“Familia batzuek gustuko dute etengabeko gatazkan bizitzea”

Daniel López Ortegak, “Hasta el error es divertido” liburuaren egileak, elkarrizketa honetan kontatzen digu nolakoak diren bere eskolak Haur Hezkuntzan, zelan irakasten dien umeei emozioak kudeatzen, zer lotura —batzuetan tratu txar edo babesgabetasun-kasuak deskubritzeko aukera ematen duena— sortzen den ikasleekin, eta zer higadura dakarren guraso batzuk ikastetxearekin eta irakasleekin gatazkak sortzen saiatzea beti.

Liburuan azaltzen duzu irakasle txarrek lagundu zizutela jakiten irakasle izan nahi zenuela

Haiengan jartzen dut arreta, azkenean arrastoa uzten dizutenak dira-eta. Zerbait negatiboa esaten dizun norbaitekin topo egiten baduzu, datu negatibo horrekin geratuko zara. Eta nik nahiko txarrak izan ziren hiruzpalau irakaslerekin topo egin nuen nire ikasle-bizitzan, unibertsitatea barne. Zehazki, ikasgelan sartu eta ikasleok iraintzen gintuen bat izan nuen, eta ikasgelatik kanpora ere bota ninduen. Gaur egun ‘tratu txarra’ esaten diogu horri, baina lehen ez zegoen hain txarto ikusia ikasgelan horrela jokatzea.

Beraz, nik hezkuntzan sartu nahi izan nuen, hain zuzen ere, nire ikasleetako inor joan ez zedin oroitzapen txar horrekin, ikasgelan espazio seguru bat izan zezaten, azkenean hori sortzen saiatzen bainaiz, etxean bizi dituzten egoerak ere ez dakizkidalako, eta nirekin zortzi ordu igarotzen badituzte, behintzat denbora hori ahalik eta onena izan dadila, beraiei lagun egin eta ekarpenak egiteko.

Eta lagun egite horri eta behaketari esker, etxean jasaten dituzten tratu txarren kasu batzuk aurkitu dituzu

Bai, eta oso gogorra da. Azkenean, guri ez zaigu irakasten nola lagundu hor edo zelan erantzun egoera horietan. Izan ere, gertatu zitzaidan lehen aldian, liburuan kontatzen dudan bezala, ez nuen jakin zer egin, baina nire lankideak esan zidan: “Zer egiten duzu? Aurrera, gizona, eta lagun iezaiozu”.

Eta gertatzen ari denari aurre egin behar diozu, une horretan ausarta izan, eta batez ere jakin behar duzu une horretan ez duzula zuk axola, umeak axola duela. Nik lagun egin, gidatu egiten dut. Nire aldetik oso neurekoia izango litzateke neskatoa hain zaila den zerbait apurtzen saiatzea eta nik buelta eman eta alde egitea. Horregatik espazio seguru hori sortzearena. Zoritxarrez, horrelako hiru egoera bizi izan ditut nik, eta haur-hezkuntzako irakaslea naiz.

Baina, zelan antzematen duzu?

Garrantzitsuena behatzea, begiratzea, entzutea da. Eta hor asko ateratzen duzu, baina egia da ustekabeko uneak direla. Liburuan kontatzen dudanez, futbolean jokatzen ari zirelako izan zen, eta nesketako bat haserretu egin zen eta gogor bultza egin zion besteari. Nik galdetu nion non ikusi zuen jokatzeko modu hori —nahiz eta ez dudan horrelako galderarik egiten, ez zaidalako inori errua botatzea gustatzen, baina une hartan ez nekien orain dakidana— eta neskatoak esan zidan bere aitak hori egiten zuela. Eta horrela jakin nuen. Beste behin ume batek esan zidan aitak atea hautsi zuela… Horrelako uneetan zaila da lasai egotea eta zure galdera ez baldintzatzea. Sokari tentuz tira egitea, ahalik eta informazio gehien ateratzen saiatuz haren diskurtsoa gidatu gabe. Haren gurasoez ari zara, eta hark maite ditu.

Liburuan ere aipatzen duzu betikotzen jarraitzen dela “nesken gauzak eta mutilen gauzak” daudelako pentsaera

Oso gizarte markatuan bizi gara. Iragarkiak daude, saltoki-gune batera zoaz eta korridoreak ikusten dituzu mutilen arropa edo jostailuekin, nesken arropa eta jostailuetatik bereizita. Ez da erraza hortik ateratzea. Horregatik, ni saiatzen naiz familiei transmititzen, eta hori da neuk ikasgelan egiten dudana, aztertzeko gaitasun kritikoa izaten ikasi behar dutela, eta arropa bat neskena dela esan arren, nik horixe jantzi nahi badut, jantzi egin behar dudala, inori minik egiten ez diodalako eta niri gustatzen zaidalako. Uste edo iritziei aurre egiteko eta erabakitzeko gaitasun emozional hori lortzen saiatu behar dutela. Izan ere, uste dut dagoeneko ez garela saiatzen sailkapen hori apurtzen, erraldoi bat bezalakoa baita, esaten didana ni mutikoa naizenez autoak gustatu behar zaizkidala. Ba, ez, Barbie Arrosa hartuko dut, berdin zaidalako zure iritzia horretaz.

Haur Hezkuntzan beste gai handi bat partekatzearena da. Adibideren bat jarri duzu liburuan: ez dagoela ondo partekatzera behartzea egiten dugun moduan

Izan ere, partekatu egin behar dutela esaten diegu, eta, agian, jostailua hartu berriak dira, gustura ari dira jolasten, eta lankideari ematera behartzen ditugu. Guri gertatuko balitzaigu, ez dut uste hain azkar partekatuko genukeenik. Azkenean, gu autoritate-figura bat gara, geuk gura bezala hartzen ditugu haurrekin erabakiak, eta uste izaten dugu haiek ez dutela inolako emoziorik, ezta prozesurik ere. Lankidea etorri, ordenagailua hartu eta eraman egingo balit bezala. Ziur aski esango nioke pozarren utziko diodala, baina galdetzeko lehenik.

Pixkanaka arau sozial horiek eta komunikazio hori ikasi egin behar dituzte, eta prozesu horretan lagundu egin behar diegu. Izan ere, ez diegu irakasten, eta gero, hamabost urterekin, komunikatzea, entzutea nahi dugu, baina zer irakatsi diezu lehenago? Nik familietan ikusten dut, kutxetan sartuta bezala dauzkatelako, orain haurra da, gero aurrenerabea, gero nerabea… Hori ez da horrela, bizi-prozesu bat da, non erabakitzeko ahalmena eman behar zaien, beti tentuz, dagokien unearen eta daukaten adimenaren arabera, baina ez iezaiezu ezarri dena etengabe.

Zure eskoletan teknologiaz ere baliatzen zara

Orain besapean tablet bat dutela jaiotzen dira umeak. Gu belaunaldi oso teknologiko bati irakasten saiatzen ari gara, gu geu horrelakoak izan ez garenean. Eta normalean ezagutzen ez dudanak beldurra ematen dit; orduan, teknologia horri beldur bat egotziko diot, bidezkoa ikusten ez dudana.

Baina, bizitzen ari garen uneaz ere oso kontziente izan behar dugu. Lehen hezkuntzako neska-mutil batzuek badute mugikorra sarbide librearekin, eta neure buruari galdetzen diot ea aita edo ama horrek ondo erabiltzen irakatsi ote dion. Gainera, eskolan edo etxean kontatzen ez dieguna tabletean aurkitzen dute. Eta hor okerrena topa dezakete.

Haur txikiak ditut tabletari erabat lotuta hiru urte dituztenetik. Gelara ekartzen duten nekeagatik nabaritzen dut, ez dutelako harremanik besteekin. Gainera, batzuek TikTok baten 15 segundoko arreta-gaitasuna dute. Gero eta adierazkorragoa izan behar dut beraien arreta erakartzeko. Azkenean mozorroz betetako kutxa batean sartuko naiz eta 15 segundoan behin aldatu egingo naiz.

Gizakia begiluzea da berez, jakingura du, bestela ez genuen ezer egiten ikasiko, ez genuen asmatuko ez gurpila, ez sua… baina orain jakin-minik ez duten, motibaziorik ez duten, ikasi nahi ez duten, deskubritu gura ez duten… umeekin topo egiten ari naiz. Material bat gertu jartzen diet eta ez dira hurbiltzen zer jarri dudan ikustera. Teknologia tresna zoragarria da niretzat, baina tentuz eta buruarekin erabiltzen bada.

Familiekin hitz egiten duzu kontsolak, tabletak… erabiltzeko denborak murriztu ditzaten?

Liburuan oso ipurtarina zen haur baten kasua kontatzen dut, oso zaila gertatzen zitzaidan haren arreta neureganatzea. Hori gertatzen denean, aitarekin eta amarekin berba egiten dut beti, etxeko egoera zein den ikusteko. Haiekin elkartu nintzenean esan zidaten haurra tabletarekin edo kontsolarekin egoten zela astelehenetik ostiralera gosalorduan, arratsaldeetan… Eta denborak laburtuz joan ginen, eta kirolekin, familian hitz egiteko uneekin eta abarrekin ordezkatuz. Eta pixkanaka, umeak hobera egin zuen ikasgelan, arreta gehiago jartzen zuen, lagunak jotzeari utzi zion, lasaiago zegoen. Azkenean ez da pantaila, baizik eta pantailak isolatu egiten nauela.

Nik ikasgelan dantza egiteko erabiltzen dut, Just dance-arekin adibidez, edo nire ikasleekin yoga egiteko, baina une jakin batzuetan.

Emozioen kudeaketa zure eskoletan haurrekin lantzen duzun alderdietako bat ere bada

Bai, egiten dugu, eta benetan ni ez naiz jada horren parte, eta hori da politena. Hasieran, batzar horiek gidatu egiten nituen eta errutina bat erakusten nien: zelan sentitzen zara, zergatik sentitzen naiz horrela… Entzuteko jarrera erakutsi nien, hori ere azkenean garrantzitsua baita, lankidea esaten ari denari adi egotea gainerakoak, beraiek esango dutena bezain garrantzitsua baita besteena. Eta ni orain jada ez naiz parte, egun horretan ilarako lehena izaten baita irakasle-aulkian esertzen dena. Eta bera izaten da ikaskideei galdetzen diena eta beraiekin ezarrita dudan errutina hori egiten duena, eta azkenean ez da heldu bat izaten galdetzen didana, baizik eta neure gisako bat, eta horrek askoz gehiago konektatzen ditu.

Oso polita da igerilekuko pasadizoa. Haur bat oso urduri jarri zen, negarrez hasi zen eta gainerakoak besarkatzera joan zitzaizkion

Zoragarria da. Horrek oilo-ipurdia jarri zidan niri. Hor, ikastetxearen lana ez ezik, hezkuntza-komunitate osoaren lana ere sartu zen jokoan. Kasu horretan jakin zuten kudeatzen, irtenbideak bilatzen…

Duela gutxi, ikasgelari agur esateko bideo bat egin nuen banindoala esanez, Gabon ostean ez nintzela itzuliko. Eta gezurra zen. Azkenean itzultzeko asmoa nuen, baina erakutsi nahi nien baliotsua ez dela Gabonetan nahi dugun opari bat, baizik eta baliotsua elkarrekin gauden denbora dela. Eta ‘ikusiko duzu zer drama’ pentsatzen duzu; bada, ez, nire falta sumatuko zutela esaten hasi ziren, baina konponbide bila ere hasi ziren, ‘han dagoena datorrela ona’, edo bestela, ‘begira, Yolik (nire lankidea da) eman ditzala zure psikomotrizitate-klaseak’ … Kontua ez da ez nautela maite, pena ematen die joateak, baina badakite gertatzen ari dena kudeatzen.

Esaten duzunez, betiko gatazkan bizi diren familiak egotea da irakaskuntzaren zati ez hain polita

Izugarria da. Azkenean, nik irakasle gisa ikusten dudana da ez dagoela ikastetxearekiko edo egiten ari naizenarekiko konfiantzarik. Liburuan kontatzen dut. Behin esan nion familia bati ezin nuela ezer egin beraien konfiantza irabazteko. Izan ere, nahi duzun bezain gardena izan naiteke, egunero idatzi ahal dizkizut mezu elektronikoak, esan diezazuket patiora etortzeko eta zure semeari hesitik begiratzeko, baina fidatu gabe jarraitzen baduzu, ezin dut ezer egin zuk konfiantza izateko.

Frustrazio ikaragarria da eta hainbeste higatzen zaituenez, baja hartzeko gogoa ematen dizu. Pertsona batek ezin du jasan besteen aldetik etengabe zalantzan jarrita egotea. Ezin didazu mezu elektroniko bat idatzi, nik erantzun, tutoretza-saio bat egin eta irteeran gauza bera galdetu, eta biharamunean berdin jarraitu. Azkenean esaten duzu: “Begira, ez didazu batere jaramonik egiten, eta ez didazu jaramonik egiten, ez zarelako nitaz fio”.

Egia esan, nahiago dut 40 umeko ratioa duen gela bat, neure aurkako bi guraso baino. Ikasleekin egiten duzun lanean eragiten dizu horrek, ez zarelako gogo berberarekin joaten. Berehala pentsatzen duzu: ‘Ikusiko duzu, orain txarto interpretatuko dute hau, eta iskanbila sortuko da’, behin eta berriz bizi duzulako.

Ni gero eta gehiago nago auzitan familiekin eraman gura duten hazkuntza-ereduagatik, ez dagoelako ondo, asko entzuten diete seme-alabei, eta hori oso ondo dago, baina gero ez dago ezelango mugarik. Eta ez dute nahi beren seme-alabek frustraziorik izaterik, eta horrela tirano berekoiak ari dira hazten.

Negar egiten duten ikasleak ditut, aitatxok ekarri beharrean amatxok ekarri dituelako, “nik aitatxok ekartzea nahi nuen, eta, horrela ez denez, zuri sortuko dizut kalapita, zeren eta ikasgelan pasa egiten zait, irribarre egin eta gozatu egiten dut. Iskanbila sortuko dizut, ez baita nik nahi dudana”. Edo baditut ikasleak beraien senitartekoekin hitz egiten dudanean negarrez hasten direnak arreta galarazteko, esanez bezala: “Arraioa, ez dezatela irakaslearekin hitz egin, gertatzen ari dena kontatuko die-eta”.

Jakina, ni ez naiz ari esaten haur horiek manipulatzaileak direnik, baina lagungarriak ez diren estrategia batzuk ikasten ari dira. Errespetuzko hezkuntza zoragarria da, baina muga batzuk beharrezkoak dira, horiek baitira funtzionarazten digutenak eta mundua ulertarazten digutenak, eta zati hori ahaztu egiten zaigu, negatiboa dela eta haurtzaro beldurgarria biziko dutela uste izaten dugu-eta.

Oraingo mugak ez dira guk jasotzen genituen zigorrak, eta nik uste dut horregatik nahasten dela gauza orain, hau da: “Nire amak ez zidan ezer egiten uzten txikitan, eta orain horregatik uzten diot dena egiten”.

Azkenean, guk, irakasle gisa, batez ere Haur Hezkuntzan, laguntza emozionala eta profesionala ematen diegu gurasoei, hezkuntza zelakoa den ulertzeko. Baina, noski, sartzen utzi behar didazu. Nik ikasturte-hasieran esaten diet familiei: “Nik lantaldea osotu nahi dut, zuek % 50 zarete eta ni beste % 50”. Etxean zerbait gertatzen bazaizue, esadazue. Niri zerbait gertatzen bazait, esango dizuet, baina ez zuek zuen baitan mila dorre eta gaztelu egiteko; zure semeak egun txarra izan duela besterik ez dizut jakinarazten, eta kito, etxean zaindu dezazula, eta horrek ez du esan nahi zure semea beldurgarria denik.

Bileretan familiekin harira joatea gustatzen zaizula diozu

Unibertsitatean sandwicharen teknika irakatsi zidaten: lehenengo zera ona esaten duzu eta gero arazoa kontatzen duzu. Teknika ona da, baina nik nahiago dut harira joan semeari edo alabari laguntzeko. Zure semea zoragarria da, hori badakizu, nik asko maite dut, hori ere badakizu. Oso maitatua eta oso zaindua dago, badakizu, baina zure semea oso oldarkorra da oraindik, eta gatazka batean kolpeak ematen ditu eta iletik tiraka hasten da. Iletik tira egite horretan jarri nahi dut arreta, hori baita geldiarazi nahi dudana”.

Baina, batez ere, konponbideekin amaitzen dut beti. Hori egin dezakegu, estrategia horiek martxan jarriko ditugu eta, gertatzen dena gertatzen dela, bizpahiru aste barru berriro elkartuko gara, eta ikusiko dugu zelan egin aurrera. Azkenean, irtenbide edo laguntza garrantzitsu bat ematen dizut, eta hori da garrantzitsuena.

Hasta el error es divertido

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×