Eta gure seme-alabekin konektatzeko… geu deskonektatzen bagara?

Itxi begiak eta gogoratu zenbat aldiz begiratu diozun mugikorrari zure seme edo alabarekin zerbait egiten ari zinen bitartean. Benetan garrantzitsua zen? Damutzen zara egin izanaz?  Lehenengo galderari ‘ez’ eta bigarrenari ‘bai’ erantzun badiezu, mugikorra zelan erabiltzen duzun jabetzeko unea izan daiteke agian.

Ez dizugu sekulako errietarik egingo, ezta demanda txiki bat ere, hutsetik hasi nahi dugulako, eta erresumin eta erruarekin ez delako inora iristen.

Animatuko zara WhatsApp, Telegram edo berehalako mezularitzarako erabiltzen duzun aplikazioaren jakinarazpenen soinua kentzera? Ez zaitez beldur izan zerbait garrantzitsua edo premiazkoa galtzeko, zeren eta, benetan horrelakoa bada eta ez baduzu erantzuten, egon lasai, deituko dizute. Eta laneko zerbait bada, gogoratu deskonexio digitalerako eskubidea duzula:

Deskonexio digitalerako eskubidea langileen lan-eskubide bat da ez konektatzeko enpresaren inolako gailu digital profesionaletara edo softwaretara ordenagailu, telefono mugikor korporatibo eta abarretara atsedenaldi eta oporraldietan, eta ez erantzuteko deiei, WhatsAppeko mezuei, mezu elektronikoei, bideo-deiei edo bestelako komunikazio digitalei, lan-eremuan eta ohiko lan-ordutegitik kanpo. Era berean, langileek eskubidea dute gailu horiek itzaltzeko lanaldia amaitutakoan.

Gogoratu hiperkonektibitateak eta lanarekiko beti adi eta kezkatuta egoteak estresa eta antsietatea eragin ditzakeela.

Menderatu egiten zaitu aisialdi digitalak?

Eta zer gertatzen da Instagram, Facebook edo Tik Tok bezalako sare sozialek harrapatu edo menderatzen zaituztenean? Azken hori da mendekotasun handienetarikoa sortzen duena. Oso bideo laburrak, barregarriak edo bitxiak zure begien aurretik etengabe igarotzen dira. Eta erlojuari begiratzen diozunerako, bi ordu igaro dira.

BBK Familyren “Hor zaude?” kanpainaren bidez, zuen arreta piztu gura izan dugu, jakin dezazuen gailuek zelan erakartzen duten zuen arreta.

Gertatu al zaizu zure seme edo alabarekin liburu bat irakurtzen ari zarela abisu/jakinarazpen bat iritsi eta begirada mugikorrera desbideratu duzula? Edo agian elkarrekin jolasten ari zineten eta gauza bera gertatu da. Gogoratu gure seme-alaben ereduak garela eta guk egiten duguna, ez esaten duguna,  egiten dutela beraiek.

“Arretaren ekonomia” deritzon une batean bizi gara, non plataforma, sare sozial eta aplikazio guztiak gure arretari eusteko borrokatzen diren, horregatik, inoiz baino kontzientzia handiagoa jarri behar dugu. Eta horretan lagunduko dizugu BBK Familytik.

Animatuko zinateke hasierako pantailan agertzen zaizkizun mezuak kentzera, adibidez WhatsAppen idatzi dizutela edo YouTuben zure youtuber kutunenak beste bideo bat atera duela jakinarazteko dituzun horiek?

Pixkanakako deskonexio digital operazioa

Horiek desaktibatzeko, Doikuntzak>Jakinarazpenak>Doikuntza aurreratuak atalean sar zaitezke, eta berehalako mezularitzako (WhatsApp, Telegram…) aplikazioen jakinarazpenak desaktibatzen joan. Sare Sozialekin ere gauza bera egin dezakezu eta, bide batez, YouTuben sartu eta erreprodukzio automatikoa desaktibatu. Horrek esan nahi du, gustuko duzun bideo bat ikusi ostean, ausaz beste bideo bat ez dela agertu eta aktibatuko hori ere ikus dezazun.

       

YouTube-n:

 

Astebetez begira ezazu zelakoa den zure harremana telefono mugikorrarekin eta zertan ematen duzun denbora. Aztertu zure seme-alabekiko harremanak eta interakzio edo elkarreraginak hobeak diren, erlaxatuagoak edo zelakoak diren.

Zure jardueraren desberdintasuna ikusteko, egin aurretik begiratu “Osasun digitala” edo “Ongizate digitala” atalean zure gailuaren markaren arabera, eta kontsultatu erabilera-denbora proposatu dizugun deskonexio-esperientziaren aurretik eta ondoren.

  

Era berean, “Denbora pertsonala” izeneko atal bat ere badago, eta aktibatzen baduzu, aplikazio guztiak blokeatuko dira kontzentrazio moduan, zuk baimentzen dituzunak izan ezik.  Kontzentrazio modutik irteten zarenean, orduan kontsultatu ikusi ez dituzun jakinarazpenak.

Beharbada ez duzu ezagutzen “oheratze modua” sekzioa. Modu horretan pantaila grisen eskalara aldatzen da, eta deiak, alertak eta bestelako soinuak isilarazi egiten dira ezartzen duzun denboraldirako. Halaber, salbuespenak egin ditzakezu eta zuk aukeratu dituzun pertsonen deiak edo mezuak gauez jasotzea ahalbidetu.

Gainera, aplikazio-tenporizadoreak aktiba ditzakezu, horiek erabiltzeko bulkada geldiarazteko. Hobe da beti mugikorraren erabilera jarrera proaktibo baten ondorioz murriztea, eta ez teknologiak berretsitako autoezarpen baten ondorioz, horrek tentazio oro kentzen laguntzen digularik. Hala ere, deigarria da gailuetan bertan jarri behar izan dutela bere erabilera mugatzeko galga. Horrek gailu elektronikoekin dugun harreman toxikoaren eta mugarik ezaren berri ematen du. Eta hori pertsona helduoi gertatzen bazaigu, imajinatu zelan izango den gure seme-alaben kasuan, jaio direnetik ikusi eta erabili baitituzte gailu elektronikoak.

Iritsi da horien erabilera birpentsatzeko garaia, benetako balioa ematekoa, ez erabiltzekoa erabiltze hutsagatik, eta geure buruarekin berriz konektatzekoa. Aurreko egunean, autobusaren zain nengoela, mugikorra ateratzeko tentazioa izan nuen, baina neure burua behartu nuen ingurura begiratzera, mugikorrari begira zeudenei beha egotera, kaleei begiratzera, nire gauzetan pentsatzera… Eta irabazian atera nintzela uste dut.

Mugikorragatik seme-alabei jaramonik egiten ez badiegu, lehenago edo geroago tratu bera jasoko dugu. Gailu bat ez da gure seme edo alaba baino garrantzitsuagoa. Beraz, altxa dezagun begirada mugikorretik eta jaits dezagun berriro gure seme edo alabari begiratzeko, edo altxa dezagun dagoeneko hazi egin direlako eta agian ez garelako konturatu.

Andrea Alfaro. BBK Family

Menu

BBK Family Learning

×