Zu ere pandemiaz eta bere nekeaz kokoteraino zaude?

Zu ere pandemiaz eta bere nekeaz kokoteraino zaude? Eta zure seme-alabak?  Zu ere “neka-neka eginda” zaude hainbeste neke pandemikoz?  Eta zure seme-alabak?

“Ez dago bere gelatik eta kontsolatik ateratzeko modurik. Ez du parkera ere jaitsi gura.  Zertarako? esaten du. Eta, gainera, zelako notak ekarri dituen! Etapaz igarotzeagatik ote da, ala zerbait gertatzen ari zaio eta ni ez naiz konturatu? Klasera ez duela joan nahi esaten du, kaka zaharra dela…”.

“Ez dut ezer gogoratzen. Zin egingo nuke arrautzak erosi ditudala. Farmazian utzi ote ditut ‘labealdi’ berriko antigeno-testak erosi ditudanean? Agian ez ditut erosi, ez dakit… Beharbada aurreko astean izan zen. Itxaron, zein egunetan gaude? Eta gero umeari esaten diot eskolako gauzak ahazten zaizkiola, ba, ondo nabil neu ere!Ai ene, eta orain garbigailua hustu behar dut, baina leher eginda nago, badirudi beruna daramadala soinean…”.

“Eta atzamar horiek? Zelan dituzu horrela azazkalei eten barik haginka eginda? Zauriak ere badituzu eta! Zergatik ez duzu orain bazkaritan ezer jaten eta gero bete-bete egiten zara? Eta noiztik jaten duzu hainbeste gozoki? Ez dakit zer gertatzen zaizun…”.

“Begira, gogoa dut behingoz kutsatzeko eta kito. Ezin da horrela bizi! Orain ikastaldea konfinatuta, gero antigenoak, hurrengoan txertoak… Ezin duzu planik egin, ezta beste ume batzuei etxera etortzen utzi ere lo egitera. Gauza bat agendan jartzen duzu eta gero ezabatu egin behar. Eta jende bati dena berdin zaio… Ai ene! Baina, hau zer da? Eta etxean denok haserre txorakeriengatik…”

Zer egiten dut nik neure bizitzarekin? Benetan jarraitu gura dut bikotekidearekin, eten barik eztabaidan dihardugu eta? Zer gertatuko zaie nire seme-alabei? Zelan eragingo die amaitzen ez den pandemia madarikatu honek? Berriro eman ahal izango diot aitari hil aurretik besarkada bat, lehengo besarkadak lakoa, lasaitasunez, estutasunik barik?

Agian, gai horietakoren batzuekin edo antzekoekin identifikatuta sentituko zara. Gutxi-asko, denok dugu sentsazio horietakoren bat, intentsitate handiagoan edo txikiagoan. Adituek “neke pandemikoa” deitzen dutena bizitzen ari gara. Neke fisiko eta emozionalak eragindako erreakzioa egoera gogor baten aurrean, denboran zehar mantentzen dena, zalantzazkoa eta amaitzen ez dena baita.

Suminkortasuna, tristura, beldurra, erru irrazionalaren sentsazioa, lo-arazoak, kontzentrazioa eta oroimena galtzea, denborazko desorientazioa, etorkizunarekiko kezka, akidura, denak ahalegin izugarria eskatzen duelako sentipena, nor zaren ez jakitea lako pentsamenduak, motibaziorik eza, ilusio-falta… Eta batu eta segi horrela… “Nekatuta” gaude. Familiok “nekatuta” gaude. Ia “nekatuta” gaude “nekatuta egoteaz”. Ez da helduei bakarrik gertatzen zaien zerbait, baita haur eta nerabeei ere.

“Neke” horrek ez du zertan patologikoa izan beti edo zuzenean osasun mentaleko arazoak eragin. Pandemiak estresoreak gehitu dizkigu, eta aldez aurretik arazo emozionalen bat konpondu barik baldin bazegoen, pandemiak bereziki eragindako arrisku-talderen bateko kide baldin bagara, edo ezin izan badira batu babes-faktore nahikoa, egia da intentsitate handiagoz edo denbora luzeagoan eragin dezakeela, edo arazo klinikoak eragin ditzakeela. Izan ere, Haurren Osasun Zerbitzuek, Eskola Orientazioko sailek eta gizarte- eta hezkuntza-eragileek ohartarazi dute, neke pandemiko honen aurrean, beharrezkoa dela txikerrenen zaintza emozionala indartzea. Eta zentzu horretan, zer egin dezakegu familiok etxetik?

Oro har, adituek ematen dizkiguten gako batzuk honako hauek dira: pandemiari buruzko informazioa mugatzea, hemen eta orain zentratzeko begirada hartzea, estresaren aurkako faktore partikularrak indartzea norberarekin zelanbaiteko lasaitasuna bilatzeko eta laguntza eskatzea/eskaintzea, zaintza-sare afektibo osasungarriak (naturalak eta terapiako profesionalak edo beste batzuk) indartuz. Eta hori haur eta nerabeentzat ere bai.

“Estresaren aurkakoez” ari bagara, zerk “kentzen die estresa” umeei? Ideia ona da behatzea (aukera libre eta arduratsuan denbora eta lekua ematen zaienean) eta galdetzea, nahiz eta horretara ez gauden ohituta, ez gu eta ez beraiek. (Neurri murriztaileak jartzerakoan ere ez ditugu oso kontuan izan).

Badirudi hainbat elementu ditugula, hala nola elikadura osasungarria, nahikoa lo-ordu, jolasa (batez ere, mugimenduarekin), kirola (hobeto naturan), aisialdiko jarduerak berdinkideekin, barne-konexioko teknikak (arnasketak, erlaxazioak, mindfulness, masajeak, …) erabiltzea, familiarekin eta maite dituztenekin konexio afektiboko une asko, deskonexio digitaleko tarteak, adierazpen emozionalerako guneak (elkarrizketaren bidez), jarduera artistikoak (egunkarian eskuz idaztea, margotzea, zizelkatzea, musika egitea, dantza egitea…), pentsamendu negatiboak birbideratzea, … Kontuz! Elementu batzuk estresaren aurkakoak direla uste izan daiteke, baina, benetan, bestelako eragina dute, hala nola osasungarria ez den janariaren kontsumoak (azukre, koipe eta gehigarriekin) edo teknologiaren larregizko kontsumoak.

Eta, jakina, gure eredu-funtzioa: zelan jasaten dugun neke pandemikoa, zelan ausartzen garen geure emozioak eta beharrizanak adieraztera (gainezka egin barik edo ezkutatu gabe), nola eskatzen dugun laguntza (sare natural edo profesional mailan) eta nola zaintzen dugun geure burua eta batak bestea modu osasungarrian… hori guztia funtsezko osagaia izango da haurrei ere laguntzeko.Izan ere, zenbait azterlanen arabera, pertsona helduok pandemiari emozionalki aurre egiteko dugun modua gure seme-alaben osasunerako babes- edo arrisku-faktore bat izan daiteke.

Autore askok azpimarratzen dute, edozelan ere, kontua ez dela beste barik babes-faktoreak batzea, baizik eta agian unea dela “txipa”, begirada, bizitzarekin, geure buruarekin eta besteekin erlazionatzeko dugun modua aldatzeko.

Neke pandemikoari buruzko alderdi gehiago jorratzeko, hona hemen hitzaldiaren bideoa.

 

BBK Family Learning

×