1968 urtean, Robert Rosenthal psikologoak, Jacobson eskola-zuzendariarekin batera, egungo hezkuntza-psikologiaren esperimentu garrantzitsuenetako bat egin behar zuen. Itxaropen edo espektatibek, hau da, haurren inguruko jendeak beraiengan jartzen duen konfiantzak, emaitza akademikoetan eta haurren garapenean eragina zutela frogatu behar zuten.
Esperimentua. Pygmalion efektua
Robert Rosenthal New Yorkeko psikologo bat zen, ikertzaileen itxaropenek bere esperimentuen emaitzetan nola eragiten zuten ikertzen zuena. Lenore Jacobson ikastetxe-zuzendaria zen, hainbat zientzia-arlotan egiten ziren aurrerapenen jakitun zen; besteak beste, Rosenthalen lanaren jakitun zen; horrela, harekin harremanetan jartzea erabaki zuen, azterketa bat egitea proposatzeko, ea ikasleengan jartzen zen konfiantzak erlaziorik ba ote zuen beraien emaitza akademikoetan.
Zalantzarik egin gabe, Robert Rosenthalek, Lenore Jacobsonekin hitz egin ostean, Kaliforniara joan eta ikerketari ekin zion.
Hasiera batean, ahozko gaitasunen test sinple bat egin zien ikasle guztiei, eta emaitza estandarizatuekin ikasle guztien batez bestekoaren barruan ikasle-lagin bat aukeratu zuen.
Irakasleei esan zien test berri-berri bat, ikasleen ahalmen edo gaitasuna neurtzeko gai zena, egin zutela, eta ikusi zutela ahalmen handiko ikasleen lagin bat zegoela. Egia esan, gaitasunen batez bestekoaren barruan zeuden ikasleak ziren. Baina, horrela, ikasle haiei konfiantza handiagoa ematen zitzaien irakasleen aldetik, eta talde esperimental bihurtzen ziren. Gainerako ikasleek kontrol-taldea osatuko zuten.
Ikerketak iraun zuen aldi akademikoaren ostean, talde esperimentaleko ikasleek beren kalifikazioak hobetu zituzten, irakasleek hobeto berba egiten zuten haiei buruz gainerakoei buruz baino, eta esanguratsuena zena, testa errepikatu zen eta igo egin ziren haien ahozko gaitasunak. Rosenthalek eta Jacobsonek frogatua zuten haur batengan konfiantza izateak bere emaitzak hobetzen dituela.
Golem efektua
Jakina, Pygmalion efektuak alderantziz ere funtzionatzen du. Haur batengan konfiantza gutxi jartzen badugu, bere emaitzak okertzea lortuko dugu, haurrak berak bere buruarengan konfiantzarik ez izatea bultzatuko dugu-eta. Ondo pentsatuta, hori logikoa da. Nork egin dezake zerbait konfiantza barik? Lantoki batean bagaude eta gure nagusiak gugan sinesten ez badu, litekeena da guk lan edo beharra txarto egitea. Haurrei gauza bera gertatzen zaie, haien inguruneak ez badu haiengan sinesten, gurasoak izan edo irakasleak izan, haien errendimenduak behera egingo du, eta kezkagarriagoa dena, haien garapen neuronalean eragin negatiboa izango du.
Ikasle batengan konfiantzarik ez duten irakasleek gutxiago galdetzera joko dute, erantzuteko denbora gutxiago ematera, konfiantzarik eza adieraziko duen hitzik gabeko edo berba bako komunikazioa erabiltzera. Horren guztiaren ondorioz, itxaropen negatiboak, hau da, Golem efektuak, emaitzak okertu egingo ditu.
Esperimentuak familian dituen ondorioak
Uste badugu eskolarekiko konfiantzak eragina izan dezakeela emaitzetan, imajina dezagun nola eragin dezakeen erreferentziazko pertsonen ─gurasoen─ konfiantzak haurrengan.
Gurasoen konfiantzak funtsezko tresna bat emango die haurrei etorkizunerako, autoestimua, hau da, eurek beren buruarengan izango duten konfiantza bizitza osoan. Psikologook ondo dakigu autoestimua hizkuntza bat bezalakoa dela, umetan ikasiz gero erraz lortuko duzu, baina helduagoa zarenean ikasi behar baduzu, askoz gehiago kostatzen da eta litekeena da inoiz ez izatea erabat garatuta.
Helduaroan autoestimua lantzea haurtzaroan baino askoz ere neketsuagoa da.
Beraz, oso garrantzitsua da, eta, gainera, enpirikoki horrela frogatu da, gure haurrei konfiantza ematea familiatik eta eskolatik; izan ere, horrek emaitza akademiko hobeak ekarriko ditu, bai eta beraien gaitasunak gehiago garatzea ere.
Zelan lortu gure txikiek konfiantza irabaztea
Konfiantza zein garrantzitsua den ikusi ostean, gure txikiengan konfiantza areagotzeko aholkuak beharko ditugu. Hemen dituzue funtsezko aholku batzuk.
- Kalitatezko denbora eskaintzea. Haurrek zer egiten dakiten erakutsi beharko digute, gurekin hitz egin eta gu beraien ispilu izan gugan beren buruak ikusteko, beren aurrerapenak egiaztatzeko. Haiekin denborarik pasatzen ez badugu, denbora horren falta izango dute, hain beharrezkoa dena gure konfiantza erakuts diezaiegun.
- Haiekin pazientzia izatea. Haurrak ez dira jakinda jaiotzen, eta gauza batzuetan denbora beharko dute ikasteko, baina horretarako egiten utzi behar zaie. Labanarekin moztu, platerean dagoena amaitu, orraztu, etxeko lanak egin eta beste hamaika jarduera. Pazientzia izatea beharrezkoa da, eta pixkanaka hobetzen joango direlako konfiantza izan. Ez gura izan gauzak lehen momentutik guk bezala egitea.
- Galderak egin eta iritzia eskatzea. Garrantzitsua izango da haien iritzia kontuan hartzen dugula ikusaraztea, hainbat gairi buruz galdetzea eta haien erantzuna arretaz entzutea. Horrela, guretzat garrantzitsuak diren izakitzat ikusiko dute beren burua, eta horrek autoestimuan hazten lagunduko die.
- Haien galderei erantzun eta haien jakin-mina txalotzea. Printze Txikiaren liburuan bezala, haurrek galdetu egingo dute eta ez dira geldituko erantzuna jaso arte. Hori oso gauza positiboa da, jakingura asetzen baitute eta, gainera, arreta ematen diegu. Baina erantzun egin behar zaie, beraiei galdera bat eginez bada ere.
- Egindako ahalegina goraipatzea, ez irabazi edo galdu duen. Irabaztea edo galtzea iragankorra izango da, baina, zalantzarik gabe, ahalegina sustatzen bada, iritsiko dira emaitzak eta haiek beren mugak gainditzea sustatuko dugu. Gaur egun, agian, ‘dena’ edo ‘ezer ez’ dugu ardatz, irabaztea edo galtzea, baina errakuntzan dago ikaskuntza eta hazkundea. Beraz, hori sustatzea funtsezkoa izango da beraien hazkunde pertsonalerako.
- Zerbait lortzen dutenean bete-betean zoriontzea. Batzuetan ez da zoriontzen edo erdizka zoriontzen da zerbait lortzen denean. Azterketan 8 atera duzu, zorionak, baina 9 ere atera zenezakeen. Horrela, betiko atsekabea sortzen ari gara, astoaren eta azenarioaren alegia edo fabula emulatzen ari gara, ez baitu bizitzan bere helburua inoiz lortuko.
- Ea sustatzen dituen gizarte-harremanak eta arautzen dituen pantailak. Gizarte-harremanetan hazkunde handia dago alderdi pertsonal guztietan; pantailetan, ordea, mundu artifizial batean ixten joango dira. Pantailetara jotzen badute, gizarte-tresnarik gabe eta etorkizunaren aurrean konfiantzarik gabe aurkituko dira.
- Ezarri mugak, baina autoritarismo edo larderiarik gabe, maitasunetik abiatuta. Mugak behar-beharrezkoak dira haurrentzat, noraino irits daitezkeen eta noraino ez jakitea, eta guraso eta irakasleok dugu horiek markatzeko ardura, baina, hori bai, irakaskuntzatik, maitasunetik. Horrela askoz finkatuago geratuko dira.
Haurra ahalmen eta gaitasun jakin batekin jaiotzen da, baina noraino irits daiteke gaitasun hori? Non dago horren muga? Nork esan dezake zer egin dezakeen edo zer ez? Zalantza barik, konfiantza handiagoa ematen badiogu, autoestimua handiagotzen badiogu eta bere irispidean dituen espektatibekin, hasten ari den bizitzako bidaia honetan urrunago iristea lortuko dugu, eta ez naiz maila profesionalaz ari, hazkunde eta garapen pertsonalaz baizik.
Jordi Martínez, psikologoa
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.