2020an Laura Segura Blancoren “Lágrimas y sonrisas por Hugo” liburua irakurri nuen. Izenburu bera eta azpititulu gisa “Historias de una madre rota recuperando la felicidad” duen blogetik jaio zen.
Laura doluan dagoen ama eta emagina da, baina liburuan gehien harritu ninduena da bere osasun-karrera eta bere seme Hugoren heriotza Irlandan bizi izan zituela, eta ez bere jaioterrian, Andaluzian; izan ere, Laura Irlandan espezializatu zen eta ordutik hango osasungintzan bizi eta lan egiten du.
Bere liburuan, jaiotza inguruko dolu-egoeretan bai profesionalek eta bai gizarteak ematen dituzten arretan eta tratuan dauden desberdintasunak eta antzekotasunak ikus daitezke, bi kultura motatan: batean, gurean, tabu da heriotza; eta, bestean, Irlandakoan, ez.
Blogaren proiektua hasi zuen, dolu perinatala edo jaiotza inguruko heriotza zein ikaragarria eta ikusezina den bizi izan zuenean, bi kulturetan berdin. Esaten duenez, idazteko beharra zuen, pertsona batzuek ez dutelako jakiten zer esan, eta beste batzuek, berriz, kontsolatu beharrean zauritu edo min egiten duten esaldiak erabiltzen bakarrik dakitelako. Baina ideia hori alde batera utzita, horretaz artikulu bat idatzi bainuen BBK Familyrentzat, deigarria iruditu zitzaidan, hitzaurretik hasita, ez zela ezelango aipamenik egiten osasun-arloko profesionalen arreta txarrari buruz, trebetasun edo enpatiarik ezari buruz, ezta antzeko egoeretan emakume askok jasan izan dugun indarkeria obstetriko eta instituzionalari buruz ere. Une oro gizarteari zuzentzen zaio egilea.
Zelakoa izan zen haren esperientzia, osasun-sistemari buruzko aipamen bakar bat ere ez egoteko?
Laurak hemen eta orain, Euskadin, pentsaezinak diren baina Irlandan hango osasun-sistemak babesten dituen esperientzia eta praktika sanitarioak kontatzen dizkigu. Testuinguru hori gabe eta osasun-politika haien euskarri den kultura barik, morbosotzat joko lirateke, baita makabrotzat ere, herrialdearen arabera eta haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberrien heriotzek duten ezkutatze-mailaren arabera.
Liburuaren lehen zatian deigarriena da kulturalki alde handia dagoela heriotzari aurre egiteko moduan (oro har) bi kulturetan. Heriotza aseptizatu, baztertu, ezkutatu eta oso gutxira arte egiten ziren praktika tradizional guztiak ahaztu dituzten gizarte postmodernoetan bizi gara: jada hiletetan ez dago gorpurik, ezta etxeetan beilatokirik ere. Heriotza desagertu egin da gure bistatik.
Geografikoki oso hurbil dauden beste kultura eta gizarte batzuetan heriotza zelan tratatzen den ikusteak gure osasun-sistemaren tabua ikusarazten laguntzen digu. Tabu horrek heriotzarekin oro har zerikusia duen guztia aldentzen du, eta zuzenean ezabatzen ditu haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberrien heriotzarekin zerikusia dutenak, baita horiek dakartzaten doluak ere. Horregatik, ez daude onartuta eta bai gutxietsita, baita erridikulutzat jota ere, haurdunaldiaren asteen arabera.
Garai batean hemen ere heriotza ez zen tabua izan. Euskal kulturan, zehazki, heriotza oso presente egon da beti eta familiako kide guztiak etxeko seme-alabak ziren. Eta, adibidez, bataiatu gabeko umetxo bat hiltzen zenean, baserriko teilatu-hegalaren azpian lurperatzen zuten, babestuta egon zedin, hura ere bazelako etxeko seme edo alaba. Praktika horiek duela gutxi arte egin dira.
Lauraren seme jaioberriaren heriotzari buruzko lekukotza kultura zeltaren testuinguruan kokatzen da. Bertan, heriotza ez da tabu bat, igarobide bat baizik; eta kosmobisio horrek eragin zuzena du osasun-sistemetan, eta Irlandan heriotza gertatzen den ospitaleetan bertan daude gai mediko eta erritualizatuak; hemen, berriz, ez daude ezta protokolizatuta ere, eta egoera horietan are gutxiago igarotzen dira maila sinboliko batera praktika edo jardunbide medikoak, eta egokitzen zaigun profesionalaren humanizazioaren eta enpatiaren mende jarraitzen dugu.
“Lágrimas y sonrisas por Hugo”
“Lágrimas y sonrisas por Hugo” ideia honetatik abiatzen da: heriotza gertaera biologiko bat da, baina dimentsio kultural eta soziala ere badu. Protagonistak kontatzen digu, bere seme Hugo jaioberriaren heriotzaren ostean, zelan jaso zuen ospitale osoaren laguntza, horrelako galeretarako prestatuta baitzegoen profesional trebatu eta espezializatuekin, ekipamendu bereziekin, gune bereziekin, baina baita sinbolo eta erritualekin ere, horiek ere garrantzitsuak edo are garrantzitsuagoak baitira onartzeaz eta konpontzeaz ari garenean.
Hugo 9 hilabetez bizi izan zen amaren barruan, eta 4 ordu eta 24 minutuz kanpoan haien artean. Jaio zenean, egiaztatu zuten ez zuela bizirik irauteko aukerarik, eta heriotza gozoa izan zuen amaren besoetan, morfinarekin, haientzat bakarrik zegoen gela berezi batean, non behar izan zuten denbora guztian egon ahal izan ziren. Gelak triskel bat zuen atean, hasieraren eta amaieraren ikur zelta, eta horrek profesionalei adierazten zien gela hartan errespetuz sartu behar zutela, heriotza bat bizitzen ari zirelako, zumezko moises polit-polit batekin eta ondo jantzita, eta haren ondoan makina bat, koltxoia etengabe fresko mantentzen zuena. Cuddle cut esaten zaio, hemen ‘sehaska hotza’, eta aukera ematen du familiei behar duten denbora emateko beren umetxoari agur esan diezaioten, berari begiratzeko, lo geratzeko, beste senide batzuk hura ezagutzera joan ahal izateko, argazkiak ateratzeko, bainatzeko, artatu duten profesional guztiak gela hartatik igarotzeko, artatu duten ginekologoak eta neonatologoak barne, galderei erantzuteko, alaba zaharrenari ─neba txikia galdu berri zuen neskatoari─ opariak eramateko, eta familiari galdetzeko ea Hugo besoetan har zezaketen begirunearen adierazgarri.
Doluan aditua zen emagin batek lagundu zien prozesu osoan, eta handik bost hilabetera ere deitu egiten zien. Berak, Laurarekin batera, bainatu zuen Hugo ospitaleko gela hartan. Halaber, han egon ziren denboran, edoskitzaroan aditua zen profesional bat ere agertu zen, zer aukera zeuden azaltzeko. Eta alta eman ziotenean, emaginak egunero joaten zitzaizkion etxera eta maila fisiko nahiz mentalean jagon edo zaintzen zuten.
Oroigarrien kutxa
Bestalde, jaiotza inguruko heriotzaren Irlandako dolu-elkarteak “oroigarrien kutxa” bat oparitu zien, eta bertan, ospitalean eman zizkieten oroigarri guztiak sartu zituzten, baita berarekin igaro zituzten egunetan eurek eraiki zituztenak ere.
Ospitalean, bere moises egokituan, Hugorekin bigarren gaua igaro ostean, etxera joan ziren. Ospitalean utzi zuten nekropsia egiteko, baina erraztasun guztiak eman zizkieten etxera eraman ahal izan zezaten hil-beila egitera, hemen lehen egiten zen bezala, aukera hori ere badago eta.
Etxera iritsi zireneko modua berdina da bi kulturetan. Laurak dio anestesiatuta bezala iritsi zirela, eta sentimendu hori nik ere partekatzen dut, baina kultura bakoitzeko jendeak modu desberdinean erantzun zuen: Lauraren telefonoak etengabe jotzen zuen bitartean, nireak ez. Eta ez zitzaizkion deitzera mugatzen. Haren etxera loreak, txartelak, Hugorentzako opariak eta jakiak iritsi ziren. Eta kontakizunetik arreta gehien piztu zidana da ahizpa zaharrenarentzako opariak ere iritsi zirela, eta argazki-markoak, ziurtzat jotzen baitzuten umetxoaren argazkiak egingo zituztela eta argazkiak jartzeko tokia beharko zutela. Eta argazki-markoak oparitzen badira, zure hildako umetxoari argazkiak ateratzea normalizatuta dagoelako izango da.
Olerki, abesti eta irlandar jatordu tipiko batekin, hileta prestatzeko denbora eta aholkularitza izan zuten, eta ordubete lehenago joan ziren Hugorekin eta dolu-laguntzailearekin egoteko. Lehen egun haietan Laurari esnea igo zitzaion, eta bederatzi litro eman zituen, behar zuten jaioberrien bizitza salbatzeko erabiliko zirenak, bisitatu zuen edoskitze-espezialistaren azalpenari esker.
Ospitalean ere izan zen jaiotza inguruko heriotza guztiekin egiten den zeremonia bat. Profesional guztiak bertaratu ziren eta kandelak eta testuak eraman zituzten, eta, jakina, Lauraren semetxoa bere izenez izendatu zuten, eta hango pareten artean hildako umetxo guztien izenak biltzeko daukaten liburu batean idatzi zuten.
Zein da, jaiotza inguruko heriotza-egoera batean, gure artean daudenen aldean oso bestelako erreakzio sozial eta sanitario haien arrazoia? Irlandan gune, denbora eta profesional espezializatuak daude informatzeko, negar egiteko, umetxoa ezagutu eta agurtzeko, eta dolu osasuntsu bat egiteko garrantzitsuak diren erabaki asko hartzeko: ikustea, besarkatzea, argazkiak egitea, esnea ematea, bainatzea, janztea, beste senide batzuei aurkeztea… erakutsi egiten da, ez da ezkutatzen, eta uste dut hori giltzarria dela gero etorriko den doluan; izan ere, heriotzaren taburik ez duen gizarte batek trantsizio gisa ikusten du, eta bizitzaren eta heriotzaren arteko tarte horretan normalizatu egiten duten praktikak egiten dira, eta ez dira morbosotzat hartzen, sendagarri edo osagarritzat baizik.
Nerea Azkona. Antropologoa eta doluan dagoen ama
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.