Gazteen emantzipazioaren erronka: zelan lagundu gure seme-alabei emantzipatzen?

EAEko gazteak emantzipatzen diren adinak gora egin du eta Europako batez bestekoa baino handiagoa da; baina gazteek ez dute emantzipatu gura ala beraien inguruabarrengatik egoten dira familiaren etxean denbora luzeagoan?

 Gazteak gero eta beranduago emantzipatzen dira

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 2021ean, Euskadiko gazteen batez besteko emantzipazio-adina 29,7 urtekoa izan zen, Europako batez bestekoa baino hiru urte handiagoa. Hala ere, ez dirudi beren borondatez gertatzen denik hori, zeren eta, inkesten arabera, gazteek onartzen baitute batez beste 24,5 urte dela emantzipatzeko adin desiragarria.

Emantzipazioaren atzerapen horrek nahasmendua dakar gazteen autonomiaren garapenean, proiektuetan eta etxe eta familien eraikuntzan. Horrek, era berean, familia bakoitzeko seme-alaba kopuru txikiagoa eragiten du.

Gazteriari bakarrik eragiten dion arazoa da hori ala ez?

Egia esanda, ez; autonomia-gabezia horrek belaunaldien arteko desorekak eragiten ditu, gizartea zahartzea, lan-merkatuan ordezkatze-arazoak edo gizarte-babeseko sistemei eusteko arazoak. Beraz, familien eta gizarte osoaren arazoa da.

Izan ere, hainbat mailatako administrazio publikoek (Europako, estatuko, lurralde historikoetako eta udalerrietakoek) azken urteotan gazteen emantzipazioa jarri dute beren politika publikoen estrategien funtsezko ardatz gisa 2023rako.

Zer egin dezakete familiek erronka honen aurrean?

Nerabeen edo gazteen guraso gisa, kontua ez da familia-etxea utz dezaten irrikaz egotea, baina bai beren bidea hasteko pertsona autonomoak izan daitezen heztea. Garrantzitsuena da, emantzipatzeko kezkarekin hasten direnean, gazteek ahalik eta informazio gehien izatea. Hau da, jakitea babes publikoko zer etxebizitza-mota dauden, etxebizitza pribatuarekin lotutako zer-nolako programak dituzten eskura, eta emantzipatzeko zer laguntza-mota eska dezaketen.

Baina, zer egingo dugu etxebizitza-kontu bat zer den ez badakigu edo programa horiei buruz ideiarik ere ez badugu? Horretarako, Eusko Jaurlaritzak gazteentzako informazio-zerbitzu berri bat jarri du euskal gazteen eskura, GAZ izenekoa, emantzipazioaren arlorako.

GAZ doako zerbitzua da, non 18 eta 35 urte bitarteko gazteek emantzipazioari buruzko zalantzak ikuspuntu integral batetik kontsulta ditzaketen. Hau da, ibilbide osoa hartzen du kontuan: egoera ekonomikoa hobetzeko prestakuntza edo lan-egoera hobetzea; errenta-laguntzak; etxebizitza alokatu edo erosteko prozesua, etab. Ahaztu barik atzerrira ikastera edo lan egitera joan eta itzultzeko prozesua hasi nahi dutenak. Gainera, prozesu horretan laguntza eta kasuaren jarraipen pertsonalizatua eskaintzen die GAZek.

Zerbitzua online eskaintzen da www.gaz.eus komunitatearen, Whatsapparen edo posta elektronikoaren bidez, baita GAZen bulegoetan ere. Bizkaian, zerbitzuak baditu bulegoak Bilbon eta Barakaldon.

 Argibide gehiago:

 GAZ Online

www.gaz.eus

gaz@euskadi.eus

646109126 (whatsapp bakarrik, ez da sarrerako deirik onartzen)

GAZ Bilbao

La Perrera – Sabino Arana 50 (Basurto)

GAZ Barakaldo

San Juan kalea 17 (Barakaldo)

 

 

Menu

BBK Family Learning

×