Gure seme-alabak hazi eta hezteko gaitasunak hobetzeko asmoz BBK Family-k antolatzen dituen hitzaldi, solasaldi eta tailerretara joaten diren guztien % 95 emakumezkoak dira. Eguna amaitzean ikastetxeetako patioak ikusten baditugu, emakumez beteta daude. Beraz, galdera hau da: hazkuntza emakumeen kontua bakarrik da?
Enrique Arranz UPV/EHUn familiaren psikologiako katedradunak dioenez, “akats zientifiko bat da loturaren erantzukizun osoa amari egoztea, batez ere umetxoak sei hilabete dituenetik aurrera. Egin diren ikerketek agerian utzi dute familia-sistema orekatu baten (ama, aita edo beste figura batzuen) laguntza garrantzi handieneko babes-faktorea dela haurren garapenean asaldurak saihesteko”, eta gaineratzen du “gurasotasun positiboaren ikuspegitik, tratu ona ez dela amen kontua soilik, hazkuntza-talde oso baten kontua dela, hainbat ikerketak emandako datuek argi eta garbi erakusten baitute prozesu honetan aitaren edo bigarren figuraren inplikazio sistematikoa hazkuntzan babes-faktore bat dela”.
Ildo horretan onartzen ari diren legeei erreparatzen badiegu, Gobernuak argi berdea eman zion 2019an gurasoek, edozein sexutakoak izanda ere, zortzi asteko aitatasun-baimena izateari; 2020an baimen hori 12 astera luzatu da, eta 2021ean amatasun-baimenarekin parekatzea espero da, 16 aste, alegia.
Neurri honen bidez, gizonezkoek hazkuntza-prozesuan duten presentzia indartu gura da, baita emakumeek lan-merkatuan dutena ere, hauek ama bihurtzen direnean oraindik ere zigorra jasotzen baitute. Dekretu horretan, halaber, soldaten erregistroa ere sartzen da sexuaren arabera bereizita, soldata-arrakala gehiago kontrolatzeko eta berdintasun-planak izatera behartuta dauden enpresen kopurua handitzeko.
Emakumeen % 60-80k uste duela senarrak ez direla guraso izateko gai
Jada hartu direnak bezalako neurriak ikusita, hurrengo galdera da ea horrelako legeek aldaraziko dituzten gauzak. María Calvok ?Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasleak, The Family Watch-ek bultzaturiko La importancia de la figura paterna. Consecuencias en la educación de los hijos (Aitaren irudiaren garrantzia. Ondorioak seme-alaben hezkuntzan) azterketaren egileak? azaldu duenez, honelako neurriek, bai, eragingo dute seme-alaben hazkuntzan aitek parte-hartze handiagoa izatea, baina beste faktore batzuk ere aipatu ditu, prozesu horretan gehiago inplikatzea eragozten ari direnak.
Zehazki, honako hau dio: “zera adierazten duten ikerketak daude, emakumeen % 60-80k uste duela senarrak ez direla guraso izateko gai”. Hori dela eta, Calvok uste du beharrezkoa dela aita-irudia “birkulturizatzea”; izan ere, prestakuntza falta da aitek beren lana modu eraginkorrean egin dezaten, eta “prestakuntza-ikastaroak” eskatzen ditu, bi gurasoek beren eginkizunak zelan bete behar dituzten jakiteko.
Izan ere, Dove Men+Care eta NBE Emakumeak erakundeek aitatasunaren egungo egoerari buruz egindako lanaren arabera, aitaren parte-hartzeak amarenak besteko eragina du seme-alabengan. Egia esateko, aiten esku-hartzea ezagutzaren garapen eta errendimendu akademikoa handitzearekin lotu da, neska-mutikoen osasun mental hobearekin eta semeen arteko delinkuentzia-tasa apalagoekin. Gainera, hainbat herrialdetan egindako ikerketek frogatu dute aiten interakzioa garrantzitsua dela seme-alabek enpatia eta gaitasun sozialak har ditzaten (SWF 2016).
Zelan inplikatzen dira euskal aitak?
Hala ere, Implicación de los padres vascos en la crianza: impacto en la corresponsabilidad y en el trabajo productivo (Euskal aiten inplikazioa hazkuntzan: erantzunkidetasunean eta lan produktiboan duen eragina) azterketak, Ritxar Bacete generoan espezialista den antropologoak eta Leire Gartzia Fernández Deustuko Unibertsitateko ikertzaile nagusiak koordinatu dutenak, zera azaltzen du: “Kontuan hartu beharreko elementuetako bat, hain zuzen ere, hau da: gizon batzuek zaintza-lanetan positiboki parte hartzeko duten borondate, beharrizan edo obligazioaren, eta sozializazio-prozesu eskasaren artean dagoen eten edo arrakala, gizonen artean oro har ez baitira garatu jagole edo zaintzaile-rola betetzeko behar diren gaitasunak. Diskurtsoetan aldaketa nabaria dago, eta kultura ez da oraindik horretara iritsi”.
Txostenaren arabera, erantzukizun nagusia emakumeena da oraindik ere. “Gizonek ez dute, seme-alabak zaintzeko, beren lan-betebeharrak egokitzen ikusten beren burua; beraz, ez dute kezka hori bere egiten, eta ez dira horrek ekarriko lituzkeen ondorioez jabetzen, ez dago aldaketarako bultzadarik. Kontraesan eta harreman-eredu horiek guztiak erreferentziazko eredu gisa pasatzen zaizkie neska-mutikoei”.
Txostenaren arabera, erantzukizun nagusia emakumeena da oraindik ere. “Gizonek ez dute, seme-alabak zaintzeko, beren lan-betebeharrak egokitzen ikusten beren burua; beraz, ez dute kezka hori bere egiten, eta ez dira horrek ekarriko lituzkeen ondorioez jabetzen, ez dago aldaketarako bultzadarik. Kontraesan eta harreman-eredu horiek guztiak erreferentziazko eredu gisa pasatzen zaizkie neska-mutikoei”.
Gurasoen inplikazioa hazkuntzan eta ugalketa-lanetan faktore garrantzitsua da familia-sisteman gertatzen diren gatazken erregulazio positiborako, zereginen eta arduren banaketa bidezkoak ez direnean.
Eta Enrique Arranzek zioen legez, gero eta ebidentzia zientifiko handiagoa dugu aitaren inplikazioari eta horrek haurren garapen psiko-sozial intelektualean eta sozio-emozionalean dituen onurei buruz. Bestalde, Bacete eta Gartziaren azterlanak agerian uzten du gero eta dokumentatuagoa dagoela gizonezkoek zaintzan inplikazio handirik ez izateak familian estresa eta pertsonen arteko eta bikote barruko gatazkak sortzen dituela.
Aitzitik, etxeko lanetan eta hazkuntzan parte hartzen duten aitak lehen mailako berdintasun-ereduak dira beren seme-alabentzat, eta berdintasun handiagoko erreferentzia-ereduak sustatzen dituzte, bai semeentzat eta bai alabentzat, horrela horien gaitasun eta itxaropenak zabalduz, bai pertsonalak eta bai harremanei buruzkoak.
Beraz, hazkuntza-eredu partekatu bat gura badugu, azterlanak gomendatzen du lanaren kulturan aldaketak sustatzea, aitei zuzendutako prestakuntza eta sentsibilizazio handiagoa, eta horiek hazkuntza-prozesuan txertatzeko programa espezializatuak abian jartzea. Zeren eta hazkuntza ez baita amen kontua bakarrik.
Andrea Alfaro. BBK Family
Artikulua interesatu zaizu? Seme-alaben hazkuntzari buruzko zalantzak edo kezkak badituzu, BBK Family taldeak zu aholkatzeaz poz-pozik egongo da. On line aholkularitza eskaintzen dizugu. Zerbitzua pribatua eta pertsonalizatua da. Kontsultak ezta erantzunak ere ez dira argitaratuko. Eta helarazi irakurri gura dituzun gaiak.