Ez zaudelako bakarrik

Honako artikulu hau irakurtzeko orduan aurkitu duzun hutsunea hutsunearen % 1 da, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek lehen aldiz tratu txarrak jasotzen dituztenean edo salaketa jartzea erabakitzen dutenean sentitzen duten bakardade- edo desorientazio-sentsazioa.

 

Emakumeen aurkako indarkeria da, jada lege guztietan jasotzen den bezala, gizartean emakumeen eta gizonen artean oraindik dagoen desberdintasunaren froga handiena. Emakume askoren eta haien haurren bizitza suntsitzen duen zerbait da indarkeria matxista; izan ere, ukitzen zaituenean, DENA hondatu edo suntsitzen du.

Datu garrantzitsu bat dago: tratu txarren ia % 80 ez dira salatzen. Emakumeek, batez beste, 8 urte behar izaten dituzte salaketa jarri ahal izateko, baina, gehien-gehienak banantze edo dibortzioaren bidez saiatzen dira harreman gatazkatsu bati amaiera ematen; eta kasu gehiegitan, ezarritako zaintza partekatuak aplikatzearen ondorioz, adibidez, prozesu izugarri gogorra has daiteke seme-alabak dituzten emakumeentzat. Datu horiek gogoeta eragin behar digute, agerian uzten baitute, salaketaren bidez biktimak babestuko dituztela dioten legeak izan arren, emakume askori ez dietela aski konfiantza ematen edo ez dela iristen zelan jokatu zehazten duen informazioa.

Kontuan izan behar da salatzen den indarkeria gehiena psikologikoa dela, batzuetan bortizkeria fisiko edo beste era batekoarekin batera. Baina, bitxia bada ere, autoestimurako kaltegarriena izan daitekeen indarkeria psikologikoa kasu gehiegitan ez da epaitegietan kontuan hartzen, ia inoiz ez baita egoten onartuko den frogarik. Ezin dugu tratu txarren arazoa beste edozein delitu balitz legez tratatzen jarraitu. Horren atzean desberdintasun- eta menderatze-prozesu oso bat dago alderdi baten aurka, eta, beraz, ez da orekarik egoten salaketa jartzerakoan. Hori, kasu gehienetan, ez du kontuan hartzen justiziak, eta, beraz, epaiak ez dira bat etortzen biktimak espero zuenarekin.

Idazki honen bidez, gure burua ezagutzera eman gura dugu. Bizitu Elkarteagara, indarkeria sexistaren aurkako emakumeen elkartea, nahiz eta iaz arte Asociación Mujeres que Aman Demasiado (Larregi maite duten Emakumeen Elkartea) izan gure izena. Izena aldatuta, indarkeria matxistaren biktima eta bizirik ateratako emakume gisa 2013an eratu ginenetik egin dugun aldaketa- eta ahalduntze-prozesua ikusarazi gura dugu.

Elkartearen helburuak dira, besteak beste, emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria ikusaraztea, indarkeria hori gainditzeko prozesuan emakumeei laguntzea, eta gainerako eragileekin, zenbait erakundetatik laguntza integrala ematen dutenekin, parte hartzeko gune bat eskatzea.

Beste emakume batzuei laguntza ematen

Genero-indarkeriatik bizirik ateratako emakume-talde bat gara, eta guk bizi izan genuen indarkeria bera jasaten ari diren emakumeak hartzen ditugu. Samin edo oinaze hori ulertzen dugunez, harrera egin eta entzun egiten diegu epaitu barik. Orain dela urte batzuk hasi ginen, orduan ez zegoelako, ulertu barik eta epaituak sentitzen ginenean, babestuko gintuen emakume-talderik. Babes horren bila, elkartu egin ginen, behar dutenei babesa emateko elkarri laguntzeko talde batean, esaten den guztiaren konfidentzialtasuna errespetatuz betiere.

Egoera bera pairatu eta pairatzen duten beste emakume batzuei ere, bakoitzari bere inguruabar edo zirkunstantziekin,  lagundu gura diegu, eta mentoria- eta laguntza-proiektu batean parte hartzen hasita gaude. Bidea gaitza da; ahalegin handia egin behar dugu, eta ez gaude beti horretarako prestatuta.  Erakundeek ere ez dute asko laguntzen; oraindik ezin izan dugu lortu Bilboko Udaletik lokal bat gu elkartu ahal izateko eta gure laguntza eskatzen duten emakumeak bertara joan ahal izateko. Lan nekeza da, baina uste dugu beste emakume batzuei lagundu ahal izateak denoi laguntzen digula.

Nire izena Rosa da, genero-indarkeriatik bizirik ateratakoa naiz eta Bizitu Elkarteko kidea naiz. Elkarte barruan eta umiltasunetik, nik pairatu nuen tratu txar prozesu bera pairatu duten edo pairatzen ari diren beste emakume batzuei lagundu ahal izatea da nik 20 urte baino gehiagoan bizi izandakoari zentzua ematen diona. Emakume eta lagun horiek beren irribarrea erakusten didatenean, bizitzak eskaini eta eman diezadakeen oparirik onena, ordainik eta pozik handiena da. Nire uste eta konbentzimendu pertsonaletik abiatuta, elkarte honen bihotza eta arima borrokan jarraitzeko itxaropena, indarra, maitasuna eta energia dira, eta emakumeek gure begiradan islatuta aurkitzen dute hori guztiori, beren burua ikusteko ispilu bat izango bagina bezala, eta horrek indarra ematen die ulerkuntzarik gabeko eta oztopo askoko bide gogor batean aurrera jarraitzeko, indartsu bihurtu eta eraldatu egiten baititu.

Hau da, emakumeari laguntzen diogu biktima sentitzetik bizirik atera den norbait dela sentitzera igaro dadin, eta berriro bere bizitzaren gidaritza har dezan.

Emakume askorekin berba egin ostean, egiaztatu dugu gehienetan, tratu txarren harreman batetik irteteko erabakiak hartzeko prozesuan, emakumea oso bakarrik sentitzen dela, bere egoera ulertuko ez baliote bezala. Salaketa bat egin behar izateak sortzen duen presioaren ondorioz, batzuetan erabaki horren ondorioak baloratu barik, zenbait kasutan atzerapausoak eman eta salaketak kendu egiten dira, edo erasotzailearekin berriro bizitzen hasten dira, horrek emakumeari ekartzen dion arrisku larriarekin.

Elkarte gisa, “Indarkeria Matxistaren aurkako Emakume Erresilienteen Kontseilu Nazional”eko kide gara, bizirik ateratakoen elkarteez osaturik dago Kontseilua, eta sareak ehuntzen ari gara, egiaztatu baitugu elkartuta indartsuagoak garela. Eta gure esperientziek eta sufrimenduek balio behar dutela beste emakume batzuek ez pasatzeko hori bakardadean.

Emakume-sareak sortu behar ditugu, hurbilekoak eta seguruak, edozein unetan jo ahal izateko sare horietara, badakizulako hor daudela zuri entzuteko (epaitu barik) eta zuri laguntzeko.

Bizirik atera direnen ahotsa entzunarazi behar dugu, beste indarkeria-mota batzuetan egiten den bezala.

Gizarte gisa ezin dugu beste alde batera begiratu. Indarkeria matxista eta hori iraunarazten duen guztia desagerraraztea nahitaezkoa da, eta pertsona guztion ardura edo erantzukizuna da, emakumeak biktima zuzen gisa eta gizonak arazoaren zati garrantzitsu gisa (erasotzaile gehienak gizonak baitira). Ezingo dugu emakumeenganako indarkeriarekin amaitu, gizonak interpelatuta sentitzen ez diren bitartean eta beren sozializazio-moduan aldaketa garrantzitsuak egin behar dituztela onartzen ez duten bitartean; izan ere, modu horrek pribilegioak ematen dizkie gizon jaiotze hutsagatik, eta batzuetan modu gaiztoan erabiltzen dituzte pribilegio horiek.

Horretarako tresnarik onena, zalantza barik, hezkidetza da, txiki-txikitatik, errespetu- eta berdintasun-balioekin.

Bizitu Emakumeen elkartea

Zer da: Indarkeria matxistaren biktima izan eta biziraun duten emakumeei ahalduntze-prozesuan babesa eta laguntza ematen dien elkartea.
Helburua: Elkarri laguntzeko talde batean babesa ematea behar duten emakumeei, esaten den guztiaren konfidentzialtasuna errespetatuz.Harremanetarako: 688 627 552 / info.bizitu@gmail.com
Web: Bizitu

Menu

BBK Family Learning

×