Jokuak erosi baino lehen, kontuan hartu behar dituzun 9 gako

Gakoak zeintzuk diren kontatu baino lehen, Gabonetan askotan esaten dugun esaldi bati buruz hitz egin nahi dugu, hau da:“Ondo portatzen ez bazara, Olentzerok ez dizu oparirk ekarriko”.

“Nik ez dut hau inoiz esango”, eta, plast!, itsualdi edo etsipen une batean, zure seme edo alabari esaten diozu. Ia konturatu barik, zure etxean entzuten zena errepikatzen duzu, edo kasketaldi madarikatu baten aurrean azken baliabidetzat erabiltzen duzu. Benetan ideia ona da hori esatea? Hona hemen horretaz zenbait itaun edo galdera:   

  • -Benetan opari barik uzteko gai izango ginateke? Beraien ilusiorik handienetako bat kenduko genieke? Orduan, zertarako esaten diegu?

  • Zer da ongi portatzea edo txarto portatzea? Ba al dago txarto portatzen den ume “gaiztorik”, ala emozioak digeritzea gehiago kostatzen zaien, akatsak egiten dituzten eta ikasi behar duten haurrak bakarrik daude?

  • -Lehenengoan obeditzen duten neskatoak al dira “zintzoak”, gure maitasuna eta opariak merezi dituzte? Geldiezinagoak, desafiatzaileagoak eta gehiago mugitzen diren neskatoak “bihurriak” dira eta gure maitasun eta opari barik geratuko dira?

  • Zelan kuantifikatu, zehaztu eta baloratuko dugu gure semea edo alaba ondo portatzen den edo ez?  Zenbat aldiz jaso behar ditu jostailuak edo kontsola lehenengoan utzi?  
  • -“Dena ikusten” duen norbaiten aldetik “aztertuta” sentitzen den ume bat, seguru eta lasai sentituko ote da?

  • -Gabonak igaro ostean, “ondo portatu” eta opariak jaso ondoren, txarto portatu ahal izango da berriro?  Zer esango diogu orduan?

  • -Ez al da esaldi hau “ezkutuko” mehatxu bat izango min gehien egin edo gehien “izorratzen” duen alderantz? Ondo portatuko da bere osasun, autonomia eta bizikidetzarako zer den egokia ikasiko duelako? Ala opari barik geratzeko zigorra saihestu gura duelako bakarrik egingo du?

  • Berak ere gero horrelako mehatxuak erabiliko ote ditu bere lagunekin, pertsona otzana bihurtuko ote da, ala “bihurria arrazoi barik”?

Galdera horiek zalantzak sortzen badizkizute, beste aukera batzuk bilatu beharko ditugu diziplina positiboaren eredu baten barruan hezteko. Honelako esaldiak edo beste hauen antzekoak erabili barik: “Txarto portatzen bazara, mamarroa etorriko da eta jan egingo zaitu” edo “Barazkiak jaten ez badituzu, ez zaitut maitatuko”. BBKFAMILYren Lau “irteera erraz” gure seme-alabek jaramon egin diezaguten… baina eraginkorrak dira? artikuluan, ideia batzuk aurkituko dituzu.

Olentzero, Aita Noel edo Errege Magoak fantasiazko munduaren parte dira. Neska-mutikoek zelanbaiteko fantasia bizi behar dute beren emozioak adierazteko eta “indartsuago” sentitzeko. Beren beldurrak pertsonaia fantastiko (sorgin, otso, ogro edo marrazki bizidunen munduko beste) batzuengana zuzentzen dituzte. Indartsu edo ahalguztidun izateko eta “gaiztoak” garaitzeko aukera superheroien bidez gauzatzen dute. Gorputzeko aldaketengatik dolua egiten dute eta euren hazkundea Perez sagutxoaren etorrerarekin ospatzen dute, adibidez. Eta jaio izanaren, ume izatearen eta familian gozatzearen alde “ona” Olentzeroren etorrerarekin lotzen dute. Ilusioaren ospakizuna da etapa honetan, eta errespetatu egin behar dugu.

Edozelan ere, Olentzerori “opariak” ekartzerakoan zenbait irizpide kontuan izateko “eska” diezaiokegu:

  1. 1- EZ “JOSTAILUEN INBASIORIK”. Lehenik eta behin, kontsumo arduratsuan hezi behar ditugulako. Bigarrenik, umeek ez dutelako gaitasunik aldi berean jostailu askorekin “gozatu eta jolasteko”. Ez da ezer gertatzen ados jartzen bagara opari “kolektibo” bat edo bi emateko, edo esaten badiegu Olentzerok ezin duela jostailu jakin bat ekarri, asko “kostatzen” delako egitea.

  2. 2- BADA “JOLAS-BIZITZARIK” PANTAILETATIK HARAGO. Baliteke Olentzerok pantailadun gailuren bat edo horietarako jokoren bat ekartzea, baina garbi izan behar dugu garrantzitsua dela opari “gehienak analogikoan” egotea (batez ere, lehen haurtzaroan).


  3. 3- KONTUZ “EZKUTUKO SEXISMOEKIN”. Agian argi izango dugu arrosa ez dela neskena bakarrik, ezta urdina ere mutilena soilik. Edo mutiko batek panpina janzten jolas egin dezakeela eta neska batek baloiaz futbolean. Hala ere, badira hainbat “baldintzatzaile sexista”, eta kontuan hartu behar ditugu. Aragoiko Gobernuak Jostailu ez-sexistei buruzko Gida atera zuen, eta ikus dezakezue.  


  4. 4- GORA KONTSUMO “ARDURATSUA”! Ingurumena errespetatzen duten jolasak eta jostailuak, birziklatuak, artisau eran eginak, dimentsio solidarioa dutenak, bertatik bertara salduak,

  5.  
  6. 5- TRATU ON ETA HAUR-ESKUBIDEEKIKO BEGIRUNEA. Duela urte batzuk, ICTI kodea sortu zen, eta jostailuak era legezko, seguru eta osasungarrian egitea sustatzen eta ingurumena errespetatzen duten erakunde edo enpresei baino ez zaie ematen.  Horren barruan sartzen da haurrak, eskulan gisa, ez erabiltzea jostailuak egiteko. Horri buruz gehiago iker dezakezue Kontsumobideren Gida honetan.

  7.  
  8. 6- BAKARRIK, LAGUNEKIN EDO FAMILIAN JOLASTEKO. Interesgarria litzateke Olentzerok ekarriko dituen elementu ludikoen artean bai bakarka eta bai pertsona gehiagorekin, adibidez familian, gozatzeko modukoak egotea.


  9.  
  10. 7-“BURUA ETA EMOZIOAK BEROTZEKO” MODUKOAK. Gure helburuetako bat da haurrek, autogestio emozional onarekin, pentsamendu abstraktu, gogoetatsu eta originala izan dezaten bultzatzea. Horregatik, Olentzeroren zakuan sartu beharko lirateke irudimenezko jolasak, esperimentaziokoak, arazoak konpontzekoak, adierazpen artistikorakoak, …. 

  11.  
  12. 8- IRAKURKETA. Ez da larregi irakurtzen duen belaunaldia. Jakina, liburu propiorik edo mailegaturik ez badute, ez dute irakurriko. Beraz, beraien interesak eta jakin-mina ezagututa, Olentzerok beti ekar dezake ipuin edo libururen bat.


  13.  
  14. 9-“HAIEN GURARI ETA INTERESAK KONTUAN IZATEA” MUGA BATEN BARRUAN. Ondo dago beraien desira edo gurariak kontuan hartzea. Eta, horrela izanik, irizpide ekonomikoak, hezkuntzakoak edo adinari buruzkoak ere kontuan hartu behar dira. Kontsola bat superdesira edo gurari bat izan daiteke, baina ikusi beharko dugu beste baldintza batzuk betetzen dituen edo ez, … frustrazio posibleren bat landu ahal izateko aldez aurretik, Olentzerori gutuna idaztean, adibidez.  


Hori guztia kontuan hartuta, adinaren araberako ideia batzuk proposatzen dizkizuegu. Jolas-material hauek psikomotrizitate-gelan, jolas kooperatiboko talde-tailerretan, familian emozioak lantzeko jardueretan, … erabiltzen ditugu. Adin-orientazioak erlatiboak dira, jolas askok adin ezberdinetarako balio baitezakete, eta haur bakoitzak bere interesak eta erritmoak baititu.

TXIKERRENENTZAT

Adin horietako joko-iturri nagusia zaintzaileekiko interakzioa da, baita “mugitzeko” eta “mundua” deskubritzeko aukera ere.Honako hauek sar ditzakegu: peluxeak, txintxirrinak; ukitzeko, marruskatzeko, zarata egiteko, atzemateko, … materialak. Eta, adibidez, lo lasai egiteko ohitura errazten duen musika eta ikusizko elementuren bat (“gauza” gehiegirik gabe).

2-3 URTERA ARTE

  • -“Zakutxoak“, hainbat testura edo ehunduratakoak, ukitu, taldekatu eta taldeak desegin, ontziak bete eta hustu, … ahal izateko.
  • Bainuan jolasteko “panpinak”, ontziak edo elementuak.
  • “Estimulazio-kaxak edo altxor-saskiak”, etxean bertan sor daitezkeenak eguneroko elementu batzuekin edo beste bereziago batzuekin:  errulo bat, iragazki bat, txintxirrin bat, hondartzako maskorrak, kortxoak, egurrezko pintzak, pinaburuak, artilezko harila, …
  • Eraikuntza- eta mihiztatze-jolasak (kuboak, eraikitzeko pieza handiak, … mihiztatzea)
  • “Arrainak harrapatzeko” jolasak, edo begi-eskuen arteko koordinazioa modu dibertigarrian lantzeko.
  • Peluxeak eta panpinak.

4 URTETIK 6 URTERA

Ideia batzuk proposatzen dizkizuegu, adin handiagoetarako ere balio dezaketenak:

  • Askotariko tamaina eta koloretako oihalak dituen kutxa. Mozorrotzen, antzerkia egiten, filmak egiten, … jolasteko, jolasak sortzeko…
  • -“Maleta”, eskulanetarako materialekin (plastilina, akuarelak, goma eva orriak, koloretako gometak, …)
  • Eraikuntza-jolasak, egiturak, trenbideak, errepideak, garajeak, … askatasunez sortzeko.
  • Kartoizko kaxak, tamaina askotakoak (berriak edo birziklatuak). Joko handia eman dezakete, bideo honetan ikusten den bezala. Antzeko beste aukera bat “kartoizko etxe” handiak dira muntatzeko, apaintzeko eta beraiekin jolasteko.  
  • “Zaintza” jolasak. Umetxo bat zaintzeko, maskota bat zaintzeko, …
  • Mandala koadernoak koloreztatzeko.
  • “Mosaiko eta perlen” jokoak, beraiekin irudiak egin eta beroaz edo itsasgarriz zigilatzeko.
  • Arbel “magikoak”, marraztu eta idatzi, ezabatu eta berriz hasteko.
  • Ebakigarrien jokoak. Adibidez, BBKFAMILYren “Beste familia batzuk ezagutzen” delakoan sartuta dagoena. (bbkfamily@bbk.eus).

7 URTETIK AURRERA

Aurreko zerrendaz gain, hauek ere sar ditzakegu:

  • Dado-jolasak, istorioak eta ipuinak sortzeko sinboloekin.
  • Kirolerako elementuak: saskiak, ateak, mazoak, patinak, patineteak, igerilekurako uztaiak, …
  • Puxtarri-zirkuituak, musika sortzeko aukera barne izan dezaketenak.
  • Karta-jokoak. Tradizionalenak, gai dibertigarriekin eta balioak sustatzen dituztenak, adibidez, kulturartekotasuna, feminismoa, ingurumena, BBKFAMILYren “Más que palabras/Berbak bainoago” karta-jokoak familian tarte dibertigarri bat pasatzeko aukera ematen du, elkar gehiago ezagutzeko, emozioak adierazteko eta gure maitasuna erakusteko.  bbkfamily@bbk.eus helbide elektronikoan eska dezakezue.  
  • Eraikuntza-jokoak, “konplexutasun” handiagokoak. Aparatuak, robotak, ibilgailuak, gazteluak, … sortzeko.
  • “Zientziarekin” lotutako jolasak. Kimika, elektronika, botanika, indusketa, ingurumenaren zaintza…
  • Mihiseak zuri, margotzeko materialarekin.
  • Mahai-jokoak ikusmen-zorroztasuna, arreta biltzea edo kontzentrazioa, eta koordinazioa lantzeko (elementuak azkar aurkitzea, bikoteak egitea, piezak kentzea dorreak suntsitu barik, gorputza “ezinezko” jarreretan jartzea, koloreak konektatzea, soinu- edo ikusizko sekuentziak errepikatzea, …).

Papiroflexia-jolasak paperezko irudiak sortzeko.

11 URTETIK AURRERA

Gauzak zailtzen hasten dira, adinean “gora” kontsolen presioa areagotu egiten da eta. Hona hemen ideia batzuk:  

  • Walkie-talkieak, lagunekin jolasteko naturan edo parkean, adibidez.  
  • -Askotariko mahai-jokoak misterio, proba, scape-room eta abarrekin.
  • Estrategia-jokoak. Xaketik hasi eta konplexuagoetaraino, espazioak konkistatzea, ontziteriak urperatzea, auto-ilarak, …   
  • Karta-jokoak, rol-jokoetatik hurbilen daudenak (betiere eraikitzaileak baldin badira)  
  • Adierazpen artistikorako elementuak (marrazkia, eskultura, musika, dantza, zinema, …) mihiseak, instrumentuak, erritmo-nahasgailua, bozgorailuak, mikrofonoak, filmetako animazio-materiala, … 
  • Eraikuntza-joko landuagoak, robotika eta elektronika.
  • -Mahai-jokoak edo ikusmen-filosofiarekin, emozio-egunkariarekin, … lotutako elementuak.
  • Kirol-material eta elementuak kanpoalderako edo gimnasioetarako.


ETA AURRERAGO

Pixkanaka, adinean aurrera egin ahala, jakin beharko dugu aurreko horietatik zerk sortzen dien jakingura, eta “nerabe-helduagoen” profilari gehiago dagozkion gauzak sartu ahal izango ditugu, hala nola arropa, logela dekoratzeko elementuak, ikuskizunetarako sarrerak, ikastaroetarako matrikulak, familiako “ukitu afektiboa” duten opari pertsonalizatuak, motxilak, erlojuak, puff eserlekuak, kuxinak, bat-bateko argazkien kamerak, musika-tresnak, zorroak, gerriko poltsak, …

Azkenik, gogoratu BBKFAMILY mediatekan haur eta nerabeentzako hainbat ipuin eta liburu aurki ditzakezuela, Olentzeroren oparian sar daitezkeenak.

Gabonetan goza dezagun ahalik eta hobekien, gure familiaren zati bat hurbilago edo urrutixeago edukita! …  Horra!, Horra!, Gure Olentzero…

Begoña Ruiz Ibáñez. Psikologia, hezitzailea eta psikomotrizista.

Gabonetako jarduerak eta Playmobil diorama berria

BBKFAMILYren online aholkularitza-zerbitzuak lagun diezazueke haziera, Gabonak, Olentzeroren opari eta beste gai batzuen inguruan.   

Ideiak izateko, mediateka-n sartu!

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×