Ez edateko esango diot, ‘kalimotxoa’ prestatuko diot ala kezkatu egingo naiz edaten ez duen bakarra bada?

Gure seme-alaba nerabeen alkohol-kontsumoari buruz guraso gisa dugun eginkizunaz artikulu bat idazteko hiru saiakera. Eta zalantza asko daude hori nola bideratu, zelan gainditu inkoherentziak, nola ez seinalatu “onak eta gaiztoak” beste barik… Zalantzak daude zerbait baliagarria idazteko moduari buruz, dagoeneko jakinak diren edo errealitatetik oso kanpo dauden aholkuen laburpen bat ez egiteko, eta kontuan hartu, mantendu edo aldatu beharreko gauzei buruzko hausnarketa sortzeko. Beharbada, gauza batzuk jada jakingo ditugu horretaz.

Badakigu alkohola droga bat dela; izan ere:

  • Garunaren funtzio batzuetan aldaketak eragiten ditu, eta horrek eragina du gogo-aldarte edo animoan, errealitatearen pertzepzioan, portaeran…
  • Horren ondorioek kontsumoa errepikatu nahi izatea ekar dezakete, eta askotan kontsumitzen bada, mendekotasuna ager daiteke.
  • Hori horrela bada, gero eta kantitate handiagoa eta maizago edan beharko da ondorioak sentitzeko.

Badakigu adingabeek ezin dutela alkoholik kontsumitu eta debekatuta dagoela 18 urtetik beherakoei alkoholdun edariak saltzea (nahiz eta azkenean lortu egiten dituzten). Eta, “droga biguna” dela uste dugun arren, arazo gehien ematen dituena da denboran eta jende gehien harrapatzen duena.

Badakigu nerabe batzuek ez dutela dastatuko, beste batzuek une jakin batean egingo dute zelanbaiteko kontrolarekin, utzi egingo dute eta ohitura osasuntsuak berreskuratu eta horiekin jarraituko dute. Hala ere, badakigu gazte askok oso goiz edaten hasi eta asko eta azkar edaten dutela, ondorioak zentzu zabalean jasaten dituztela, mendekotasunean erori edo beste aukera batzuk ez dituztela ikusten entretenitzeko, beren burua baieztatzeko, taldean onartuak sentitzeko edo tentsio emozionalen bat gainditu ahal izateko.

Gai kezkagarrienetako bat gazte batzuek alkohola edateko (eta lehenbailehen edateko) duten “desira edo irrika” da, “zerbaitetarako irtenbide edo baliabide” gisa. Askotan larregi edo kontrol barik. Edan dezakete…

  • Zelanbaiteko “arriskua” duen erronka ―jakin-mina, abentura eta muga bat zeharkatzeko aukera sortzen duena― delako, eta horrek nerabe batzuk erakarri egiten dituelako beren heltze-prozesuaren barruan.
  • Alde batetik, beren adinean “egin behar ez duten” zerbaiten aurrean beren burua baieztatzeko modu bat delako. Bestalde, harremanak izateko, ondo pasatzeko… helduek jada egin dezaketen eta egunero egiten duten zerbait egitea esan gura duelako.
  • Nerabeen artean nahiko hedatuta dagoen taldeko erritual” bat delako, eta edateak “kide izatea” eta talde batean onartua izatea ekar dezakeelako, baita nolabaiteko “presioa” konpontzea ere.
  • Itxurazko desinhibizioa edo distrakzioa lortzeko modu bat izan daitekeelako, haien beldur edo segurtasunik ezaren aurrean.Beren gisakoekiko sozializazioaren barruan, lehen sexu-interakzioen barruan edo bizi dezaketen antsietate konplexuago bati aurre egiteko moduren bati lotuta.
  • Beraiek entretenitzeko modu bat delako, denbora librea beren gisakoekin pasatzea, aurreko guztia jasotzen duena, beste aukera motibatzaile batzuen benetako edo horrela hautemandako faltaren aurrean. Badakigu, gainera, aisia-gune batzuk errazago eraman ditzaketela horretara.

Alkoholaren kontsumoak, hazten doan heinean, gero eta eragin handiagoa du garuneko funtzio eta portaera emozional eta sozial jakin batzuetan. Hori horrela da, oro har, eta are gehiago garuna oraindik garatzen ari diren adingabeen kasuan.

Sozialki, oro har, naturalizatu egin dugu alkoholaren kontsumoa, ospatzeko, elkartzeko, dibertitzeko edo “gure penak itotzeko”. Batzuetan, zelanbaiteko kontrol eta zaintzaren barruan, eta beste batzuetan kontrola galduta. Inoiz edaten ez duena “arrarotzat” ere har daiteke. Baimendutako publizitateak ere gero eta gehiago sustatzen du kontsumoa.

Aurreko guztiaren aurretik, nola heldu gai horri neska-mutilekin? Zelan konpondu gure inkoherentzia sozialak? Norantz joan behar dute gure mezuek? Zalantzak izan ditzakegu zelan bideratu gai hau.

Horiek konpontzeko, geure esperientzia balia dezakegu, gaian adituak direnen iritzia, eta, era berean, neska-mutilek beraiek esan diezaguketena har dezakegu kontuan. Adibidez, gaiari buruz espazio formal eta informaletan hitz eginez, honelako gauzak esan ditzakete:

  • Ez edatea, lagun bati edo gustatzen zaizun neskari ez duzula edan nahi esatea batzuetan zaila da. Batzuetan, kosta egiten da beste plan batzuk egin nahi izatea besteek.
  • Gurasoek alkoholik ez edateko esan behar diete seme-alabei, baina agian gauza gehiago esan behar dizkiete, batez ere dagoeneko edaten ari badira. Nekagarria da “Ez ezazu edan, ez drogatu, ez izan gaiztoa…” bakarrik entzutea.
  • Gurasoek egia esan behar dute. Pantailekin bezala da: ez erabiltzeko edo biziatuta gaudela esaten digute, baina gero beraiek bai, beraiek erabiltzen dituzte. Bada, erretzeari edo edateari dagokionez, gauza bera.
  • Gurasoek ez edateko esan behar diete seme-alabei, baina batzuek nahasketak egiten dizkiete. Agian beldur direlako ez ote dieten gauza arraroak emango hortik zehar, edo uste dutelako horrela gutxiago edango dutela. Arraroa da. Gainera, gero hortik zehar dabiltzanean edaten jarraitzen dute eta gauza arraroak ere eman diezazkiekete.
  • Gurasoek egin dezaketena da seme-alabek konfiantza izatea gaiari buruz hitz egiteko, baina ez gogaikarri jarri edo dena dakitela pentsatu eta orojakile planean jarri.
  • Helduek edan dezakete, baina guk agian ez genuke edan behar edo ez batzuetan egiten den bezala. Adinekoei, agian, gutxiago eragiten die edo gehiago kontrolatzen dute.
  • Gurasoek alkohola zein txarra den eta beraren sintomei buruz hitz egin diezaiekete. Oka egiten dela… asko edaten baduzu konorterik gabe gera zaitezkeela… koman sar zaitezkeela… Baina, batez ere, agian kontrola galduko duzula, zerbait txarra gerta dakizukeela, eta ez zarela konturatuko. Edo edaten edo erretzen baduzu (vaper bidez izanda ere), hori gero igarri egiten dela kirola egitera zoazenean, indarrik gabe geratzen zara-eta. Eta norbait ikusten duzunean mozkortzeko edaten eta ergelarena egiten ari dela, lotsa ematen duela.
  • Baita ere esan seme-alabei edan nahi ez badute, nahiz eta lagunek edan, ez dela ezer gertatzen. Ez dutela egin beharrik.
  • Utz diezaietela dibertitzeko planak egiten. Adibidez, hondartzara joaten (negua bada ere), saskiratze batzuk egiten, lagunen partida bat ikustera joaten, lagunekin askaltzera joaten, billarrean jolasten, dendak ikustera joaten, janaria prestatzen, … edo lagunei etxera joaten film bat ikusteko, pizza batzuk jateko, play batekin jolasteko edo musika entzuteko… edo zure neska-lagunarekin etxean egoteko.

Interesgarria litzateke nerabeen gogoeta horiek kontuan hartzea, iragaztea eta gaiari buruzko heziketan kontuan hartu behar duguna jasotzea. Nolabait, guraso gisa kontuan hartu beharreko gako batzuk ukitzen dituzte:

  • Kontzientzia hartzea

Alkoholaren aurrean dugun jarreraz, gure inkoherentziez, gure erabileraz, erabilera ezaz edo erabilera kontrolatuaz (noiz eta zelan), gure ereduaz… jabetu gaitezke eta hausnartu. Eta gure seme-alabekiko gure ekintzen edo proposamenen zentzuaz galdegin diezaiokegu geure buruari: informatzeko, hezteko, pentsarazteko, enpatizatzeko, mugak jartzeko, babesteko, beldurra emateko, “lar babesteko”, gaiei aurre ez egiteko… edo zertarako balio dute?

  • Alkohola droga bat dela jakinaraztea

Alderdi askotatik harago, neskek jakin behar dute alkohola droga bat dela, ondorio eta arrisku batzuk dituela, eta, beraz, “marra gorri” bat dela, eta hobe dela hori ez gainditzea. Hainbat daude, eta, horien artean, beren mundutik, kezkatik, beharrizanetatik… “hurbilago” ikus ditzaketen batzuekin konektatu ahal izango ditugu.

  • Alternatiba edo ordezko aukerak ahalbidetzea

Aisialdirako, dibertsiorako, harremanetarako, plazererako, talde bateko kide izateko, ondoez-emozioak beste modu batera adierazteko eta maneiatzeko aukerak: kirola, hobby edo zaletasunak, aisialdiko taldeak, elkarrizketak…

  • Gizartean dagoen edariarekin modu problematikoan ez erlazionatzen ikasteko heztea

Horretarako, beharrezkoa da haiekin komunikazio handia izatea. Superjudiziorik gabe, sermoi handirik gabe, sortzen diren gaiak aprobetxatuz, haien iritziak entzunez, haien pentsamendu kritikoa bultzatuz, zaintza-ideia bultzatuz, norberaren inkoherentziei aurre eginez eta horietaz hitz eginez… Kontuan hartuta ez duten edaten edo bai, ez duten edan nahi edo bai, zalantzak dituzten edo ez, horretarako gogoa duten edo ez, dagoeneko edaten duten edo ez…

Helduok badugu bizitzan ibilbide bat, baita alkoholari dagokionez ere. Agian ez edatea erabaki dugu, batzuetan bakarrik egitea, hobeto kontrolatzea, emozioak hainbat modutan kudeatzea, autoestimua bide osasuntsuagoetatik indartzea, zaintza osasungarrirako ohitura eta zaletasunak sortzea… Baina nerabeak, beren esperientziarik ezaren, bizi-krisiaren eta “emozioen errusiar mendiaren” ondorioz, ahulago edo hauskorrago daude. Eta hor lagunduko ez dien esanahia, presentzia eta intentsitatea har dezake alkoholak. Eta ezin ditugu bakarrik utzi heltze-prozesuan eta horrek dakarren guztian.

Jaume Funes nerabezaroan aditua den psikologoa da, eta aurreko puntu guztiez gain, nerabeei hausnarketan laguntzeko ideia planteatu du, alkoholarekin modu problematikoan ez erlazionatzeko. Honako hauei buruz hausnartzen laguntzea:

  • Edan nahi baduzu edo hori baduzu buruan, kontrolatu dezakezu eta ez edan?Gura duzun beste itxaron dezakezu edateko?Nagusi sentitzen zara, baina zure garuna oraindik mugitzen ari da, arriskuak daude eta ondorio arriskutsuak.
  • Zelan sentitzen zara edaten hasteko asmoa duzunean?Jada edaten baduzu, zer pentsatzen edo sentitzen duzu edan bitartean edo ondoren?Ez geratu besteek esaten dizutenarekin: zelan sentitu behar duzun edateko, zer lortuko duzun edatean edo edan ostean. Alde on eta txarrak…
  • Zer arrisku egon daitezke edatean? Zelan saihestu? Zer gerta daiteke lagun bat mozkortzen bada?Ez egin zenbait gauza, konortea galdu badu bakarrik ez utzi, konfiantza izan eta etxean laguntza eskatu…
  • Alkohola da deskonektatzeko, zailtasunak ahazteko edo “……………agoa” izateko modua?Badira beste aukera sanoago batzuk gai emozionalak bideratzeko, harremanak izateko, gozatzeko…

Edonola ere, hori da hazkuntzan dauden gai konplexuetako beste bat. Eta ez dugu mezu bakarra eta magikoa aurkituko hiru hitzekin gure seme-alabekin kudeatzeko. Ikastea tokatzen zaigu.

Begoña Ruiz, psikologoa

EBBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×