Haurdunaldiko, jaiotza-inguruko edo jaio berritako heriotzen dolu-egoeretan familiei esan behar ez dizkiegun esaldi mingarriak

Umetxoak hil egiten dira, baina lau familiatik batek bakarrik daki, hau da, noizbait haurdun geratu direnen % 25ek.

Hain intzidentzia handia duen errealitate bat izanik, zergatik dago isilpean, ezkutuan eta ikusezin bihurtuta?

Zergatik, haurdunaldia lehen hiruhilekoan zapuzten bada, garrantzirik gabekotzat jotzen da, eta haurdunaldi-egoera aurreratuagoan gertatzen bada, ezkutatu, tabu bihurtu eta, gertatu denaren arabera, estigmatizatu egiten da?

Haurtxoa amaren umetokian edo jaio eta ordu edo egun gutxira hil dela jakiten dutenean familiek, zaurgarritasun handiko egoeran egoten dira. Erakunde-mailan ez dago arreta-protokolo bateraturik horrelako egoeretarako, eta arreta ematen dien profesional-taldearen enpatia- eta gizatasun-mailaren mende egoten dira familiak.

Hain beldurgarria den esaldia, “ez dago taupadarik”, jakinarazten den une berean, dolu bat hasten da, beste edozein bezala, igaro beharrekoa, baina badu hori pairatzen duten familientzat bereziki gogorra den ezaugarri bat: dolu gaitzetsi bat izatea.

Dolu gaitzetsiak

Doluak balioestea edo gaitzestea zehazki eragin duen minarentzat gizarteak uzten duen tartera bideratzen da zuzenean. Zenbait kasutan, ezaugarri jakin batzuengatik ?adibidez, oso adinekoa zen edo oso gaixo zegoen pertsona baten, edo kontakturik ez genuen senide baten, edo etxeko animalia baten, edo amaren umetokian bakarrik edo jaio eta ordu edo egun gutxi batzuk bakarrik bizi izan den haurtxo baten … heriotza izan delako?, doluak denbora jakin bat iraun behar du: zehazki, denbora labur jakin bat.

Dolu gaitzetsi guztiek betetzen dute ezaugarri hori, eta haurdunaldiko, jaiotza-inguruko edo jaio berritako heriotzarendoluaren kasuan, horren arrazoia da hildako umetxoei ez zaiela ematen hildakoen izatasun edo entitatea, eta, beraz, gutxietsi eta mespretxatu egiten da familien mina.

Gizartearen ustez, suspertzeko zentzuzko denboraldi bat utzi behar da, eta ez da kontuan hartzen umetxo bat galdu duten pertsonentzat albistea jasotzen duten unean mundua gelditu egiten dela, eta gainerako gizartearentzat biraka jarraitzen duela. Eta umetxo harengatik negar egiteari utzi egin behar zaiola uste denean, inkontzienteki edo are fede onez, gizartean errotuta dagoen zerbait baita, familien mina gutxiespenez tratatzen da, eta bizidun haren izatea bera ukatzen da, baita amaren edo aitaren rol eta eginkizuna ere. Eta hori agerian geratzen da doluan dauden familiak izugarri mintzen dituzten esaldi eta jokabide jakin batzuen bidez.

Esaldi mingarri horien adibide batzuk jarriko ditugu, eta ez genituzke erabili behar haurrak haurdunaldiaren edozein unetan galdu dituzten familien kontsolamendu-metodo gisa, sortzen dien saminagatik.

Lehen esaldi mingarria

Asko entzuten ditudan esaldiak Errealitate gordina
(fede ona zalantzan jarri barik) “Tira, lasai, oraindik gaztea zara eta izan ditzakezu seme-alaba gehiago” Itzulpena Pertsona horrek umetxo bat galtzeagatik sentitzen duen mina minimizatuko dut ahalik eta gehien, ziur asko hori baita gaiari larritasuna kentzeko eta lehenago suspertzeko modu bat. Edo ez, egia esan, ez dut asko pentsatu pertsona bati esaten ari natzaion astakeriaz, egon daitekeen galerarik mingarrienetako bat jasan berria denean …

Hori da, zalantza barik, beren umetxoa galdu ostean familia gehienek entzuten duten esaldirik mingarriena lez identifikatzen dutena. Heriotza minimizatzeko modu hori da familiek igaro behar duten dolu gaitzetsiaren adibide garbi bat.

Baliteke seme-alaba gehiago izatea, edo agian ezingo dute, edo indarrik ez dute izango berriro horrelako trantze batetik pasatzeko, baina gauza bat da ziurra: haurtxo batenganako maitasunak ez du desagerraraziko galdu zutenarekiko mina.

Bigarren esaldi mingarria

Asko entzuten ditudan esaldiak Errealitate gordina
(fede ona zalantzan jarri barik) “Hobe orain galtzea eta ez geroago” Itzulpena Egia esan, badakit esaldi hau kaka zaharra dela, baina beti esaten dena da, eta hain ohikoa da lehen asteetan haur bat galtzea! Baina oraindik inori kontatu barik zeneukan, ezta? Askoz okerragoa litzateke mundu guztiari azalpenak eman beharko bazenizkio … Izango dituzu gehiago.

Momentuak eta galera-motak gizarte-begirada baldintzatzen dute, baina denbora batez bakarrik. Dolu gaitzetsien zuhurtziazko aldia igaro ostean, galera guztiak gutxietsi egingo dira.

Baina drama horren guztiaren barruan, egoera batzuk ikusezinagoak dira, eta beste batzuk estigmatizatuagoak.

Haurdunaldiko 12. astea baino lehen gertatzen diren  heriotzak, alde batetik, guztiz normalizatuta daude osasun-sisteman, eta, ondorioz, izapide huts gisa tratatzen dituzte, “gertatzen diren gauzak dira” esanez; eta, bestetik, guztiz isilduta daude data hori baino lehen, “zerbait gertatzen bada ere”, ezer ez esateko ohituragatik.  

Isiltasunean jarduteko modu horrek gurasoei isiltasuna eta samina baino ez die ekartzen; izan ere, “zerbait gertatzen bada ere”, ez baduzu albistea inorekin partekatu, zer egiten da zerbait gertatzen denean? Erantzuna ‘partekatzea’ bada, ez da ulertzen hasieratik ez kontatzea; eta erantzuna ‘isilik jarraitzea’ bada, pentsatu beharko da metroan gure ondoan eserita dauden zenbat emakumek izan duten azken hilabetean abortu bat, inork ez dakielarik bikotekideek izan ezik.

Ezer ez esateko ohitura hori da, halaber, emakume askok etxean farmakologikoki abortatu behar izatearen erantzulea, lehenengo asteetan taupadarik ez dagoenean, bakarrik eta asteburuan, lantokian ezer ez esateko, izan ditzakeen ondorioengatik.

Beraz, familia bat irekitzen bada eta kontatzen badu umetxo bat galdu duela haurdunaldiaren garai goiztiar batean, berez ahalegin bat egiten ari da zerbait kontatzeko, ‘zerbait’ hori isilduta egotea eskatzen denean; beraz, “hobe orain geroago baino” erantzutea zauria askoz handiagoa egitea da.

Hirugarren esaldi mingarria

Asko entzuten ditudan esaldiak Errealitate gordina
(fede ona zalantzan jarri barik) “Zuk lasai egon behar duzu, zeren eta obsesionatzen bazara …” Itzulpena Zelan galduko dut alferrik emakume bati errua botatzeko aukera gertatzen (ez) zaion zerbaitengatik, kasu honetan, haurdun geratzea. Kontuz, errealitate honek buelta eman dezake eta esan diezazuke lortu gura duzuna lehenago ikusarazi behar duzula, errua beti izango baita zurea,  obsesionatzen zarelako edo federik ez duzulako.

Eta egoera hau da ahaztutako beste egoera handia. Haurdun geratu guran dabiltzan eta lortzen ez duten familiak, … hilabeteetan, urteetan, … hilero, hilekoak itzultzen direnean, dolu txikiak biziz.

Kasu horiek bi arrazoirengatik jakin ohi dira:  haurra izatea lortu eta gero kontatu delako, gaia elkarrizketa batean atera bada; edo, hurbilekoenei kontatu zaielako, eta ingurune hori izaten da esaldi mingarria botatzen duena, sortzen duen minaz jabetu barik, noski.

Obsesioa, urduritasuna, estresa, … azpimarratzen direnean,  oharkabean gurasoei egozten zaie errua, amari zehazki, bere irrika eta obsesioengatik ezin delako ernalketa lortu. Horrelako doluak erruz eta lotsaz beteta egoten dira, eta ahal den guztia egin beharko litzateke inplikatutakoei erru gehiago ez gaineratzeko.

Oso ohikoa da falazia bat entzutea, hau da, kasu zehatz bat arau orokor bihurtzea. Falaziak Logikan baliozkoak diruditen, baina ez diren, a rgudioak dira, eta kasu honetan entzunena honako hau izaten da: “Lasaitu bezain laster haurdun geratu zen”. Jakina, kasu jakin batzuetan horrela izango da, eta kasualitateak edo a posteriori egindako eraikuntzak, baina hori ez da arau orokorra.

Laugarren esaldi mingarria

Asko entzuten ditudan esaldiak Errealitate gordina
(fede ona zalantzan jarri barik) “Ez dizut deitu gura izan, ez molestatzeagatik” Itzulpena Egia esateko, egoera zaila da. Ez dizut deitu ez zaidalako erosoa gertatzen zurekin berba egitea, ez dakidalako zelan jokatu eta ez dakidalako zer esan. Hori bai, behar banauzu deitzeko esaten dizut, ez pentsa abandonatu zaitudanik. Umetxo baten heriotzaz ez nekien ezer, uler ezazu.

Heriotza ez da kutsakorra, eta tristura ere ez, baina horrelako heriotza bat dagoenean, familiak galera onartzeko igaro behar duen dolu psikologikoaz gain, ingurukoek gizarte-dolua ere izaten dute, eta urrundu egiten dira, ez dakitelako zelan erreakzionatu beste familia batzuek bizi duten min horren aurrean, ohikoa dena, baina erabat ikusezin bihurtua eta ezkutatua dagoena.

Egia da lehen egunak barne-biltzekoak izaten direla, eta askotan gurago izaten da bakardadea, batez ere gertatua berritu eta “Zer gertatu da?” itaunari erantzun beharrik ez izateko. Baina itxialdi hori amaitu egiten da, eta galera gertatu eta hilabetera oso jende gutxi gogoratzen da gertatutakoaz, eta hor esku hartu eta lagundu egin behar zaie familiei.

Haurdunaldiko, jaiotza-inguruko eta jaio berritako heriotzetan laguntzea ez da erraza, nahiz eta estatistikek esan nahiko maiz gertatzen direla, baina onetsi bako dolua izateak tresna barik uzten ditu pertsonak trantze horretan familiei laguntzeko.

Kontsolamendu-esaldiak ez dira beharrezkoak kontsolamendurik ez dagoenean, eta ez da beharrezkoa horrelakoetan esan ohi diren esaldiak errepikatzea, konturatu barik; izan ere, batzuetan, ez gara laguntzen ari izaten edo, areago, susperraldia okertzen aritzen gara. Denbora eman behar da, batez ere hasieran, baina jakinarazi behar da guk hor jarraitzen dugula mundu guztiak ziurtzat jotzen duenean hura amaitu dela. Hurbil egon, arretaz behatu eta isilik eta keinuen bidez lagundu: esku bat, besarkada bat, musu bat, … “Aizu, hemen nago. Negar egingo dugu elkarrekin?”

Doluaren onarpena

Asko entzuten ditudan esaldiak Errealitate gordina
(fede ona zalantzan jarri barik) “Doluaren azken fasea onarpena da” Itzulpena Doluaren azken fasea dena ondo dagoela onartzea da, baina ezer ez dela gauza bera izango.

Amaitzeko, dolu baten bost faseak igarotzeak benetan zer esan gura duen azpimarratu gura nuke. Esan nahi du bidea egiten denean (laguntzarekin edo laguntza barik) galeraren aurreko normaltasunera itzultzen dela?

Doluaz berba egiten den moduak akats batera eroan gaitzake, hau da, dolua pasatzen denean, irauten duena irauten duela, galerak utzitako sentimenduak, mina, zauriak eta orbainak ere berarekin joango direla pentsatzera.

Errealitatea ez da hori. Dolua ez da pertsonak osatu eta ezer gertatu ez balitz bezala uzten dituen bidaia bat. Zauriek orbainak uzten dituzte, eta dolua igarotzeak osatzeko aukera ematen du, infektatu barik, baina zauriek beti uzten dituzte arrastoak, haurtzaroan erori eta belaunetan ditugunak lakoak.

Halaz guztiz, itxaropenerako lekurik ere badago.

Dolu bat pasatzeak, onetsita egon edo ez, gertatutakoa kudeatzen eta beste modu batera bizitzen ikastea esan gura du, proiektua eta itxaropenak desagertu egiten baitira galerarekin eta galeren aurretik ezagututako normaltasuna eta izandako pertsona desagertu egiten baitira.

Azkenean, lanarekin eta laguntzarekin, aurrera egin eta zoriontasun-uneak izaten dira berriro, bai horixe! Baina ezer ez da, berdin-berdin, lehen bezala. Beste gauza bat da. Eta hori ondo dago. Hori da onarpena eta bidearen amaiera.

Nerea Azkona. Antropologoa eta  jaiotza-inguruko doluaren ikertzailea

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/kattalyn-ez-da-jaio/

Artículos de BBK relacionados con el tema:

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/berba-egin-dezagun-traumaz-pandemian/
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/zelan-berba-egin-haurrei-heriotzaz-beren-doluetan-laguntzeko/
Menu

BBK Family Learning

×