“Sexualitateari buruzko solasaldirako une hori” ez dago

Family Lab Heziketa afectibo-sexualaren tailerren aurretik, Pepa Hornok sexualitateari buruzko hitzaldi bat eman zuen. Bertan azaldu zuen nola ezarri babes-mugak, eta nola integratu geure historia, gure seme-alaben sexualitatea beldurrik gabe jorratu ahal izateko.

Family Lab Heziketa afektibo-sexualaren tailerrak:

0-6 urte bitarteko psikosexualitatea

Martha Ubieta psikologo eta sexologoak eman zuen 0 eta 6 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutako tailer hau. Bertan, sexu-hezkuntzaren helburuak azpimarratu zituen, hala nola norberaren gorputz sexuduna ezagutu, onartu eta zaintzea, gorputzari esanahia eta zentzua ematea, sexu-desberdintasunak ezagutu eta horien balioa azpimarratzea, eta sexualitatea bizitzen eta adierazten ikastea, beste pertsonak kontuan hartuta.

Hezkuntza afektibo-sexualaren barruan, Martha Ubietak azaldu zuen musuak eta besarkadak “magikoak” direla, ezinbestekoa baita gorputza ukitzea sexualitate osasuntsua garatzeko eta etorkizunean gorputz-harreman positiboa izateko. Gaineratu zuen haur-sexualitatearen oinarrizko alderdiak direla ukitzea eta sentitzea, nork bere burua esploratzea, izendatzea, jolas egitea, gorputzek zelan eboluzionatzen duten ikastea, errutinak eta higienea eta afektibitatea. Familia gisa gure ardura edo erantzukizuna da sexualitatearekin lotutako alderdi guztiak heztea, beraien bizitzako beste alderdi batzuk hezten ditugun naturaltasun berarekin.

Ubietak azaldu zuenez, garrantzitsua da gorputz-atal guztiak izendatzea ere, genital edo sexu-organoetarako ordezko izenak, “potxotxa” edo “txilibitua” bezalakoak, erabili barik. Ez dugu gorputzeko beste atalekin egiten, eta, beraz, pentsatu behar dugu zerk eroaten gaituen espezifikoki sexu-atalekin hori egitera.

Tailerra sexu-abusua galarazteko esaldi batekin amaitu zen: “Ezta musutxo bat ere behartuta!”. Izan ere, Pepa Hornok aurreko hitzaldian azaldu zuen bezala: “Norbait benetan maite dutela baina egun horretan musu bat emateko gogorik ez dutela aitortzeko gai izan behar dute. Eta horrek ez du esan nahi maite ez dutenik. Gurasook ez badugu beraien “ezetza” legitimatzen, helduak direnean berandu izango da.

Hona hemen Martha Ubietak erabili zuen aurkezpena.

Oraindik plazak daude Martha Ubietaren tailerrak:

Family Lab Heziketa afektibo-sexuala

Lehen topaketa erotikoak

BBK Familyren “Hezkuntza afektibo-sexuala” jardunaldiaren tailerretan gauza bat argi geratu zitzaigun: “sexualitateari buruzko solasaldirako une hori” ez dagoela. Gaizka Tobar-ek, Guztiok elkarteko sexologoak, lehen topaketa erotikoen tailerra eman zuenak, kontatu zuen 16 urteko seme bat duen lagun batek galdetu ziola zer esan ziezaiokeen bere semeari, bikotekidea baitzuen orain. Gaizkak erantzun zion orain arte sexuari buruz hitz egin ez bazuen, orain ez zuela zentzu handirik “solasaldi hori izateak”.

Izan ere, Tobarrek helarazi zigun gakoetako bat zera da: garrantzitsuena hor egotea dela, belarri fin-finarekin, entzuteko, galdetzen digutenari erantzuteko, eta, erantzuten ez badakigu, esan beste une batean hitz egingo dugula, baina benetan hitz egingo dugula.

Era berean, “masturbatzea bekatu da” esatetik zeure burua hobeto ezagutzeko “masturbatu egin behar duzu” esatera igaro garela azaldu zuen. Hala ere, baliteke gogorik ez izatea edo masturbatzea ez gustatzea, eta horregatik txarto ez sentitzera animatu gintuen.

Eta gure seme-alabak masturbatu ala ez, Tobarrek gogoratu zuen haien intimitatea ere errespetatu egin behar dela, gelan sartu aurretik deitu eta pasatzen utzi arte itxaron egin behar dela. Prozesuaren parte da, eta horrela hartu behar dugu, baita gura dituzten elkarrizketak izateko irekita egon ere. Elkarrizketa horiek ia beti izango dira oso nekatuta gaudenean edo zeregin asko ditugunean, baina gelditu egin behar dugu, entzun, eta, batzuetan, hitz egin.

Hona hemen Gaizka Tobarrek erabili zuen aurkezpena.

Sexu-aniztasuna ulertu behar dut nire seme edo alabari azaltzeko

Izaskun Aranbarrik, Guztiok elkarteko sexologoak, emandako tailer honetan, mundu guztiak bere inguruan ondo egokitzeko duen beharra ikasi genuen. Pepa Horno psikologoak zioen bezala, arbuioari eta bakarrik gelditzeari diogun beldurragatik, ahalik eta “arauzkoenak” izaten saiatzen gara. Era berean, Aranbarrik galdetu zigun ea zenbat bisexual ospetsu ezagutzen genituen, eta tailerrean atera ziren izenak ez ziren esku bateko atzamarrak batzera iristen; beraz, azaldu zuen zaila dela erreferenteak izatea, pertsona ospetsuek/aintzatetsiek kontatzen ez badute. Arazoa da bisexualitatea sexu-identitate bat dela, gizarteak erabat ulertzen ez duena. Batzuetan, “gehiago ligatzen dute, mutilak eta neskak gustatzen zaizkielako” bezalako esaldiak entzuten dira, eta Aranbarrik galdera hau egin zien bertaratutakoei: “Benetan gehiago ligatzen al da bisexuala izanda?”. Horrela, mitoak eraistera gonbidatzen gintuen, dagoen errealitatea ezagutzera, baita gure seme-alabei irakats diezaguten uztera ere.

Tailerrean zehar, LGBTQ+ letrek zer adierazten duten azaltzen joan zen Aranbarri, eta argitu zuen lesbianaren L letra aurrena doala, pertsona homosexual edo gay batengan pentsatzen dugunean “gizon” batengan pentsatzen dugulako beti, eta, beraz, ikusgaitasuna emateko, lesbianak direla LGBTQ* kolektiboa izendatzen duten letren buru. Gainera, Q (Queer) letrari buruz, azaldu zuen aurreko guztia hausten duela, termino orokorra baita beren genero-identitatea gizon/emakume dikotomiaren barruan sentitzen ez duten edo hura gainditzen duten pertsonentzat.

Eta agurtzeko, gure burua “arauzkoaz” harago irekitzera animatu gintuen, eta aniztasunaren aberastasuna ulertzera, horrek dakarrenarekin.

Hona hemen Ikaskun Aranbarrik erabili zuen aurkezpena.

Jardunaldian egon bazinen, eta oraindik baloratu ez baduzu, eskertuko genizuke baloratzea, hurrengoan hobeto egiteko. Balorazio inkesta.

Zein da gure seme-alabek prest sentitu aurretik sexu-harremanik EZ izateko gakoa?

 

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×