“Maika eta Josu bosgarren aldiz esnatu dira gauean, 8 hilabeteko umetxoa negarrez entzun dutelako.Ez dute ulertzen zer gertatzen zaion… Asko ez dela eman dio Maikak bularra… Leher eginda daude, eta normala ote den, gaixo egongo ote den edo arazoren bat izango ote duen galdetzen diote beren buruari… Esan zieten lo gutxi egingo zutela, bai, baina hau ez da normala… Bihar bertan dei egingo diote pediatrari… baldin eta telefonoa hartzeko kemenik gelditzen bazaie…”
Egoera hori guraso askok partekatu dugu seme-alaben hazkuntzan. Eta geure buruari galdetzen diogu: “Normala da hainbeste aldiz esnatzea? Zerbait txarto egiten al dugu? Zer egin dezakegu?”. Artikulu honetan horri buruzko ideia batzuk jasoko ditugu.
Umetxoaren loa ez da pertsona helduarena lakoa
Ezin dugu umetxo baten loa pertsona helduenarekin alderatu. Ezta neska-mutiko handiagoenarekin ere. Alex Bilbaok, Elizabeth Panleyk eta beste aditu batzuek umetxoen loa azaltzen duten gako batzuk eman dizkigute:
-Haurtxoek askoz ere ordu gehiago lo egin behar dute, eta eguneko eta gaueko hainbat unetan “banatzen” dituzte. Nekatuta daudenean lo egiten dute. Eta hauek dira nekearen seinale batzuk: egonezina, aharrausiak, isiltasuna, jostailuekiko interesa galtzea edo begirada lausotua.
-Loaldi arinagoak eta loaldi sakonagoak izaten dituzte, txandakatuz joaten direnak. Helduek ere bai, baina umetxoen kasuan, fase horiek laburragoak izaten dira, eta, beraz, askoz ziklo gehiago dituzte bata bestearen atzetik.
-Haurtxo batek, loaldi sakonago bat amaitzen ari denean eta loaldi arinago bat hastera doanean, litekeena da gorputzean beharrizan bat (gosea, ipurdiko ezerosotasuna, hortzoietako mina, kolikoak, bakardadea, …) hautematea, esnatzea eta negar egitea estres hori arindu eta konponbide bat bilatzeko. Hori hainbat aldiz gerta daiteke gauean, fase edo aldien arteko “trantsizio-une” dezente daudelako.
-Haurrak lo-aldi arinean daudenean, euli baten hotsarekin esna daitezke. Hori bereziki nabarmena da loaldiko lehen 20 minutuetan. Horregatik, batzuetan iruditzen zaigu lokartu direla, sehaskan utzi eta automatikoki negarrez hasten dira, beren testuinguruan aldaketa nabaritu dutelako eta ez zaielako gustatzen. Hori bai, neke handiko uneetan deskonektatzeko eta lokartzeko gai dira, nahiz eta inguruan zarata handia egon, edo ez esnatzeko gai, nahiz eta “lurrikara bat” gertatu, lozorro sakonean daudenean. Helduok, batez ere gurasoak garenean, gure loaldi sakona apur bat aldatu egiten dugu eta ez dugu errealitatetik hainbeste “deskonektatzen” (entzun beharko genukeen arriskuren bat balego ere), eta horrek gure atsedena txikiagoa izatea eragiten du.
-Batzuetan, gurasoen eta umetxoen artean lo sakoneko eta lo arineko zikloak ez dira bat etortzen. Horrela, umetxo bat deserosotasun baten ondorioz esnatu egin daiteke loaldi arinera sartzera doanean, eta orduan baliteke gurasoak lo sakonean egotea, eta, ondorioz, umetxoaren esnatze horrek loa eteten die atsedenik handieneko unean. Hori behin eta berriro errepikatzen bada, neke fisikoa eta psikologikoa garrantzitsua da gurasoentzat.
Aldeak umetxoen artean
Umetxo bakoitza ezberdina da. Eta loan ere ezberdintasunak egoten dira haien artean. Adibidez, ezerosotasun handiagoa edo txikiagoa izaten dute, hori detektatu eta esnatzeko sentikortasun handiagoa edo txikiagoa, berriro lokartzeko “hurbiltasun” maila handiagoa edo txikiagoa behar izaten dute, etab. Gainera, haurtxo batzuek gehiago esnatzen diren “boladak” izaten dituzte, eta batzuetan horren arrazoi zehatza jakiterik ez dago. Adibidez, 8-9 hilabete dituztenean, banantzeko antsietatea ager daiteke, eta hori loan nabaritu.
Negarra: umetxoarentzako aliatua
Negar egitea haurtxoek duten erantzuna da, konpondu bako beharrizana sentitzen dutenean eta horregatik “estresatzen” direnean. Izan gosea, beroa edo hotza, izan erresumina, sukarra, kolikoak, zikinkeria, mugitzeko premia, mina, laguntasun-beharra, … Beharrizan horiek, batzuetan, erabat eta azkar konpon ditzakegu. Eta beste batzuetan, partzialki edo denboraren poderioz bakarrik konpon daitezke. Edozelan ere, gure presentziak, LASAITASUN eta MAITASUN emozioarekin, lagunduko die baretzen. Bizitzako lehen hilabeteetan, presentzia hori “berehalakoagoa” eta hurbilagoa izan daiteke, ia gorputzez gorputz. Aurrerago, distantzia handiagotik izan daiteke, ahotsaren, begiradaren, objektu berezi batzuen … bidez eta itxaronaldi luzexeagoarekin.
Haurtxo bat gauez esnatzen denean, lau gauza egin ditzakegula planteatzen du Álvaro Bilbaok:
- Bularra/biberoia eskaini. Baliteke gose izatea.
- Pixoihalari begiratu, ea zikinduta dagoen.
- Ipurdiari begiratu, ea erresuminduta daukan (pixoihala garbi egonda ere).
- Termometroa ipini, sukarra daukan ikusteko.
Agian negarrez jarraituko du eta beste arrazoi batzuk ere egon litezke, hala nola amets txar bat, bakarrik sentitzea edo ez dakigun beste larriminen bat. Gure presentzia nabaritzeak lagundu egingo dio, edozelan ere. Egia da bosgarren aldiz esnatu zaituztenean LASAITASUNEZKO presentzia ziurtatzea zail samarra dela… Eta hala izanik ere, trebatzen eta zelan egin ikasten joan gaitezke, “egoera hobeto eramateko” prozesua martxan jartzen dugun bitartean.
Zer egin dezakegu “hau hobeto eramateko”
Haurtxo askok ezingo dute eten barik aldi batean lo egin, denbora batez behintzat. Esperotako egun hori iristen den bitartean egin dezakeguna:
1-GEURE OHITURA BATZUK ALDATZEA
Adibidez, lotara joateko gure ordutegia umetxoaren lo-ordutegira egokitzea eta hatzak gurutzatzea, gure loaldi sakona askotan eten ez diezagun.
2-AURREIKUSPENAK BERRIKUSI ETA GEURE BURUARI MEZU POSITIBOAK EMATEA
Perfektuak izan beharko genukeela eta hazkuntzan dena jakin beharko genukeela uste izatea… Gau osoan esnatu barik lo egiten ez badu zerbait txarto doala uste izatea… Lo egin dezan laguntza “magiko” bat bilatzea… Gure semea gau osoan lo egiten duen beste lagun baten semearekin alderatzea… Edo “bost axola izatea dena”… EZ dira hazkuntzarako lagungarriak. Estres-faktore gehiago gehitzen dizkigu. Eta horrela ez dugu beharrezko LASAITASUNA lortzen.
Haurtxoen bilakaera eta prozesuak ulertzeko informazio pixka bat bilatzea (erotu barik) lagungarria izan daiteke. Libururen bat irakurriz, pediatria-zerbitzuari kontsultatuz, hazkuntza-talderen batekin berba eginez, … Horrez gain, apur bat jario handiagoa utzi geure buruari, eta esperientzia propio edo partekatutik eta gure umetxoarekin eraikiz goazen afektu-harremanetik abiatuta, konfiantza irabazten saia gaitezke.
Badira liburu batzuk loaren gaiarekin lagun diezaguketenak:
- “Todos a la cama”, Álvaro Bilbao. Argitaletxea: Plataforma.
- “Dulces sueños para niños despiertos”, Sara Traver. Argitaletxea: Vergara.
- “Dormir sin lágrimas”, Rosa Jové. Argitaletxea: La Esfera.
- “El sueño del bebé sin lágrimas”, Elizabeth Panley. Argitaletxea: Medici.
3-SOSTENGU EMOZIONALA IZATEA
Guraso zarenean, zure umetxoaren “sostengatzaile” bihurtzen zara, baina zu “sostenga zaitzaten” ere behar duzu, asko akitu edo nekatzen duen prozesua bizitzen baita. Sostengatze hori elkarren artean egin daiteke bikotearen barruan, familiatik, lagunetatik edo hazkuntza-talderen batetik. Batzuetan, ordea, ez gara ulertuta sentitzen, eta beharrezkoa da asertibitate emozionaleko ariketa bat egitea zelan sentitzen garen azalduz, edo hobeto egoteko beste pertsonarengandik zer beharko genukeen, eta ideia batzuk elkarrekin bilatzeko. GGaitzespenik edo haserre-deskarga barik, ez dute laguntzen eta.
Garrantzitsua litzateke norberaren gorputza lasaitzeko uneak bilatzea, gure umeekin estres-uneetan lagunduko digun “memoria” bat egiteko. Pertsona bakoitzak badaki estresaren aurrean zer “antidoto” datorkion hobekien edo egin dezakeen, hilabeteko umetxo bat hazi behar izateko.
4-HAURRARI LOAREKIN BERE AUTONOMIAN LAGUNTZEKO PROZESU BAT HASTEN JOATEA
Gure umetxoei lagundu diezaiekegu prozesu honetan, pixkanaka-pixkanaka, lotarako autonomia irabazten joan daitezen. Ez dago irtenbide magikorik. Familia bakoitzak bere eredua eraiki beharko du. Hori haurraren izaeraren, adinaren edo garapen-erritmoaren, energia-mailaren edo familian zaintza partekatzeko aukeraren… araberakoa izango da.
Garrantzitsua da muturretara ez joatea. Adibidez, ez utzi bakarrik umetxoa negar eta negar lo hartu arte. Edo ez egon luzaroan eta urtetan haren gorputzari “itsatsita”, loak hartu ahal izan dezan. Pixkanakako prozesu bat egin beharko da, haurrak eta gurasoek onartzeko moduko errutinak eta banantze-erronkak sortzeko. Hilabeteetako umetxoak direnean, oro har, oraindik presentzia handia behar izaten dute lo hartu ahal izateko. Álvaro Bilbaok baldintza batzuekin egin beharreko metodo bat proposatzen du (oraindik eskatu ahala elikatzen bada, ez 6 hilabete bete baino lehen, ez gurasoak prestatuta ez badaude, ez banantzeko larritasun handia badago, ez justu familian aldaketa garrantzitsuren bat egon bada, …). Urratsak honela laburbil daitezke:
- Lo atsegingarri baterako prestatzea, egunean zehar afektu- eta jolas-jarduerak eginez.
- Logela prestatzea.
- Une egokiaren zain egotea. Joan ikusten gauean gutxi gorabehera zein ordutan egoten den haurtxoa nekatuen lo hartu ahal izateko, eta lagundu asaldura edo urduritasuna jaisten lo egingo duenaz bestelako testuinguru batean.
- Hasi aurretik, geure burua lasaitasunez betetzea. Horretarako, garrantzitsua da norbera seguru sentitzea eta emozio hori geure gorputzean zelan sortu jakitea.
- Lotarako prestatzea: masajea, pixoihala, pijama eta elikatzea … erritmo motelean eta lasaitasunera bideratuta.
- Ipuin bat irakurtzea edo abesti bat abestea, adinera egokituta.
- Ia lo geratzen laguntzea.
- Sehaskan edo lo egiteko lekuan lasai egoten laguntzea.
Sara Traver-ek umetxoei siesta egiteko uneak uztearen garrantziaz berba egin du. Adibidez, goizean ordubeteko siesta eta arratsaldean ordu eta erdikoa. Era berean, “laguntza” desberdinak probatzea proposatzen du, umetxoak lor dezan behar duen lasaitasuna, gauza jakin bati (bularrari, biberoiari, txupeteari, …) “lotu” barik lokartzeko. Beste aukera batzuk dira eroatea, besoak, paseatzea, … aurrerago pelutxeren bat…
Noiz kezkatu
Ikusi dugunez, nahiko ohikoa da umetxoak gauez hainbat aldiz esnatzea, batez ere bolada batzuetan eta aldi batez. Gero, gutxiago esnatzen dira edo azkarrago lokartzen dira, beraien loa aldatu ahala, zenbait ondoez desagertu egiten dira, ohitu egiten dira umetokiz kanpoko ingurunera, … eta errutina batzuk sartzen has gaitezke orduan.
Dena den, badira seinale batzuk kontuan hartzekoak, eta agertzen badira espezialistaren batekin kontsultatu beharko genituzke. Álvaro Bilbaok honako hauek proposatzen ditu:
- -Haurrak oso-oso lo gutxi egiten du guztira (egunez + gauez; batzuetan, lo egoten dira bularra edo biberoia hartzen ari direnean ere, eta denbora hori kontuan hartu behar da). Haurra ezin da ama edo aitarengandik une batez ere banandu lo egiteko, ezta loaldi sakonean ere (egunez edo gauez).
- Haurra lo geratzen da, baina oso modu deigarrian eta bat-batean denbora gutxira esnatu egiten da, eta hori behin eta berriz gertatzen da askotan (apnea bezalako arnasketa-arazoak egon litezke).
Haurren loa aldatu egiten da, eta etapa batzuetan atseden gehiago hartu ahal izango dugu. Bitartean, saia gaitezen lassssssssssssaitasuna lortzen…
Bego Ruiz, psikologoa eta gizarte hezitailea
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.