Egon ahal izango zinateke astebete sare sozial batean sartu barik?

Egizu proba 2022ko pantailarik gabeko aisialdi-astean

Gaur egun pantailak zelan erabiltzen ditugun hausnartzea funtsezkoa da gure ongizaterako. Geldi geratzeko unea bilatu behar dugu, pantailekin zer harreman dugun eta haur eta nerabeek pantailekin zer harreman duten behatzeko.

Horretarako, pausatzeko teklari ematera eta helduek eta haurrek pantailak zelan erabiltzen ditugun familian hausnartzera gonbidatzen gaituzte Kietoparaok eta BBK Familyk.

Maiatzaren 2tik 8ra bitartean, “Pantailarik gabeko aisialdi-astea” ospatzen da. AEBtik datorren mugimendua da, eta Kietoparao da penintsulan horren bultzatzailea. 1994an hasi zen guztia, auzune bat TBrik gabeko aste bat sustatzera animatu zenean. Ordutik, milioika familia batu dira urte hauetan guztietan.

American Academy of Pediatrics, Children Books Week, Digital Wellness Collective eta beste ehunka kolaboratzailek bultzatzen dute.

Hemen, Bizkaian, BBK Family da pantailarik gabeko aisialdi-astearen laguntzaileetako bat. Helburua erabilera arduratsuari buruz kontzientziatzea da, maiatzaren 2tik 8ra bitartean pantailekiko ohiturak hobetzera gonbidatuz familiak eta eskolak.

 Jokoak eta sariak
BBK Familyk Bizkaian izena ematen duten lehen 10 ikastetxeak sarituko ditu bere hainbat jokorekin. Iaz 11 probintziatako enpresa, ikastetxe eta fundazioek parte hartu zuten, arrakasta handiz.

Parte hartzea oso erraza da, www.kietoparao.com webgunean izena eman behar da eta aste horretan zein ekintza(k) egingo d(ir)en kontatu.

Kietoparaok, pantailak gainditzeko jolas hezitzaileen kit-en markak, ikastetxeen eta familien eskura jartzen ditu dokumentazioa, deskargagarriak eta baliabide ugari aste horretan hainbat jarduera planteatzeko.

Denok behar dugu deskonektatzeko denbora. Pandemiarekin pantailak desberdin erabili dira etxe bakoitzean. Beraz, bakoitzak ahal duen moduan, bat egiteko gonbita egiten diogu jendeari: egun batez deskonektatuz, kalean denbora gehiago emanez edo pantaila bako astebete planifikatuz. Parte hartu, ahal duzun lez!  Edozein urrats txiki lorpen handia izango da.

 Zergatik da garrantzitsua aste honetan gogoeta egitea?
Aisialdietan pantailen kontsumo-orduek gehitzen jarraitzen dute. Erabilera arduratsua egiteko eta haurrak babesteko prebentzioan lan egitea lehentasun bat da. Datu hauek pantailek nerabezaroan duten eraginari buruz Unicefek egindako azterlan batekoak dira.

  • Inkesta egin zaien familien % 89k aldaketa emozionalak ikusi dituzte beren seme-alabengan, bakartzearen, pantailen… eraginez, pandemia garaian.

Nerabeen % 94,8k Interneterako sarbidea duen mugikorra du, eta batez beste 10,96 urterekin eskuratzen dute gailu hori.

  • % 31,6k aste barruan 5 ordu baino gehiago igarotzen ditu egunero Internetera konektatuta, eta zifra hori % 49,6ra igotzen da asteburuan.

Pantailen erabilera arduratsuan heztea guztion kontua da. Teknologiak geratzeko daude hemen. Horregatik, horiek erabiltzen ikasi behar dugu, adin egokian egiten, eta zer helbururekin egiten ari garen ulertu. Ez da gauza bera bideoak ikusten orduak ematea youtuben, inolako asmo barik, edo horiek ikustea asmakizun bat erreplikatzeko. Edo Interneteko orduak programazio- edo mekanografia-ikastaro bat egiteko erabiltzea.

Kietoparaok eta BBK Familyk familiei lagundu gura diete hezteko lan zail horretan, eta horregatik animatzen gaituzte maiatzaren 2tik 8ra pantailarik gabeko aisialdi-astean gure ekarpentxoa jartzera.

Iturriak: Sartu hemen Unicef-en txostenera.

Link pantailarik gabeko aisialdi-astera: https://www.kietoparao.com/screen-free-week-semana-sin-pantallas/

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×