laburbilduz, erregulazio emozionala erraztuko duten estrategien garapenean lan egin behar da.

Zalantza barik, opor-garaia izan arren, gaixotasunek ez dute oporrik hartzen, eta, beraz, talde profesionalak urte osoan zehar emandako jarraibide guztiei eutsi behar zaie. Eta oporraldirako jarraibide bereziak eman badituzte, kontuan hartu behar dira eta horiek ere jarraitu egin behar dira.

Errutinen kudeaketari dagokionez, bi gako nabarmendu behar dira. Lehenengoa da, errutina batzuk desagertu edo aldatu arren, beste batzuk, hala nola otorduetako ordutegiak eta ohiturak, bere horretan mantendu behar direla. Bereziki etxetik kanpora joaten baldin bagara, ohiturak errutinazkoen ahalik eta antzekoenak izateko estrategiak bilatzen saiatu behar dugu. “Errutinarik ezaren” barruan ere, komeni da egitura bat diseinatzea eta egunerokoa planifikatzea, jarduerarik gabeko une gehiegi saihesteko, horrelakoek gehiegi pentsatzeko edo hausnartzeko bide eman dezakete eta.

Arreta berezia jarri behar dugu, halaber, Interneterako sarbidea duten telefonoen edo gailu digitalen erabileran. Udan eta oporraldietan, oro har, denbora libre gehiago egoten da, eta, beraz, gailu digital mugikorrei eta, bereziki, sare sozial digitalei begira ere denbora gehiago ematen da. Horiek eragin zuzena dute nork bere buruaz duen kontzeptuan, estimuan eta gorputzaren irudian. Horregatik, nahasmendu horren garapenean eragina duten faktoreetako bat dira.

Kontuz sare sozialekin

Arlo honi dagokionez, bi gauza egin ditzakegu seme-alabei laguntzeko. Alde batetik, ordezko jarduerak egin ditzakegu, batez ere aire zabalekoak badira, gailu digitaletara eta sare sozial digitaletara sartzeko aukerarik ez dutenak edo aukera horiek murriztuta dituztenak. Bestalde, ikusten duten edukia kontrastatu edo egiaztatzen jarrai dezakegu, entzuten eta ikusten dutenarekiko pentsamendu kritikoaren garapena sustatuz.

Bakoitzaren errealitateek ahalbidetzen duten guztietan, kalitatezko denbora igarotzeko une egokia izan daiteke, oporrak eta atseden- eta deskonexio-uneak aprobetxatuz. Eguneroko lanetik eta estresetik deskonektatzeaz gain, gure inguruko pertsonekin konekta daiteke, eta kasu honetan senideekin. Horrela, elkar hobeto ezagutzeko eta benetako interesa erakusteko aprobetxa daiteke. Zeintzuk dira beraien motibazioak? Eta beraien interesak? Galdera horiei erantzuteko aprobetxa dezakegu.

Ez da ahaztu behar oporrak atsedenerako eta gozatzeko uneak direla, eta, beraz, norberarekin konektatzeko uneak ere bilatu behar direla. Elikadura-portaeraren nahasmendu batek erasandako pertsonari laguntzea konplexua da eta une askotan gogorra, eta, beraz, oporrek ere hala izan behar. Estrategiak bilatu behar dira atseden hartzeko eta denbora emanez nork bere burua zaintzeko.

Amaitzeko, ideia hauetan laburbil ditzakegu gakoak:

  • Sentitzen diren emozio guztiak onartzea, balio-iritzirik agertu barik.
  • Emozioak erregulatzeko estrategiak garatzen lan egitea.
  • Talde profesionalaren jarraibide guztiak mantentzea, edo berriak ezartzea, halakorik balego.
  • Otorduetarako ordutegiak eta ohiturak mantentzea, baita etxetik kanpo bidaiatzen badugu ere.
  • Opor-plan egituratu bat egitea, jarduerarik gabe gehiegizko uneak saihestuz, nahiz eta batzuk egotea ere garrantzitsua izan.
  • Entretenimendu digital interaktiboaren ordezko jarduera aberasgarriak erraztea, eta aire zabalean baldin badira, hobe.
  • Edozein une aprobetxatzea sareetan zer ikusten eta entzuten duten jakiteko eta, horrela, kontrastea egin ahal izateko eta pentsamendu kritikoa garatzen laguntzeko.
  • Kalitatezko denbora igarotzea, entzuteko eta erasandako pertsonei interesatzen zaizkien gauzekiko benetako interesa erakusteko.
  • Hiru zeregin: Atseden hartu, Gozatu eta Nork bere buruari denbora eskaini.

Ainhoa Arruabarrrena Aristorena, ACABEko psikologoa

Menu

BBK Family Learning

×