“Ez duzu zure gela hartu? Norekin aterako zara?” Nola pasatu galdeketatik nerabezaroko komunikaziora Roberto Aguadorekin

Dakizuenez, joan den azaroaren 9an Roberto Aguado psikologoaren hitzaldia izan genuen, “Adolescencia: el arte de dar confianza basada en los hechos” (Nerabezaroa: egitateetan oinarrituta konfiantza emateko artea). Bertan, Aguadok azaldu zigun nerabezaroa dena anplifikatzen den garaia dela, zaurgarritasun-garaia, eraldaketa eskatzen duen aldia baita. Alde batetik, jada ez dira lehen zirenak, baina oraindik ez dira izango direnak ere. Era berean, belaunaldien arteko norgehiagoka gertatzen da, baina garrantzitsua da gogoratzea pertsona heldua izateko nerabea ere izan behar dela.

Gainera, etapa honetan elkarrizketa baino gehiago, itaunketa edo galdeketa egiten diegu, exijitu egiten diegu. Beraien gelara sartu eta aurpegiratu egiten diegu, esanez: “Oraindik ez duzu gela txukundu?”, “Atzo ez zenuen ontzi-garbigailua hustu!”, “Norekin aterako zara?”, “Zer ordutan itzuli zinen atzo?”…

Lagun egitearen eta gogait ez eragitearen arteko erdibidea aurkitzea zail samarra da. Roberto Aguado psikologoak jarri zuen adibide batek oso ondo argitzen du: Zuku bat gelara eramaten diezunean esaten dizute: “Berriro ni zelatatzen ari zara! Zein astuna zaren!”, eta zukua eramaten ez badiezu: “Gaur ez didazu zukua ekarriko?”, orduan zer egin ez dakizula geratzen zara: “Azkenean, zer? Ekarriko dizut ala ez dizut ekarriko?”.Une horretan, gure seme edo alaba, horrelako erreakzioak izanda, ez abandonatzeko esaten ari zaigu nolabait, baina adinekoa dela eta bere espazioa ere behar duela.

Roberto Aguadoren hitzaldian ikasitakoak

Logikoki, ama edo aita batek, horrelako hitzaldietara joaten denean, bere bizipenarekin bat egiten du eta balioko dioten gakoak bilatzen saiatzen da. Izan ere, Aguadoren hitzaldiaren ebaluazio-inkestan, zer ikasi zuten adierazten saiatzeko eskatu genien, eta hitzaldira joan zen ama batek zera esan zigun: “Nerabezarora iritsi aurretik gure seme-alabekin aldez aurretik lan egitea garrantzitsua dela ikasi dut. Komunikazioa, sentimenduen errekonozimendua, une ‘tirabiratsu’enen aurrean lasaitasuna… landu behar ditugu. Eta behin nerabeak direnean, beraiekin pazientzia handia izan, entzuten jakin, ez epaitu, autoestimua indartu, lagun egin eta tarteko distantzia batera jarraitu, haien oso gainean egon barik baina abandonatu gabe”.

Hitzaldian izan zen beste pertsona batek adierazi zigun garrantzitsua dela “portaerak eragiten duen emozioa kontuan izatea. Ez zaitzala aldatu. Heldua dagokion lekuan egon dadila. Zure esku dagoena egin”.

Eta umorearekin geratu ziren pertsonak ere badaude, Roberto Aguadok azpimarratu zigulako umoreak egoera asko arintzen dituela: “Emozioen kudeaketa, nerabezaroaren ikuspegi positiboagoa, umorearen garrantzia harremanetarako bitarteko gisa, lasai egotearen garrantzia edo nerabearen erreakzioen aurrean heldu gisa emozioa nola kudeatu jakitearen garrantzia, autoritatearen garrantzia larderiatsua izan barik”. Izan ere, autoritatea izateak ez du esan nahi autoritario edo larderiatsua izatea. Arauak eta mugak modu efektiboan eta afektiboan jar daitezke.

Nerabezaroa: egitateetan oinarritutako konfiantza emateko artea

Halaber, Roberto Aguadok konfiantzaz berba egin zuen eta mugikorrari buruzko adibide bat jarri zuen. Ikusten badugu gure alaba edo semeak ondo kudeatzen duela bere mugikorra —bide batez esanda, gailua ez da harena, zurea da, zuk ordaintzen duzulako, eta, beraz, begiratzeko eskubidea duzu—, orduan urrundu zaitezke, egiten ari denarekiko konfiantzak aukera ematen baitizu horretarako. Hau da, egitateek berresten dizute konfiantza eman ahal diozula zure seme edo alabari, eta, batzuetan, hori landu egin behar dugu.

Eta, horretarako, hitzaldira joan zen beste pertsona horrek azaldu zuen bezala, garrantzitsua da “ulertzea zenbateraino behar den norberaren burua heldu gisa landu, aldatu behar duena nerabea dela pentsatu beharrik gabe. Uste dut eguneroko bizitzan etengabe ahazten den zerbait dela, adibidez, seme-alabek guk nahiko genukeen bezala jokatzen ez dutelako zapuzten eta amorratzen zarenean”.

Roberto Aguadoren hitzaldiaren ostean, beste pertsona batek gehitu zuen nerabezaroan esaten digutena zera dela: “Ez iezadazu galdegin, baina interesatu nitaz”. Eta mezu honekin geratzen zen: “Garrantzitsuena ez da bestea aldatzea, baizik eta besteak zu ez aldatzea. Izan zeure lidergo interpertsonala, izan zoriontsu eta kutsa iezaiezu haiek ere hori egin nahi izan dezaten. Egon presente, egin kontratu bat egunero. Atzokoa atzo izan zen, biharkoa bihar izango da. GAURKOA duzu berarekin. Zurruntasun eta malgutasun emozionala… jaio zenean bezala begiratzea berari, maitasun berarekin“.

Azkenean Roberto Aguadok amaitu zuen gogoraraziz nerabezaroa igaro egiten dela eta geure interesak izan behar ditugula, eta, bikotekidea izanez gero, ez daitezela gutxitu maitasuna eta sexua. Izan ere, “asko nabaritzen da nork dauzkan bere bizitza eta seme-alabak, eta nor ez daukan bere bizitza eta bai seme-alabak. Beraz, garrantzitsua da behin bakarrik bizi garela gogoratzea”.

Tailerra eta beste hitzaldi bat Roberto Aguadorekin

Datorren ostiralean, abenduak 1, “Bidaia zirraragarri bat” tailerra hasiko da. Bertan, gurasoek komunikazioa landuko dute euren seme-alabekiko harremana hobetzeko. Lantegi hau beteta dago. Baina Family Lab Nerabezaroa-k otsailean jarraituko du. Datorren otsailaren 7an Roberto Aguadoren “Cruce de caminos” (Bidegurutzea) hitzaldia izango da. Bertan, Aguadok emango dituen gakoez gain, nerabeen ahotsa ere entzungo dugu. Izan ere, gurasoentzako eta nerabeentzako hitzaldia da. Sarrerak doan izateko, sakatu hemen.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×