Lotara joaten denean, umeak galera- edo banantze-sentipen txiki bat izaten du beti. Horregatik da hain garrantzitsua gure haurtxoentzat, baita gure haurrentzat ere, erabat babestuta sentitzea, eta konpainia hori, kontaktu hori, txikerrenek hurrupatze hori… sentitzea. Guztiz normala eta naturala da umetxo bat gure besoetan lokartzea, amaren bularra xurgatuz edo maitasunez biberoi bat ematen diogun bitartean lokartzea.
Txarto dago hori? Sarri-sarri galdetzen didaten zerbait da. Zerbait gertatzen da umetxoa nire gainean lo geratzen delako? Erantzuna ezezkoa da, umeek konfiantza hori behar dute benetan indar-berritzailea izango den lorantz bideratzeko.
Baina zailtasun batzuekin topo egiten dugu laguntza normal horiek, lehen haurtzaroan ezinbestekoak ere esango nuke, baliabide bakartzat hartzen ditugunean. Gure seme edo alabak bularrean lo hartzen badu, edo besoetan, amarekin, aitarekin, txupetearekin, txupete barik, benetan normala den egoera baten aurrean gaude. Gure seme-alabek behar gaituzte, baina batzuetan ataka txikietan sartzen gara, konturatzen garenean motxilan kargatzen dugunean bakarrik lokartzen dela (eta ez naiz ari lo-kuluxka bat egiteaz paseoan gabiltzanean, baizik eta goizaldeko hiruretan), edo esnea hartzen duenean bakarrik lokartzen dela. Eta harrapatuta sentitzen gara gure seme edo alabak atseden hartzeko formula bakarra daukagulako. Haurren lo-zikloak benetan laburrak direnez, egoera horretan egon gaitezke gau osoan berrogei edo berrogeita hamar minututik behin esnatzen diren umeekin, lo egiteko behar duten ezinbesteko laguntza hori eten barik eskatzen digutela.
Eta lo hartzeko formula aurkitzen ez badugu?
Gure seme edo alabari zelan lagundu ez dakigun egoera horretan gaudenean, formula bakar batean trabatuta gaudenean, garrantzitsuena baliabide berriak sortzeko lan egitea da. Eta ‘baliabide berriak sortzeko’ diot, eta ez dauzkagunak ezabatzeko, zeren eta benetan garrantzitsua malgutasun hori lortzea baita, haurrak egoera ezberdinetan lo hartu ahal izan dezan. Kontua ez da haurra bera bakarrik sehaskan lo egitera behartzea, nekatu egin zarelako beti zure gainean lo egite horrekin; baizik eta, agian, zelanbaiteko mugimenduarekin lo egiten laguntzea, beste norbaitekin lo egiten irakastea, pixkanaka besoetan lokartzen uztea, gero, bakoitzean lehentxeago, sehaskan uzteko, saiatzen ari zareten lez.
Lokartzeko kanpo-ohiturak naturalak, berezkoak dira, normala da laguntza horiek behar izatea. Beraz, aholku bat ematerik baldin badut, malgutasuna bilatzeko, modu gehiago bilatzeko esango dizut; eta une batean ezinezkoa dela ikusten baduzu, formula bakar batean trabatuta geratu zarela ikusten baduzu, lan egizu ohitura hori ezabatzeko eta jarri arreta beste baliabide batzuk sortzen, horiek ere pixkanaka ezabatuz joateko, eta azkenean bilatzen ari garen autonomia hori lortzeko.
Zein da gure seme-alabak kontsolatzeko daukagun tresnarik indartsuenetako bat?
Zuk ulertzea gura dudan gauzarik garrantzitsuena da laguntza horiek, lokartzeko kanpo-ohitura horiek, naturalak direla. Normala da, etxe guztietan gertatzen da, eta gauaren erdian denok ibiltzen gara bularra, biberoia, txupetea ematen. Prozesu hau igarotzeko eman diezazukedan aholkurik errazena hauxe da: jarri zure arreta laguntza-mota bakar batean. Adibidez, bularretik, biberoitik, txupetetik pasatzeko, erraza izango da besoetan bakarrik zentratzea. Kontaktu fisikoa da gure seme-alabak kontsolatzeko daukagun tresnarik indartsuenetako bat. Beste laguntza-mota batzuk kendu eta kontaktu edo ukipenarekin bakarrik geratu zarenean, besoetako denbora hori gero eta laburragoa izan dadin lan egin dezakezu, azkenean sehaska konkistatzea lortu arte.
BBK Familyn atal oso bat prestatu dizugu behar duzuna aurki dezazun, haurdunalditik hasi eta umetxoaren lehen hilabeteetara arte. Edoskitzea, atxikimendua nola garatu, zer egin malita jartzen bada, sukarrak konbultsionatzen badu. Eta zure semeak 13 eta 24 hilabete bitartean baditu, doako tailer presentzial bat izango dugu, “familian jolasteko” 3 saiokoa. Informazioa jaso eta zure plaza erreserbatu dezakezu hemen.