“Haur batek ezin badu guk irakasten dugun moduan ikasi, agian berak ikasten duen moduan irakatsi beharko diogu”. Rita Dunn doktorea
1872an Rudolf Berlin irakasle eta mediku oftalmologo alemaniarrak “dislexia” terminoa lehen aldiz erabili zuenetik [handik gutxira “hitzezko itsutasuna” edo “berba-itsutasuna” (Word Blindness) ere deitua] gaur arte egindako bidea oso luzea izan da…; baina hori bezain luzea da falta zaiguna dislexia duten pertsonak behar bezala integratzea lortu arte gure hezkuntza- eta lan-sistemaren aldetik.
Dislexia Irakurketaren Ikaskuntzaren Nahaste Espezifiko bat da. Oinarri neurobiologikoarekin, etengabe eragiten dio dekodetze fonologikoari (irakurtzeko zehaztasunari) eta/edo berbak ezagutzeari (irakurtzeko arintasuna eta abiadura), eta errendimendu akademikoan eragiten du irakurketan gutxienez bi urteko atzerapenarekin. Idazketan ere arazoak eragiten ditu eta esku-hartzearekiko erresistentea den nahasmendua da. Nahasmendu hori ezin da azaldu ezintasun sentsorial, fisiko, motor edo intelektualagatik, ezta ikasteko aukera ezagatik edo faktore soziokulturalengatik ere. Dislexia Euskadi Elkartea (Dislebi) 2005ean sortu zen premia hutsagatik, eta dislexia duten pertsonen eskubideetan inplikatuta dauden 300 familiak eta pertsonak osatzen dute, gaur egun oraindik ikusezinak baitira, eta ez dute behar eta merezi duten arretarik jasotzen.
Dislebiren helburua, besteak beste, gizarteari dislexia zer den ezagutaraztea da, eta nahasmendu horri lotutako arazoak prebenitzeko eta gainditzeko zelan jokatu behar den orientatzea. Diagnostiko goiztiarra eta familia, eskola eta inplikatutako profesionalen arteko lankidetza egokia ezartzearen garrantzia nabarmendu gura dugu.
Urte hauetan zehar, familia askok bisitatu gaituzte, dislexia duten seme-alaben bilakaeraz kezkatuta; horietako askok urteak daramatzate “bueltaka”, kasu gehiegitan behar baino beranduago egiten den diagnostikoaren bila; eta beste asko “dardara” batean daude ikasmaila-aldaketaren eta “irakasle berriak” haien seme-alabei laguntzeko izango duen jarreraren aurrean.
Dislexia garaiz detektatzeko lehen urratsa eskolan dago, eta, horretarako, funtsezkoa da Administrazioak irakasleei beharrezko tresnak ematea ikasle bakoitzak kalitatezko irakurketa-formakuntza jaso dezan. Gaur egun, baliabide horiek egon badaude, eta, inguruko herrialdeetan gertatzen den bezala, non Dislexiaren Adiskide diren Eskolak (Dyslexia Friendly Schools) dauden, funtsezkoa da Administrazioak ziurtatzea dislexiadun ikasleak artatzeko gaitzen duen nahitaezko prestakuntza jasotzen duela irakasle bakoitzak, eta eskolak protokolo zorrotz bati jarraitzen diola, dislexia izateko arriskuan dauden ikasleak hautematen eta identifikatzen laguntzeko. Horretarako, egutegi arautu baten bidez, hezkuntza-arloko esku-hartzeak egingo dira, eta ohiko eta ezohiko egokitzapenak, ohiko ikasgelaren testuinguruan ikaskuntzara iristeko beharrezkoak.
Berebiziko garrantzia du erakunde publikoek, hezkuntza-arlokoek ez ezik osasun-arlokoek ere bai, parte hartzea detektatu eta diagnostikatzeko; eta gizarte osoak desberdintasuna bere gain hartu, normalizatu eta integratu dezala.
Ezin dugu luzaroago onartu nahasmenduarekiko ulermenik eza pairatzea gure ikasleek, eta uste izatea beren egoera “motibaziorik ezak” edo “nagikeriak” baldintzatzen duela, edo are gutxiago dislexikoaren zailtasunak adimen-maila baxuaren ondorio diren uste okerra. Horrek guztiak irtenbide bakar gisa kurtso edo ikasmaila errepikatzera eroaten ditu, nahiz eta ebidentzia zientifikoari esker jakin neurri hori guztiz kaltegarria dela, arazoa ez konpontzeaz gain areagotu ere egiten baitu, ikasle horien frustrazioa eta autoestimua galtzea eragiten duelarik. Ez dezagun ahaztu dislexia duenari irakasteko erabiltzen dugun teknikak (idealki, irakurketan gutxiago oinarritzen den ikaskuntza, ikus-entzunezko bitartekoen eta baliabide teknologikoen laguntza handiagoa duena, batez ere hizkuntzaren ahozko alderdia azpimarratuz) berdin balioko duela gelako gainerako ikasleentzat, eta dislexia ez den beste edozein hezkuntza-premia duten guztiak, edo horrelakorik ez dutenak, oso ondo “barne hartuko” dituela.
Helduaroa iritsi eta eskola-etapa gainditu ostean (ez oztopo eta eragozpen barik), gure elkartekide askoren beste kezka bat lan-merkatuan sartzea izaten da. Askotan, Enplegurako Oposizio Publikoak egin behar izaten dira aldez aurretik, eta, gaur egun, gure borrokaren ardatza zera eskatzea da, Eusko Jaurlaritzak lan-eskaintza publikoen (LEP) oinarri orokorretan eta espezifikoetan arrazoizko doikuntzak sartzeari buruzko arau argi bat berrikusi eta ezarri dezala, ekitatezko eta berdintasunezko tratamendua emango duena; mugak eta disfuntzioak egiaztatzen dituzten hautagaiekiko egokitzapenik ezak administrazioaren utzikeria dakar ekitatea eta aukera-berdintasuna bermatzeko. Miope bati debekatuko genioke betaurrekoak erabiltzea azterketan zehar? Bada, gure kolektiboarentzat egokitzapenik ez onartzea desabantaila-egoera argi batean jartzea da.
Dislexiko baten burmuinak gauzak beste modu batean prozesatzeak ez du esan gura beste batzuek egin dezaketena egiteko gai ez denik. Dislexia duten gehienak gai dira eta gaituta daude. Errekrutatze-prozesuek ezgaitzen dituzte.
Gaur egun dislexia eta ikasteko zailtasunak gure gizartean gehiago agertzen badira ere, hemendik dei egin gura dugu gehiago ulertu eta inklusio handiagoa eskatzeko neurogarapenaren nahasmendu honentzat, beharbada guztietan ohikoena dena. Susta ditzagun aniztasuna eta inklusioa lanerako bide zuzena emango duen eta pertsonei mesede egingo dien mundu bidezkoagoa eta begirunetsuagoa lortzeko, beraien ezaugarriak edozein direla ere.
Dislexia Euskadi Elkartea
Zer da: Dislexia duten pertsonen eskubideetan inplikatuta dauden pertsonen kolektiboa da.
Helburua: Dislexia duten ikasleak hezkuntza-komunitatean sartzea, bertan irautea eta parte aktibo izatea, eta dislexia duten helduak lan-munduan sartzea, bertan irautea eta parte aktibo izatea, diskriminazio barik.
Non dago: Erronda kalea, z/g (5. zk.aren parean), 3. solairua, F gela, 48005 BILBO
Harremanak: 946 569 211
Helb.Elek.: info@dislexiaeuskadi.com
Argibide gehiago: Dislexia Euskadi
Materiales de la mediateca de BBK Family que te pueden resultar de ayuda:
Gai honekin harremana duen BBK Family mediatekan dauden materialak: