Ester Sánchez-de León-ek, Adimen Emozionalean eta coach-ean adituak, “Y a ti, ¿qué te estresa?” liburua idatzi du. Bertan, estresa erregulatzen ikasteko jarraibideak ematen ditu, osasunean, harremanetan eta, oro har, bizitzan duen eragin negatiboa saihesteko.
Ester, liburu hau zure esperientzia pertsonal eta profesionalaren emaitza da. Zerk bultzatu zintuen liburua idaztera?
Oso gaztetatik beti bizi izan naiz estresarekin, Sentikortasun Handiko Pertsona (SHP) naiz, eta, beraz, gauzak intentsitate handiagoz hautematen ditut, hau da, egoera normal batean beste pertsona batzuei baino informazio gehiago iristen zait, eta horrek, egoera jakin batzuetan, nire estresa lehenago aktibatzea eragin dezake.
Horretaz jabetu nintzen lehen aldia medikuak heste minbera diagnostikatu eta estresak eragin ziezadakeela azaldu zidanean zidanean izan zen. Une hartan konturatu nintzen nire osasunean izan zezakeen eragin negatiboaz. Gaztea nintzen eta ez nekien zelan kudeatu. Horregatik, nire bizitzan zehar ikasten eta orekatzeko teknikak bilatzen joan naiz.
Bidean Tai Chi, meditazioa eta abar aurkitu nituen, zehatz esanda, ekialdeko teknikek eta filosofiak asko lagundu zidaten. Gero neurozientzia ikasten eta estresak giza gorputzaren sistemetan nola eragin dezakeen ikusten hasi nintzen. Ikuspegi zientifiko horrek zentzua eman zion nire bizitzan eta bezeroekin estresa erregulatzeko erabiltzen ari nintzen moduari.
Orduan jada coach nintzen eta ikusten nuen estresa orekatzean hobetu egiten zela lan egiten nuen pertsonen jarrera beren arazoei irtenbideak aurkitzeko, eta INNER BALANCE programa sortu nuen; hor oinarritzen da “Y a ti, ¿qué te estresa?” liburua. Nire bezeroekin, taldeekin, enpresekin… praktikan jartzen hasi nintzen, estresa beti presente zegoelako, eta jendeari aurrera egitea eragozten ziolako; baina konfinamendu garaian izan zen, oro har biztanleriaren estres-maila handia ikustean eta estresaren baliagarritasunaz eta ondorio negatiboez oso gutxi jabetzen garela ohartzean, orduan erabaki nuen liburua idaztea gai horren inguruan sentsibilizatzeko eta normalizatzeko asmoz, badagoelako estres bat motibatzen gaituena eta beste bat higatzen gaituena, eta ez dakizkigulako bereizten. Helburua horri naturaltasunez aurre egitea da, tresna errazak erabiliz kalterik egin ez diezagun.
Liburuan kontatzen duzu lanbidez aldatu zenuela, familia eta lana uztartu edo bateragarri egin nahi zenituelako. Hori batez ere emakumeoi gertatzen zaigula iruditzen zait, gutxitan entzun baitiot gizon bati: “Nire lanbidea aldatuko dut, ezin baititut familia eta lana bateragarri egin”.
Nire bezeroekin landu ohi dudan helburuetako bat kontziliazioa izaten da; oro har, gizonek aktiboki parte hartu nahi dute familia-bizitzan, beharrizan hori izan badute, baina oraindik ez dute aurkitu naturaltasunez adierazteko eta proaktiboagoak izateko modurik parte hartzeko orduan, ez bakarrik etxeko lanen banaketan, baita hazkuntzan ere. Emakumeoi errazagoa zaigu pauso hori ematea, azkenean modu naturalean egokitzen baikara amatasunera, berez sortzen zaigun ardura horretara. Gizonari gehiago kostatzen zaio, egin gura du, baina ez daki zelan. Eta frustrazio horrek, gizon askorengan, estresa eragiten du.
Giza Baliabideetakoekin edo enpresako liderrekin hitz egiten dudanean, esaten diet oso garrantzitsua dela enpresa sentikorra izatea kontziliaziorik ezagatik sortzen den estresarekiko. Izan ere, enpresan estresa erregulatzeko lan bat proposatzen dut, gizon eta emakumeen kontziliazio-politikak hobetzeko. Zeren eta gizonezkoek hobeto uztartzen badituzte lana eta familia, emakumeok errazago izango baitugu. Ez dezagun politika horien fokua emakumeengan bakarrik jarri, jar dezagun arreta familia-kontziliazioan oro har.
Behin baino gehiagotan sentitu dugu uharte huts batera ihes egiteko gogoa, ez ginelako gai gure seme-alabekin lasai egoteko. Izan ere, zuk adibide batzuk jartzen dituzu liburuan. Zer egin dezakegu egoera horretan?
Gainez eginda gaudenean, ikaratuta, gehiago ezin dugunean, familia-bizitza eta lan-bizitza oso estresagarriak direlako benetan, pauso bat atzera eman eta perspektiba hartu behar dugu. Normalean, amatasunarekin eta seme-alaben hazkuntzarekin bat egiten dute gure ibilbide profesionalean aurrera egiteko aukerek, eta asko eskatzen diogu geure buruari.
Hasteko, kulturalki aldaketa garrantzitsuak egin behar dira eta lan-bizitza beste egitura batekin ikusi. Adibidez, zergatik ezin dugu ordu gutxiagoko lan bat edo hainbeste eskatuko ez digun lan bat egin, gure seme-alabak txikiak diren bitartean hobeto uztartzeko lana eta familia, edo egunean egote aldera ikasten jarraitzeko, eta gero, umeak helduagoak direnean eta asti gehiago dugunean, gure lan-bizitza bultzatzeko? Amatasuna edo aitatasuna bete-betean bizi eta gozatzen denean, modu naturalean garatzen dira “soft skills” direlakoak, gero eta gehiago baloratzen direnak lan-etapa berri horretan lor genitzakeen ardura-postuetan.
Gainera, erretiroa hartzeko adina gero eta handiagoa denez, gure taldeetan oso senior motibatuak izango genituzke, beren bizitzako etapa bakoitzean gozatzen egoteko aukera izango luketelako, astirik ezak dakarren estresa pairatu barik.
Bitartean, zer egin dezakegu? Liburuan adierazten dudan legez, garrantzitsua da gure estresatzaileak zein diren bilatzea, horiek kudeatzen hasteko. Errazena estresatzaile txikiak banan-banan lantzen hastea da; izan ere, estres-une asko bizi ditugunean, “galduta nago, ezin dut gehiago eta ez dut irtenbiderik” pentsatzen dugu, eta urrats txikien bidez egoera doitu edo egokitu dezakegu, pixkanaka gure energia berreskuratzeko.
Adibide bat jarriko dizut, ohikoa eta batzuentzat estresagarria izan daitekeena. Lantokian 9:00etan jartzen badituzte bilerak, eta zuri 9:00etan iristeak estresa ekarriko badizu, seme-alabak eskolara eraman behar dituzulako, edo gaixotu egin direlako eta etxean logistika berrantolatu behar duzulako, agian bilera 9:15ean edo 9:30ean egitea eskatu behar duzu zuk, batzuetan 15 minutuk goizean bizitza aldatzen dizutelako.
Lehen aipatu dudan kultura-aldaketara itzuliko naiz, sozialki patroi baten arabera jokatu behar dugula dirudi, baina malgutasun eta enpatia handiagoa baldin badugu, aldaketa txiki horiek onuragarriak izan daitezke enpresaren giro onerako eta lantaldeen funtzionamendurako, guraso garenok badakigu-eta hori bera gerta dakigukeela bihar guri.
Liburuan oso ondo azaltzen duzu nola funtzionatzen duen gure burmuinak eta nola denbora luzez estresari eusteak gaixotzera eramaten gaituen askotan. Aldaketarik egin dezakegu hori gertatu aurretik?
Egia esateko, liburuan azaltzen dudan INNER BALANCE programa horretara bideratuta dago, prebentziora. Izan ere, zu aldez aurretik entrenatzen bazara eta estres-tontorrak iristen zaizkizunean hori maneiatzeko gai bazara, askoz hobeto sentituko zara.
Programa hau saiatzen da garunak ezagutu ahal izan dezan, eta oso kontziente izan dadin noiz ari den estres-tontor horiek izaten, eta une horretan zure erreakzioa estresarekin bada ere, berehala konturatuko zara une estresagarri batean zaudela, eta maila horiek jaisten laguntzen dizuten tresna horiek aktibatzeko gai izango zara.
Behin tresna hori aktibatzen duzunean, gauzak beste era batera ikusten dituzu, eta nahiz eta estresa luzea izan, tontor horiek leuntzea lortzen duzu zuk. Orduan zure gorputzak atseden hartzen du, energia berreskuratzen du, eta ez zaitu higatzen bizi-energia horri eusteko.
Liburuan diozu pertsonek aldatu nahi duten lehen gauza elikadura-ohiturak izaten direla. Nola egin dezakegu aldaketa hori eta zergatik da hain garrantzitsua?
Jende asko iristen da eta lehenengo saioan konturatzen dira txarto jaten ari direla eta oso kontziente direla, baina ez dute aldatzen “astirik ezagatik”. Beraz, beste zeregin batzuetan kontsumitzen den denbora berreskuratzeko, jateari uzten zaio, edo azkar eta txarto jaten da. Kontuan izan ohitura hori aldatzea ez dela oso zaila, eta, hain zuzen ere, saioan lantzen denean, bi astetan lor daiteke jateko ohitura ona berreskuratzea; baina, bestela, horretaz jabetzen ez bada eta estresaren gurpilean jarraitzen badu, ziurrenik, digestio-aparatuak ondorioak jasango ditu eta beste sintoma batzuk sortuko ditu beste sistema batzuetan, besteak beste, nutriente edo mantenugai egokirik ez izateagatik eta energia higatzeagatik.
Beste alderdi garrantzitsu bat jatorduaren erritualari kalitatezko denbora eskaintzea da, eta elikagarria izan dadila. Bazkaltzeko 15 minutu besterik ez badituzu, hartu denbora hori janariaz gozatzeko, burua lasaitzen lagunduko dizu eta zure digestio-aparatuak hobeto funtzionatuko du. Ohitura on horiek berreskuratzean, gorputza ere hobeto suspertzen da estresetik.
Liburuan azaltzen dut, baita ere, zergatik den garrantzitsua dieta zure bizitzako garai bakoitzeko beharrizanen arabera egokitzea.
Zelan funtzionatzen du INNER BALANCE metodoak?
Metodo honek 3 mailatan lan egiten du: mentala, fisikoa eta energetikoa. Hiru maila horietan, estres-maila beti alde fisikotik jaisten saiatzen gara, adibidez, kirola eginez, baina beste gauza asko ere orekatu behar dira. Alderdi mentala oso garrantzitsua da, eta hor kontzientzia hartzea da lehen urratsa; eta alderdi energetikoari dagokionez, zure energia-mailaz jabetzea ere garrantzitsua da. Hiru mailak ondo landuta dituzunean orduan iristen zaizu benetako oreka.
Liburuan tresna erraz-erraz batzuk daude, gure eguneroko bizitzan praktikan jar ditzakegunak, neurozientziaren ikuspegitik azalduta, zergatik funtzionatzen duten jakiteko. Ez da gauza bera ondo jan behar duzula besteek esatea, eta zuk ulertzea zergatik jan behar duzun ondo. Organismo osoak nola funtzionatzen duen ulertzen duzunean, askoz errazagoa da egitea. Eta horrela azaltzen dut liburuan.
Eta liburu honek, balio du nerabeentzat?
Bai, noski. Liburuaren aurkezpenetan, zoragarria izan da, estresa erregulatzeko zer egin dezaketen galdetu duten nerabeak etorri direlako. Badakite haientzat estresagarria den mundu batean bizi direla, eta askotan gurasook geuk estresatzen ditugu txikitatik eskolaz kanpoko jarduerekin eta beste jarduera askorekin. Beraz, hausnarketa egin beharko genuke, batetik, zer ingurune ematen ari gatzaizkien jakiteko, eta, bestetik, estresaz eta estresa maneiatzeko moduaz hitz egin beharko genieke, tresna horiek ere baliagarriak baitira haientzat.
Izan ere, liburua irakurri dutenean, ilusio handia egin dit gero etortzeak eta kontatzeak dinamika batzuk praktikan jarri zituztela eta beren estres-maila nola jaisten zen konturatu zirela.
Izan ere, txikitatik ikasten badute aipaturiko 3 mailez jabetzen, tresna errazak dituzte beren egunerokoan aplikatzeko eta txertatzeko, helduok baino naturaltasun handiagoz. Ezinbestekoa iruditzen zait hezkuntza-mailan ere estresaz hitz egitea inolako aurreiritzirik gabe.