Jakin ezazu zer egin dezakezun zure alabaren zientzia- eta teknologia-bokazioa sustatzeko

UPV/EHUren datuen arabera, joan den ikasturtean, Ingeniaritza eta Arkitektura Graduko lau ikasletik bat (% 25,17) baino ez zen emakumezkoa, eta ehuneko hori ia aldatu barik dago duela 10 urtetik hona.

2021eko otsail honetan sartzen bagara ikastetxeetan, UPV/EHUn Industria eta Mekanika Ingeniaritzako azken urtea egiten ari den Maitane Urkulluren gelan, 6 neska eta 19 mutil daude. Batxilergo Zientifiko Teknologikoan, Portugaleteko zentro batean bigarren maila egiten ari den eta arkitektura ikasi gura duen Allende Galánen gelan, 9 neska eta 19 mutil daude.  Batxilergoko adar berean, Bilboko beste institutu batean, baina lehen mailan, Garazi Irizarren gelan, neskak 8 dira eta mutilak 22.

Eta orain igo gaitezen mailaz. Espainian emakume ikertzaileen proportzioa % 39koa da 2009tik. Hezkuntza Ministerioak emandako datuen arabera, ikerketa-karreran emakume gutxi daude maila handieneko kategorian, katedradunen kategorian.

Horiek dira datuak, eta orain saia gaitezen balizko kausak aztertzen eta ikus dezagun zer egiten den horiek aldatzeko.

Oraindik ere aurreiritziak daude emakume zientzialariekin?

Espainian 1868an sartu ziren emakumeak unibertsitatera. Ez zen erraza izan. Interneten Dolores Aleu i Rieraren historia bilatzera gonbidatzen zaituztet; izan ere, 1882an Medikuntza titulua lortu zuen, azterketa egiteko baimena lortu ostean. Oztopo-lasterketa luzea, Aleu i Rieraren irmotasunak gainditu zuena.

XXI. mendean gauzak aldatu egin dira, baina ez hainbeste. Gaur egun, gizon baino emakume gehiago ari da medikuntza ikasten, eta berriki egindako estatistika-azterlanek Espainiako gizartean gertatzen ari den aldaketa berretsi dute, erakusten baitute gero eta emakume gehiagok aukeratzen dituztela goi-mailako ikasketak biologia eta osasunaren arloan, baina oraindik ere aurreiritziak daude beraiei buruz. Zaila da alde batera uztea Tim Hunt Medikuntzako Nobel saridunak, Hego Korean, Kazetari Zientifikoen Munduko Konferentzian 2015ean egindako adierazpenak, bertan esan baitzuen emakumeak laborategietan “zutaz maitemintzen dira, eta gero, kritikatzen dituzunean, negar egiten dute”. Bai, ondo irakurri duzu.

University College of London-ek (UCL), non zientzia-fakultateko ohorezko irakaslea baitzen, berehala eman zuen ohar bat honako hau esanez: “UCL izan zen lehen unibertsitatea Ingalaterran emakumeak onartu zituena, gizonen baldintza berberetan; beraz, unibertsitateak uste du adierazpen horiek bateraezinak direla guk genero-zuzentasunarekin dugun konpromisoarekin”. Istorio honen amaiera izan zen Huntek dimisioa eman zuela, eta emakume askok ere ironiara jo zuten, berak egin omen zuen lez, Interneten memeekin honelako kartelak agertu baitziren:

Caution: Mixed Gender Lab! No falling in love or crying permitted

(Kontuz, laborategi mistoa, ez dago onartuta maitemintzea edo negar egitea)

Pasadizo hau Beatriz Cantero Riveros-en, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Zientzien Didaktikako irakasle elkartuaren, “Inclusión del género en la enseñanza de las ciencias” (“Generoa sartzea zientzien irakaskuntzan”) doktorego-tesi bikainean dago jasota. Tesi horretan, Ben Barres-en, Stanford Universityko neurobiologia irakaslearen, bizipenak ere kontatzen ditu; irakasle horrek sexua aldatu zuen 1997an, 40 urtez Barbara Barres izeneko emakume-gorputz sexuatuan bizi ondoren.

Canterok kontatzen duenez, aaldaketa horren ostean, Ben Barresek bere gorputz-identitate maskulino berriarekin aintzatespen sozial handiagoa nabaritu zuen. Eta hona hemen hori berresten duen pasadizo bat: ebakuntza ostean, Barresek mintegi bat eman zuen, eta, amaieran, entzule bat hurbildu zitzaion eta esan zion:  “Mintegi bikaina eman duzu orain eta esan behar da zure lana arrebarena baino askoz hobea dela” (Barbara haren arreba zela uste zuen); baina Barresentzat hori ez zen zerbait berria izan, Massachussetts Institute of Technology-n (MIT) ikasten ari zenean, irakasle batek zailtasun handiko matematika-azterketa jarri zien, Barres ondo egiteko gai izan zen, baina “senargaiak egingo ziola” leporatu zion irakasle hark.

Sinestezina dirudi, baina oraindik ere aurreiritziak, estereotipoak eta gainditu beharreko beste oztopo batzuk daude. Beraz, karrera teknologikoak eta zientifikoak ikasi dituzten emakumeen artean ikertuko dugu, haien motibazioak zeintzuk izan diren jakiteko.

Zergatik aukeratu nuen zientzia eta teknologia arloko karrera bat?


Esker ona Noemi Camposi, Zarauzko Oteiza
Lizeo Politeknikoan Mekanikako lehen ikasleari

Maitane Urkulluk, Industria eta Mekanika Ingeniaritzako ikasleak, dio: “betidanik gustatu izan zaizkidala fisika eta matematika, eta ingeniaritzetak kalkulu matematikoak, ikuspegi fisikoak arazo askoren erantzuna eta azalpena ematen ditu”. Mari Luz Guenaga, Ingeniaritza Informatikoan doktorea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta neskatoen artean bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatzen dituen Inspira Steam programaren arduraduna, bat dator Urkullurekin honetan: berak fisika eta matematika maite zituen eta ikasgai hori iristeko irrikaz egoten zen. Sara Gómez ingeniari eta “Mujer e Ingeniería” programaren arduradunaren kasuan ere gauza bera gertatzen da, eta gaineratzen du fisika eta matematikan berebiziko irakasleak izan zituela; baina Ingeniaritza ikasteko aukera errebeldiagatik ere egin zuela, aitak uste baitzuen hobe zuela farmazia egitea, neska zelako eta bere gelan 300 gizon eta 2 emakume baino ez zeudelako.

Hain zuzen, familiak ere zerikusi handia du, onerako edo txarrerako. Beatriz Canterok bere tesian dioenez, “Ikergaiaren aukeraketa (“Inclusión del género en la enseñanza de las ciencias”/Generoa zientzien irakaskuntzan sartzea), ezbairik gabe, nire biografiarekin lotuta dago, txikitatik zientziekiko izan dudan interesarekin, naturari buruzko galderak egitearekin, eta astronauta izatea amesteko joera bultzatu zion familia-estimulua izateko zorte onarekin [….], baita nire grinak sormen handiz bultzatu zituzten bigarren hezkuntzako irakasleekin ere”.

Zer faktorek eragiten dute gure alaben zientzia- eta teknologia-bokazioetan?

Irakurri berri dugunaren argitan eta hainbat erakundek argitaratutako txostenetako datuekin, gure alabengan zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzeko eragina duten faktoreetako batzuk aletuko ditugu.

– Familiak berak

PISA txostenak erakusten duenez, familiak itxaropen gutxiago izaten du etorkizunean bere alabek zientzia edo matematikan jarduteko semeen kasuan baino. Ikusi besterik ez dago UPV/EHUk iaz abian jarri zuen kanpaina zientzia- eta teknologia-bokazioak bultzatzeko, non bi aita taberna batean kexu agertzen ziren beren alabek informatika eta ingeniaritza ikasi gura zituztelako, “Nik esaten diot nesken karrera bat ikasteko, erizaintza edo […] Ba, nik, informatika hobby gisa, baina zuzenbidea ikasteko esaten diot”.

Horregatik, OCDEk gomendatzen die familiei indartzeko neskek karrera zientifikoekiko duten konfiantza, bai eta alderdi sozialak eta emozionalak lantzeko ere, neskek zientziekiko duten interesa piztu eta haurtzaroan joera sexistarik gabeko bokazioak sor daitezen.

-Eskola eta irakasleak
Dagoeneko egiaztatu dugu irakasgai jakin batekiko grina ikasleei pizten dieten irakasleak ere funtsezkoak direla gero ikasle horiek aukeratuko duten karrerarako. OCDEk gomendatzen du, halaber, neskatoak nahiz mutikoak problemak zelan ebatzi dituzten ikasgelan azaltzea eskatzen duten estrategiak irakastea, beraien konfiantza eta autonomia indartuz.

CANTEROk, bere tesian, honako hau dio: “Badirudi parte hartzen duten irakasleen generoak ere eragiten duela genero-ikuspegian, baita irakasle horiek sentsibilizatuta daudenean ere, eta etorkizuneko ikerketa-ildo interesgarri bat adierazten du horrek”. Ondorioetan, honako hau gaineratzen du: “Aztertutako testuinguruan, generoaren arloko irakaskuntza berritzailearen ardatza da zer eta zelan irakatsi behar den aldatzea; zehazki, ikuspegi historikoa sartzea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista eta ikasgelaren kudeaketa. Beraren tesira sartzen bazarete, sakonago irakurri ahal izango dituzue hainbat ikastetxetan irakasleekin egindako azterketak eta horien ondorioak.

-Lan-mundua

Karrera bat aukeratzeko orduan eragina duen beste faktoreetako bat karrerak izan ditzakeen lan-irteerak dira. Hori izan zen, hain zuzen ere, Naia Álvarezen kasua: informatikari eta Inspira Steam programako aholkulari honek bere aita-amen lagunekin berba egin ostean aukeratu zuen bere karrera, eta haiek gidatu zuten bere lehentasun akademikoen balizko irteerei buruz.

Baina ezin dugu ukatu emakumeek lan-munduan eta, zehazkiago, ingeniaritzan jasan duten diskriminazioa ere oztopo bat dela. Sara Gomez ingeniariak bere ugazabari entzun behar izan zion, bere irizpidearen kontra, bera aukeratu zutela gizon baten ordez, eta bi aldiz lan gehiago egin beharko zuela erdia erakusteko. Naia Alvarezek, ordea, esaten du berak, lan-bilera askotan gutxiengoa izan arren, ez duela diskriminaziorik sentitu emakume izateagatik. Baina esan beharra dago Sara Gomezek baino hiru hamarkada geroago egin zituela unibertsitate-ikasketak.

Zer ekintza jarri dira martxan nesken artean zientzia- eta teknologia-bokazioak bultzatzeko?

Ikusi dugunez, hainbat motibazio daude neska eta emakumeen artean zientzia- eta teknologia-bokazioaksortzeko, eta horiek hazten jarrai dezaten, ekimen asko ari dira abian jartzen. Beraz, otsailaren 11 Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, horietako batzuk ezagutuko ditugu:

Inspira Steam

Inspira proiektu aitzindaria da Euskadin bokazio teknologikoa sustatzeko nesken artean, ikerketa, zientzia eta teknologia munduko emakume profesionalek ematen dituzten sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzetan oinarrituta. Deustuko Unibertsitateak bultzatzen du eta erakunde publiko zein pribatuen laguntza eta lankidetza izaten ditu.

STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikaren diziplina edo jakintza-arloak identifikatzen dituzten siglak dira. 2016an jarri zen martxan, eta pandemia gorabehera, ikastetxeetan gauzatzen jarraitzen dute. Proiektuaren arduraduna den Mari Luz Guenagak azaldu duenez, “lehen hezkuntzako ikasleen artean STEAMak sustatzeko proiektu batean taldeko mentoring teknika erabiltzen den lehen aldia da. Programa hau Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailen artean egiten da, urte horietan hasten baitira zientzien edo letren aldera egiten”.

Saio batzuk batera egiten badituzte ere, programa honetan, oro har, neskak eta mutilak bereizi egiten dira, “konfiantzazko giroa sortu eta adierazteko askatasuna senti dezaten. Izan ere, ikusi ditut neska batzuk talde mistoetan parte hartzen ez zutenak, baina neskak bakarrik geundenean parte hartzen zutenak”, adierazi du Naia Gomezek, Inspira Steam-eko aholkulariak.

Programa honetan, emakumezko erreferenteak ere erakusten zaizkie, ia ez baitira existitzen.  Zeintzuk ezagutzen ditugun galdetuz gero, berehala Marie Curie datorkigu gogora, baina ez haren alaba, Irene Curie, Nobel Saria ere irabazi zuena.

Emakumezko erreferenteak

Izan ere, bazenekien emakume batek zerikusi handia izan zuela wifiaren asmakuntzan? Hedwig Eva Maria Kiesler (1914-2000), Hedy Lamarr gisa ezaguna, zinema-aktore eta asmatzaile austriarra izan zen, hedatutako espektroaren lehen bertsioa asmatu zuena, horrek distantzia luzeko hari bako komunikazioak ahalbidetuko zituelarik.Bere lanaren printzipioak Bluetooth teknologian txertatu ziren eta ondorengo Wi-Fi bertsioetan erabilitako metodoen antzekoak dira. Lan horren ondorioz, 2014an National Inventors Hall of Fame-n sartu zen. Tamalez, Lamarr-ek berak ezin izan zuen ikusi.

Eta zein izan zen historiako lehen programatzailea? Augusta Ada Byron (1815-1852), Ada Lovelace gisa ezaguna. Tutoreekin hezia izan zen etxean, musika, frantsesa eta matematika irakatsi zizkioten, eta zientziarekiko grina edo pasioa bere bizitzan zehar garatu zuen. Zehazki, 1843an Lovelacek dokumentu bat itzuli zuen ingelesera, Luigi Menabrea matematikari italiarrak frantsesez idatzi zuena Charles Babbage matematikariak emandako mintegi batetik abiatuta, non bere oinarrizko ordenagailuaz, makina analitikoa deituaz, berba egiten zuen.  Ohar horietako batean, ordenagailu batean inplementatua izateko berariaz egokia zen lehen algoritmotzat hartu izan dena deskribatu zuen Ada Lovelacek.

Emakumezko erreferente horiek eta egungoago beste batzuk lantzen dira Inspira Steam-en. Bertan, irakasleak eta familia ere inplikatzen dira, gure alaben hautaketan zerikusi handia baitute zientzia- eta teknologia-bokazioak izateko orduan.

Urte batzuk itxaron beharko da Inspira Steam-ek eragiten dituen aldaketak ikusteko, baina oraingoz harrera bikaina egin diote ikastetxeek.

Mujer e Ingeniería (Emakumea eta Ingeniaritza) ekintzak

Mujer e Ingeniería proiektua ingeniaritzaren eta teknologiaren esparruan emakume gutxi egoteagatik Akademiak duen kezkatik sortu da, horrek beraien sormenaren aprobetxamendu-falta inplizitua dakarrelarik, enpresen eta, oro har, gizartearen berrikuntzarako eta garapenerako funtsezkoa den arren.

Ingeniaritzako Errege Akademiak lehentasunezkotzat jo du ingeniaritzan “genero-arrakala” desagerrarazteko ekintza estrategiko bat koordinatzea. Aurrerapauso horrekin, ingeniaritzako emakume profesionalei ikusgarritasuna eman eta “kristalezko sabaia” gainditzen lagundu gura die.

Helburua da neskato eta neska nerabeengan motibazioa eta interesa sortzea, STEM ikasketak egiteko bokazioak sustatuz, ingeniaritzarekin lotutako lanbide-espezialitateetan emakume gehiago sar daitezen eta beren ibilbide profesionala garatu dezaten ardura-postuak lortzeraino.

Leku mugatua dugunez, ez dugu aukerarik egin diren eta egiten ari diren ekimen eta azterlan guztiak erakusteko, baina informazioa jasotzen jarraitzera gonbidatzen zaituztegu, eta UNESCOren txostena uzten dizuegu, “Descifrar el código: la educación de las niñas y las mujeres en ciencias, tecnología, ingeniería y matemáticas (STEM)”; izan ere, “emakumezkoen ordezkaritza falta horren mundu mailako ikuspegia ematen du, horren atzean dauden faktoreak eta neskek eremu horietan duten interesa, konpromisoa eta errendimendua hobetzeko adibideak”.

Andrea Alfaro. BBK Family

* BBK Family mediatekarako material lagungarriak bilatzeko orduan, bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko liburu eta ipuin gehienetan protagonista mutila zen. Eta mutil bat eta neska bat balira, honelako deskribapenak aurkitu ditugu: “Hugo eta Galaren abenturak, robotikaren zale amorratua eta programazioaren jenioa”. Zerbait sumatzen duzue esaldi honetan?

Beraz, gustatuko litzaiguke nesken bokazio zientifiko-teknologikoak areagotzen lagun dezaketen ipuinak, liburuak edo jolasak helaraztea. Idatzi bbkfamily@bbk.eus helbidera.

BBK Family mediatekako materialak, lagungarri izan daitezkeenak:

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/neskak-izan-nahi-dutena-izango-dira-las-ninas-seran-lo-que-quieran-ser/
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/bits-bytes-2/
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/women-in-science-karta-jokoa/
https://www.youtube.com/watch?v=Fx0ztzf-2V0
Menu

BBK Family Learning

×