Sentikortasun Handiko Pertsona (PAS) zara?

Azken urteotan interes handia piztu da Sentikortasun Handiko Pertsonekiko (SHP), eta ez da harritzekoa, biztanleriaren % 20k baitu ezaugarri hori. Seguru asko, artikulu hau irakurtzen ari bazara, baliteke zeuk izatea ezaugarri hori edo oso gertuko norbaitek izatea. Beraz, ezagutzea oso baliagarria izango zaigu.

Artikulu honetan, nire helburua da sarrera bat egitea ezaugarri honi eta bere bereizgarriei buruz, eta aholkuak eta estrategiak eskaintzea berarekin batera modu osasungarrian bizitzeko, dohain bihur dadin ondorio guztietarako.

  1. Zer dira S.H.P. (Sentikortasun Handiko Pertsonak)?

Lehenik eta behin, argi eduki behar da ez dela arazo edo nahasmendu bat, ezta DOHAIN bat ere, nahiz eta bi gauza horietako edozein bihur daitekeen. Antsietatea sor dezake eta bizitza oso konplikatua izatea eragin; edo ondo ezagutzen badugu eta gobernatzen badakigu, DOHAIN ere bihur liteke, bizitzak ematen digun guztia askoz hobeto aprobetxatzeko.

Herentziazko ezaugarria da; beraz, litekeena da ume batek ezaugarri hau baldin badu, guraso batek edo biek ere izatea. Hasieratik jakiteak asko erraztuko ditu gauzak; izan ere, autoezagutzan hezi ahal izango dugu umea, eta, horrela, DOHAINA garatu ahal izango du.

SHP pertsonek garuna apur bat ezberdina dute gainerakoen aldean. Oso modu sinplean, esango dut alde batetik garatuago dituztela ispilu-neuronak eta lobulu frontala, eta horrek esan gura du hobeto atzematen dituztela estimulu sentsorial guztiak (entzumenekoak, ikusizkoak, ukimenezkoak, usaimenezkoak eta dastamenezkoak) eta hobeto enpatizatzen dutela ingurunearekin. Bestalde, sistema linbikoan bada garunaren zati txiki bat, amigdala, oso garrantzitsua, emozionalki erreakzionatzeaz eta gure garuna nerbio-sistema zentralarekin konektatzeaz arduratzen dena. Amigdalak aktibazio-maila handiagoa du. Hau da, SHPen kasuan, hunkiarazten gaituen etengailuak intentsitate handiagoz egiten du.

SHP pertsonen garuna besteena ez bezalakoa da. Hobeto atzematen dituzte estimulu sentsorialak, horien aurrean enpatia handiagoarekin erreakzionatzen dute eta intentsitate emozional handiagoa dute.

  1. Bereizgarriak.

Lehenik eta behin, hipersentikortasuna eta SHP ezaugarria bereizi behar dira, askotan nahastu egiten dira eta bereizi egin behar dira, ez baitira gauza bera. Badira pertsona hipersentikorrak estimuluen aurrean, baina ez dute zertan SHP izan. Hipersentikortasuna emozioekin soilik zerikusia duen zaurgarritasuna da; SHP ezaugarriak, berriz, gaitasun neurosentsorialarekin, enpatiarekin eta aktibazio emozionalarekin du zerikusia. SHP bat 4 ezaugarri hauek izateagatik bereizten da:

  • Sakontasuna hausnarketan eta prozesamenduan. SHP pertsonek ez dituzte gaiak azaletik edo gaingiroki jorratzen, eta ez dira batere oldartsu edo inpultsiboak. Pentsamendu-sakontasun handia izaten dute, eta ez die balio gaiak azaletik ukitzeak. Xehetasun sotilenak hartzen dituzte kontuan, beste pertsona batzuei agian oharkabean pasatzen zaizkienak. Horregatik, batzuetan arazoak izaten dituzte erabakiak hartzeko orduan, gerta daitezkeen ondorio guztiak aztertzen baitituzte horretarako. Lantalde batean SHP pertsona bat, zalantza barik, altxorra da, besteentzat oharkabean pasatuko diren faktoreak ikusi eta aztertuko baititu.
  • (Kanpoko eta barruko) sotiltasun sentsorialekiko sentiberatasuna. SHPek sistema sentsorial oso zorrotza dute, zentzumenen mailan sotiltasun asko kontuan hartzeko gai dena. Beste pertsona batzuentzat oharkabean igarotzen dena SHP batek hauteman egiten du. Oso zentzumen garatuak dituzte, baina ez bakarrik kanpo-mailan, baita barne-mailan ere. Beren egoera emozional eta fisikoa askoz ere biziago hauteman dezakete.
  • Enpatia eta emozionaltasun handia. Emozionaltasuna askoz ere modu indartsuagoan esperimentatzen dute, eta, horregatik, ingurunearekin askoz gehiago enpatizatzen dute. Zoriona, tristura, bidegabekeria edo beldurra bizitasun handiagoz hautematen dituzte, eta, ondorioz, askotan, gainezka ere egin ahal diete. Enpatia handia dutenez, hori beharrezkoa den lanbideetan jarduten dute: psikologoak, kazetariak, familiako medikuak, etab. izaten dira.
  • Gainestimulazioagatiko zentzumen-asetasun edo saturazio sentsoriala. Oso sentikorrak diren pertsonen garunak zelan funtzionatzen duen arretaz pentsatzen badugu, estimulu gehiago jasotzen dituztela konturatuko gara, modu analitikoagoan prozesatzen dituztela eta enpatia handiagoa garatzen dutela emozioen bidez. Ez da arraroa lan honek guztiak bere ondorioak izatea eta une jakin batzuetan, saturatuta, gainezka eginda sentitzea. Batzuetan munduarekin moztu egin behar izaten dute, bakartu, eta ez dute inorekin ezer jakin gura izaten. Orduan, denetik atseden hartu behar izaten dute, eta hori egiteko modu naturala beraientzat beren baitan ixtea da saturaziotik ateratzeko.

Sentikortasun Handiko Pertsonaren testigantza

Kalean barrena noa eta zaborren kirats desatseginak sumatzen ditut, autoen klaxonak biziki gogaitzen nau. Lotara noanean, izara edo maindireak garbi eduki behar ditut eta uki leuna izan behar dute, bestela kosta egiten zait lokartzea.

Jende askorekin asko enpatizatzen dudala sentitzen dut, eta batzuetan sufritu egiten dut besteen arazo edo emozioekin, antsietatea izateraino, batzuetan kontrolatzen dut eta beste batzuetan ez. Gainera, bidegabekeriak asko haserretzen nau. Ni neu jendearen arazoetan inplikatzen banaiz, zergatik ez didate niri laguntzen arazoak ditudanean? Batzuetan buelta asko ematen dizkiet gauzei, nire bikotekideak erlatibizatzeko esaten dit, ez hartzeko gauzak hain estu, baina ezin dut, berarentzat oso erraza dirudi, baina niretzat ez da, eta ez nauela ulertzen sentitzen dut.

Batzuetan gertatzen zait “mundutik jaitsi nahi dudala”, nire gelan sartzen naiz eta ez dut gura inork berba egiterik edo ezer esaterik, isiltasuna behar dut, egia esan txarto pasatzen dut. Arraroa sentitzen naiz, besteei ez zaie hau guztia gertatzen, gaixotasunen bat izango dut? Ez dakit erotzen ari naizen edo…, horregatik ez dut inorekin berbarik egiten honetaz.

  1. Ezaugarri hau DOHAIN bihurtzeko eta arazo ez izateko aholkuak.

Esan behar da eman ditzakegun aholkuek edonorentzat balio dezaketela, mundu guztiari lagunduko baitiote edozein egoeratan, baina sentikortasun handiko pertsona baten aurrean baldin bagaude, guztiz beharrezkoak dira.

  • SHPek autoestimutik, adimen emozionaletik eta erresilientziatik abiatuta hartu behar dute beren buruarekiko ardura edo erantzukizuna. Autoezagutzarekin edo nork bere burua ezagututa, gero eta seguruago eta indartsuago sentituko dira, ez baitute beren burua “arrarotzat” hartuko eta ulertuko dute zergatik aztertzen eta sentitzen duten egiten duten moduan. Eurengan inbertitzea izango da beren izateko arrazoia eta bizi-helburua ulertzeko modurik onena.
  • Oso-oso garrantzitsua izango da bizi diren espazioa zaintzea, leku isila, ederra, bakardadean barne-biltzeko modukoa eta besteek errespetatuko dutena izatea. Era berean, ezinbestekoa izango da zaintzea zer motako jendearekin ezartzen dituzten harremanak. Izan ere, pentsatu behar da enpatia- eta sakontasun-ariketa garrantzitsua egingo dutela haiekin. Beraz, espazio fisikoaren eta pertsonalaren autozaintza aztertu eta zaindu egin beharko da.
  • Gogoeta edo hausnarketa erregulatzea. SHPek intentsitate eta sakontasun handia izaten dute beren ideietan. Horrek besteen kontraesanak eta inperfekzioak ez ulertzera eraman ditzake. Horregatik, ideiak sinplifikatzea eta inguruan dituzten pertsonak onartzea, beren inperfekzio eta kontraesan horiekin, positiboa izan daiteke beraientzat.
  • Besteen emozioetan harrapatuta ez geratzea. Norberaren ezagutza eta inguruko sentimenduek zelan eragiten dieten abiapuntu hartuta, garrantzitsua izango da prebentzioa besteen emozioetan harrapatuta ez geratzeko, enpatia handia baitute.
  • Bizimodu ordenatua izatea. Erregulartasunez ondo ezarritako errutinarekin lo egitea, osasuntsu jatea eta egunero kirola edo ariketa egitea. Barnetik ondo sentitzeko funtsezko aholkuak dira, eta horrek saturazioa saihesten lagunduko die.
  • Bere bizitzari zentzua ematea. IKIGAI japonierazko hitz bat da, bizi-helburu bat izatea inplikatzen duena, bizitzari zentzua emateko ezinbestekoa dena. IKIGAI ona ─bere izateko eta pentsatzeko moduarekin koherentea eta, gainera, ederra eta erakargarria─ izateak nortasun-ezaugarri hori DOHAIN bihurtzen lagunduko dio SHPari.
  • Psikologoarekin kontsultatzea. Azken aholku honetan berriro azpimarratu gura dut nortasun-ezaugarri baten aurrean gaudela, ez arazo edo nahasmendu baten aurrean. Ikaskuntza-prozesu horretan lagunduko duen psikologo bat onuragarria izan daiteke; izan ere, konfidentzialtasuna gordeko duen profesionala da, ez du inoiz pertsona epaituko, eta bere burua ezagutzeko bidaia horretan lagun egingo dio SPHari.

Jordi Martínez, psikologoa

 

 

 

 

 

Jordi Martínez, psicólogo

 

 

 

 

 

Menu

BBK Family Learning

×