Esperma edo obuluen dohaintza anonimoari esker jaiotako haurrek esperientzia berdingabe bati egin behar izaten diote aurre, eta gero eta ohikoagoa den arren, horrek sentipen kontrajarriak eta jatorriari buruzko zalantza ugari sor diezazkieke.
Haien ikuspegia ulertzea eta laguntza- eta komunikazio-giroa eskaintzea funtsezkoa da nortasun sendoa eraikitzen laguntzeko eta galdetu eta beren zalantza eta kezka guztiak beldur barik partekatu ahal izateko.
“Txiki-txikitatik, haur hauek ezberdintasun bat hauteman dezakete beren jatorri-historian. Askotan familiek eurek aukeratzen dute adin goiztiarrean kontatzea, beste batzuetan gutxien espero den unean sortzen da galdera, eta beste batzuetan ez da horretaz berba egiten”, dio Beatriz Ibañez psikopedagogoak eta dohaintza anonimoari esker jaiotako alaba baten amak.
Edozelan ere, prest egotea komeni da. Elkarrizketarako prest egotea funtsezkoa da sentitzen dutena beldur barik adieraztera ausartu daitezen. Ezagutzen ez duten zati horren aurrean, beldur edo kezkak senti ditzakete ume batzuek. “Eredu tradizionala oraindik ere nagusi den gizartean ‘desberdinak’ senti daitezke. Izan ere, beren zati biologiko bat ez ezagutzeak ez direla egokitzen sentiaraz diezaieke. Arbuioarekiko eta ez onartuak izateko beldurra ere egon daiteke. Besteek beren historia ulertuko ez dutela senti dezakete, eta hura ezagutzean epaitu egingo dituztela. Eta azkenik, nork bere buruaren zati bat, emaileari dagokiona, ez ezagutzeko beldurra. Hori, batzuek gabezia gisa bizi dezakete, beren historian zerbait faltako balitz bezala, nahiz eta jaio zirenetik horrela ez den izan”, zehaztu du psikopedagogoak.
Komunikazio irekia eta zintzoa
Gurasoen aldetik, “batzuetan falta hori konpentsatzeko beharrizana sentitzen dugu. Nire kasuan, bi aldiz gehiago egon behar nuela sentitzen nuen, eta kalitatezko denbora are gehiago eman. Eta ez dakit nola edo hala azkenean hori transmititzen diegun, nahiz eta nire kasuan berehala konturatu nintzen ez neukala zer konpentsaturik, alabari ematen nion maitasun eta txerarekin aski eta nahikoa zela”, kontatu du Ibañezek.
Komunikazio irekia eta zintzoa sustatzearen alde egiten du psikopedagogoak; izan ere, beren zalantzak eta emozioak epaiketaren beldur barik adieraz ditzaketela sentitzen badute, beren istorioa ulertuko dute, gure ondoan baliozkotuko dute eta ez dira ezelan ere lotsatuta sentituko. “Ama edo aita ezkongabearen, bi amaren edo bi aitaren, edo seme-alaba biologikoak izaterik izan ez duten bikote heterosexual baten seme-alabak izan, dagokien historia kontatzea beti da onuragarria”, gaineratu du.
“Batez ere nerabezaroan galdetzen diogu geure buruari nondik gatozen, zer garen. Zer egin den eta nola lan egin den kontuan hartuta, astunagoa edo arinagoa izan daiteke, mamu bat ere sor daiteke eta. Oro har, sekretuak ez dira onak izaten”, gaineratu du adituak.
Horregatik, Ibañezek ahal denean informazioa ematera animatzen du, adingabeak galderak baditu eta xehetasunen bat partekatu badaiteke, horrek bere jakin-mina arindu eta lasaitasuna eman diezaioke. Zintzotasunak eta gardentasunak familia-harremana indartzen dute. “Hori egiteko modu asko daude, nik ama ezkongabea izatea pentsatu nuenean eguneroko bat idazten hasi nintzen, berak uler zezan. Horrela sortu zen “El latido de Rhina”ren zirriborroa, prozesua azaltzen duen ipuina, eta haren helburua nire alabak bere historia kontatzeko lagungarri izatea zen, adibidez, aitarik ez duela, eta norbaitek galdetzen bazion, horretan laguntzeko tresnak izatea. Berak jakin zezala amak gogo handia zuela bera edukitzeko, baina bikotekiderik ez zuenez, klinika batera joan zela laguntza eman ziezaioten. Ondo ulertu ahal izan zezala, ipuina haur-hizkuntzara egokitu bainuen», kontatzen du Ibañezek.
Aita idealizatu
Haurtzaroan, ama ezkongabeen kasuan, ume batzuek idealizatu egiten dute aita bat izatearen egoera. “Aita bat izatea zergatik gustatuko litzaiekeen galdetzen diezunean, gauza praktikoak erantzun ohi dizkizute, hala nola Erregeen kabalgata hobeto ikusteko bizkarrera igotzea”, azaldu du Ibañezek, eta gaineratu du berak bai nabaritzen duela hiruki bat egiteko hirugarren pertsona baten falta, nahiz eta lagunak etxera oso maiz ekarrita ase izan duten premia hori.
Azkenik, psikopedagogoak familia-aniztasuna ezagutzera eman eta azpimarratzera animatzen du (familia-aniztasunaren eguna maiatzaren 15ean ospatzen da eta aitzakia ona da gaia jorratzeko). Garrantzitsua da erakustea familia-mota asko daudela. Familia anitzak dauden jardueretan parte hartzeak lagundu egiten die ikusten dauden aukera ugarietako bat dela euren historia. Haur horiek batzuetan kezkei aurre egin behar izaten diete, baina maitasunarekin, ulermenarekin eta elkarrizketa irekiarekin beren historia berdingabetzat har dezakete; eta gurekin baliozkotzeak familia-lotura handiagoa ekar dezake. Beren jatorria harrotasunez eta maitasunez ulertzen laguntzea oparirik onena izan daiteke beraien hazkunde eta ongizaterako.
Jatorriari buruzko tailerra
Beatriz Ibañezek tailer bat emango du haurrek gai honen inguruan nahi dutena adierazi eta galdegin dezaten. “Batzuetan amarenganako desleialtasun bat bezala sentitzen dute beren jatorriaz galdetzen badute”, horregatik sortu dut gune seguru eta aske bat, non haurrek gogoeta egin eta beren jatorriari buruzko pentsamenduak eta emozioak adieraz ditzaketen, tresna sortzaileak erabiliz.
Jakin-minaren eta ulermenaren bilakaera, obodonazioz sortua izan zarenean:
Obodonazioz edo gametoak emanez sortua izanaren gaia lantzeko orduan, alderdietako bat izaten da gaiari buruzko jakin-mina eta balizko ulermena aldatu egiten direla adingabearen garapenaren etapa desberdinetan zehar, heldutasun emozional eta kognitiboaren mailaren arabera.
- Lehen fasea (0-5 urte): Oinarriak aurkituz joaten dira, hain txikiak izanik ez dute kontzeptu konplexurik ulertzen, hala nola genetika edo dohaintza. Baina hasiak dira entzuten duten guztiari buruzko informazioa xurgatzen (belakiak bezalakoak dira), familiako istorioen eta elkarrizketen bidez. Positiboa izan daiteke jatorriari buruzko narratiba positiboa sortzen lagunduko diguten ipuinak edota tresnak erabiltzea, modu erraz eta naturalean azalduta.
Garrantzitsua da, halaber, familia-aniztasuna lantzea eta familia-mota guztiak normalizatzea.
- Eskolaurreko adinean (5-7 urte): Aztertuz aurrera egiten dugu ulermen-maila berrietarantz, ulertzen baitute “haziak” behar direla ume bat garatu ahal izateko, baina oraindik ez dute asko sakontzen gai biologikoetan eta emozionaletan. Galderak egiten has daitezke, eta garrantzitsuena komunikazio arina izatea eta erantzuteko prest egotea da. Itaun edo galderak honelakoak izan daitezke: Zelan jaio nintzen? eta informazio apur bat teknikoagoa behar izan dezakete.
- Haurtzaro ertainean (8-12 urte): Normalean jakin-min sakonagoa agertzen da eta, aldi berean, beraien ulermen-mailak handiagoak dira, ulertzen dituzte kontzeptu biologikoak, eta lotura genetiko eta emozionalei buruz galdegin dezakete beren baitan. Oso litekeena da adin horretatik aurrera emaileari eta haren eginkizunari buruzko galdera zehatzagoak sortzea. Emailearen edo emaileen anonimotasunari buruzko galderak ere egin daitezke, halakorik balego.
- Nerabezaroa (13-18 urte): Etapa honetan funtsezkoak dira identitatea eta autodefinizioa. Une honetatik aurrera, zalantza sakonagoa ere sor daiteke. Eta sentimendu kontrajarriak edo ezinegona ere sor daitezke une jakin batean genetikari eta jatorriari dagokienez. Garrantzitsuena, edozelan ere, behar izan dezaketena aitortzea eta baliozkotzea da.