Eta hezkuntza digital demokratikoagoa egiten badugu?

Ziur Gmail, Googleren egutegia, bere inprimakiak edo bilatzailea erabiliko dituzula.  Irakaskuntzan bazabiltza, baliteke Classroom ere erabiltzea. Eta zergatik egiten duzu? Bada, erraza delako, intuitiboa, ia ez duelako hutsik egiten eta doakoa izaten delako. Baina aurrera jarraitu aurretik, entzun dezagun istorio bat:

Duela urte asko-asko, bazen oso gizon boteretsu bat, eta bere burua oso urrun zeuden lurralde batzuetako errege izendatzea erabaki zuen. Hango jendeak galdetzen zion ea zergatik onartu behar zuten beren errege gisa, eta hark erantzuten zien berak han gauza asko egin zituelako bere diruarekin. Gogorarazten zien bideak berdintzeko agindua eman zuela, herrietan estolderia-sareak sortu zituela, zubiak eraikiarazi zituela, … Eta hala egiten jarraitu zuen, eta, beraz, eskualdeko jendeari mahuka edo pagotxa iruditzen hasi zitzaion.

Goiz batean, ordea, iragarri zen erregea kobratzen hasiko zela eginarazi eta txukuntzeko agindutako bideak erabiltzeagatik. Jendea matxinatzen hasi zen, ez baitzieten inoiz ohartarazi hori gerta zitekeenik. Erregeak jendearen haserrea baretu zuen esanez ezin zuela dena bere diruarekin ordaindu. Beraz, onartu egin zuten, azken batean, bideak erosoak baitziren ibiltzeko. Hilabete batzuk geroago, iragarri zen bideetan zaintzaileak jarriko zirela eskualdeko jendeak eta kanpotarrek gurdietan zer garraiatzen zuten ikusteko, eta janaria edo balio handiko elementuak izanez gero, erregearentzako merkantziaren ehuneko hamar hartuko zutela guardia haiek.

Apurka-apurka, erregeak gero eta baldintza gehiago jarri zituen bideetan, harik eta pertsona batzuek ordezko beste bide batzuk egitea erabaki zuten arte. Zalantzarik gabe, bide berri haiek ez ziren erregearenak bezain erosoak, baina pentsatu zuten ondo zegoela beste aukera batzuk izatea. Albistea zabaltzen hasi zen eta erkidegoak batu egin ziren elkarri laguntzeko. Lankidetza-sare hura hazi eta hazi egin zen, eta erkidego haien artean bideak erabiltzeko jarraituko ziren arauak aukeratzea erabaki zuten. Gainera, ezagutza handia lortu zuten bidezidor haiek eraikitzeko lanean.

Eskualdeko jendeak erregearen bideak erabiltzen ere jarraitu zuen, baina, pixkanaka, hari botere guztia emateari utzi zioten”.

Googleren doako zerbitzu asko ordainpekoak dira dagoeneko

Istorio hori irakurri ostean, Google gure errege bihurtu dela ondorioztatuko zenuten, urte askoan zoriontsu egin baikaitu eskaini dizkigun doako zerbitzu guztiekin.

Beraz, galdera hau izango litzateke: Google ote da filmeko gaiztoa? Erantzuna da ‘ez’, Google bakarrik izatea da txarra, gura dituen baldintzak jar ditzakeelako eta ez delako gardena. Izan ere, lehen Gmailen biltegiratzeko lekua mugagabea zen, orain ez da, eta gehiago izateko ordaindu egin behar da. .com domeinua duen posta-kontu profesional bat baduzu, adibidez, aldez aurretik ordainduta kontratatu egin behar dituzu bere zerbitzuak. Ulertzen dugu, zeren eta, gainera, Googlek ondo jokatu baititu bere kartak: jendea bere zerbitzuak erabiltzera ohitu eta eroso-eroso zegoenean, orduan erakutsi die faktura.

Eta zer ari da gertatzen hezkuntzarekin?

El País egunkariak 2021eko urrian albiste batean argitaratu zuenez, Hezkuntza-sektoreak 4,6 bilioi euro inguru mugitzen ditu urtean mundu osoan.0} Holon IQ aholkularitza-enpresak egindako kalkuluen arabera, hezkuntzaren sektorea 6,2 bilioi euroraino haziko da, besteak beste, horri aplikatutako teknologien irabazi handiko garapenagatik, eta beraz pozez zoratzen daude enpresa teknologikoak. Suposatzen dugu ikastetxe eta hezkuntza-erakunde gehienak haren tresnak erabiltzen hasi eta atzera bueltarik ez dagoenean, orduan erabakiko dutela zein zerbitzu izango diren ordainpekoak eta zeintzuk ez.

Autonomia-erkideko gehienek sinatu dituzte akordioak hezkuntzaren arloan Google bezalako multinazionalekin zero euroren truke. Nork esan diezaioke horri ezetz? Hala ere, nahikoa helduak gara jakiteko doakoa ez dela existitzen Interneten eta guztiak duela prezio bat.

Horrela egiaztatu zuen Human Rights Watch erakundeak azterketa bat egin zuenean: How Dare They Peep into My Private Life?” Children’s Rights Violations by Governments that Endorsed Online Learning During the Covid-19 Pandemic (“Zelan ausartzen dira nire bizitza pribatua espiatzen?” Covid-19aren pandemia-garaian online ikaskuntza babestu zuten gobernuek haurren eskubideak urratu zituzten).

Erakunde horrek ikerketa global bat egin zuen hezkuntza-teknologiari buruz (EdTech) haur-hezkuntzan, pandemian zehar 49 gobernuk, gureak barne, babestu zutelarik hori.  Eta bertan egiaztatu zen haurren pribatutasuna eta beste eskubide batzuk arriskuan jarri edo zuzenean urratu egiten zirela, beraien hezkuntzarekin zerikusirik ez zuten helburuetarako.

Iragarkiek eta eduki pertsonalizatuak adingabeengan izan zuten eragina ere aztertu zuen azterketak. EdTech produktu batzuk jokabide-publizitatearekin zuzendu zitzaizkien adingabeei. Eduki pertsonalizatuarekin eta Internet bidez jarraitzen dituzten iragarkiekin umeak gidatzeko, beraien datuak, hezkuntza-inguruneetatik ateratakoak, erabiltzean, enpresa horiek haien sareko esperientziak desitxuratzeaz gain, haien iritzietan eta usteetan eragitera ere arriskatu ziren, umeek interferentzia manipulatzailea pairatzeko arrisku handia duten bizitzako une batean.

Frantziak edo Danimarkak debekatu egin dute Googleren produktuak erabiltzea

Ikusten dugunez, teknologia ez da neutroa. Izan ere, Danimarkak, Frantziak, Herbehereek edo Alemaniako eskualde batzuek debekatu edo mugatu egin dute Googleren erabilera eskoletan. Zehazki, datuak babesteko araudiak ezarritako Europako pribatutasun-estandar altuen urraketak direla-eta, azken bi horiek ez dute ikastetxeetarako den Chromebooks erabiltzen uzten, ezta Google Workspace-ren (Classroom bezala ezagunagoa) produktibitate-softwarearen eta erreminten multzoa ere.

Etxera begiratzen badugu, Euskadin ere Googleren sirena-kantuek liluratu gaituzte, eta Eusko Jaurlaritzak Google zerbitzuak kontratatu ditu zero euroren truke. Baina ez dezagun hain azkar amore eman eta etsi. Hainbat autonomia-erkidegotan dagoeneko alternatibak sortzen ari dira, ez baitute begi onez ikusten horrelako enpresa pribatu bati alfonbra gorria jartzea ikastetxeetan sartzeko.

Etorkizuneko bezeroak sortzen ari gara, ez herritar kritiko digitalak

Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera mugimenduak sortu dira, askotan gurasoek eta irakasleek bultzatuta, tresnak bilatzeko. Euskal Herrian, Hezkuntzan Librezale taldea lanean ari da hainbat ikastetxerekin Europako datuen babeserako araudia betetzen duten eta ikastetxeei subiranotasun teknologikoa eskainiko dieten irtenbide digitalak martxan jartzeko.

Izan ere, Hezkuntzan Librezale taldeak bere web-orrian dioen bezala, Googlek ikastetxeei eskaintzen dienari soilik atxikitzeak bere arriskuak ditu. Arrisku horien artean, hiru hauek nabarmentzen ditu taldeak:

Ikasleak behin eta berriz tresna horiek bakarrik erabiltzera mugatzea hezkuntza digitala murriztea da. Europako eta Euskadiko hezkuntza-legeen arabera, gaitasun digitala ikasleek lortu beharreko oinarrizko gaitasuna da, eta tresna horietara mugatzeak ez du inola ere hori bermatzen.

Hezkuntza-komunitatean tresna horiekiko mendekotasuna sortzeko arriskua arazo larria da. Erakundeek bultzatuta, enpresa pribatuen produktuen erabiltzaile eta bezero potentzialak sortzen ari gara.

Gure ikasleen datuak enpresa pribatuei lagatzeak beraien pribatutasuna bermatzea eragozten du. Ondorio larriak ditu erakunde publikoek bultzatzeak gure ikasleak produktu bihurtzea.

Software librean oinarritutako irtenbideak hezkuntza digital demokratikoagoa lortzeko

Kezka horiek hainbat erkidegotako gurasoek eta irakasleek partekatzen dituzte. Hori dela eta, Katalunian, adibidez, pribatutasunari dagokionez konponbide gardenagoak eta errespetuzkoagoak ezartzeko akordioak lortu dira, ikastetxeetan abian jartzeko helburuarekin.

Bartzelonan hasi zen guztia, Googleren alternatibak bilatzen nork lagunduko zien jakiteko lanari ekin zionean guraso-talde batek. Xnet taldeak, eskubide digitalekin lotutako hainbat arlotan konponbide aurreratuak proposatzen dituen espezialista eta aktibisten sareak, ateak ireki zizkien beren helburuan laguntzeko, eta erakundeekin hainbat bilera egin ostean, finantzaketa lortu zuten ikastetxeetan behar diren tresna digitalak diseinatzeko oso aurrekontu txikiarekin. Zehazki, proiektu hori gauzatzen familia sustatzaileen taldea, Kataluniako Ikasleen Familien Elkarte Federatuak (aFFaC), Xnet taldea, Berrikuntza Demokratikoko Zuzendaritza, Bartzelonako Udaleko Berrikuntza Digitaleko Mandataria eta hezkuntza-partzuergoa ari dira.

Euskadin ere probatuko da irtenbide hori

2021ean proba pilotu bat egin zen zenbait ikastetxetan, eta, eskolen arabera, irtenbide horren abantaila nagusia pertsonalizagarria izatea da. “Eskola bakoitzaren beharrizanetara egokitzeko eta zentroak eskatzen duen bezain konplexua bihurtzeko pentsatuta dago”, azaldu du Simona Levi-k, Xnet-en sortzaileetako batek, eta “datuak seguru mantentzeko aukera ematen du, ozeano osoa zeharkatu eta AEBetara iritsi beharrik gabe”.

2022ko uztailean, Hezkuntza Digital Demokratikoari buruzko Lehen Kongresua egin zen. Bertan, software librean oinarritutako tresna guztien aurkezpena egin zen; horiei esker, eskolek berek kontrolatzen dituzte datuak, eta modu gardenean funtzionatzen du.

Biltzar hartan Eusko Legebiltzarreko ordezkariak izan ziren, 2022ko maiatzean Eusko Jaurlaritzarekin akordio batera iritsi baitziren proba pilotu bat egiteko, Xnet ereduan inspiratutako software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma digital bat abian jartzeko helburuarekin. Hala ere, gaur gaurkoz, software librean oinarritutako soluzio horiek aplikatzen ari direnak ikastetxeak dira, beren ekimenez eta beren baliabideekin.

Eta galdera da: Utziko al genituzke argitaletxe bakar baten esku ikasleek ikasi beharreko ikasgaiak? Eta liburuak doan banatuko balitu? Dilema beraren aurrean egongo ginateke, baina emango geniokeen boterea arriskutsu samarra izango litzateke, edo gutxienez zalantzan jartzekoa.

Beste bide batzuk irekitzeak, hasieran kontatu dizuedan istorioaren protagonistek egin zuten bezala, askatasun handiagoa eta, aldi berean, kontrol handiagoa ziurtatzen digu, hezkuntza gure gizartearen oinarrizko zutabea baita eta pribatutasuna beranduegi izan baino lehen defendatu behar dugun beste eskubide bat. Horregatik, onar dezagun teknologia ez dela neutroa eta gure seme-alabak eragingarriak direla. Oraindik garaiz gaude, beraz, hausnar dezagun horretaz.

Andrea Alfaro. BBK Family

Badakizu zure seme edo alaba zelatatu zuten pandemian?

 

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

 

 

 

 

 

 

Menu

BBK Family Learning

×