Drogen eta Adikzioen Espainiako Behatokiak (OEDA) 2021 txostenean substantzia psikoaktiboen kontsumoaren bilakaera eta ezaugarrien ikuspegi orokorra eskaintzen du, alkohola, tabakoa, hipnosedatzaileak, analgesiko opioideak, legez kanpoko drogak eta substantzia berriak barne direla.
Azterlan horren arabera, 14-18 urte bitarteko gazteek gehien kontsumitzen dituzten drogak legezkoak dira (alkohola eta tabakoa), eta ondoren kalamua eta hipnosedanteak daude, medikuaren errezetarekin edo barik. Kontsumitzen hasteko batez besteko adina 14-16 urte bitartekoa da, eta kontsumo-prebalentziak handitu egiten dira adinean aurrera egin ahala.
Ikerketa horren arabera, 14-18 urteko gazteen % 51,3k dio azken urtean kale-zurrut edo botiloia egin duela. Bestalde, adingabeek oso erraz lortzen dute alkohola, batez ere supermerkatu, taberna edo pubetan. Gainera, alkohola da ikasleen artean arrisku txikienekotzat jotzen den substantzia psikoaktiboa.
Drogamenpekotasunei buruz Deustuko Institutuaren azken argitalpena den “Drogak eta eskola IX” txostenaren arabera, 15 eta 16 urte bitartean erdiak baino gehiago mozkortu dira, eta horrek pentsarazten du Euskadin batez besteko hasiera 15 urtera gehiago hurbilduko litzatekeela. 18 urtetik aurrera, bostetik bi hilero mozkortzen dira, eta % 1 eta % 2 bitartean egunero mozkortzen dira.
Sexua edozein dela ere, intoxikazio etiliko akutuak (mozkorraldiak) hedatuago daude adingabeen taldean, eta, oro har, kontsumo problematikoei dagokienez, mutilak dira gehien nabarmentzen direnak.
Bestalde, esan behar da adingabeen artean gehiago daudela modan edari destilatuak ─hala nola vodka, rona, ginebra eta whiskya─ hartzitutako edariak (ardoa edo garagardoa) baino. Horrek esan gura du intoxikazio etilikoa izateko arriskua handiagoa dela, batez ere nahasketen faktorea gehitzen bada. Emaitza lehergarria da.
Alkoholaren atzetik, tabakoa da nerabezaroan gehien kontsumitzen den substantzia psikoaktiboa.
Euskadiko Osasun eta Adikzioen Zuzendaritzaren arabera, tabakismoak gorputz-irudia okertzea (hats txarra, hortzetako orbanak), errendimendua gutxitzea, arnas sintomak (eztula, flema, txistukariak, arnas zailtasuna), asma, gaixotasun kardiobaskular goiztiarra eta kostu ekonomikoa eragiten ditu nerabeengan. Erakunde horretatik sustatzen diren programen helburua tabako-kearen eraginpean inor egongo ez den mundua lortzea da. Eragin sinergikoa duten politika integratuak planteatzen dira, Osasun Sailak eta Osakidetzak bultzatuak.
Baina…
Gure esku dauden azterlan, txosten eta plan guztiekin, zergatik ezin da adingabeen larregizko droga-kontsumoa amaitu?
Agian, nerabezaroan substantzia psikoaktiboak kontsumitzeko aurkitzen dituzten arrazoiekin hasteak hori ulertzen lagunduko digu.
Galdetzen zaienean, oro har, nerabeek esaten dute alkohola dibertimenduagatik kontsumitzen dutela, taldean sozializatzeagatik eta inguruan dituzten pertsona helduek ere horrela egiten dutelako.
Kultura guztietan ez da berdin sozializatzen, baina gurean alkohola edatea tradizio luzeko nortasun-ezaugarria eta erritu kulturala da. Testuinguru horretan, ez da harritzekoa gazteek kopiatzea erreferente helduengandik datorkien sozializazio-eredu hori.
Beraz, alkohol-kontsumoaren normalizazioa da kultura-ikur gisa lehen mozkorraldien hasiera goiztiar eta hutsalean eragiten duen faktoreetako bat.
Nerabeek kontsumitzeko duten beste arrazoietako bat asperdura da. Funtsezko faktoretzat jotzen dute substantziak probatzen hasteko eta, batez ere, dibertimendua emango dien denbora-pasa bat bilatzeko. Kasu honetan, badakigu kirol-jarduera, grina edo hobby eta zaletasunekin lotuta dauden adingabeak kontsumoen aurrean babestuago daudela alderdi hori garatuta ez dutenak baino. Are gehiago, askok lehen egiten zituzten gauzak alde batera uzten dituzte kontsumoa deskubritzen duten heinean, eta beraien lehentasun bihurtzen da parrandan irtetea eta denbora pasatzea ‘alaitu’ edo txolinduta.
Horregatik, badakigu babes-faktore garrantzitsu bat dela nortasun osasuntsua emango dieten jarduerak, jolasak edo grinak garatzea. Horretarako, beharrezkoa da haien kezkak, benetako nahiak eta beharrizanak kontuan hartzea eta haien gustuetan laguntzea.
Gazteek edateko dituzten arrazoi ugarien artean, hauek daude: herabetasuna gainditzea, atseginago eta alaiago egotea, eta neskatan edo mutiletan gehiago egitea. Alkoholak eta drogek berehalako sari edo atsegingarria ematen dute, eta gure izaeraren zenbait alderdi nabarmentzen dituzte, jendearekiko komunikazioa ia berehala errazten dutenak. Hori dela eta, baliabide bideratzaile bat da jendearengana irekitzeko eta, aldi berean, herabetasuna gainditzeko, atseginago eta alaiago egoteko, neskatan edo mutiletan gehiago egiteko, etab.
Nerabeek drogak kontsumitzeko beste arrazoietako bat errebeldia edo bihurrikeria da, autoritateari aurre egitea, arauak hautsi eta urratzea berez erakargarria da, zerbait ezezagunaren arriskuak onartzea bezala.
Gaur egun, telesailek, programek eta filmek drogak erabiltzea egokia dela ulertarazten dute. Ez da harritzekoa etengabe edaten duten aktoreak agertzea nerabeek ikusten dituzten ikus-entzunezko edukietan. Era berean, kontsumoen normalizatzaile handiak diren musika-erreferente asko daude, baita horrekin lotutako propaganda-banatzaileak ere. Horrela, drogari buruzko idealizazio global bat sortzen da arrakasta-gako eta nortasun-ezaugarri gisa.
Drogek, ezin bestela izan, eta tabakoak eta alkoholak ere, generoaren araberako portaera desberdinak erakusten dituzte. Mutilen kasuan, gizarte honetan nagusi den maskulinotasun toxikoaren erreferentea azpimarratu behar da; nesken kasuan, berriz, mendekotasun-harremanak dira Akilesen orpo edo ahulgunea. Aspalditik ikusten da alkohola kontsumitzen hasteko adina lehenago iristen dela nesken artean, baina geratzeko etortzen da, eta modu zorrotzagoan mutilen artean. Tabakoari dagokionez, neskek erretzen dute gehien, baina, berriz ere, mutilek era jarraituagoan erretzen dute. Oro har, hazi ahala, neskek gehiago ezkutatzen dituzte kontsumoak eta maila pribatuan egiten dute; mutilek, berriz, publikoago bihurtzen dute kontsumoa, eta, oro har, gehiago arriskatzen dute edozertan.
Eta familiok zer egin dezakegu etxean adingabeen alkohol- eta tabako-kontsumoaren ondoriozko arazoak prebenitzeko?
- Muga eta arau argiak jartzea: sendoak eta kontsekuenteak izatea.
- Drogen gaiari buruz berba egiteko guneak bilatzea. Ez itxaron haiek lehen urratsa egin dezaten.
- Adinaren arabera dagokion informazioa ematea.
- Etxean komunikazio emozional ona ezartzea.
- Droga-kontsumoa ez normalizatzea.
- Jarduera osasungarriak sustatzea eta beraiengandik sortzen diren kezkak indartzea.
- Ez epaitzea azkar, beraien desberdintasunak onartzea eta autoestimua zaintzea.
- Frustrazioa onartzen irakastea, eta dena ez dela berehala lortzen. Aspertzen ere irakastea.
- Drogekiko arazoak ez minimizatzea eta alferrik ere ez dramatizatzea.
- Marra gaindiezinak zeharkatzen badira eta errepikakorra eta denboran luzea bada, laguntza bilatu behar da.
Familiok askotan gehiago kezkatzen gara nerabeek jokabide egokitua izan dezaten zer gertatzen zaien eta zelan sentitzen diren ulertzeko baino. Hala ere, oihuka eskatzen ari dira entzun eta ulertuko dieten erreferente onak, pertsona heldu seguru eta sendoak. Esango balute bezala: “Jar zaitez nire aurrean eta esadazu nondik joan behar dudan”.
Iragartze Garai Landaluze. Etorkintza Fundazioko psikologo sanitarioa
Gai honekin harremana duen BBK Family artikuluak:
Zelan borrokatu nerabezaroarekin eta lehen droga-kontsumoekin
Gai honekin harremana duen BBK Family bideoak: