“Gustatzen bazaizue, merezi duen norbait izan behar dut”

Nerabezaroak pantaila pasatzea eskatzen du. Haurtzaroa, babesa, ardura edo erantzukizunik txikienak, familiaren hurbileko edo zuzeneko babesa uztea… eta oso estimulagarria eta berritzailea den beste fase batean sartzea. Fase berri horretan esperientzia asko biziko dira, eta nerabe bakoitzak bere burua definitzeko aukera izango du: nor den, nolakoa den, zelan bizi gura duen, bizitzan zer lehentasun dituen eta zein beste pertsonak izango duten protagonismoa bizitza horretan.

Eta azken hori funtsezkoa izango da. Nerabe bakoitzak bizitza autonomoagorako bideari ekin behar diola irudikatzen badugu, horrek beldurra eman behar du tarteka. Nagusi sentitzearen zirrararekin batera, beldurrak ere sortzen dira: gai izango ote naiz, nahikoa izango ote naiz, nahi dudana lortuko ote dut? Eta beldur horien aurrean (askotan ez dira beldur kontzienteak, neska edo mutil bakoitzak bakarrik sumatzen ditu, baina asaldura-sentsazioak eragiten dituzte), gisakoen edo maila berekoen taldea funtsezkoa izango da. Nolabait, antzeko esperientziak igaro behar dituzten beste nerabe batzuekin elkartzeak babestuago eta seguruago sentitzeko balioko balu bezala da, babestu, orientatu, partekatu eta erreferentziatzat hartu ahal izateko sare batekin. Eta ideia ona da, zeren eta partekatutako abenturak ondo etortzen zaizkigu, eta pertsona heldu autonomo bihurtzea abentura handia izaten da.

Baliozkotzea bilatuko dute

Horrela, neska eta mutil nerabeek beren taldean bilatuko dute une ebolutibo honetan erabakigarriak diren premia asko asetzeko gune bat. Segurtasuna bilatuko dute: beren gisako batzuekin egotearen sentsazio hori, konfiantza izan dezaketela eta ez dietela kalterik egingo sentituz, beraiekin seguru sentituz baita zaurgarri edo ahul agertzen direnean ere. Baliozkotzea bilatuko dute, konfidentzia baten aurrean honelako erantzuna jasotzea: “Ondo da, lagun, zuk hori horrela bizi baduzu, garrantzitsua da eta ulertzen zaitut”. Nork bere burua definitzeko erabiliko dituen pertsonak aukeratuko dituzte: nor diren, zein lehentasun, aukera, gurari edo desio… dituzten adierazi, eta errespetua eta babesa jasotzea erantzun gisa. Inpaktua egin beharko dute: gertatzen zaienak, proposatzen dutenak, beren iritziek… beren gisako edo mailakide esanguratsuen arreta lortzen dutela sentitzea; zerbait adierazten dutenean, euren jendea gelditu egiten dela eta jende horrek kontuan hartzen dituela sentitzea: “E, goazen, gure lagunak zerbait kontatu behar digu. Zerbait gertatu zaio eta behar gaitu. Goazen!”. Eta, azkenik, taldea(k) esperientziak partekatzeko gunea(k) izango d(ir)a, eta uler ditzakeen jendearekin egoteko gunea(k), antzeko egoerak bizitzen ari direlako eta, beraz, haien larruan jar daitezkeelako. “Ulertzen dut zelan zauden, ni ere horrela sentitzen naiz askotan” baltsamo bat izan daiteke kezkatuta dagoen nerabearentzat.

Gainera, gertueneko lagunek, ikaskideek, (akademia, kirol, arte… arloetako) jarduera-kideek, beren komunitatean dagokien nerabe-taldeak,… beren burua ikusteko ispilu gisa funtzionatuko diete. Nerabe batek bere burua beste nerabe baten begietan begiratzen du, eta haren begiradan ikusten duenak bera nor den islatzen duela ulertuko du. Neska batek ikusten badu bere lagunek irribarre egiten dutela bera hurbiltzen denean, ondorioztatuko du maite dutela bera ikustea, estimatzen dutela, ondo sentitzen direla berarekin, … eta, beraz, ulertuko du “ni gogoko banaute, merezi dudan norbait naiz”. Nerabe batek kritika, axolagabekeria, iseka… ikusten badu bere harreman-munduko mailakideen artean, senti dezake “barre egiten badidate, barregarria naizelako izango da; deitzen ez badidate, erakargarria ez naizelako izango da”.

Oinarritutako identitate edo nortasuna sortuko dute

Eta beren gisakoen begirada horiek biltzen joaten dira, denboran zehar eta bizitzako esparru desberdinetan. Familiarengandik eta pertsona esanguratsuengandik haurtzaroan jaso dutena eta beste nerabe batzuengandik hautematen dutena gehienbat positiboa denean, beren buruarekiko estimuan oinarritutako identitate edo nortasuna sortuko dute. Barne-segurtasuneko oinarri bat garatuko dute, autoestimu osasuntsuan islatuko dena. Horrela, esan ahal izango dute: “Ni jende askok maite nau, eta ni gustura neure buruarekin. Gauza batzuetan oso trebea naiz, eta beste batzuetan ez hainbeste, eta hori ondo dago. Ez naiz perfektua eta ez da beharrezkoa”.

Segurtasun horretatik, beren gisako edo maila bereko diren beste batzuen gaitzespen- edo kritika-esperientziak bizi dituztenean, litekeena da zerbait espezifiko, puntual gisa interpretatzea, beren pertsona osoa zalantzan jarri barik: “Jende horrekin ez naiz ondo moldatu, ez natzaie gustatu; hau ez zait ondo atera, baina ni baliotsua naiz oraindik”.

Aitzitik, aldez aurretik nahikoa balorazio izan ez duten nerabeek, behar adinako errekonozimendua eta estimua jaso ez dutenek, edo kritikatu eta zalantzan jarri dituzten egoera asko bizi izan dituztenek beren gisakoen arbuio-begiradak eurei buruzko egia absolutu gisa onartuko dituzte ziurrenik. “Umiliatzen banaute, nik ezdeus hutsa izan behar”.

Nerabe bakoitza bere erara moldatzen da

Neska eta mutil nerabe guztiek talde bat (talde bat baino gehiago!) behar dute, goian deskribatutako beharrizanak asetzeko talde horietan, eta nortasun osasungarria garatzea ahalbidetuko dieten estimuzko begiradak jasotzeko. Neskek eta mutilek, den-denek. Baina premia horien aurrean, nerabe bakoitza bere erara moldatzen da.

Batzuek, elkarrekiko mendekotasun- eta elkarrekikotasun-harreman osasungarriak ezartzen dituzte; harreman horietan, beren gisakoekin esperientzia atseginak partekatzen dituzte, lagunei babesa eta estimua adierazten diete, eta lagunengandik onarpen eta berotasun hori berori jasotzen dute. “Ondo hartzen dugu elkar, batzuek besteen alde gaude, fidatzen gara, eta gure bizitza hobea da elkarri laguntzen diogulako”. Harremanaren dinamika osasungarria eta orekatua da.

Beste nerabe batzuek, lagunengan eragiten duten inpaktuari buruzko segurtasunik eza eta zalantza oinarri hartuta, baina onespena jasotzeko premiarekin betiere, funtzionamendu asaldatuagoa erakuts dezakete eta nabarmentzen saia daitezke. Arreta erakarri, jaso eta garrantzitsu sentitzea bila dezakete beren portaeren bidez, baita beste pertsonen gainetik geratzea ere, beren balioa ziurtatzeko modu gisa. Baina ziur aski, gainerako pertsonak azkenean aldendu egingo zaizkie, eta ondorioz beren onarpen-beharrizanak eta beren uste ezkorrak (=“Ez naiz gustagarria”) indartu egiten dira.

“Ez naute preziatuko, nitaz barre egingo dute, ez naiz beraientzat gustagarria izango”

Eta, azkenik, harreman-irrika horiek beroriek izanik, isolatu eta bakardadera jotzen duten nerabeak ere aurkitzen ditugu. Zergatik? Eurentzat ziurtasun bat den zerbaitekin biziko direlako agian: “Ez naute preziatuko, nitaz barre egingo dute, ez naiz beraientzat gustagarria izango”, eta ondorio horren aurrean, isilka beren baitan ezkutatzea beren burua babesteko mekanismo bat da, eta horren maila izan daiteke arinagoa edo gizarte-fobiara hurbiltzerainokoa.

Hori guztia zein esanguratsua den kontuan hartuta, zer egin dezakegu familiok, nerabeak gertu ditugun helduok?

Has gaitezen lehenagotik: transmititu diezaiegun haurrei maite ditugula, atsegin ditugula, gustatzen zaigula haiekin denbora igarotzea, beren buruari buruzko sinesmen positiboak gara ditzaten.

Sor ditzagun aukerak hainbat taldetan sar daitezen. Haurtzarotik hasita eta nerabezaroan, bultza ditzagun beren gisakoen balioespen-begiradak jasotzeko guneak. Hainbat pertsona eta talderen balioespen-begiradak, ugari eta askotarikoak. Zenbat eta gehiago hobe.

Gaitzespen- edo kritika-esperientziak bizi badituzte, lagundu diezaiegun bereizten: zeren erantzule zara, zertan huts egin duzu? Horrela izan bada, zuk egindako zerbaiti buruz hitz egiten du horrek, eta ez zure orokortasun osoan zu zarenaz. Okerreko ezer egin ez baduzu, baliteke talde horrek eta zuk elkar ondo ez hartzea; askotan gertatzen da hori, eta horrek ez du zutaz ezer txarrik esan nahi, pertsonen arteko desberdintasunez baizik.

Azken batean, ezarri dezagun beraiekin gero eraikitzea gustatuko litzaigukeen harreman-mota hori. Hein handi batean, familian ikasiko dute harremanak izaten eta lotzen, eta ikasitakoa beste testuinguru batzuetara “esportatzen” dute gero.

Ezartzen ditugun loturek gure osasun emozionala determinatzen dute. Lagun diezaiegun nerabeei maitatuak sentitzen, beren burua hobeto maita dezaten.

Yarima Etxeberria Ibáñez. Psikologoa – Psikoterapeuta

Bideak gurutzatzen guraso eta nerabeekin Roberto Aguadoren eskutik

Gurasoentzako lehen gimnasioa ireki du BBK Familyk

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

Menu

BBK Family Learning

×