Human Rights Watch erakundeak iaz azterketa bat egin zuen: “How Dare They Peep into My Private Life?” Children’s Rights Violations by Governments that Endorsed Online Learning During the Covid-19 Pandemic (“Zelan ausartzen dira nire bizitza pribatua espiatzen?” Covid-19aren pandemia-garaian online ikaskuntza babestu zuten gobernuek haurren eskubideak urratu zituzten).
Azterketa horretan, haur-hezkuntzan erabilitako hezkuntza-teknologia (EdTech), pandemia-garaian 49 gobernuk, gureak barne, babestu zutena, aztertu zen. Zehazki, 164 EdTech produkturen politikak lupapean jarri ziren, eta txosten horren ondorioa izan zen gobernuek online ikaskuntza-plataforma horietako gehienei emandako babesak haurren pribatutasuna eta beste eskubide batzuk arriskuan jartzen edo zuzenean urratzen zituela, haien hezkuntzarekin zerikusirik ez zuten helburuekin.
Izan ere, txostenean egiaztatzen denez, pandemia bete-betean eskolak jarraitzeko premiaren ondorioz, gobernu gutxik egiaztatu zuten ikastetxeak babesten edo eskuratzen ari ziren EdTech-ak seguruak ote ziren ikasleentzat.
Produktuen azterketa teknikoa 2021eko martxoa eta abuztua bitartean egin zen. Berrikusitako 164 EdTech produktuetatik bazirudien 146k (% 89k) haurren eskubideak arriskuan jartzen zituztela edo eskubide horiek ahultzen edo aktiboki urratzen zituzten datu-praktikak egiten zituztela. Produktu horiek ikasleak monitorizatzen zituzten edo monitorizatzeko gaitasuna zuten, kasu gehienetan isilpean eta adingabeen edo gurasoen baimen barik, kasu askotan datuak bilduz: nor diren, non dauden, egongelan zer egiten duten, nortzuk diren senitartekoak eta lagunak, zer gailu-mota erabiltzen dituzten, etab.
Adingabeen datuak ez zeuden babestuta
Era berean, Internet bidezko ikaskuntza-plataforma gehienek adingabeen datuak hirugarrenen enpresetara, normalean publizitatean aritzen diren enpresetara, bidaltzen zituzten edo datuetarako sarbidea ematen zieten. Human Rights Watch-en txostenaren arabera, hori egitean, publizitate-teknologiako enpresen algoritmo sofistikatuei datu horiek batu eta aztertzeko aukera ematen zieten, haur baten ezaugarri eta interes pertsonalak asmatzeko, ondoren zer egin zezakeen aurreikusteko, baita zela eragin zekiokeen ere. Ezaupide horietarako sarbidea Interneten antzeko ezaugarriak dituztenen talde zehatz batengana zuzentzea bilatzen duen edonori (iragarleei, datuen salerosketan diharduten pertsonei edo bestelakoei) saldu ahal izango litzaioke.
Iragarki horiek eta eduki pertsonalizatuak adingabeengan zelan eragin zuten ere aztertu zuen azterlanak. EdTech produktu batzuk jokabide-publizitatearekin zuzendu zitzaizkien adingabeei. Eduki pertsonalizatuarekin eta Internet bidez jarraitzen dituzten iragarkiekin umeak gidatzeko, haiek datuak, hezkuntza-inguruneetatik ateratakoak, erabiltzean, enpresa horiek haien sareko esperientziak desitxuratzeaz gain, haien iritzietan eta usteetan eragitera ere arriskatu ziren, interferentzia manipulatzailea izateko arrisku handia duten bizitzako une batean.
Ed Tech enpresek eskuak garbitu dituzte
Ekintza horiek egiteko enpresek dituzten motibazioei dagokienez, Human Rights Watchek adierazi zuen ezinezkoa dela behin betiko ondorioak ateratzea, datuetan eta enpresen eta gobernuen adierazpenetan ikusi zutenaren berri emateaz haratago. Izan ere, EdTech enpresa horiei gaiari buruz galdetu zitzaienean, haiek ukatu egin zuten haurren datuak biltzen zituztenik.
Enpresa batzuek ukatu egin zuten beren produktuak adingabeek erabiltzeko zirenik ere, edo nabarmendu zuten beren ikasgela birtualetako orriek, umeek erabiltzekoek, pribatutasun-babes egokiak zituztela, nahiz eta Human Rights Watch-en analisiak topatu zuen gela birtualetako orrien ondoko orriek (hala nola saio-hasierako orriak, hasierako orriak edo haur edukidun ondoko orriak) ez zituztela babes horiek. AdTech enpresek ukatu egin zuten datuak bidaltzen ari zitzaizkiela bazekitenik, eta adierazi zuten, edozelan ere, bezeroen erantzukizuna zela haurren daturik haiei ez bidaltzea.
Gobernuek hezkuntzarako eskubidea babestu beharko lukete
Izan ere, erakundetik adierazi dutenez, benetan gobernuak dira haurrek hezkuntzarako duten eskubidea babesteko azken erantzukizuna dutenak. Eta ikerketaren ondoren esan daiteke, Marokoko gobernuaren salbuespenarekin, txosten honetan ikertutako guztiek EdTech produktu bat gutxienez, adingabeen eskubideak arriskuan jarri edo ahuldu zituena, babestu zutela.
Dakigunez, EdTech produktu horietako gehienak gobernuei eskaini zitzaizkien, eurentzako finantza-kostu zuzenik gabe; Covid-19aren ondorioz eskolak ixten ari ziren bitartean halakoen ezarpen zabala babesteko eta bermatzeko prozesuan, sarearen bidez haur eta gaztetxoei hezkuntza ematearen benetako kostuak gobernuek haurrei ordainarazi zizkieten, eta haiek, jakin barik, beren ikaskuntzagatik ordaindu behar izan zuten pribatutasunerako, informaziorako eta, potentzialki, pentsamendu-askatasunerako eskubideen truke.
Gainera, beren eskubideak ukatu zitzaizkien ikasleei, gurasoei eta irakasleei. Ezin izan zituzten datuak zaintzeko praktika horiek zalantzan jarri; izan ere, EdTech enpresa gehienek ez zuten azaldu datuen bidez umeen zaintza egiten zutenik, eta gobernuek ere ez zuten jakinarazi.
Pribatutasun-estandarrak betetzen ez dituzten EdTech irtenbideak ezabatzeko auditoriak
Zoritxarrez, oraindik ez dakigu zehazki zer gertatzen den datuekin. Hori dela eta, Human Rights Watchek bere txostenean ohartarazten du pandemian zehar ikasleek erabili zuten EdTech-aren datuen pribatutasun-auditoriak egin beharko lituzketela gobernuek, eta auditoria horiek gainditzen ez dituzten irtenbideak ezabatu edo desagerrarazi egin beharko lituzketela, baita kaltetuei jakinarazi ere, datuak gehiago biltzea eta behar ez bezala erabiltzea saihesteko.
Izan ere, haurren datuak babesteko printzipioen arabera, Enpresei eta Giza Eskubideei buruz Nazio Batuen Printzipio Gidarietan deskribatzen den bezala, EdTech eta AdTech konpainiek ez dituzte haurren datuak bildu edo prozesatu behar publizitaterako.
Enpresek inbentario bat egin eta pandemian bildutako haur-datu guztiak identifikatu behar dituzte, eta ziurtatu behar dute ez dituztela horien datuak prozesatzen, partekatzen edo erabiltzen haur-hezkuntza ematearekin zerikusirik ez duten helburuetarako. Publizitate-teknologiako enpresek berehala ezabatu beharko lituzkete jasotako datuak, eta EdTech-ek gobernuekin lan egin beharko lukete pandemian bildutako ikasleen datuak atxikitzeko eta ezabatzeko arau argiak zehazte aldera.
Umeek haurtzaroan Interneten gero eta denbora gehiago ematen duten heinean, mundu konektatuarekiko eta haien hezkuntza ahalbidetzen duten zerbitzu digitalekiko mendekotasunak pandemia amaitu eta askoz geroago jarraituko du. Haurren datuak babesteko legeak eta estandarrak garatu, hobetu eta betearazi behar dituzte gobernuek, eta bermatu behar dute ikasi gura duten haurrek hori egiteko ez dietela uko egin behar beren beste eskubideei.
Human Rights Watch-ek bere txostenean eskaintzen dituen proposamenen artean, honako hau azpimarra genezake: prozesu horietan zehar adingabeei kontsulta aktiboa egitea eskatzen duena, online ikaskuntza-inguruneetarako sarbide segurua babestuko duten babesak eraikitzen lagunduz, eta haurrek beren nortasunak eta trebetasunak, mentalak nahiz fisikoak, beren potentzial handieneraino garatzeko espazioa eskain dezatela.
Horretarako, EdTech enpresek gardentasun osoa izan beharko lukete datuak emateko kateetan, eta jendaurrean jakinarazi haurren datuak zelan batzen eta prozesatzen diren, nora, nori eta zer helbururekin bidaltzen diren. Era berean, pribatutasun-politikak haurren hizkuntzara egokitu beharko lituzkete, eta gainera beren adinerako egokiak diren isilpeko salaketa-mekanismoak ezarri beharko lituzkete tokiko hizkuntzetan.
Umeek ulertu ahal dituzten baldintzak
Eta datuen erabilerarekin politika benetan gardena izateko EdTech-ak hartu beharko lituzkeen hainbat neurri zerrendatzen dituzte. Horien artean, honako jarraibide zuzen-zuzen hauek ematen dira: “sailkatu eta sortu ezazu nagusiki haurrei zuzendutako zerbitzuen zerrenda bat, aldizka monitorizatu eta eguneratu beharrekoa. Jakinaraz iezaiezu zerbitzu horien enpresa nagusiei esplizituki frogatu behar dutela beren zerbitzua ez dagoela haurrentzat egina, beren produktua zerrenda horretatik ezabatzeko. (…) Zerrenda hori erabiliz, enpresek berehala berrikusi eta ezabatu behar dute haurrentzat sortutako zerbitzuetatik haurrei buruz jasotako edozein informazio”.
Izan ere, txosten horretan zehatz-mehatz ikus daiteke enpresek zelan bidali dizkieten datuak beste enpresa batzuei, zeintzuk izan diren enpresa horiek, eta ziur imajinatuko duzuela zein diren, zein hezkuntza-irtenbide erabili dituzten gobernuek eta zein herrialdetakoak diren. Gaur egun dugun egoeraren diagnostiko oso zehatza eskaintzen du txostenaren irakurketak.
Andrea Alfaro, BBK Family
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.