Emozioak zeureak dira: inork ez zaitu tristatzen edo haserretzen

Irudika itzazu oinarrizko lau emozioak  ─amorrua, tristura, beldurra eta poza─ mahai baten lau hankak balira bezala.
Mahaiak, mahai izateko, ez du hanka bat beste bat baino gehiago behar, edo ez du bat besteak baino nahiago. Bere egonkortasunerako, mahaiak lau hankak behar ditu berdin-berdin. Lau hanka horiek bezala, emozioak ez dira ez hobeak ez okerragoak. Gizakiarentzat baliagarriak dira. Gure esentziaren funtsezko osagaiak dira, eta gure esku dagoen indar- eta energia-iturri bat.

Ezin gara gure emozioetatik askatu. Makillatu, blokeatu, alde batera utz… ditzakegu, baina ezin ditugu desagerrarazi, eraldatuz joango dira espresatzeko; horregatik, batzuetan negar egiten dugu muga sendo bat jarri ezin diegunean, edo barregura sartzen zaigu tentsio moduan beldurra sentitzen dugunean.

Zein da, gaingiroki, emozio bakoitzaren eginkizuna?

Amorruak gustuko ez dugun edo bidegabetzat jotzen dugun egoera aldatzeko aukera ematen digu.
Tristurak egoera bat onartzen laguntzen digu, aldatu ezin dugunean.
Beldurra gure egungo “ni”tik haratago joateko aukera ematen digun bulkada da.
Poza zera esaten dizun iparrorratza da: “Bai, hau da bidea, ondo zoaz hemendik” eta bizitzako lorpenak ospatzeko aukera ematen digun energia da.

Mapa moduko bat emateko, niri gustatzen zait azaltzea norabide honetan mugitzen direla:
Amorrua da agertzen lehena. Indar eta abiadura handiz egiten du, gustatzen ez zaigun egoera batekin zeharo amaitzeko. Ezin dugula aldatu konturatzen garenean, tristura agertzen da, eta horrek geldotu eta gure izatearen barru-barrura eramaten gaitu. Tristurak erakusten digu errealitate desiratua eta gertatzen ari den errealitatea ez direla berdinak, horrek zaurgarri uzten gaitu eta orduan azaleratu daiteke beldurra:  “Eta ezin badut honekin?”, “Eta ez badio inoiz negar egiteari uzten?”, “Eta alde batera uzten banaute?”, “Eta…?”. Beldurrak egoera horretatik, gure segurtasun-eremutik haratago joan gaitezkeela adierazten digu, eta ezezagunean barneratzera bultzatzen gaitu. Pausoa ematen dugunean eta, egia esan, beldurrarekiko beldurra garaitzen dugunean… poza agertzen da adorea, abentura, benetako aldaketa ospatzeko. Zerbait gertatzen den arte, gure amorrua aktibatzen duena, adibidez. Eta horrela etengabe, bizitza osoan.

Emozioei ez zaie axola egoera bat “positiboa” edo “negatiboa” den, ez dute epaitzen.  “Mahai” eraikuntza bere horretan perfektua dela ulertzen dugunean, eta bere hanka guztiak berdin aitortzen eta baloratzen ditugunean, poza gero eta egonkorragoa bihurtzen da eta lasaitasun edo baretasun bilakatuz joaten da. Zenbait emozio blokeatzeari eta gaitzesteari utzi, eta haiek gobernatzen dituen ordenaz fidatzen hasten gara.
Zenbat aldiz izan gara lan bat galtzeko beldur, ez galtzeko borrokatu gara, galdu dugunean negar egin dugu eta aldi bat geroago esan dugu: “Eskerrak lan hartatik bota ninduten”. Eta eskertzeraino ere irits gaitezke! Horrek erakusten du erabat integratu dugula egoera bat. Hori da esan gura dudan ordena. Horregatik, ulertze hori iritsi arte, iristen bada, fida zaitez zeure emozioez eta senti itzazu agertu ahala. Esperimenta itzazu beraien intentsitatea eta anbibalentzia.

Lan pertsonal hori funtsezkoa da haurtzaroko emozioei laguntzeko. Teorian oso itxura ona du, baina errealitatea askoz ere konplexuagoa da, emozioak nahastu egiten direlako eta bahitu, itsutu, geldiarazi… egiten gaituztelako, abisatu gabe agertzen direlako.
Pertsona bakoitza, egoera bakoitza, familia bakoitza desberdina da. Horregatik, artikulu honetarako bi puntu komun izango ditut ardatz:

1) Emozioak zeureak dira: inork ez zaitu tristatzen edo haserretzen. Zu zara pozik dagoena edo beldur dena. Zerbaitek edo norbaitek pizten du emozio hori, baina zuk sentitzen duzu. Beraz, gu gara gure filmaren protagonista nagusiak. Eta gure emozioen arduradun edo erantzule garela jakiteak ikaragarri ahalduntzen gaitu.
Bestela, zergatik semaforo gorri batek batzuetan gure onetik ateratzen gaitu eta beste batzuetan semaforo berak axolagabe uzten gaitu edo poztu egiten gaitu “kosta egiten zaiolako aldatzea”?
Zergatik, batzuetan, dibertitu egiten gaitu edo jakingura pizten digu haur baten jokabide desafiatzaile edo erronkariak, eta atsekabetu egiten gaitu etxean portaera bera ikusteak?

2) Emozioetan laguntzerakoan, ez esan: Ez da ezer gertatzen”, zeren eta gertatu, gertatzen da, bai.
Esaldi hori ia automatikoki ateratzen da gure ahotik beste pertsona bat emozio bizi bat (berdin dio zein) bizitzen ari dela ikusten dugunean. Alde batetik, eustea kostatzen zaigulako, eta, bestetik, pentsatzen dugulako hori gelditzen ez badugu izaera suminkorrak sustatuko ditugula, amorruaren kasuan; uzkur edo herabeak, tristuraren kasuan; koldarrak, beldurraren kasuan; edo inozoak, alaitasunaren kasuan.

Ni oso triste baldin banago jolasten uzten ez didatelako (ziurrenik aldi berean amorru eta beldur apur bat sentitzen ari naiz) negar egin gura dut, eta zuk zure asmorik onenarekin esaten didazu  “Tira, hori ez da ezer eta…”, “… Ez da ezer gertatzen…”, “… Dena ondo dago…”,  sentitzen dudana zalantzan jartzen hasiko naiz, desegokia dela sentitzen hasiko naiz, edo ez dizut erakutsi nahi izango, beste barik, ondoezik ez sortzeko.
Haurrek emozio bizi bat sentitzen eta adierazten dutenean, hori da beraien egia. “Ez dela ezer” esaten badiegu, agian inkoherentzia bat sortzen ari gara sentitzen duten egiaren eta, teorian, gehiago dakien pertsona maite batek esaten dien egiaren artean.

Nahiz eta helduon esperientziari esker jakin badakigun bere buruari egin diona urratu txiki bat baino ez dela… pertsona horrentzat garrantzitsua da.
“Ez da ezer gertatzen” ordezkatzeko eta, aldi berean, gehiegizkoa izan daitekeen drama bat ez pizteko zera egin dezakegu:
Emozioa adierazten utzi: negarra, garrasia, kexua edo beldurra, adibidez.
Hitz edo berbaz adierazi ikusi dugula: “Estropezu egin duzu eta hankan min hartu duzu, ikusi dut, bai”.
-Ez distraitu beste zerbaitekin eta kontsolatu: “Zelan zaude? Min hartu duzu? Besarkada bat behar duzu? Negar pixka bat egin beharra duzu?”
-Eta, azkenik, hala badagokio, animatu: “Berriro saiatu nahi duzu?”
Labur esanda: gertatutako horretan lagun egin, sentitzen dutena izendatu eta baliozkotu beraien osotasuna eta koherentzia ziurtatzeko.

Eta amaitu, emozioen printzipioarekin amaitu nahi nuke: ulertu, kudeatu, teorizatu edo gainditu aurretik, sentitzeko daude hemen. Emozioak sentitu egiten dira.

Emozioei buruz ikasten jarraitzeko erreferentzia on bat Vivian Dittmar da. Bere Emociones y sentimientos liburua inspiragarria da nire bizitzarako eta lanerako.

Cristina Sahuquillo, familientzako laguntza-hezitzailea

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×