Anorexia du izena

Guraso maiteok:

Zuen alaba gaixorik dago. Beraren gorputza naiz eta laguntza behar dut, laguntza behar dugu.  Mesedez, ez zaitezte defentsiban jarri, ez da zuen errua eta. Ezta alabarena ere. Mina autonomoa da.  Badakit munduan beste ezer baino gehiago maite duzuela. Baina berak ez. Ez du bere burua maite. Gorroto dio bere buruari. Gorroto dit. Ahots bat du buruan, pila agortezinen irrati bat lez, egunero, orduero, ordu erdi oro, laurden gutxi oro, itsusia, lodia, lotsagarria naizela errepikatzen diona. Iraindu egiten nau. Nazkaz begiratzen dit igarotzen den dendetako erakusleihoetan. Ez dit begiratzen dutxatik biluzik irtetean. Eta okerrena da ez nauela benetan naizen lakoa ikusten.

Badakit gaitz egiten zaizuela sinestea, neskak bizimodu normala baitarama. Dena dauka, esango duzue. Dena daukat, dio berak. Eta, hala ere, badirudi plastikozko geruza batez estalia dagoela, eta horrela ingurua, elkarrizketak, barreak, maitasuna, poza, … irristatu egiten direla bera ukitu barik.  Zure abesti gogokoena belarri estali batekin entzungo bazenu bezala da. Gustatzen bazaizu ere, ez zara gozatzera iristen.

Hori da beraren birusa, tristura astun bat, bost isats-piano haserre eta muturen amorruaz bularra estutzen diona. Berak bakarrik entzun ditzake bere akorde txikiak. Eta infernu eskandalagarri horren zama pairatzen du, kontsumitu egiten du metroaren zain dagoen, azazkalak margotzen dituen edo kaña bat eskatzen duen bitartean.

Inork ez du nabaritu, haragi nahikoa daukadalako nahiz eta ongi elikatu barik eta indarge egon, jaten ikusten duzuelako, jakiei ihes egiteko aitzakiak jarri edo gezurra esaten duelako, zaintzea gauza arrunta eta osasuntsua delako. Gainera, ziur aski argudiatuko duzue ez duzuela hezi itxura fisikoari hainbesteko garrantzia emateko, neska sentibera eta azkarra dela. Izan ere, beti izan da lehenengoa egin duen guztian, ezta?

Beti izan da perfektua. Hori du bere hitz gogokoena. Hori du bere obsesioa. Izan ere, perfekzioaren kontrakoa porrota da, eta ezin du hori onartu. Huts egitea, dezepzionatzea. Azterketa batean 9,8 ateratzea lortu ez duen 10 bat da. Galleta hori hogeita zortzi kaloria dira, baztertu zitzakeenak. Gehiago ahalegindu zitekeen halako mutil hari barre eginarazten. Zurruntasuna, exijentzia. Horiek dira bera gobernatzen duen diktaduraren oinarriak, eta horren mendean nauka ni, babesteko aukera barik.

Badakit gero damutu egiten dela, eta barkatu egiten diot negar batean ‘damu dela’ oihu egiten duenean. Baina ezin dut gehiago jasan niri harramazka egitea, kolpeak ematea eta ubelduraz betetzea urduri jartzen den bakoitzean. Ni zigortzea iruditzen zaio bularrezurra estutzen dion antsietate hori arintzeko modu bat.  Eta ez da errugabearena egiteagatik, baina zin degizuet ez dagozkidan erantzukizunak botatzen dizkidala gainera.

Pentsatzen dut errazago kudeatuko dela lodi sentitzea ergel sentitzea baino, nahiz eta ez izan ez bata eta ez bestea. Beraz, bere burua animatzeko, aspaldi hasi zen nigan arreta jartzen. Pentsatu zuen mesede egingo zidala pizzaren ordez entsalada afaltzea, nire gau guztiak berdeak izan ziren arte. Beste aste batean arrautza gogorraren kaloriak aurreztu zitzakeela bururatu zitzaion. Hurrengoan, gazta ez zuela oso gogoko. Hilabete geroago ez zegoen letxuga edo urazarik ere. Eta kontrolaren, arrakastaren, bere buruari ezarritako helburua lortzearen sentipen hori adrenalina toxiko bihurtu zen.

Orain, esnatu orduko, bizikleta estatikoan jartzen nau zorrozki, eta ez zaio axola goragaleak izatea edo zorabiatzea, ez dit jaisten uzten ariketa amaitu arte. Goizero bainugelako baskulara igotzen nau, eta eskertuko nizueke ezkutatzea, zeren eta, aurreko egunean baino ehun gramo gehiago pisatzen baditut, gehitu egiten baitizkit murrizketak. Azkena jogurtak izan dira. Jada ez dut gogoratzen limoi-zaporea. Bestalde, nik igogailuekin nuen idilioa ere hautsi egin dit, eta eskaileretan gora eta behera ibilarazten nau kiroldegi bako atleta baten amorruarekin. Ez dakit zenbat gehiago jasan ahal izango dudan.

Emakume honi ez zaizkio amaitzen nirekin esperimentatzeko ideiak. Badaki ez dudala kafea jasaten, eta, egia esan, berari ere ez zaio gustatzen, baina egunero hartzen ditu. Urdaileko minez ez omen da goserik izaten, bere azken teoria da. Nire berba zalantzan jartzen baduzue, erreparatu xehetasun txiki zozo hauei: zenbat aldiz esaten duen tripako ondoeza duela arroza eta pasta saihesteko, arrautza-irinetan pasatako jakiak baztertzeko mania, hozkailuan dagoen fruta kopurua, azkenaldian gozokirik ez gustatzea, jantziak ondo geratzen ote zaizkion galdetzeko mania hori, edo hondartza zapaldu barik daramatzan udak. Txikitan sirenatxoa izatea amesten zuen. Orain baliteke igeri egitea ahaztu izana ere.

Zuen alaba gaixorik dago. Anorexia du izena gaitz horrek. Izan ere, anorexia ez da hezur eta azal egotea edo etengabeko ramadan laiko batean bizitzea. Elikadura-jokabidearen nahasmendu (EJN/TCA) bat da, osabidea duen gaixotasun mental bat. Zaila da; izan ere, egokitu zaigun gizarte honetan, osasun mentala oso bazterturik dago, eta sektore publikoan ez da behar adina inbertitzen. Ukigarriak diren pupuak kontuan hartzen dira, baina depresioak eta gainerako gaitz ikusezinak baztertu eta estigmatizatu egiten dira.

Osabidea gaitz eta gogorra izango da, baina zuen neskak eta biok tratamendu psikologikoa behar dugu. Geuk egiten ez dakigun bitartean bakeak egiten irakatsi eta zainduko gaituzten profesionalak behar ditugu. Zuen neska lako beste batzuk errehabilitatu, babestu eta indarberritu dituzten zentro horietako batera joan behar dugu. Gorputz sendoa naiz, tratu txarrak eta torturak jasan ditut urteetan, eta orain atsedena, mantenugaiak eta botikak merezi ditut.

Eta bera, nire neska, ausarta da, ona, indartsua, artistikoa eta buruargia, asmatuko du borrokan horretarako tresnak ematen dizkiotenean. Barkatuko diot, egia esateko, barkatu diot dagoeneko. Badakit ez ninduela inoiz zauritu gura izan. Badakit gosea sintoma baino ez dela. Izan ere, berdin dio panpinatxo baten itxura izan edo abdominalak izan, berak aski baino ez du izan gura. Aski… maita dezaten. Ez da inoiz kilo kontua izan, EJN/TCA sufritzea maitasun faltaz gaixotzea da. Norberaren maitasun faltaz. Mesedez, lagun iezaiozue.

Maitasunez,

Anorexia duen emakume baten gorputza

Amaia Barrena, Un melón en la maletaren egilea

Elikadura-portaeraren nahasmenduak tratatzeko elkarteak eta laguntza-zentroak:

ACABE Bizkaia

IMQ Amsa Trastornos de la Conducta Alimentaria

Amaia Barrenak elikadura-jokabidearen nahasmenduei buruz hitz egiten du

 

Menu

BBK Family Learning

×