Zelan zuzendu birao asko botatzen dituztenean?

Anekdota batekin hasiko naiz. Duela urte batzuk familientzako prestakuntza ematen ari ginen talde batean 2 urteko ume bat zegoen bertan. Jendeak berba egiten zuen, parte hartzen zuen, galdetu egiten zuen, eta umea lasai zebilen jolasean bere jostailuekin. Bat-batean, aretoko norbaitek “KAKA ZAHARRA!” esan zuen, eta umea automatikoki hasi zen errepikatzen: “Kaka zaharra, kaka zaharra, kaka zaharra…”, bere gurasoen eta bertaratutako guztien begirada harrituaren aurrean… Ez zuen entzundako beste hitzik errepikatu gura izan… orduan…

Zer ote dute birao edo berba zantarrek haurren eta helduen arreta hainbesteraino pizteko?  Hitz edo berba “tabu” izateak egiten ote ditu hain interesgarri?

Arrazoia edozein dela ere, une bat iristen da (batzuetan lehenago eta beste batzuetan geroago) gure seme-alaben garapenean biraoak agertzen hasten direnekoa. Haurtzaroan inguruan duten guztia belaki gisa xurgatzen duten etapa horretan daudenez, ez da harritzekoa biraoak ere haien ikaskuntzen parte izatea.

Jakina, familiok ez dugu berdin erreakzionatzen biraoak puntualak direnean, edo bere hiztegian ohiko bihurtu direnean. Ez gara berdin kezkatzen 15 urteko nerabe batek esaten baditu edo, aitzitik, 3 urteko ume batek. Eta egia izanik ere hitz itsusi edo berba zantarrak esatea errealitate sozial bat dela, guraso garen aldetik joera hori ahal dugun neurrian zuzendu gura izatea ere normala da.

Beraz, puntu honetara iritsita, zer egin dezakegu familiok gure seme-alabek biraoak esaten dituztenean?

Lehenik eta behin, egoera aztertu behar dugu: gertaera zehatz eta puntuala da ala ohitura izaten hasi da?

Gertaera puntuala bada:

  1. Berrikusi zeure hizkera. Une egokia izan daiteke etxean zer-nolako hitz edo berbak erabiltzen diren aztertzeko. Askotan ez dira gure seme-alabei zuzendutako hitzak, baina helduen artean erabiltzen dira, eta litekeena da beraiek entzutea, nahiz eta guri iruditu ez dutela arretarik jartzen.
  2. Aztertu zer edukitara sartzen diren eskura dituzten gailuetatik. Gero eta ohikoagoa da haurrak beren adinerako egokiak ez diren pantailetara eta zenbait edukitara sartzea, hala nola, zaharragoentzako egokiak diren telesailetara, Youtubeko bideoetara edo TikTok bezalako sare sozialetara. Beraien hizkuntza aldatzen ari dela eta berba zantar edo itsusiak erabiltzen hasten direla ikusten badugu, beharrezkoa da entzuten ari diren hitzak zer-nolakoak diren gainbegiratzea, ez bakarrik etxetik kanpo (lagunen bidez), baita etxean ere.
  3. Ez egin kasu larregi berba edo hitz horiei. Oso noizbehinka esaten badira, gomendagarria da oharkabean pasatzen uztea, gugan oso neurribako erreakziorik ikus ez dezaten. Horregatik, garrantzitsua da berba horiekin barrerik ez egitea eta erreferentziazko beste pertsona heldu batzuei ere barre ez egiteko eskatzea. Batzuetan, 2 urteko neskato bati birao bat esaten entzutea “barregarri” edo xelebrea izan daiteke, baina haurrek erreakzio horiek hautematen badituzte, errepikatu egingo dituzte. Era berean, birao bat esaten badute eta haserre handiz erreakzionatzen badugu, ikasiko dute hori “ez dela esan behar”, eta, beraz, are tentazio handiagoa izango dute esateko.
  4. Birao horien ordez erabili adierazpide egokiago batzuk. Haurrek biraoak esaten dituzten lehen aldietan, askotan ez dakite zer esaten ari diren ere. Entzun dituzten hitzak errepikatu baino ez dituzte egiten, eta hitz horiek esateak eragiten dituen erreakzioak ikusten hasten dira. Horren haritik, entzuten diegunean, adibidez, “Baboa!” esaten beste haur bati, berba horrekin larritu beharrean, beste aukera bat eta egoeraren interpretazioa eskain diezaiekegu. Horrela, esan diezaiekegu: “Ez zaizu gustatu hark pilota kentzea, berarekin jolasten uzteko ere eska diezaiokezu.” Zelanbait, hiztegia zabaltzea ezinbestekoa da aukerak izan ditzaten eta errespetu handiagoz berba egin dezaten.

 

Aitzitik, ohitura bat izaten hasten bada… Kasu horretan, aurreko orientabideei honako hau gehitu beharko litzaieke:

  1. Zein da biraoaren baliagarritasuna?

Lehenik eta behin, ohitura bat aldatu gura dugun guztietan, desagerrarazteko borrokatu beharrean, eraginkorragoa izaten da ohitura berriak sortzeko lan egitea. Eta hori lortzeko, geure buruari galdetu behar diogu zein den aldatu nahi dugun ohitura horren baliagarritasuna. Zer funtzio betetzen du zure semearentzat edo alabarentzat biraoak esateak? Izan ere, kontua ez da biraoak ezabatzea trukean ezer eskaini barik, baizik eta egokiena da funtzio bera bete dezaketen beste adierazpide batzuekin ordezkatzea.

Horren haritik, hitz zantarrak erabiltzeak oinarrizko bi funtzio betetzen ditu. Alde batetik, emozio bat adierazten laguntzen die. Bestetik, atentzioa emateko balio dute.

Zure alabak birao edo hitz zantarrak emozio bat adierazteko erabiltzen baditu, egin dezakezuna da:

  1. Emozioa baliozkotzea. Horrek esan gura du une horretan sentitzen ari denari hitzak jartzea, bere emozioez jabetu dadin eta, aldi berean, bere emozioak baliozkoak direla senti dezan eta modu jakin batean sentitzea ez dela desegokia. Adibidez, esan zeniezaioke: “Haserre zaudela uste dut” edo “Haserre sentitzeko eskubidea duzu”.
  2. Emozioaren eta portaeraren artean bereiztea. Adimen emozionalaz berba egiten dugunean, garrantzitsua da emozioak (guztiak dira baliozkoak) eta ekintzak edo portaerak bereizten ikastea pixkanaka. Ildo horretan, transmititu dezakegun mezua da errespetatzen dugula zelan sentitzen diren, baina ez ditugula onartzen jokabide jakin batzuk. Adibidez: “Haserre sentitzeko eskubidea duzu, eta hori errespetuz esan dezakezu.”
  3. Portaerari alternatibak ematea. Biraoen esparruan, funtsezkoa da emozioak adierazteko beste modu batzuk ezagutzea umeek. Adibidez: “Haserre sentitzeko eskubidea duzu, eta hori errespetuz esan dezakezu. Nik laguntzea behar duzu?”. Beste aukera bat, hain itsusi edo zantarrak ez diren hitzen alternatibak ematea da, hala nola: “kontxo”, “arraioa”, etab.

Zure alabak biraoak erabiltzen baditu atentzioa emateko, egin dezakezuna zera da:

  1. Arreta modu baliagarrian birbideratzea, haren biraoei jaramon egiteari utzi eta gauzak hobeto esaten dituenean bakarrik jaramon eginez.
  2. Akordio bat ezartzea. Familia batzuetan, adibidez, familiako edozein kidek esaten duen birao bakoitzarekin poto batean txanpon bat sartzea adosten dute. Gero, guztien artean erabakitzen dute zer egin diru horrekin.
  3. Beste pertsona batzuengan izan ditzaketen ondorioak aztertzea.Hitz edo berba horiek entzutean beste pertsona batzuk zelan senti daitezkeen elkarrekin hausnartzeak arazoaz gehiago jabetzea eragin diezaieke.Era berean, ohitura bat baldin bada, komeni da zuzenean berba egitea hitz jakin batzuek arrazakeriari, matxismoari eta abarri dagokienez izan ditzaketen inplikazioez.

Azkenik, garrantzi gutxiagokoa ez bada ere, ezinbestekoa da pazientzia izatea, hezkuntzan ez baitago berehalako emaitzak lortzeko modurik.

Jarraian, gai hau familian lantzen lagun diezazueketen haur-irakurgai batzuk azalduko dizkizuet:

  • Luisa dice palabrotas, Christian Lamblin eta Régis Faller.
  • ¡Eso no se dice!, Elisenda Roca.
  • De mayor quiero ser feliz, Anna Morato.

Beatriz Alonso Sánchez Pedagogoa eta psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

Menu

BBK Family Learning

×