Arreta Defizita Hiperaktibitatearekin (ADHN) edo barik oinarri neurobiologikoa duen egoera bat da, eta Buruko Nahasmenduen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburuak (DSM-V) ezartzen duen neuro-garapeneko nahasmenduen sailkapenaren parte da.
Arreta-efikazian defizita, hiperaktibitatea (larregizko egonezin motorra) eta/edo inpultsibitate edo oldarkortasuna izateagatik bereizten da, eta hiru mota daude:
- Aurkezpen konbinatua arreta-ezarekin eta hiperaktibitatearekin /inpultsibitatearekin.
- Aurkezpen nagusia arreta-ezarekin.
- Aurkezpen nagusia hiperaktibitatearekin/inpultsibitatearekin.
Gainera, diagnostiko hau izateko, beharrezkoa da ADHNaren sintomek zailtasunak eragitea arlo sozialean, pertsonalean, akademikoan eta/edo familiarrean. Era berean, sintoma horiek 12 urte bete aurretik agertzen dira.
Alde horretatik, garrantzitsua da bereiztea noiz dagoen benetako nahasmendua eta noiz dagoen premia edo beharrizan pertsonal bat; izan ere, haurtzaroan, helduaroan bezalaxe, pertsona bakoitzak izaera eta beharrizan desberdinak ditu. Horrela, badira mugitzeko, jarduteko, zaratarako premia handiagoa duten jite edo izaerak, eta beste batzuk lasaitasunerako, isiltasunerako, ingurune ezagunetarako eta abarretarako behar handiagoa dutenak. Gure seme edo alabaren berezko izaera zelakoa den jakiteak eta geurea ezagutzeak lagundu diezagukete ulertzen kontua ez dela haurra asko mugitzea edo oso urduria izatea, baizik eta nire izaerak lasaitasuna behar duela, harenak jarduera behar duen bitartean. Horregatik guztiagatik, ume askok ez dute arreta-defizitik hiperaktibitatearekin, haien arreta-sistemak normaltasunez funtzionatzen baitu.
Hala ere, demagun diagnostikoa profesional batek baieztatuta dagoela. Zer sentimendu dituzte haur horiek eta horien familiek egunerokoan? Emozioak askotarikoak dira, eta lehenik eta behin emozio horiek ezagutzeko gai izatea lagungarri gerta dakiguke.
Diagnostiko hori duten haur eta nerabeen kasuan, garrantzitsua da kontuan hartzea beste pertsona batzuen emozio berberak (tristura, haserrea, frustrazioa, etab.) sentitzen dituztela, baina kasu askotan emozio horiek intentsitate eta maiztasun handiagoz ematen dira, eta, beraz, denbora gehiago iraun dezakete edo eragozpenak sortu eguneroko bizitzan.
Era berean, familiek beldurra, ziurgabetasuna eta segurtasunik eza senti ditzakete diagnostikoarekin. Horrela, sentitzen dute hazkuntzan izan duten zeregina ez dela guztiz asebetegarria. Ohikoa da beste pertsona batzuen kritiken eraginpean egotea, edo seme-alaben portaera jakin batzuk ulertu ezin izatea jendeak. Zelanbait ere, gerta liteke gizartearen aldetik epaituta sentitzea umeak “txarto” hezi dituztelako, baina, egia esateko, inpultsibitate edo oldarkortasuna bezalako portaerak ez daude % 100 gurasoen kontrolpean.
Errua ere ager daitekeen emozio bat da, kontuan izanda herentziazko osagai bat dagoela. Horregatik guztiagatik, familiei lagundu diezaiekeen alderdietako bat da beren esperientzia partekatzea egoera berean dauden beste familia batzuekin, baita egoera beretik igaro direnekin ere, laguntzak eta ulerkuntza aurkitzeko.
Bestalde, diagnostikoaren kasuan, zelan lagundu daiteke egoera horretan Diziplina Positibotik? Zer alderdi hartu behar dira kontuan begirunezko hazkuntzatik?
Jarraian, hona hemen gida labur bat, ADHN duten neska-mutikoak hazi eta hezteko eguneroko lana erraztu diezazukeena:
Hezi maitasunetik
- Zure semea edo alaba etiketa bat baino askoz gehiago da. Diagnostikoa izan arren, jarri arreta berezia hura ondo egiteko gai den gauzei. Gogoratu: indargune eta ahalmenetatik bakarrik eraiki daiteke.
- Erakutsiozu baldintzarik gabeko maitasuna, eta horrek esan gura du baldintza barik maite izatea, zailtasun, gabezia edo portaera desegokiak gorabehera.
- Eskain iezazkiozu arnasa eta konfiantza: “Zutaz fidatzen naiz. Uste dut zerbait garrantzitsua denean zuretzat, zuk asmatzen duzula zelan aurre egin”.
- Eraiki itzazu gozamenerako eta konexiorako familia-uneak, eta ez utzi eskola- edo gizarte-inguruneko zailtasunek familia-harremanetan eragin negatiborik izan dezaten. Ez berba egin denbora guztian txarto doanaz edo hobetu behar duenaz.
- Amaitu eguna berba pozgarriekin: normalean, ADHN duten haurrek presio handia jasaten dute egunean zehar ondo egiten ez dituzten gauzen gainean. Izan ere, hutsegite bat direla, eta ez hutsegiteak egiten dituztela, pentsatzera irits daitezke. Garrantzitsua da egunak amaitzea gainditutako gauzak aipatuz, zer egin duten atzo baino hobeto, zer lortu duten edo zertan egin duten aurrera: “Ikusi dut gaur atzo baino 2 minutu gehiago lan egin duzula, zorionak ematen dizkizut denbora horrengatik”, “asko eskertzen dut afarian egin duzun ahalegina isilik egon zarenean”, “gaur gehien gustatu zaidana izan da…”.
Hezi trebetasunak lantzeko
- Eman garrantzia errutinei eta ohitura onei. Sortu errutina zehatzak une bakoitzerako. Elkarrekin egiten baduzue eredu bisual batekin, ikus dezakezuen lekuren batean utz dezakezue, une bakoitzean zer egin behar duen zalantzak dituenean kontsultatu ahal izateko.
- Jarri ardatza trebakuntzan, zigortu beharrean: “Agendaren erabilera landuko dugu, despisterik ez izateko” VS. “Bideo-kontsolarik gabe geratuko zara etxeko lanak ez egiteagatik”.
- Jarri arreta konponbideetan edo kaltea konpontzeko modua irakasten. (Adibidez: “Marko jo duzu eta orain begira iezaiozu…, triste dago. Zer egin dezakezu hobeto senti dadin?”).
- Garrantzitsua da seme-alabaren barne-elkarrizketa trebatzea, aldez aurretik bere bulkadak kontrolatzeko eta kudeatzeko gai izan dadin. Horretarako, hasiera batean, baliagarria izan daiteke jarraitu beharreko urratsak eta seinaleak jasotzen dituzten ikusteko txartelak izatea, azkar lagundu eta gogoratu ahal izateko: “Geldi geratu, arnasa hartu, zer egin dezakedan eta, egiten badut, zer gertatuko den pentsatu, erabakia hartu eta zelan joan den baloratuko dut”.
- Trebatu zure semearen edo alabaren funtzio exekutiboak: aukera mugatuak eskaini (erabakiak hartzeko), arreta konponbideetan jarri (plan bat egiteko), utzi bere erabakietatik ikas dezan (erreflexibitatea eta autokontrola trebatzeko beharrezkoa da berezko ondorioak esperimenta ditzan. Adibidez, une jakin batean askaririk ez egitea erabakitzen badu, askaria igaro ostean gose dela senti dezake), eta abar.
Ildo horretan, ADHN duten haurrek zailtasunak dituzte beren funtzio exekutiboetan, hau da, aurrea hartzea, helburuak ezartzea, horiek lortzeko moduetan pentsatzea eta abar ahalbidetzen dizkiguten trebetasun kognitiboetan. Horregatik, beharrezkoa da funtzio horiek eguneroko egoeretan trebatu ahal izatea.
Horrela, aukera mugatuak eskaintzeko, garrantzitsua da aukerek zenbait irizpide betetzea:
- Antzeko aukerak izan behar dute. Adibidez, zer afalduko duen erabaki ahal izatea egokia dela ikusten badugu, bi barazki-mota eskainiko dizkiogu aukera gisa: “Zer duzu nahiago, entsalada ala lekak? Zeuk erabaki!”.
- Benetan aukera mugatuak izan behar dute. Adibidez, kontua ez da oso menu zabala eskaintzea, bi edo gehienez hiru aukera eskaintzea baizik.
- Eskaintzen diren aukerek muga inplizituak dituzte. Adibidez, euri asko egiten badu, antzeko bi oinetako egoki eskaini ahal izango dizkiogu, baina sandaliak hautatzea ez da aukera bat izango.
Konponbideetan ardazteko funtzio exekutiboari dagokionez, eguneroko egoera askotan gauzatu daiteke. Ohikoa da ADHN duten haurrek beren gauzaki edo objektu pertsonalak ahaztea. Demagun zure alabak jaka bat galdu duela eskolan. Horrelako egoera baten aurrean, konponbideetan zentratu edo ardazteak urrats hauek jarraituko lituzke:
- Zer gertatu da? Jaka galdu dut, ez dut aurkitzen, etab.
- Zelan saia zaitezke konpontzen? Ideia-zaparrada bat sortu. Adibidez, gelan galdetzea, “Galdutako gauzen” sailera joatea, idazkaritzan galdetzea, etab.
- Zer egin dezakezu etorkizunean berriro ez galtzeko? Berriz ere ideiak elkarrekin sortuko ditugu: beti leku berean uztea, gerrian lotzea, ez kentzea, etab.
Hezi ordena eta mugekin
- Lan egin behar duzunean, kendu ingurutik beste estimulu batzuk. Haurrak berak jakin dezala identifikatzen zein den bere lana errazten duen lekua eta zein ez.
- Arreta jarri gelaren eta, oro har, lekuen ordenari. Gauza bakoitzak bere lekua baldin badu, hobe; gauza gutxi eta ordenatuak. Lekuak eman dezala lasaitasun-sentsazioa, eta ez kaos-sentsazioa.
- Muga argiak ezarri adeitasunez eta irmotasunez: “Ulertzen dut haserre egotea, baina ez da onargarria zuk jotzea. Horren ordez, gustatzen ez zaizuna berba hauekin esan dezakezu”.
- Ezarri arauak, arreta bideratzeko haren gaitasunean eragin positiboa izango dutenak. (Adib.: gauza batekin jolastuko gara, jaso eta beste bat aterako dugu). Ildo horretan, garrantzitsua da zereginak dosifikatzen irakastea, argitasun kognitiboko egoerak emateko. Informazio askorekin galdu egiten dira normalean; horregatik, komeni da dosi txikietan zatikatzea.
- Mugatu (edo saihestu) pantailak (mugikorra, ordenagailua, tableta, etab.) luzaroan erabiltzea, eta, alderantziz, eman lehentasuna naturarekiko harremanari eta mugimendua eskatzen duten aire zabaleko jarduerei.
Azkenik, esan behar da egoera emozionalak eragina duela ikaskuntza kognitiboan. Familia gisa, portaeraren autoerregulazioa erraztuko duen eta lasaitasun-egoerak sortuko dituen giroa lortzea izango da helburua. Kontzentrazioa eskatzen duen egoera baten aurreko uneetan, laguntza eman daiteke erlaxatzeko edo energia jaisteko, elkarrekin arnasketa, joko edo abesti laburren bat eginez.
Beatriz Alonso Sánchez. Psikologoa, pedagogoa eta Diziplina Positiboko hezitzailea
Mediatekan dauden BBK Family materialak laguntza emateko:
Mahai jokoak arreta entrenatzeko:
Harpidetu BBK Family newsletter.
BBK Family Telegram Kanalean egon zaitezke. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.