Ba al du eraginik adoptatua izan izanak aitatasunari edo amatasunari aurre egiteko moduan?

Adopzioan pentsatzen dugunean, ziurrenik burura etorriko zaigun irudia ume batena izango da. Baina gure testuinguruan adopzioak duen errealitateari erreparatzen badiogu, nazioarteko adopzioaren boomean (1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000ko hamarkadaren hasieran) adoptatutako ume asko gazte helduak dira orain.

Adoptatua izatea bizitza osoan presente dagoen zerbait da, eta ezinbestean lotuta dago banantze- eta galera-esperientziekin eta, batzuetan, lotura- eta identitate-arazoekin. Hala eta guztiz ere, haur askorentzat esperientzia zuzentzaile edo konpontzailea da adopzioa, zaintza, egonkortasun eta familia-harremanei dagokienez. Gainera, ebidentzia zientifikoak adierazten digu adoptatutako ume gehienek dituzten egokitzapen psikologiko eta jokabide-egokitzapenaren, autoestimuaren eta jarduera akademikoaren mailak adoptatu gabeko haurrek dituztenen antzekoak direla.

Ez dakigu hainbeste adoptatuak izan eta orain helduak direnen bizipenei buruz, eta azterlanei begiratu behar diegu, batez ere herrialde anglosaxoietan egindakoei, adopzioak helduaroan dituen eragin bereziak ulertzeko. Lehen esan dugun legez, adopzioa bizitza osoan dago presente, eta adoptatutako pertsona helduentzat, beraien adopzio-izaera alderdi asko dituen identitatearen parte da. Hor, lehen aipatutako esperientziez gain, jatorriari, kide izate bikoitzari, etniari, kulturari eta arrazializazioari/arrazakeriari buruzko gaiak sartzen dira, besteak beste.

Adoptatuak, nortasuna eraikitzeko prozesuan, gogoeta egin behar du bere bizitzan adopzioak esan gura duenaren eta “nor naiz ni pertsona adoptatu lez?”

Adoptatu batentzat, nortasuna eraikitzeko prozesuak adopzioa integratzeko “aparteko lana” dakar, bere hutsune edo ezbehar goiztiarrekin, eta bi familiatako, biologiko eta adopziozko, kide izatearekin. Nerabezaroan garrantzi berezia duen lan edo beharra da, baina helduaroan jarraitu egiten du, bereziki nerabezaroaren ondorengo urteetan, hau da, helduaro emergentean. Adoptatuak, nortasuna eraikitzeko prozesuan, gogoeta egin behar du bere bizitzan adopzioak esan gura duenaren eta “nor naiz ni pertsona adoptatu lez?” itaunaren inguruan, eta hori zelan egokitzen den bere burua, familia, harremanak eta kultura ulertzeko moduarekin. Norberaren adopzioari eta horren esangurari buruz hausnartzea, horren alderdi positiboak eta negatiboak txertatuz, helduaroko ongizate psikologiko handiagoarekin eta adopzioaren eta bere buruaren ikuspegi positiboagoarekin lotu izan da. Bestalde, luzetarako azterlanek, non hainbat urtetan zehar egiten den pertsonen jarraipena, iradokitzen dute adopzioa integratzeko zailtasunak antsietatea edo sintoma depresiboak bezalako arazoekin eta helduaroko jokabide-arazoekin lotzen direla.

Helduen bizitzan, batez ere helduaro emergentean, garrantzitsua da bikote-harreman intimo esanguratsuen hasiera. Adoptatuengan harreman intimoei erreparatzen badiegu, azterlan batzuek adierazten dute aukera gutxiago dagoela harreman intimo bat izateko, bikotean bizitzeko edo ezkontzeko, edo dibortzio-tasa handiagoak ere bai, adoptatuen artean adoptatu gabekoen artean baino. Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea helduaroko beste arrakasta-markatzaile batzuetan –hala nola gizarte-harremanetan, hezkuntza-mailan edo lorpen profesionaletan– ez dela desberdintasunik aurkitu adoptatuen edo adoptatu bakoen artean.

Jakina, adoptatutako pertsona guztiek ez dituzte izaten zailtasunak harreman intimoetan, eta zailtasun horiek adoptatu bako pertsonengan ere agertzen dira. Hala ere, arrazoizkoa dirudi pentsatzea haurtzaroan lotura-mailan izan daitezkeen zailtasunek zelanbaiteko lotura izan dezaketela helduaroko harreman-zailtasunekin, eta galera hori helduaroko une normatiboetan aktiba litekeela, hala nola harreman intimo afektiboak ezartzean. Zenbait egilek iradokitzen dute harreman intimoak ezartzeko eta/edo izateko zailtasun hori arbuio edo gaitzespenarekiko sentsibilitate eta beldurrak eta zaintzaileen iraunkortasunari buruzko mesfidantzak azalduko luketela. Eta zein izango lirateke harreman intimoetan zailtasun horiek? Gai horretan ikerketak adierazten duenez, adoptatutako pertsona helduek joera dute harremanak antsietate, pentsamendu hausnarkari, eta bikotekideak abandonatu edo baztertuko ote dituen larregizko kezka eta mesfidantzarekin izateko. Gainera, ikerlanetan ere jasotzen da adoptatuek bikote-harreman intimoetan sentitu ahal dituzten deserosotasuna eta urruntzea. Hori guztia gorabehera, duela gutxi egindako nazioarteko azterlanek bikote-harreman bero eta gogobetegarrien berri ematen dute, eta adoptatu bako pertsonengan topatutako konpromiso-mailen antzekoekin.

Ikerketa berrienaren arabera, adopzioarekin zerikusirik ez duten faktoreak izango lirateke adoptatuen ongizatean eragin handiagoa dutenak. Beraz, garrantzitsua da gai horri buruz ikertzen jarraitzea.

Oraindik ez dago erabat argi adoptatua izatea den ala, beste alde batetik, harreman afektiboetan segurtasunarekin lotura handiagoa duten gaiak diren, adoptatutako pertsona helduen harreman intimoen kalitatean eta haien ongizate psikologikoan eragiten dutenak. Ikerketa berrienaren arabera, adopzioarekin zerikusirik ez duten faktoreak izango lirateke adoptatuen ongizatean eragin handiagoa dutenak. Beraz, garrantzitsua da gai horri buruz ikertzen jarraitzea.

Lehen etnia, kultura eta arrazializazioaren gaiak aipatu ditugu, nazioartean adoptatuak izan diren pertsonentzat garrantzitsuak direnak. Haientzat, identitateak bere barne hartzen du kide izateko sentimenduaren eta talde etnikoarekiko eta haren ohiturekiko jarrera positiboak integratzearen osagaia. Izan ere, iradoki da, adopzio-familian adopziorako irekitasun-giroa eta adopzioaren sozializazio egokia egon arren, modu transrazialean (arraza batetik bestera) adoptatuek beren burua zalantzan jar dezaketela eta gehiago ardura daitezkeela arraza-identitateari buruzko gaiengatik adopzioari berari buruzko gaiengatik baino. Alde horretatik garrantzi berezia hartzen du sozializazio kulturala deiturikoak, hau da, adopzio-familia bere seme edo alabaren jatorrizko kultura-ohitura eta -balioetara irekitzeak, horrek jatorrizko kulturarekiko lotura sustatzeko jarduerak ekarri beharko lituzkeelarik.

Jarduera horiek izan daitezke kultura-jaialdiak edo esperientzia handiagoko jarduerak, adibidez, jatorrizko herrialdea bisitatzea, arraza- eta etnia-aniztasuna duten ikastetxeetan eskolatuta egotea edo bere jatorri etniko bereko erreferenteak izatea. Dakiguna da azken horiek, “bizi izandako” jarduerek, eta testuinguru natural batean jatorri etniko eta/edo kultural bera duten pertsonekiko interakzio sozialak dakartzatenek, dirudienez gehiago laguntzen dutela norberaren zentzu positiboa garatzen. Kultura-jardueretan parte hartzeaz gain, adopziozko gurasoen jarrerek (kultura-desberdintasunak zenbateraino onartzen dituzten) eta motibazioek (zenbaterainoko konpromisoa duten seme-alabei laguntzeko eta identitate positiboa eraikitzea sustatzeko) eragina izan dezakete jatorrizko kulturarekiko lotura emozionalaren esperientzian. Azkenik, sozializazio kulturalak askok jasaten dituzten arrazismo eta diskriminaziorako ere prestatu behar ditu modu transrazialean (arraza batetik bestera) adoptatutako pertsonak.

Amatasuna edo aitatasuna

Helduaroko beste une garrantzitsu bat aitatasuna edo amatasuna da (biologikoan jarriko dugu arreta), une horrek adopzio-bizipena eta norberaren zentzua berriz ebaluatzea dakar-eta. Aitatasuna/amatasuna lehen lotura biologikoa da, eta normalean esker onez bizitzen da, banantzea eta galera ez direlako errepikatuko, eta kide izatearen zentzua areagotu egiten delako, baita familia biologikoaren bilaketa aktiboa ere. Bestalde, galera-sentimenduaren aktibazioa ere aipatu izan da, norberaren historian dauden hutsuneen ondorioz eta horiek seme-alabengan izan dezaketen eraginarengatiko kezkaren ondorioz.

Historia pertsonala berriz ebaluatzeak familia-harremanen bizipenak eta esperientziak ere barne hartuko ditu, bai adopziozko familian, bai familia biologikoan. Gai horri buruzko ikerketa urria da, eta azterlan gehienak nahiko berriak dira. Horiek askotariko erreakzio emozionalak adierazten dituzte, hala nola, adopziozko familiarekiko urruntasun emozionala edo haserrea, edo familia horrenganako hurbiltasun handiagoa, edo ezelango aldaketa emozionalik ez izatea guraso bihurtzen direnean. Ama biologikoari dagokionez, zenbait azterlanen arabera, enpatia handiagoa sortzen da ama harenganako eta adopzioa eragin zuten inguruabarrekiko.

Berri samarrak diren bi literatura-berrikuspenen arabera, adoptatutako pertsonen aitatasunean/amatasunean erronka bereziren bat sartzen da, hala nola lotura biologikoari ematen zaion garrantzia edo beren seme-alabei adopzioarekin, kultura- eta arraza-sozializazioarekin lotutako gaiak transmititzeko eta hitz egiteko kezka, beren adopzio-gurasoek eurekin egin zuten baino maizago. Erronka horiek azal lezakete guraso izateko gogo txikiagoa edo batere ez izatea, edo seme-alabak adoptatu gabeko adinkideek baino beranduago izateko joera. Hala ere, berrikuspen horien ondoren egindako azterlan batek ez du desberdintasunik aurkitu seme-alabak izateko nahiari dagokionez, ez eta guraso-estresari eta gurasokidetasunaren neurriei dagokienez ere, adoptatutakoen lagin baten eta adoptatu gabekoen beste lagin baten artean.

Aitatasunaren/amatasunaren aurrean ahalduntze bat ere gertatzen da

Bestalde, duela gutxi egindako azterlan kualitatibo baten arabera, aitatasunaren/amatasunaren aurrean ahalduntze bat ere gertatzen da, eta hor norberaren hazkuntza-esperientziak berrikusten dira eta gurasotasun biologikoko testuinguru batean hazkuntza hori zelan gauzatu nahi duten hausnartzen da, eta, aldi berean, bizitako arbuio-historiari buruz eta horrek beraien harreman afektiboei eragin dien moduaz hausnartzen da. Aitatasuna/amatasuna, lotura biologiko berri batekin, aita edo ama gisa nortasun berri batekin eta kide izatearen zentzu berri batekin, aurrez konpondu gabeko gatazkak konpontzeko eta horiei zentzua emateko aukera gisa agertzen da.

Ondorioz, adopzioa bizitza osoan presente dagoen zerbait da, eta helduaroko elementu garrantzitsu batzuk bildu ditugu, begirada esperientzia horrek zeharkatutako pertsonen esperientzietan jarrita. Hemen laburtutako ebidentziak emaitza desberdin asko ditu, eta kolektibo horren barruan heterogeneotasun handia dagoela adierazten du horrek. Aldakortasun hori adopzioarekin lotutako faktoreek eragin dezakete, hala nola adopzioa formalizatu zeneko adinak edo adin goiztiarretan bizitako zoritxarreko esperientziek. Argi dago ikertzen jarraitu behar dugula, adoptatutako pertsonei ahotsa emanez, beraien identitatearen ertz ugariak ezagutu eta ulertzeko, non adopzioa, etnia eta kultura elkartu eta gainjartzen diren.

Susana Corral,Psikologiako irakaslea eta ikertzailea. Psikologia Juridiko eta Forentseko Masterreko zuzendaria. Deustuko Unibertsitatea.

 

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×