Hobe da zerbait zelan konpondu pentsatzen eta hausnartzen laguntzea, gure konponbidea automatikoki ematea baino 

Eta, zelan egiten da hori? Nola bideratzen da komunikazioa horretan arrakasta izateko? Zelan lagundu konponbideak aurkitzen, denboran zehar errepikatzen diren egoera gatazkatsuak, zailtasunak edo arazoak daudenean?

Artikulu honetan, gure seme-alaben hazkunde pertsonala eta autonomia sustatuz, beraiekin elkarrizketa onuragarriak izateko moduaz ideia batzuk partekatuko ditugu.

ELKARRIZKETAREN AURRETIK KONTUAN IZAN BEHARREKO ZENBAIT GAI:

  • Elkarrizketa batek ideiak, iritziak eta ikuspuntuak trukatzea Bakarrizketa bihurtzea saihestu behar da.
  • Aberasgarria izan behar du bi aldeentzat, ez borroka bat ea nork duen arrazoi.
  • Bi aldeentzat baretasun eta lasaitasunezko une eta leku bat aukeratu behar da. Presak, etenak edo eragozpenak izateko arrisku barik.
  • Argi izan zertarako gura dugun elkarrizketa. Ez erori une horretan egokiak ez diren barreiatze edo distrakzioetan. Eta garrantzitsua da elkarrizketaren zertarakoa bi aldeek partekatzea.
  • Begirunezko giroa behar da, epaitu barik, gure seme edo alaba entzuna eta ulertua senti dadin. Horretarako, haien sentimenduekin enpatizatu beharko da. Gogoratu gure seme edo alaba etiketa bat baino gehiago dela eta haren gaitasunak eta ezaupideak bideratu beharko direla.
  •  Pazientzia izan beharko dugu, eta denbora eman bere ikuspuntua adieraz dezan. Beharrezkoa izango da isilik egotea, itxarotea (hari erantzutea kosta arren) eta saihestu “metraileta” gisako itaun edo galderak egitea.
  • Eraginkorragoa izango da galderak egitea gure erantzunak ematea baino. Pertsona batek berak pentsatzen dituen irtenbideak errazago jarraitzen ditu beste batzuek iradokitzen dizkiotenak baino. Beraz, garrantzitsua da gure seme edo alabari bere ideia propioak sortzen laguntzea, guk zuzenean esan beharrean.
  • Orainaz eta etorkizunaz berba egitea baliagarriagoa izango da (ezinezkoa da iragana aldatzea). Zailtasun baten aurrean, honako hauei buruzko itaunak egingo ditugu:
    -Oraina (zer egiten ari den arazoa jasateko eta handiago bihur ez dadin, edo hoberako zer aldaketa txiki lortu dituen, zer behar duen, zer gura duen, …)
    -Etorkizuna (etorkizunerako zer ikasi duen, hurrengoan zer egingo duen beste era batera, …)

ELKARRIZKETAN ZEHAR:

-Gai sentikorrak ukituko ditugun norbaitekin berba egiten hastean, garrantzitsua da baimena eskatzea (“Axola dizu hitz egiten badugu…,  Utziko didazu berba egiten…?”). Horrek errespetua adierazten du eta lankidetza sustatzen du. Ezetz erantzuten badu, haren erabakia errespetatu behar da eta beste zein unetan tratatu daitekeen galdetuko zaio.

Elkarrizketan zehar, interesgarria da gaitasunetan zentratzea. Arazoez, “akatsez”, jokabide desegokiez… bakarrik berba egiten bada,  ezgaitasun- eta porrot-sentsazioa geratuko da.

Horrela, egoera hobeto jasateko, okerrera ez joateko edo hobetzeko, zer irtenbide praktikan jarri eta funtzionatzen dioten galde diezaiokegu. (“Zerk laguntzen dizu egoera hau jasaten? Zer egiten duzu, zer pentsatzen duzu egoera hau okerrera ez joaten laguntzen dizuna? Zure ustez, zein dira lagun diezazuketen zure balioak/trebetasunak/estrategiak?”).

 Baita ere bere zaletasunei buruz edo zertan den ona galdetzea, eta zer egiten duen horretan ona izateko. Gero, galdegin diezaiokegu trebetasun, estrategia edo ekintza horietatik zein erabil ditzakeen aztertzen ari garen zailtasun edo arazo baten aurrean.

Eta garrantzitsua da hark bere buruari merituak egoztea izan dituen edo izaten ari den ideia on edo lorpenei buruz. Horrela, errepikatu dezakeela sentituko du, eta ez dela zorteari edo beste pertsona batzuei egozten zaien zerbait. (“Zelan bururatu zaizu hain ona den ideia hori? Nola lortu zenuen autokontrola mantentzea tentsio handiko egoera hartan? Zer egin zenuen hori lortzen lagundu zizuna?”.)

Batzuetan, gure seme edo alabak erantzukizunik hartzen ez duen egoerarekin egiten dugu topo.  Adibidez: “Irakasleak ikusi ezin nauelako suspenditzen dut”. Galdetu ahal izango litzaioke: “Zerk lagunduko lioke irakasleari zuri horrenbesteko ezinikusia ez izateko?”. Horrela, irakaslearekin duen harremanaren zati baten ardura berari ematen diogu, eta zerbait egin dezake egoera hori aldatzeko.

Adibidez, ez badu onartzen hobekuntzak norberaren lorpenak direnik eta “Zortea izan da” edo “Lagundu egin didate” esaten badu, galdegin diezaiokegu: “Zer ikusten du pertsona horrek zugan zuri lagundu gura izateko?” eta “Zer jarri duzu zuk zure aldetik laguntza edo zorte on hori aprobetxatzeko?”.

Ideia ona da arazoa ez gertatzea edo, gertatzen bada, intentsitate edo maiztasun txikiagoarekin gertatzea eragiten duten ezberdintasunak identifikatzen laguntzea. Galdegin diezaiokegu: “Zein unetan ematen da neurri txikiagoan kezkatzen zaituen hori? Zer joan da hobeto joan den astetik? Zein jenderekin sentitzen zara hobeto? Zein eremutan ez da agertzen larritzen zaituen sentsazio hori?”.

Batzuetan, gure seme edo alaba oso larri egon daiteke arazoarekin, eta ez da gai hobekuntzak ikusteko. Egoera horretatik ateratzeko modu bat izan liteke irudimen-ariketa bat eskatzea, eta imajina dezala zer egiten ariko litzatekeen jada arazo hori ez balu. Horrela, sortzaileagoa izaten laguntzen diogu, hori konpontzeko bestelako aukera batzuk topa ditzan. Imajina ezazu hainbeste larritzen zaituen arazo hori, ustekabean, desagertu egiten dela: Zer izango litzateke desberdina? Zertan nabarituko zenuke? Zer ariko zinateke beste era batera egiten? Nor izango litzateke arazo hori jada ez duzula nabarituko lukeen lehenengo pertsona?”.

Askoz motibagarriagoa da ikasi behar denaz berba egitea arazo bat konpondu beharraz berba egitea baino. Motibagarriagoa da arazo bat konpontzeko gai izateko zer trebetasun edo ezagutza ikasi beharko lituzkeen galdetzea. Ideia hori oso ondo garatu eta azaltzen du Ben Furman-ek bere aplikazioan: Kids’Skills App (hainbat hizkuntzatan dago, gaztelaniaz ere bai).

Haren gaitasunetan konfiantza proiektatzeko modu bat aurresuposizio-hizkuntza erabiltzea da.  Hau da, galderak egitea, arrakasta dugula edo izan dugula ziurtzat jotzen dugun horretan. Adibidez, ez da gauza bera esatea: “Lortu al duzu aste honetan zure amorrualdiak kontrolatzea?” edo galdetzea: “Aste honetan, zein unetan lortu duzu zure amorrualdiak kontrolatzea?”.

Elkarrizketan zehar motibatu egin behar da aldaketa txikiak egiteko. Aldaketa txiki-txikiak izan behar dute, erabat lorgarriak zaizkiola senti dezan. Horrela eraginkorragoa da helburu handiak beste helburu txikiago eta lorgarriago batzuetan sekuentziatzea. Tarteko helburu horiek lortu ahala, motibazioa handituz joaten da. Adibidez, “Zein izango litzateke zuretzat azken helburua lortzera gehiago hurbilduko zintuzkeen lehen urratsa? Zer egiten hasiko zara?”. Hasteko aldaketa txiki bat besterik ez da behar.

Irtenbideak bilatzen laguntzen duen baliabide bat iraganeko esperientzia arrakastatsuak bilatzea da. Antzeko arazoak konpontzeko gai izan zen une horietan arreta jartzea. Iraganeko arrakastei buruzko elkarrizketa horiek egoera berriei aurre egiteko motibazioa, ziurtasuna eta ideiak ematen dituzte. “Zure bizitzako zein unetan izan dituzu egoera zailak? Zerk lagundu zizun orduan? Zer egin zenuen une haiek gainditzeko? Zerk lagundu zizun?”.

Elkarrizketan zehar, kontu handiz ibili behar da eta ideiek gauzagarriak izan behar dute.  Konponbideak baldin badira: “Ez dut hitz egingo”, “Ez naiz haserretuko”, “Ez dut negarrik egingo”, galdetuko dugu: “Eta orduan, zer egingo duzu haserretu/negar egin/hitz egin beharrean?”.  Horrek askoz hobeto bideratzen du ekintzara.

Elkarrizketan zehar, adi egon behar dugu gure elkarrizketak eragiten duen ondorioarekin, eta zelan iruditzen zaion galdetu berari. “Hizpide dugun honek laguntzen dizula iruditzen zaizu?”  “Baliagarria izan daiteke zuretzat hitz egiten ari garen hau?”

Egoeraren ikuspegia zabaldu dezakegu beste pertsona batzuen ikuspuntuak elkarrizketara ekarriz. Horretarako, beste pertsona batzuek egoera zelan ikusten duten hausnartzeko itaun edo galderak egin ditzakegu: ”“Zure lagun Pablori galdetuko banio, zure ustez, zer esango lidake gaur ikasgelan egin duzunari buruz? Zure ustez, zerk harritu du gehien irakaslea egoera konpontzeko izan duzun moduaz? Zer aholku emango lizuke Andrea lagunak kezkatzen zaituen hori konpontzeko?”.

ELKARRIZKETAREN OSTEAN:

 Garrantzitsua da hausnartzea zer izan den baliagarria elkarrizketa egiteko, etorkizuneko elkarrizketetan errepikatu ahal izateko. Baita baliagarria izan ez den zerbait egon ote den pentsatzea ere, ez errepikatzeko.

Jose Vallejo Cuñado eta Naia Bizkarralegorra Bravo Bidegintza gizarte-hezitxaileak

BBK Familyk Ben Furman (Helsinki, 1953) sendagile finlandiarraren “konponbideetan oinarritutako hazkuntza” ikastaroa egiteko aukera eskaintzen dizu. Psikiatra, psikoterapeuta eta Helsinkiko Terapia Laburreko Zentroaren sortzailea da. Soluzioetan oinarritutako Terapiaren arloan nazioartean ezaguna da, hogei liburu baino gehiago argitaratu ditu eta hainbat hizkuntzatara itzuli da.

Ikastaroa  BBK Family learning plataforman doan eta online egin dezakezu. Eman izena!

HELBURUAK:

Haurrei eguneroko arazoak konpontzen laguntzeko irtenbideetan oinarritutako metodoa ezagutaraztea

Seme-alabekin hazkuntzaz gozatzea, baita umeek arazoak edo “portaera txarrak” dituztenean ere.

Ikuspegia arazoetatik konponbideetara aldatzea, haurrei beren ikaskuntza-prozesuen kudeatzaile izaten lagunduz, beraien sare sozialarekin elkarlanean arituz eta helduen laguntzaz baliatuta, protagonista izateari utzi barik.

AURKIBIDEA:

  1. Sarrera
  2. Umeak goraipatzea
  3. Haurrengan eragitea
  4. Beste lagun zaintzaile batzuekin lankidetzan aritzea
  5. Arazoak gainditzen laguntzea haurrei
  6. Zigorraren ordezko aukerak
  7. Ohitura txarrak
  8. Kasketaldiak
  9. Beldurrak eta fobiak
  10. Eskola-zereginak

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×