Zenbat aldiz ikusi ditugu gurasoak entrenatzailearen eginkizunetan partida batean? Edo umeak blokeatuta larregizko autoexijentziagatik edo ama edo aita atsekabetzeko beldurragatik?
Kirolak emozio asko sortzen ditu, eta batzuetan ez dakigu horiek kudeatzen: lehiaketa baten aurretik tripako mina duten eta zergatikoa ulertzen ez duten haurrak, arreta guztia garaipenean jarrita duten eta emozio horiek kudeatzen zelan lagundu ez dakiten entrenatzaileak, beren laguntza-rolaz zalantzak dituzten gurasoak, etab.
“Futbolaz inoiz kontatu ez zidatena” liburuak gaitasun emozionalak garatzen eta emozioak modu osasungarriagoan kudeatzen laguntzeko helburuaz.
Deustuko Unibertsitatean eta, bereziki, Deusto FamilyPsych ikerketa-taldean garatutako ikerketa-proiektu zabalago baten barruan kokatzen da liburua. Ikerketa-proiektu horren barruan, Hunkitzen prestakuntza-programa sortu da, eta kirola bitarteko gisa erabiltzea du helburu, gazteen gaitasun emozionalak garatzeko eta, horrela, gazteen ongizate psikologikoa areagotzeko. Programa hori funtsezko premisa batetik abiatzen da: kirola, berez, ez da nahikoa nerabeen garapen positiboa bermatzeko. Aldiz, testuinguru egokiak sortu behar dira, prestakuntza-etapetan dauden neska-mutilek kirol-esperientzia osasungarri eta atsegingarriak izan ditzaten. Horren haritik, entrenatzaileen eta familien zeregina funtsezkoa da, eta, horregatik, figura horiek ere Hunkitzen programaren barruan sartzen dira. Programa horren barruan, liburua tresna bat da irakurketaren bidez gaitasun emozionalak eta harreman-gaitasunak sustatzeko kirola egiten duten haurrengan.
Gaur egun paradigma aldatzen ari den arren, alderdi psikologikoak eta emozionalak gai tabua izan dira, baita kirolaren munduan ere. Askotan, alderdi tekniko, taktiko eta fisikoak lantzea azpimarratu da, baina zer gertatzen da alderdi psikologikoekin? Zer gertatzen da kirolari batek zailtasun emozionalak dituenean? Alderdi horiek duten garrantziari buruzko ezjakintasunak, baita horiei dagokien konplexutasunak ere, zaildu egin dute kirola izatea kirolariek beren esperientzia emozionalak adierazteko eta/edo partekatzeko testuingurua. Horrekin batera, eskola-adineko kirolean sarritan ikusten dira formakuntza-testuinguru bati ez dagozkion praktika edo jardunbideak. Adibidez, garaipenean eta, ondorioz, lehian larregizko arreta jartzeak, ingurune hezitzaileekin batera, formalki aurreikusi bako kudeaketa emozionala eskatzen duten egoeren aurrean jartzen ditu haurrak. Hori guztia ikusita, agerian geratzen da haurrek beren emozioak modu osasungarrian ulertu eta horiekin erlazionatu ahal izateko moduko kirol-jarduerak garatzeko premia edo beharrizana dagoela.
Aipatutako beharrizanak asetzeko helburu nagusiarekin, “Futbolaz inoiz kontatu ez zidatena” liburuaren helburua da kirol-ingurunean eta, ondorioz, eguneroko bizitzan izaten dituzten emozioez jabetzen laguntzea kirolari gazteei. Liburuko pertsonaiek kontatutako esperientzien bidez, hainbat jarduera proposatzen dira kapitulu bakoitzaren amaieran, irakurleak lortutako ezaupideak praktikan jar ditzan. Testuan azaltzen diren narrazio gehienak gaur egun oraindik ere bizitzen diren benetako esperientziei buruzkoak dira. Horrela, gazteak identifikatuta sentitzea eta liburuko protagonisten bizipenekin konektatu ahal izatea espero da.
Liburua izateko idatzi mezu bat bbkfamily@bbk.eus-era.
Idazlea: Iñigo Aguinaga
BBK Family argitaratua