Ama, eskaera bat egin nahi dut SHEINen… Eta moda jasangarriago baten alde egiten badugu?

Alaba nerabe bat baduzu, agian behin baino gehiagotan entzungo zenuen esaldi hori. SHEIN merkataritza elektronikoko enpresa bat da, eta, besteak beste, arropa, osagarriak eta imitaziozko bitxiak eros daitezke bertan. Bere arrakasta handia salmenta-kostu baxuan du: 0,75 euroko belarritakoak, 2 euroko kamisetak…

Hala ere, SHEIN adibide bat baino ez da, kostu txikiko salmenta-eredu horrekin dozenaka enpresa baitaude Eta hor dago arazoa, zeren eta prezio horien aurrean zaila baita, aldez aurretik argudiorik eman barik, nerabe batek ulertzea zergatik ez duen erosi behar, eta zergatik ez duen egin behar hain kate merkeetan. Horregatik, esan behar zaie ehungintza-industria munduko kutsatzaileenetako bat dela, eta prezio horretan jantzi bat egiteko oso-oso zaila dela lan-eskubideak errespetatzea.

Modaren jasangarritasunean heztea

Mundua jasangarria izan dadin saiatzea planeta honetan bizi garen pertsona guztion esku dago, eta gurasook dugun erantzukizun edo ardura handietako bat da gure seme-alabei nola zaindu eta errespetatu irakastea.

Fabrikazio-prozesuak eta horien ingurumen-kostua ezagutzea funtsezkoa da erosteko orduan gure pentsamoldea eta beraiena aldatu ahal izateko. Bazenekien kotoizko bakero pare bat egiteko 10.000 litro ur behar direla, eta kotoizko kamiseta bat egiteko 2.700 litro? Ez aipatzearren jantzi horiek egiteko moduak dakarren ingurumen-kutsadura handia eta ondoriozko energia-gastua.

Kamisetak 2 eurotan, zenbatean lan-eskubideak?

Eta fabrika horietan lan egiten duten pertsonen lan-eskubideei erreparatzen badiegu, asko hobetu daitezkeela suma dezakegu. 2013ko apirilaren 24an Dacako Rana Plaza eraikinean zer gertatu zen ezagutzeak Bangladeshen eta antzeko herrialdeetan dauden lan-baldintza penagarrien ideia ematen du.

Egun hartan, arropa-fabrikak, banku bat eta hainbat denda zituen zortzi solairuko blokea erori egin zen langileek lanean ziharduten bitartean. Aurreko egunean eraikinean pitzadurak zeudela ohartarazi arren, eraikina uzteko gomendioei muzin egin zieten, eta 1100 pertsona baino gehiago hil eta 2400 inguru zauritu ziren, tartean eraikineko haurtzaindegietan zeuden umetxoak. Fabrika haiek jantziak ekoizten zituzten Benetton, Mango, Primark, Inditex, DessBan, The Children Place, Monsoon, El Corte Ingles, … banaketa-enpresentzat.

Ezbehar hori mugarri izan zen; izan ere, gertakariaren ondoren, sindikatuek eta GKEek presio handia egin zuten lan-baldintzak hobetzeko, eta hainbat markaren arteko akordio bat sinatu zen baldintza horien ikuskapen independenteak egiteko.

Gaur egun, 25 eta 60 milioi pertsona artean ari dira munduan jantzigintzan, manufaktura-industria handienetako bat izanik. Eta horien lan-baldintzak, leku askotan, esklabotzatik hurbil daude. Izan ere, kamiseta bat fabrikatzeko kostuaren % 59 kamisetaren banaketarekin lotuta dago, eta % 0,6 baino ez da jantzigintzaren eskulanari dagokiona. Datu horiek ikusita, gaur inoiz baino gehiago esku hartu behar dugu.

Zer egin dezakegu iraunkortasun edo jasangarritasuna bultzatzeko?

Hainbat ekimen jarri dira abian klima-aldaketari aurre egiteko eta ehungintzan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak hobetzeko.

Fashion Revolution da horren erakusgarri bat. Rana Plazako tragediaren ondorioz sortu zen 2013an, eta orduz geroztik hazten joan da, herritarrak, markak eta ikerketaren, hezkuntzaren eta sustapenaren bidez legeak egiten dituzten pertsonak mugiaraziz, munduan modaren inguruko aktibismo-mugimendurik handiena bihurtu arte.

 “Modaren industriak funtzionatzea eragiten duten pertsonen mugimendu globala gara”.

Diseinatzaileak, akademikoak, idazleak, enpresa-liderrak, txikizkariak, merkaturatzaileak, ekoizleak, politikariak, langileak eta modazaleak dira Fashion Revolution-en parte, moda globalaren industriak ingurumena kontserbatu eta berrezarri dezan eta pertsonak hazkundearen eta irabazien gainetik balora ditzan saiatuz.

Aurten, Fashion Revolution Week Euskadi 2024 izango da apirilaren 25etik 27ra bitartean. Ekimen hau sakonago ezagutu nahi baduzu, apirilaren 25ean BBK Kunaren Ganbara aretoan aurkeztuko da, gaur egun modaren industrian eredu jasangarriagoa lortzeko lanean ari diren sektoreko 3 profesional garrantzitsuren parte-hartzearekin.

Apirilaren 26an, BBK Salan, Bilboko hiru moda-eskolak ―IED-Kunsthal, Javier Berroeta eta INEDI― moda jasangarriko proposamenak erakutsiko dituzte hiru desfiletan, eta mahai-inguruak, ehungintzarako material jasangarriei buruzko erakusketak eta ehungintzako hondakinetik beste industria batzuetarako berreskuratutakoak izango dira. Azkenik, apirilaren 27an, larunbata, Rana Plazan gertatutakoaren oroimenezko erakusketa inauguratuko da.

 

Arroparen kontsumoa murrizteko aholkuak:

 

1. Berrerabili. Janzten ez duzun arropa, trukatu zure senideekin eta lagunekin, edo erosi edo saldu bigarren eskuko azoka eta dendetan. Zure jantziak berritzea lortuko duzu, eta arropa zaharrei bizitza berria ematea.

2. Birziklatu. Erabili zure sormena jantzi bat beste bat bihurtzeko, egokitzeko, aldatzeko…

3. Murriztu. Erosi aurretik, ziurtatu zerbait behar duzula eta benetan erabiliko duzula. Arropa berria erosten baduzu, izan dadila marka jasangarrietakoa. Jantzi baten erabilera- eta bizi-aldia luzatzea jasangarria da. Eta behin bakarrik erabiltzeko behar baduzu… alokatzea plantea dezakezu.

 

 

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×