“Ez diegu mugikorra kentzen erreakzio oldarkorraren beldurrez, eta horrek esan nahi du jada ez garela hezten ari”

Elkarrizketa honetan Roberto Aguado psikologoak gertaera edo egitateen arabera heztearen garrantziaz hitz egiten digu, eta ez hainbeste gure seme-alabekin gertatuko dela aurreratzen dugunaren  arabera. Eta horixe izango da datorren azaroaren 9an gurasoekin “Adolescencia: el arte de dar confianza basada en los hechos” (Nerabezaroa: egitateetan oinarritutako konfiantza emateko artea) doako hitzaldian landuko duena Indautxuko El Carmen aretoan. Family Lab Nerabezaroa-ren barruan kokatzen da hitzaldi hori. Laborategi horretan, familiek egiteko modu berriak esperimentatu ahal izango dituzte. Zure doako plaza hemen erreserbatu dezakezu.

Roberto, zergatik du zure hitzaldiak izenburu hau: “Adolescencia: el arte de dar confianza basada en los hechos” (Nerabezaroa: egitateetan oinarritutako konfiantza emateko artea)?

Izan ere, egitate edo gertaerek bakarrik jartzen gaituzte benetan justiziazko edo zelanbait esateko errealitatezko posizioan. Batzuetan, gurasook imajinatu, aurreratu egiten ditugu, umetan geuk izan genuen esperientziaren arabera, gerta daitezkeen gauzak, adin horietan sentitzen ginen moduagatik edo, beharbada, beldur edo emozio jakin batean oinarrituta. Eta egin dezakegun gauzetako bat da ez egotea hainbeste pentsatzen edo uste izaten, baizik eta une honetan gertatzen ari den horretan gehiago egotea. Gure seme-alabekin eta gurekin zuzen jokatzeko, erabakiak egitate edo gertaeren arabera hartu beharko genituzke, horiek esaten baitigute zer egin behar dugun une bakoitzean.

Jar dezagun adibide bat mugikorrekin. Telefonoek asko kezkatzen gaituzte larregi erabiltzen dituztelako. Baina nik gurasoei esango nieke: “Begira, zu presente egon”, eta presente egoteak esan nahi du zure semeak edo alabak jakin behar duela mugikorra ez dela berea, eta ezin duela nahi duena egin mugikorrarekin. Eta zure semeak edo alabak, egitateetan, zu presente zaudela baldin badaki, zuhurtzia handiagoa izango du eta ez ditu gauzak modu oldarkorrean egingo, eta zu ez bazaude presente zure semearen mugikorrean, egitateek adieraziko digute zu seme edo alaba utziesten edo abandonatzen ari zarela.

 “Larregi kezkatzen gara gure seme-alabekin, gertatuko dena edo, gure ustez, egingo dutena aurreratzen dugulako”

Horrek esan gura du gure seme edo alabak mugikorrarekin duen harremana normala bada, askatasuna eman diezaiokegula, baina zerbait arraroa gertatzen ari bada edo denbora gehiegi baldin badago, orduan esku hartu behar dugula.

Azken batean, gurasoek erabakiak hartu behar dituzte gertatzen ari denagatik, eta ez imajinatzen, gogoratzen edo aurreratzen ari direnagatik.

Hala ere, gurasoek beldurra diote mugikorra kentzeari, gazteei agresibitate handia eragiten die-eta.

Toxikomano bati bere substantzia kentzen diozunean bezalaxe. Izan ere, dopamina igotzen dizuna falta zaizunean, ez duzu hiltzen, baina ia bai; orduan, zer gertatzen da? Gazte gehienek dopamina-iturri bakarra dutela, eta hori da mugikorrean egiten dutena.

Pertsona batek mendekotasuna duenean, dopamina igoarazteko gai den egoera edo substantzia bat edo beste pertsona batzuk daudelako izaten da. Ordenagailuaren, mugikorraren edo pantailen kasuan, kolorez, argiz eta soinuz diseinatuta daude, eta dopaminergikoak dira; gainera, harritzen gaituzten edukiak dira, eragiten digutenak, estimulatzen gaituztenak, eta, beraz, eragin dopaminergiko izugarria dago hor. Hori dela-eta, TikTok da gaur egun arrakasta handiena duen sarea, bi segundo egon gaitezkeelako bideo bakoitzarekin. Dopaminarekin gaude etengabe. Hau da, ez gara zapuztu edo frustratzen, berehala aldatzen dugu-eta. Baina hori ezin dugu bizitzarekin egin. Bizitzak une onak eta txarrak ematen dizkizu, eta zure seme edo alabari mugikorra kentzen diozunean, bere mundu soziala, intimitatea eta dopamina-iturria kentzen dizkiozu.

Une horretan, edozein ugaztunek bezala, energia kentzen diozula iruditzen zaio, badirudi hil egin nahi duzula, eta bere erreakzioa bere burua defendatzea da, baina gurasoen zeregina da seme edo alabaren irribarrearen mende ez egotea. Zure seme edo alabaren irribarrearen mendekoa bazara, orduan irribarrea oparitu edo kendu egingo dizu berak nahi duenaren arabera. Eta oso haserre eta suminduta jartzen da gauzak lortzen ez dituenean. Bera horrela dagoenean zuk oso txarto pasatzen baduzu, jada zu ez zara hezten ari dena. Bera da zu hezten ari dena; beraz, aita izatea, ama izatea, zera sentitzea da: benetan bidezkoa den zerbaitengatik umea haserretzen bada, hori hezkuntzaren parte da.

“Diktadore txikiak izan nahi ez baditugu, guraso gisa dagokigun mailan egon behar dugu”

Nik txipa aldatu nuen, eta nire seme edo alabak haserre oheratzen ziren bakoitzean, nik egiten nuena zerbait oldarkorra ez baizik eta hezitzailea zenean, orduan pentsatzen nuen ondo ari nintzela. Hala ere, egun osoa alai ematen bazuten, zerbait huts egiten ari zela pentsatzen nuen. Ez da normala hain alai egotea; beraz, gizakia zer den ezagutzeak hobeto kudeatzen laguntzen digu. Eta gaur egun badago nik progresismo ‘inozoa’ deitzen dudana, progresismoak ez baitira sekula inozoak, baina badago progresismo inozo bat uste duena gure seme-alabek beti zoriontsu egon behar dutela eta ondo egon behar dutela eta onena merezi dutela, eta haiek alai daudenean bakarrik nagoela ni ere alai eta orduan sentitzen naizela ondo, eta haiek txarto daudenean, nire bikotekidearekin haserretzen naiz, normalean beti egozten baitiogu errua norbaiti. Eta azkenean diktadore txikiak ditugu, eta Javier Urrak bere “El pequeño dictador” liburuan aspaldi esaten zuen bezala, horiek beren berehalako beharrizanetik, beren emozioekin, xantaia egiten digute. Baina arazoa ez da haiek hori egitea, normala baita, haurrak edo nerabeak dira-eta. Arazoa da helduok ez gaudela egon beharko genukeen mailan.

Baina asko kostatzen zaigu gure seme-alaben sufrimendua onartzea

Hori da arazo handienetako bat, eta, egia esan, arazoaren gakoa da zuk zeure burua aldatzea, zeure historia lantzea. Gurasoek makila magikoa eskatzen dute, eta ez dira konturatzen aldaketa beraiengan dagoela.

Hori da LEKen (Lotura Emozional Kontzientea) egiten duguna. Lehenik eta behin, kudeatu zuk zeure burua, eta gero bestea kudeatu ahal izango duzu edo ez, baina garrantzitsuena ez da zure semea edo alaba aldatzea; arazoa da umeak ez zaitzala zu aldatu. Haurrak zu aldatzen ez bazaitu, haurrak hobera egiteko aukera asko ditu. Bai baitago zerbait oso positiboa gurasoentzat: denbora. Une batean, haur nerabeak izateari uzten diote eta orduan basamortutik irteten dira.

Zer landuko duzu gurasoekin datorren hilaren 9ko hitzaldian?

Errealitate zientifikoaren kontzientzia, gauzak zelan egin behar diren esaten baitigu horrek, kontziente izatea. Eta jendeak ez ditu bereizten sentitzea eta pentsatzea. Jendeak sinetsi edo sentitu egin nahi du, baina hori pentsatzea da. Pertsonok eraldaketa bat hasi behar dugu. Jakin behar dute noiz dauden amorratuta, noiz dauden beldurrez, noiz dauden pozik, noiz dauden jakin-minez, … hori sentitzen ez baduzu, orduan, dena fantasiaren unibertsoan jokatzen da, hau da, pentsamenduan, zeren eta pentsamendua, zoritxarrez, ia beti aurrerapenean dago, gertatu ez den horretan edo gertatu zenaren oroitzapenean. Eta zu aurrea hartuta edo oroimenean zabiltzanean, hunkitzen zaituenak biziki hunkitzen zaitu. Adibidez, imajina ezazu zure alaba berandu iritsiko dela aurreratzen ari zarela. Eta beldurtuta zaude berandu iritsiko delako, mozkortuta iritsiko delako, mugikorrarekin iritsiko delako, istiluren batean sartuko delako…

Edo iraganean zaude, “Ikastetxetik deituko didate. Eta pentsa eskolatik deitu zidaten aldi hartan zein txarto pasa nuen”. Baina galdera da ea deitu dizuten. Deitzen badizute, orduan erantzun behar da, baina deitzen ez diguten bitartean gozatu egin behar da. Eta deitzen digutenean, ez dugu seme-alaben babesle izan behar, baizik eta esaten digutenaren arabera jokatu behar dugu: erretzen harrapatu dutela, lapurretan harrapatu dutela, jotzen harrapatu dutela, beste batzuk joka zebiltzan bitartean grabatutako bideo bat harrapatu diotela…

“Asko nabaritzen da nork duen bere bizitza eta gainera seme-alabak, eta nork ez duen bere bizitzarik eta bai seme-alabak”

Baina baita ere asko erlatibizatu behar dugu. Hitzaldian saiatuko naiz garrantzitsuak diren gauzetan jar dezaten gurasoek arreta, eta ez egon egun osoan beren seme edo alabarekin zer egin behar duten neurtzen.

Marra gorriak jarri behar dira, eta ez hainbeste egon marra gorri horietatik kanpo. Landu zure bizitza, zeren eta hitzaldi horretan beste zerbait ere esango dut: behin bakarrik bizitzen gara. Eta, gainera, geure buruarekin bizi behar dugu bizitza osoan. Eta, batzuetan, seme-alabekin gauzak gertatzen zaizkigu geure buruaz ahazteko, eta haienarekin elkar jotzen ari garen bitartean, haien kontuekin lanpetuta gauden bitartean, bizitza okupatzen dugu, baina, benetan, eskolaz kanpoko lanak kenduko bagenitu, etxeko lanak kenduko bagenitu eta haien gela jaso behar dela eta askaria eman behar zaiola eta abar kenduko bagenitu, zer izango litzateke zure bizitza? Asko nabaritzen da nork duen bere bizitza eta gainera seme-alabak, eta nork ez duen bere bizitzarik eta bai seme-alabak. Beraz, garrantzitsua da gogoratzea behin bakarrik bizi garela.

Roberto Aguadoren “Adolescencia: el arte de dar confianza basada en los hechos” (Nerabezaroa: egitateetan oinarritutako konfiantza emateko artea) hitzaldira joan nahi baduzu datorren azaroaren 9an arratsaldeko seietan (18:00) Indautxuko El Carmen aretoan, erreserbatu zure doako plaza hemen.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

Menu

BBK Family Learning

×