‘Nire eskubidea da eta egin egingo dut!’ Zelan ulertu eta azaldu beraien “eskubideen” zentzua?

Agian noizbait entzun diozu zure seme edo alabari horrelako zerbait esaten: “Hau egiteko eskubidea dut eta ezin didazu kendu”. Esaldi hau ere entzungo zenuen beharbada: “Munduko eskubide guztiak izan nahi dituzte, baina betebeharrik batere ez… Horrela gabiltza!”.

Eskubideak dituzte

Haurrek eta nerabeek eskubideak dituzte, bai. Nazio Batuen Konbentzio batean onartu ziren duela urte batzuk, eta herrialde gehienek konpromisoa hartu dute horien betetzea bermatzeko.

Haurrek eta nerabeek ere giza eskubideak dituztela jasotzen duten babes-arauak dira.  Haurrak ez dira pertsona heldu izateko proiektuak, giza eskubideak gero izango dituztenak, baizik eta jada badituztenak.

Neska-mutilek ase edo bete beharreko beharrizan batzuk dituzte (fisikoak, emozionalak, sozialak, kognitiboak, …) eta baldintza egokiak izan behar dituzte beren bizi-gaitasunak ongizatean garatzeko. Eta hainbat dimentsiotan, gainera: osasuna, etxebizitza, familia, hezkuntza, aisialdia, kirola, jolasa eta atsedena, identitatea… berdintasunean, indarkeria barik, iritzia emateko aukerarekin …

Beren premia edo beharrizanak asetzeko helduen mende daudenez, bermatu behar da gurasoek, tutoreek, irakasleek, osasun-langileek eta abarrek arreta egokia ematen dietela. Eta ondo egin ahal izan dezaten baliabide ekonomikoak, prestakuntzakoak, sozialak, osasunekoak… badituztela zaindu behar dute gobernuek eta beste erakunde batzuek, eta, horrela ez bada, neurriak hartu.

Horrek esan nahi du, adibidez, neskak ez direla beren familien edo beste pertsona batzuen “jabetzakoak”, eta ezin dituztela edozelan hezi edo hazi. Tratu Oneko ereduetatik egin behar dute.

Esan dezagun haurren eskubideen ikuspegiak arauak ezartzen dituela, gizarte batean umeek erabateko ongizatea izan dezaten eta haiekiko bidegabekeriarik, diskriminaziorik edo indarkeriarik egon ez dadin.

Eskubideak eta betebeharrak

Neska-mutilek eskubideak dituztela pentsatzeak ez du esan gura burbuila hiperbabesle batean sartu behar ditugunik edo haien gurari guztiak bete behar direnik. Ez doa hortik haurren eskubide-kontzeptua.

Adibidez, gauza bat dira nahi edo gurariak eta beste bat beharrizanak. Nik 4 opil jateko gogoa izan dezaket, baina hori ez da gosearen beharra asetzeko modu ona. Nik alkohola edanez dibertitzeko gogoa izan dezaket, baina ez da entretenimenduaren edo emozioen kudeaketaren beharrizana asetzeko modu egokia. Gure seme-alaben sakoneko beharrizanak hartu beharko ditugu aintzat beraiei laguntzeko, eta horrek ez du esan nahi haien edo beste pertsona batzuen ongizateari kalte egiten dioten gurariei beste barik bidea libre utzi behar zaienik.

Gogoratu behar dugu sustatu behar dugun bizi-gaitasun nagusietako bat autonomia dela.  Familiok afektua eta diziplina positiboa barne hartzen dituen maitasun-esparru bat sortu beharko dugu autonomia hori sustatzeko. Erronka batzuei beren kasa bakarrik aurre egiten uztea, gauza batzuei mugak jartzea (osasunerako arriskutsuak direlako, beste pertsona batzuekiko errespetu-falta direlako, edo larregizko mendekotasuna dakartelako), erabaki jakin batzuk hartzen uztea, akats batzuetatik ikas dezaten uztea (betiere zelanbaiteko segurtasunetik) eta beren burua emozionalki kudeatzen ikasten joatea, frustrazioak barne. Betiere, beraien ahaleginak aitortuz eta, edonola ere, afektiboki onartuz.

Haien autonomia sustatzeak ere ez du esan nahi “gogortu egin” behar ditugunik, gure maitasun eta baldintzarik gabeko onarpen barik. Ez du esan gura diziplina autoritario edo larderiatsua ezarri behar dugunik, are gutxiago indarkeria-adierazpenekin. Hor, Haurren Eskubideek eskatzen duten Tratu Onaren helburutik aldendu egingo ginateke.

Oinarrizko bizi-gaitasun bat norberaren erantzukizuna eta errespetua da. Beste pertsona batzuekiko, planetarekiko eta beren buruekiko errespetua eta zaintza. Hor egongo lirateke beraien “betebeharrak” ere, eta erantzukizun hori modu doituan, progresiboan eta balio egokiekin sustatu behar dugu.

Eskubideak eta Ongizatea

Haurren eta nerabeen eskubideen azken helburua ongizatean garatzea da, eta Ongizate berbari ematen diogun zentzuaz ere hausnar dezakegu. Gaur egun, joera dugu ongizatea kontsumo handi eta gauza, jarduera, elikagai, substantzia, pantaila eta abarren metaketa etengabe gisa ikusteko, “plazeraren” igoera azkarra eragiten baitu horrek, baina gure seme-alabentzat gura dugun ongizateak agian beste norabide bat izan behar du.Batez ere, horrela planetako baliabideak agortzen ditugulako, txarto banatzen ditugulako eta errazago agertzen direlako osasun-arazoak, hala nola obesitatea, mendekotasunak edo irudiarekin eta autokontzeptuarekin lotutakoak.

Gura barik, inkontzienteki edo zeharka, neska-mutilei zelanbait ere tratu onik emango ez dieten dinamikei ere erreparatu beharko diegu. Batzuetan zuzenean geure egitearekin dute zerikusia, eta beste batzuetan laguntzen ez duen egitura sozioekonomikoarekin. Pentsa dezagun zenbaterainoko ondoeza sor diezaiekegun gatazka handiko bikote-egoeren erdian jartzen ditugunean, beraientzako astirik hartu ezin dugunean, prekarietate ekonomikoaren aurrean dugun estresak hazkuntzarako egoera emozional desegokietan jartzen gaituenean, osasun mentaleko baliabiderik aurkitzen ez edo erabiltzen ez dugunean, haien zaurgarritasuna aintzat hartzen ez duten prozesu judizialetan murgilduta daudenean… Kontzientzia hartzea da lehen urratsa. Horretan guztian, garrantzitsua da familiok administrazioaren neurriak izatea egituran aldaketak egiteko, laguntza-baliabideak izatea, eta nork bere burua zaintzeko eta elkar zaintzeko dinamikak sortu ahal izatea lagunduko diguten beste pertsona batzuekin. Ezin gara bakarrik sentitu horretan.

Baina itzul gaitezen artikuluaren izenburura. Gure seme edo alabak bere eskubideei buruz berba egiten digunean, “berea lortzeko” ahaleginean bada ere…  entzun diezaiogun! Entzun dezagun zer dagoen esaldi horren atzean. Bere nahi edo “gurariaren” atzean autonomoa izateko beharrizana egon daiteke, irizpideak dituen pertsona gisa “errebindikatzeko” beharra, … “mugak” izateko beharra, entzuna izateko beharra, harremanetarako denboraren beharra, emozionalki bere burua espresatzeko beharra, laguntza jasotzeko beharra, gauzez, balioez, printzipioez… kontzientzia hartzen lagun diezaiogun beharra.

Haren sakoneko beharrizanak ezagutu beharko ditugu, emozioak baliozkotu eta pentsamendu kritiko batetik konponbideak bilatu. Eta, horren barruan, iruditzen zaizkigun mugak ezarri, eta beraren eskaera negoziatu edo ahalbidetu.

Edozelan ere, interesgarria izango litzateke “eskubide” kontzeptuaren benetako esangura, horrek inplikatzen duena eta horrek dakarren erantzukizun-dimentsioa ezagut ditzaten.  Erantzukizuna guretzat, ama garenontzat, babesa eta ongizatea eman behar diegulako (eta horrek batzuetan esan nahi du “ez” esatea, beste batzuetan “bai” eta beste batzuetan “ikusiko dugu” esatea). Eta beraientzat erantzukizun progresiboa beren autonomia eraikitzeko, beste pertsona batzuk zaintzeko eta nork bere burua zaintzeko. Izan ere, nire “eskubide” bat betetzeak beste pertsona baten eskubidea “erasotzea”, “neure buruari kalte egitea” edo “nire autonomiarako garrantzitsua den zerbait ez ikastea” baldin badakar, berrikusi egin beharko genuke. Nerabeen kasuan, adibidez, askatasun hitzaren benetako kontzeptua lantzea ere oso interesgarria da.

Eta eguneroko egoerak edo albisteak balia ditzakegu eskubide, balio, printzipio… batzuk jorratzeko. Adibidez, osasunerako eskubidea (baita osasun mentalerako eskubidea ere), bakean bizitzeko eskubidea, indarkeria barik trata zaitzaten eskubidea, gizarteratzeko eskubidea…

Eskubideen ikuspegiak sustatzen duen ongizateak ez du zerikusirik lehen aipatu dugun “metatze” horrekin, baizik eta emozionalki seguru sentitzearekin. Horretarako, beharrezkoa da leku fisiko seguru batean egotea eta, batez ere, indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeko harreman seguruak izatea. Interesgarria izan daiteke galdetzea noiz, zelan, non… sentitzen diren seguru eta ongi tratatuak. BBKFAMILYren bideo honetan hori kontatzen digute neska-mutiko batzuek. Elebiduna: https://youtu.be/fNND1w2LqQ8

Haurrek eta nerabeek beren eskubideak ezagutu behar dituzte. Etxean ere konta diezazkiekegu, horietan dagoen dimentsioa jorratuz. Arartekoak baditu horretan lagun diezaguketen material batzuk:

Gaztelaniaz: https://www.ararteko.eus/RecursosWeb/DOCUMENTOS/1/0_3532_3.pdf

Euskaraz: https://www.ararteko.eus/RecursosWeb/DOCUMENTOS/1/1_3532_1.pdf

Gaztelaniaz: https://youtu.be/4MbFk0qvw80

Euskaraz: https://youtu.be/K4EktEmEnd0

 

Azkenik, eskubideetan eta Tratu Onetik heztea guztion ardura edo erantzukizuna dela planteatu behar da, baita familiarena ere. Horretarako, oinarrizkoa da indarkeriarik eza, diskriminaziorik eza bezalako printzipioetan heztea eta autonomia sustatzea. Era berean, oso garrantzitsua da emozionalki indartuko dituzten tresna eta formulen “gordailu” moduko bat sortzen laguntzea gure seme-alabei. Adibidez: emozioak zelan identifikatu, adierazi eta kudeatu jakitea, umorea izatea, egunerokotasunean estresaren aurkako elementu osasungarriak sartzea, laguntza nola eskatu jakitea, laguntza nori eskatu jakitea, zer den ondo/txarto maitatzea, gatazkak modu positiboan maneiatzea, elkartasunetik proiektuetan parte hartzea… Eta hori guztia gure afektutik abiatuta, denbora elkarrekin igaroz, familia-sentimendua indartuz, elkarri laguntzen diogun pertsona-sare bat bilatuz…

Eta, alde horretatik, etxean tailer txiki hau egitera animatzen zaituztegu: “Tratu Onaren formula”, non aurkitu ahal izango duzuen familia-harremanean zein une, ekintza eta jarrera diren seguruago sentiarazten zaituztenak.

Gaztelaniaz: https://youtu.be/0N9n3s4kYZc

Euskaraz: https://youtu.be/IHfCtu3mfIw

Azaroaren 20an Haurren Eskubideen Eguna ospatzen da, baina horiek urteko egun guztietan egon behar dute presente. Horien ulermen zabaletik, horien alde lan egin behar dugu familian eta gizartean. Eta, jakina, gakoa, beti bezala, eredu izan edo etsenplu ematea, modelatzea eta Tratu Onetik bizitzea da.

Bego Ruiz, psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

Menu

BBK Family Learning

×