Nola izango litzateke egiteari uztea? Zelan izango litzateke EZER EZ EGITEA, hazkuntzaren zailtasunen aurrean?

«Gizon aktiboen akats nagusia», idatzi zuen Nietzschek: «Aktiboei normalean jarduera handiago bat falta zaie […] horri dagokionez, alfer edo nagiak dira. […]Aktiboak pirritan doaz, harri bat bezala, mekanikaren ergelkeriaren arabera.”

Jarduera-mota desberdinak daude. Mekanikaren ergelkeriari jarraitzen dion jarduera pobrea da etenaldietan. Makina ez da gelditzeko gai. Kalkulu-gaitasun handia duen arren, ordenagailua tentela da, zalantza-gaitasuna falta zaio-eta”.

Byung Chul Han, Nietzscheren Gizatiarra gizatiarregia izeneko liburua aipatuz, bere Nekearen gizartea liburuan.

“Gizakiaren zoritxar guztiak gela batean eserita eta bakarrik egoteko gai ez izatearen ondorio dira.”

Lola Lopez Modejar, bere Invulnerables e Invertebrados liburuan Blaise Pascal aipatuz.

Errendimenduaren garaiak, non bizi garen eta non egiten dugunak ia berehalako emaitza eman behar duen, denbora darama gure kontsultategietako elkarrizketetan. Egoera zailak konpontzeko tresna, aholku eta jarduera bila dabiltzan pertsonak. Prozesu laburrak, konponbideetan eta sintoma “osatzean” oinarrituak. Hazkuntzan dudan antsietatearekin, jan gura ez duen edo eskolan arazoak dituen alabarekin, etxean dugun baina gero eta arrotzagoa dirudien nerabearekin, porroak edo alkohola kontsumitu dituelako eta zelan aurre egin ez dakigulako daukagun sustoarekin… egin dezakedanari buruzko galdera edo itaunak.

Erantzunak aurkitzea da kontua, eta, batez ere, “konpontzen” lagunduko diguten ekintzak eratzea. Eta, bide batez, gure gorputzak betetzen dituen larrimin hau eta mehatxatzen gaituen galdera pila hau gainetik kentzea. Zer egin ez jakitearen gogortasuna bizitzeari utzi behar diogu. Eta are garrantzitsuagoa dena: egoera honetara iristeko zer egin dugun ez jakitearen galderatik urrundu behar dugu (susmatzen dugun edo ez, baina hor atzean dagoen galdera). Erantzule sentitzearen errua. Egiteko garaia da. Aldaketak eragiten dituzten baliabideak aurkitzekoa. Negatiboa baztertu eta egin dezakegun horretan arreta jartzekoa.

Beste presentzia-gune ezegonkorrago batzuetan, sareetan esaterako, gurasook irrikaz ibiltzen gara errezeta, kontsigna, metodo, protokolo, etengabe errepikatzen ditugun esaldi… bila, zailtasunaren hutsuneari aurre egiten dioten ziurtasunak balira bezala. Ekintzarako, erreakzionatzeko garaia da, baita geldi geratzeko eta sostengatzeko izaten ari garen zailtasunaren zaurian ukitzekoa ere. Guraso gisa geure burua sostengatzeko beti zalantzazkoa eta erantzun absoluturik gabea den hazkuntzaren erronkaren aurrean. Ez jakitearen hutsunea, ‘ebaki eta itsatsi’ motako ziurtasun ugariz betetzen duguna.

Jakina, ekintza beharrezkoa da aldaketarako. Batez ere, premiazko edo arriskuko uneetan. Ezinbesteko inertzia bat da desberdintasuna markatzen duten baliabideak aktibatzeko, egoerak birbideratzen laguntzeko, gure seme-alabek egiteko, ikusteko, sentitzeko… moduak aurkitzen joateko, hobeto bizitzeko lagungarri izango zaizkienak.

Errespetuzko hazkuntza-ereduak, bizitzarako trebetasunak lortzeko lana, soluzioetan ardaztutako terapia, bulkadak kontrolatzeko edo adikzio edo mendetasunen eremuko arriskuak kudeatzeko lana… mila eta bat eredu eta tresna, lagungarri izan dakizkigukeenak, eta egoera eta zailtasun ugari lantzeko beharrezko laguntzak direnak. Egitea, jakina, ezinbestekoa da konpontzeko.

Baina, zer gertatzen da egiten, hainbat baliabide eta “soluzio” txertatzen ari garenean, eta aldatzen ez diren posizionamendu, jarrera edo bizipenekin jarraitzen dugunean? Zer gertatzen da espazio terapeutikoan, sintoma nabarienei aurre egin ostean, errepikatzen diren sakoneko egoerekin berriro topo egiten dugunean? Zer gertatzen da familian oraindik ere askatu ez ditugun loturak konponduko dituen leku bat aurkitzea kosta egiten zaigunean? Gure aitarekin, amarekin, semearekin edo alabarekin, exijentziarekin, lanarekin, emaitzekin, arrakastarekin, familia zabalarekin… “leialtasun ikusezinak” balira bezala lotzen gaituztenean?

Izan ere, tresnak, eta hezkuntza-baliabideak, laguntza-baliabideak eta baliabide pertsonalak eskuratzen joatea, garrantzitsuak dira, eta, askotan, ezinbestekoak, erantzuteko. Baina baita ere garrantzitsua da egoera jakin batzuen aurrean egitea motz geratzen zaigula. Gure biografien sorreratik zertzen ari diren bizipenen aurrean. Baliabide soil bat baino sakonagoak diren inertzia familiarren aurrean, edo guraso gisa leku batean kokatzeko premiaren aurrean, ondo ulertu arren eta zergatik ez jakin arren, kosta egiten zaigu bizitzea. Jakitea, adibidez, mugak jartzearen garrantziaz eta hori egiteko zailtasun handiaz, aspaldidanik barneratuta dauden neba-arreben arteko inbidia-egoerez –nondik sortzen diren ulertu gabe–, bikoteko kide baten eta bestearen arteko zeregin desberdinez, eta hazkuntzek dakarkiguten harreman-eskakizunaren aurrean behin eta berriz agertzen diren haserreez…

Nire aldetik, berehalako erantzunaren eskaera horren aurrean, gero eta gehiago erantzuten dut kontsultategian esaldi sinple honekin: “Ezer ez egitera gonbidatzen zaitut”.

Izan ere, beste testu batzuetan ondo esan dudan bezala, hazkuntzaz ari garenean familia-sistema konplexuez ari gara, “natural”tzat bizi ditugun harreman-trama edo bilbeen ondorengoez. Bizipen eta lotura sakonak, gainditzen gaituztenak eta izaeraren bidez transmititzen ditugunak. Izaera, haurtzaroaren hasiera-hasieratik, batez ere inkontzienteki, eraikitzen gaituzten eta eraikitzen ditugun harreman-egitura gisa. Eredu horiek aldatzen saiatzea, ekintzen eta erreakzioen joan-etorri hori, ariketa konplexu eta zaila da, eta, batez ere, geldoa eta prozesuala. Aldatzen saiatu beharrean, askotan ikustea, geure burua ikustea, kontzientzia hartzea, onartzea da kontua.

Eta horretarako lehenengo eta ezinbesteko urratsa geldi geratzea eta jarduteari uztea da. Ekintza bertan behera uztea une historiko batean, non, beharbada, geldi geratze hori izango baita aurkitzen dugun zailtasun handienetako bat. Guztiak ekintzara deitzen gaitu.

Baina egiteari utzi, zertarako?

  • Inertzia geldiarazteko. Bizi ditugun egoera askok ekintza erreaktiboekin zerikusia dutela ulertzeko. Ekintza erreaktibo horietan, sistemako pertsonok leku bat, paper bat eta inertzia bat dugu, elkarrekin bizitzeko modu bat atzeraelikatzen duena, eta hori ez da “funtzionatzen” ari eta sufriarazi egiten digu. Gelditzea egiteari uztea da. Eta ea zer gertatzen den ikustea, guk behintzat ez badugu ezer egiten. Zein da aldea? Erreakzionatzeari uzteko gai al gara? Zerk eragozten digu egiteari uztea? Zer gertatzen da gainerako pertsonengan gu ekintzatik aldentzen garenean?
  • Bereizteko eta urrutitik ikusteko. Etengabe nahasturik gaude etengabeko jardun honetan. Kosta egiten zaigu bereizi edo banantzea… haserretik, konpondu eta soluziobideak aurkitzeko beharrizanetik, urduritasunetik, norberaren eta maite ditugun pertsonen larriminetik. Nahastuta gaude eta bat etortzen gara gureak diren ala kutsatu zaizkigun ez dakigun emozio eta bizipenekin. Geldi gera zaitezte, bereizteko eta jakiteko zer den zuena eta zer ez. Batez ere, ni zelan sentitzen naizen jakiteko. Zerk haserretzen, larritzen, mintzen, tristatzen, beldurtzen… nau? Zer behar dut? Gelditu, ikusteko norekin nagoen nahasita, korapilatuta. Zer sentitzen dut inplikatutako pertsona bakoitzari dagokionez? Nor defendatzen dut, nori ari naiz leial izaten, eta nor errespetatzen dut edo ez?
  • Sostengatzen ikasteko, eta ez erreakzionatzen bakarrik. Baldin eta, planteatzen dudan bezala, larregi jarduten badugu (edo, batez ere, jarduten jartzen badugu arreta), ez da baldarkeriagatik, disfuntzio edo borondate txarragatik. Baizik eta, batez ere, batzuetan errazagoa delako egitea sostengatzea baino. Horrela, egiteari uzten diogunean, larrimina, estresa, beldurra sartzen zaigu. Zerbaitengatik dira antsietatea eta depresioa denbora honetako gaixotasunak. Konpontzeko exijentzia etengabearen aurrean antsietatea, eta egitera ez iristeko, gizarte-erronkaren aurrean atzera egiteko, amore emateko… depresioa. Horregatik ez gara gelditzen. Geldi geratzeko ariketa kontziente egin behar dudan ekintza bat da, ulertzen dugunean erreakzionatzen ari garela kosta egiten zaigulako sostengatzea. Egiteak ihes egiten ari garen horrekin topo egitea saihesten du. Eta ikustea, onartzea eta sostengatzea kosta egiten zaigun zerbaitetatik ihes egiten dugu bakoitzak. Horrela, geldi geratzea sostengatzearen gimnasia hori lantzen hastea da. Neure beldurrari eusten diot eta konfiantza dut, neure erruari eusten diot eta neure gain hartzen dut erantzukizuna, edo nire haserrea aktibatu eta besarkatzen dut, neure buruaz atsegin ez dudan irudi horrekiko ondoeza sostengatzen dut eta neure burua ikusteko era zabaltzen dut, hori ere banaiz, edo neure haserrea, nekez aitortzen dudana eta nire bizi-indarra beste era batera elikatzen duena. Zer errefusatzen dut edo zer kostatzen zait sostengatzea?
  • Beste pertsonari leku bat emateko. Jardutearen etengabeko inertzia horretan, batez ere guraso gisa dugun zereginetik, batzuetan ahaztu egiten dugu gure seme-alabek egiten duten bidea ez dela gurea. Batzuetan ahaztu egiten gara edo beste pertsonaren ordez jarduten dugu konpondu “beharra” duten ekintza piloarekin. Horrela, gelditzeak itxarotea eta beste pertsonari jarduten uztea dakar. Izan ere, ezer egiten ez dugunean, gure seme-alabek jardun dezakete, edo ez. Gelditzeak hutsune bat sortzea esan nahi du, eta hor zer egin nahi duten ala ez galdetu beharko diote beren buruari. Zer definitzen dituen desiotik, beldurretik, irrikatik, inertziatik edo dauzkaten edo eskuratu behar dituzten baliabideetatik. Eta zelan erlazionatuko diren gure ustez egin beharko luketenari buruz, ezkutuan edo agerian, ditugun itxaropenekin. Hutsuneak larritasuna sortzen du, baina zalantza sortzeko eta nor naizen eta nora joan nahi dudan galdetzeko modu bakarra ere bada. Ez-egite horrek ere aukera ematen digu gure itxaropenekin topo egiteko distantzia horretatik. Nire ustez, zer egin beharko luke, zer egin dezan nahi dut, zer egin BEHAR du…? Zer gertatzen zait egiten ez duenean, edo eraikitzen ari den bide horretan nire burua islatuta ikusten dudanean?
  • Leku batean bizitzeko garen gorputzarekin, eta ez bakarrik geure buruari esaten dizkiogun hitzekin. Sentierei hitz egiten uzteko, gorputz-espazioak, eta ez soilik elkarrizketa mentalak, bizitzeko gonbidapena. Adibidez, galdetu zer gertatzen zaion nire gorputzari nire semea edo alaba gertu sentitzen dudanean. Tripak nahasita nabaritzen ditut, eskuak ixten zaizkit nire amorruari helduta, eztarria buxatzen zait korapilo bat bezala eta ahotsa jartzea kostatzen zait… tenkatuta, arin, indartsu, handiagoa, txikiagoa… sentitzen naiz, utzi gorputzari hitz egiten, zeren eta, arlo terapeutikoan gero eta argiago dugun bezala, “gorputzak kontua eroaten baitu”. Geure buruari galdetu, ideiez eta diskurtsoez harago… Zer (adierazi, aitortu, egin…) behar du une honetan ni naizen gorputz honek?
  • Prozesuei denbora emateko. Bizi garen garaiak begirada laburra du eta ibilbide luzeko prozesuetatik urruntzen gaitu. Twitterrek, orain X, Dostoievski garaitu du. Errendimenduaren garaia gure subjektibotasunetan ere kokatu da. Eta horrela, gure seme-alabek adimen emozionala izatea eskatzen dugu edo espero dugu, nahiz eta jabetzen garen emozioak adierazteko geuk dugun zailtasunaz. Gure buruari eskatzen diogu lanari hainbesteko balioa emateari uztea, baina bizitzaren oinarri gisa lanaren garrantziari eta balioari buruz sutan zigilatutako familia-aginduak gogoratzen ditugu. Harreman arinagoak eta epai gutxiagokoak izan nahi ditugu gizonekin edo emakumeekin, baina gure bizipen zail eta mingarriek gurekin jarraitzen dute harreman berri bakoitzean. Izan ere, zenbat denbora behar du udaberriak lehen lorea ateratzen uzteko? Bizitza prozesuak dira eta naturak bere garaiak ditu. Eta, areago, prozesu horietako gehienak ez dira ikusten, eta ikuspegi narratibo eta urrun batetik baino ez ditugu egiaztatzen. Horregatik, batzuetan, itxaronaldia bizi behar izaten dugu. Horrela bakarrik eman ahal izango dugu alde edo diferentziaren berri, geure burua denboraz eta ibilbide luzetik kontatze honetatik.
  • Geldi geratzea, bakardadearentzat eta konpainiarentzat leku gisa. Esaten genuen bezala, batzuetan geldi geratzen ez bagara, ezin dugulako da. Izan ere, sostengatu ahal izateko, sostengatuak izatea behar dugu. Eta gaur egun sostengatzeko ere mugimendu horretan lagun diezagukeen norbait behar dugu. Norbaitengan isuri ahal izatea galdera hauek, segurtasunik ezak, kezkak eta minak… Horrela, une egokia izan daiteke sostengatzen laguntzen diguten pertsona horiekin berriz konektatzeko. Geu ikusgai bihurtzea eta garen presentzia hori isurtzeko aukera izatea. Esanguratsutik, kexatik, eskakizunetik edo topikoetatik haratago. Geure burua kontatzea geure burua ikusten uzteko ausardiatik. Protagonismoa hartzea, babesa eta espazioa eskatuz. Beste batzuen aurrean izatera ausartzea. Beste pertsonengana irtetea, irekitzea hainbeste kostatzen zaigun baina ezkutatzeari uztea hain beharrezkoa zaigun, zati honekin. Lotsa hau, mugak jartzeko zailtasun hau, amorru hau, tristura hau, betiko zalantza hau ere bagara. Geure burua kontatzea presentzia hau, orainaldi hau bizitzeko. Eta horretarako espazio egokiak daudenean bakarrik, seguruak iruditzen zaizkigun giroetan. ‘Zintzozidioak’ behar-beharrezkoak bakarrik. Eta ziur asko beste hutsune batekin topo egingo dugu. Gero eta isolatuago dauden familien bakardadearekin; izan ere, kosta egiten zaigu lagun egiteko moduko pertsonak aurkitzea, azaleko gizarte-errituetatik haratago izateko aukera emango digun presentziatik. Elkarri laguntzeko espazioak, oasi gero eta aberatsago eta ezinbestekoago gisa.
  • Geldi geratzea, izateko. Garai honetan lortzea da kontua, izatea baino gehiago. Kontenplazioaren artea galdu dugu. Beraz, kontua ez da gelditzea emaitzaren bat lortzeko. Hori berriro errendimendua sartzea litzateke, eta gelditzeak gura dugun emaitza eman behar duela exijitzea. Gelditzea ziurgabetasunarekin, eta izatearekin, hustasunetik eta osotasunetik daukanarekin aurrez aurre jartzea da. Larrigarritik eta apartekotik duenarekin aurrez aurre. Kontua ez da batzuetan gelditzea zerbait lortzeko. Baizik eta arnasa hartzeko bakarrik. Hasieran ariketa larrigarria eta zaila izan daiteke. Baina denborarekin konexio-erritual bat ere izan daiteke. Txikia denarekin egoten ikastea. Arnasa hartzea baino ez. Emaitzaren exijentziarik gabe. Eta batzuetan, motxila hori jasateari uztea “bakarrik” da, beharbada, geure buruari egin diezaiokegun oparirik onena.

Raúl Castillo, psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

Menu

BBK Family Learning

×