Ikasleek gailu digitalak masiboki erabiltzeak eraman gintuen Children on the Line martxan jartzera

Inmaculada Bilbaok, Nuestra Señora de la Merced ikastetxeko zuzendariak, azaldu digu zergatik jarri duten martxan Children On The Line doako programa, nondik abiatzen ziren, zer onura lortu dituzten eta zer aldaketa ekarri dituen programa martxan jartzeak.

Zergatik jarri zenuten martxan Children on the Line zuen ikastetxean?

La Merced-en hezkuntza integralaren, hezkuntza akademiko hutsetik haratago doanaren, aldeko apustua egiten dugu. Balioetan, emozioetan… heztea  XXI. mendean, mundu digitaleko hezkuntzarekin batera doa ezinbestean. Gailu digitalen erabilera masiboa gero eta adin goiztiarragoetan egiten dela ikusita, gure ikasleak horien erabilera zuzen eta etikoan hezteak bai eurentzat, bai besteentzat duen garrantzia planteatzera eroan gintuen, hezitzaile gisa.

Txarto erabiltzearen ondorioak ez ezik, horiek egoki erabiltzeak dakartzan sormen-aukera positiboak ere erakutsi behar genizkien. Interneterako sarbidea duen gailu batek hain eremu zabala irekitzen dio haur bati, non, askotan, bere irudia arriskuan jartzen duen, kalte emozionalak eragin diezazkiokeen eta bere adinerako egokiak ez diren edukiak eskura ditzakeen.

Gurasoen laguntzaz gain, funtsezkotzat jotzen genuen umeak eurak ere jabetzea interneten beren burua zaindu behar dutela, eta eduki positiboa eman behar diotela gure gizarteari.

Teknologia berriei (sare sozial, aplikazio, joko, posta elektroniko eta abarri) dagokienez, arazorik izan duzue ikasleekin?

Arazoak, oro har, Sare Sozialen bidez gertatzen dira astialdian, ikastetxean oro har ez baitago baimenduta telefono mugikorrak erabiltzea eskola-orduetan. Errespetu-faltak izan ohi dira, WhatsApp eta Instagram bidez ikaskideekiko iruzkin desegokiak eta irainak egiteagatik.

Azpimarratzen zaie ez dutela sareetara igo behar ez euren burua ez beste inor arriskuan jarriko duen irudirik, horiek eragin dezaketen kaltea iraunkorra baita, baina, bitxia bada ere, txikiek dantza eta irudiak igotzen dituzte, kontu eta kontrol handiegi barik.

Ondorio handiagoetara iritsi barik, hainbat gauza ikusi ditugu: bideojokoekin intentsiboki jolasteagatik nekatuta dauden ikasleak, beren arteko mezuetan beste norbait diren itxurak egiten dituzten ikasleak… Egoera horiek gehituz doaz, eta horietako asko berriak dira, horregatik sortzen dute kezka.

Children On The Line aplikatu aurretik, zelan ikusten zenituzten zuen ikasleak Interneten erabilerari dagokionez?

Oro har, oso gutxi jabetzen dira sarera igotzen duten guztiaren garrantziaz eta horrek dakartzan arriskuez. Children on the Line-k begiak irekitzen dizkie eta arriskuetatik babesteko eta, aldi berean, baliabideak modu etiko eta eraikitzailean erabiltzeko tresnak ematen dizkie.

Zein ikasmailatan ari zarete aplikatzen programa?

Haur Hezkuntzatik (5 urte) Batxilergoko 1. mailaraino. Hasiera batean, zalantza izan genuen Haur Hezkuntzan ezarri edo ez, baina lehenago ere gurasoen gailuak eskura ditzaketela ikusita, interesgarria iruditu zitzaigun hezkuntza digitalaren oinarriak hain txikitatik ezartzea.

“Irakasleek askotan uste dute beren ikasleak ez daudela oraindik mundu horretan, eta, hala ere, espero duguna baino askoz murgilduago daude”.

Programa abian jartzean, uste duzue ikasleak konturatu direla ez zekitela Internet modu seguruan erabiltzen?

Bai. Beren buruaren aurrean jarri behar izan dute eguneroko egoeretan, eta Internet txarto erabiltzeak ekar diezazkiekeen ondorio kaltegarriak ikusi dituzte. Txikienekin positiboan lan egiten da kantu eta jolasen bidez, mezua pixkanaka sartzen zaie, ez bakarrik beren gailu propioa izango dutenerako, baita oraintxe bertarako ere, beren gurasoen tabletak eta smartphoneak erabiltzen dituztelako.

Harrigarria da nola gustatzen zaien berba egin eta hainbat pasadizo eta egoera kontatzea, hausnartzeko proposatzen zaizkien gaien inguruan. Irakasleek askotan uste dute beren ikasleak ez daudela oraindik mundu horretan, eta, hala ere, espero duguna baino askoz murgilduago daude. Asko interesatzen zaie herritartasun digitalarekin zerikusia duen guztia.

Zer aldaketa nabaritu dituzue zuen ikasleengan?

Gehiago jabetzen direla arriskuez, eta gehiago pentsatzen dutela beren buruarentzat edo beste batzuentzat arriskugarria izan daitekeen edukia igo aurretik. Horrek ez du esan nahi esan eta esan jardun behar ez denik, batzuetan nerabeak, gauzak jakin arren, oldartsu edo inpultsiboak direlako eta ez dituztelako ondorioak aztertzen.

Zein abantaila ditu Children on the Linek ikastetxeetan aplikatzeko? Benetan erabilgarria da?  Zer gustatzen zaizue gehien metodologiari eta alderdi teknikoari dagokienez?

Onura nagusia da gaur egun hezteak dakartzan esparru guztiak hartzen dituela eta gure ikastetxeko hezkuntza-ildoarekin bat datorrela erabat. Digitalizazioa, gaur egun, lehen urteetatik eskolan zeharka landu beharreko gaia da. Eskolan 3 urtekoen gelan hasten gara robotekin, eta pixkanaka gainerako ikasmailetan ere erabiltzen da.

Zergatik aplikatu ikastetxean? Ba, lehen adierazi dudan bezala, uste dugu gaur egun hezteak erronka berriei erantzutea eskatzen duela, eta horietako bat da, zalantza barik, gure haurrek eta gazteek Internet ondo erabiltzea. Kontua ez da soilik aplikazioak edo jokoak erabiltzen irakastea, baizik eta modu osasungarri eta arduratsuan erabiltzen irakastea.

Children on the Line (COTL) tresna benetan erabilgarria da, moldakorra delako, aplikatzeko erraza delako eta ikasgelan lantzen dugun guztia etxetik indartzeko aukera ematen duelako. Familiek badakite zer lantzen ari garen ikasgelan, eta berrikusi, errepasatu eta seme-alabekin berba egin dezakete ikasten ari diren guztiaz.

Irakasle gisa, COTL guztiz egituratuta dagoen tresna izatea gustatzen zaigu gehien, saio eta jarduera guztiak diseinatuta eta sekuentziatuta ditu, irakasleari ez dio aparteko prestakuntza-denborarik eskatzen, eta hori izugarri eskertzen dugu.

Inmaculada Bilbao, directora del colegio Nuestra Señora de La Merced

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

BBK Family Learning

×